Bederatzigarren gaia EDUKITZAREN ESKURAKETA, GALERA ETA BABESA
Laburpena: §23. Edukitzaren eskuraketa 75. Subjektuak 76. Edukitza eskuratzeko moduak 77. Edukitza jarauntsi bidez eskuratzea §24. Edukitzaren galera 78. Edukitza galtzeko arrazoiak 79. Gauza legez aurka kendu edo gauzaz gabetzea, bereziki §25. Edukitzaren babesa 80. Edukitza interdiktuak 81. Obra berriari buruzko interdiktua
§23. EDUKITZAREN ESKURAKETA 75. Subjektuak Hasiera eta amaiera ditu edukitzeko eta edukitzari eusteko eskubideak sortzen dituen ukantzak. Horren inguruan, KZren 438. artikuluak arautzen du ukantzaren hasiera, edukitza eskuratzeko moduak aipatzen dituela. Bestalde, KZren 460. art.ak zehazten du ukantza hori noiz amaitzen den edo, bestela esanda, edukitza noiz galtzen den. Pertsona fisikoak zein juridikoak izan daitezke edukitzaile. Eta pertsona horiek, edukitza eskuratzeko, KZren 438. art.an adierazitako egintzaren bat gauzatu behar dute. Subjektuei dagokienez, Kode Zibilean bi erregela ditugu: 1. Behin betiko edukitzaileak ez du zertan berak edukitza eskuratu. KZren 439. art.aren arabera, edukitza «lupertuko duenak berak» edo beste pertsona batek haren izenean —legezko ordezkariak tutoretzapekoen kasuan, borondatezko ordezkariak eta mandatariak— eskura dezake edukitza hori. Inoren negozioak kudeatzen dituenak ez badu horretarako mandaturik