—Errentan emandako gauza: errentariak gauzaren edukitza du; jabeerrentatzaileak, berriz, jabetza eskubidea. —Gozamendunak errentan emandako gauza (KZren 473. art.): errentariak gauzaren edukitza du; gozamendunak, ordea, gozamen eskubidea; eta jabe soilak, azkenik, jabetza eskubidea. Kasu horietan edukitza ezberdinak daude, edukitzaren objektua zein den kontuan izanik. Ondorioz, Espainiako sisteman ez da beharrezkoa zuzeneko edukitzaren eta bitartezko edukitzaren artean bereizketa egitea, gauzaren gainean egikari daitezkeen ahalmenen banaketa onartzen delako (KZren 431 eta 432. art.ak). Gainera, batetik, eskubideen edukitza onartzen denez gero (KZren 437. art.) eta, bestetik, gauza baten gaineko edukitza desberdinen kopurua gauza horretan egikaritu daitezkeen ahalmenen bestekoa izan daitekenez gero, ondorioa horixe izan behar da. §20. EDUKITZAREN OBJEKTUA 64. Edukitzaren objektu bikoitza KZren 437. artikuluak hauxe du ezarririk: «Eskura daitezkeen gauza zein eskubideak bakarrik izango dira edukitzaren objektu». Xedapen horrek galdera honi erantzuten dio: zein da edukitzaren objektua? Berez, edukitzaren objektu izan daitezke gauza gorpuztunak eta gorpuzgabeak, hots, eskubideak, horiek edozein bidetatik eskuratzeko modukoak badira ere. KZren 430. art.ak ere edukitzaren objektu bikoitzaren arazoa azaltzen du, gauzak eta eskubideak bereizten baititu; KZren 431, 432, 438 eta 462. art.etan ere agertzen da kontu hori, baita 1940. art.an ere, eskubideen usukapioa arautzen duenean. Kode Zibilak onartu eta, era berean, gainditu egin du historian zehar egin izan den bereizketa. Aspalditik desberdindu izan dira, batetik, gauzen edukitza eta, bestetik, eskubideen kuasiedukitza. Hasieran, eskubide errealak ziren kuasiedukitza horren objektu, gero familia-zuzenbideak eta egoera zibilek eratorritakoak (esaterako, KZren 131. art.) onartu baziren ere. Bereizketa hori ez zen objektuari begira bakarrik, objektuak berak zehazten baitzuen edukitza bakoitzari aplikatzeko araubidea. —Edukitza eskuratzeko beharrezkoa zen, lehenlehenik, gauza zuzenean atzematea eta, bigarrenik, edukitzaileak gauza edukitzea ugazaba izateko asmoarekin. —Kuasiedukitza titularraren eskualdaketaren bitartez bakarrik eskura zitekeen.