benetako edukitzailearen aurkako babesa du bi kasu hauetan bakarrik: batetik, benetako edukitzaileari gauza kendu zaionetik urtebete igaro bada, gabetzaileak edukitza eskuratuko du eta hori baliarazi ahal izango du, edukitzailegabetuaren aurka, edukitzaren inguruko auzi orotan; bestetik, urtebete hori igaro aurretik ere, gabetzaileak gauza bera egin ahal izango du, benetako edukitzaileak Zuzenbideak onartzen ez dituen bideak erabili baditu galdutako edukitza berreskuratzeko. Bestalde, edukitza indarkeriaz eskuratu badaiteke ere (KZren 460.4 art.), indarkeriaz eskuratu duenari ez zaio aplikatzen edukitzak dakarren ohiko ondorerik. Arean ere, Zuzenbideak ez du indarkeria aipatzen, eskubidea eskuratzeko moduen artean; beraz, indarkeriak ez luke sortuko edukitzari dagokion ondorerik, KZren 1956. art.ak eratortzen duenez. Labur-zurrean, benetako edukitza eskura daiteke indarkeriaz; baina eskuratzeko bide hori legez aurkakoa denez gero, indarkeriaz eskuratutako edukitza baldintzapean dago, alegia, eskuraketa hori sendotzen da, kasu honetan bakarrik: edukitza atxiki edo berreskuratzeko interdiktuak egikaritzeko epea igarotzen denean, epe horretan ez bada interdikturik egikaritu. —Indarkeriaz berreskuratzea. Edozein pertsonak gauza bat badu antolamendu juridikoak agindutakoaren aurka, eta beste edonork uste badu hari gauzaren edukitza kentzeko eskubidea duela, azken horrek erabili beharko ditu sistema juridikoak araututako bideak. Antolamendu juridikoak onartzen ez dituen bideak erabiltzen baditu, ostera, pertsona horrek ez du babesik izango; are gehiago, horrelakoetan, pertsona hori gabetzaile bihurtuko da eta gauzaz gabetua izan denak (aurretiaz berak gauza kendu badu ere) haren aurka zuzenduko ditu edukitza akzioak. KZren 441. art. a contrario interpretatzen badugu, ondorio honetara heltzen gara: pertsona batek edukitza galtzen badu, eta hori berreskuratzeko indarkeriazko egintzak gauzatzen baditu, KZren 460.4 art.ak aitortzen dion edukitza galduko du. Horretara, pertsona horren edukitza baldintzapekoa da, gauzaz gabetua izan den lapurrak haren aurka egikari baitezake interdiktua. Kasu horretan, edukitza berreskura daiteke erreibindikazio akzioaren bitartez. §25. EDUKITZAREN BABESA 80. Edukitza interdiktuak Edukitza babesteko akzio zehatzak daude, hain zuzen ere, interdiktuak, nahiz eta indarreko PZLk arautu ez. KZren 446. artikulua da akzio horien guztien oinarria; artikulu horren arabera, edukitzan