Bestalde, hipoteka ezin da usukapio bidez eskuratu, hori Jabetza Erregistroan inskribatu behar delako. §29. USUKAPIOAREN BETEKIZUN OROKORRAK 94. Ugazaba moduan izatea Azaldu izan dugun moduan, Kode Zibilak bi usukapio mota arautzen ditu, bata eta bestea gauzatzeko beharrezkoak diren betekizunak desberdinak izanik. Batetik, usukapio arrunta (KZren 1940. art.); horretan, KZren 1941. art.ko baldintzaz gain, titulu zuzena eta onustea izan behar dira, usukapitzeko epeak laburragoak direlako. Bestetik, usukapio berezia (KZren 1959. art.); horretan ez da beharrezkoa, ez titulu zuzenik, ezta onusterik ere, horregatik, usukapitzeko epeak luzeagoak dira. Horiek horrela, badira usukapio mota batean zein bestean derrigor bete behar diren betekizunak. Horiek hiru dira: lehenik, ugazaba moduan edukitzea; bigarrenik, edukitza, horrek ezaugarri zehatzak izan behar dituela; eta azkenik, epea. KZren 1941. art.aren arabera, eskubidea behin betiko eskuratzeko beharrezkoa da ugazaba moduan edukitzea. Edukitzak «ezin du ukantza materiala edo edukitza naturala hutsa izan, edukitzak zibila izan behar du, hau da, gauzaren ukantza zein eskubidearen luperketa ugazaba izateko asmoarekin». Ugazaba moduan eduki behar denez gero, egintza zehatz batzuek ez dute edukitza behin betiko titulartasun bihurtzen (egintzok ez direlako ugazaba moduan gauzatzen). Kode Zibilak aipatzen ditu egintza horiek: jabearen jasamenarekin burututako egintzak eta jabearen baimen bidez gauzatutakoak (KZren 1942. art.). A) Jabearen jasamenarekin burututako egintzak Aspaldiko definizio baten harira, jabearen jasamenarekin burututako egintzei buruz hitz egin daiteke, «batetik, horiek burutzen dituenak ez duenean ugazaba izateko asmorik; eta, bestetik, egintzok jasan edo baimentzen dituenak ez duenean eskubidea galtzeko asmorik. Azken buruan, halako egintzek ez dute eskubiderik ematen, ezta kentzen ere» (GARCÍA GOYENA). Bistakoa denez, ius usus innocui kategoriaren barruan sar daitezke jabearen jasamenarekin burututako egintzak (ikus AGk 1983ko urriaren 30ean emandako epaia). Jabearen jasamenarekin burututako egintzek baldintza batzuk bete