Edukitzaren oinarriari buruz ere iritzi desberdinak azaldu izan dira. Batzuen ustez, antolamendu juridikoak egoera hori babesten du gizarte bakearen oinarria delako. Baina hori ez da guztiz zuzena, edukitza eskura daitekeelako indarkeriaren bitartez ere. Indarkeriarekin eskuratzeak ondore juridiko batzuk sortzea eragozten duen arren (esaterako, KZren 1956. art.), horrek ez du esan nahi benetako edukitza lortzea eragozten duenik; izan ere, indarkeriarekin lortutako edukitzak interdiktuen babesa dauka hirugarrenen kontra, bai eta Zuzenbideak araututako bideak erabiltzen ez dituen edukitzailearen kontra ere. Hori dela eta, PUCHTAren ustez, nortasunari emandako babesaren ondorio argia da edukitza, pertsonaren eskubideen artean kokatu behar delako. IHERINGen iritziz, ostera, edukitzaren oinarria itxura juridikoaren babesa da. STAHLek dio edukitza dela bake juridikoaren eta edukitzarekin sortutako behinbehineko egoerari eusteko muina. Azkenik, HERNÁNDEZ GILek azpimarratu du edukitzak gizarte-eginkizuna betetzen duela, jabetzaren antzera. Azken buruan, eskubide errealei publizitatea emateko modua da edukitza; izan ere, titularrak gauzaren ukantza duenez gero, gauza horri begira bere jarrera juridikoa zein den erakusten du. Ondorenez, edukitza ezin da Jabetza Erregistroan inskribatu, bi horiek publizitate sistemak izanik, elkar baztertzen dutelako. Jabetza Erregistroaren publizitate sistema edukitza baino sofistikatuagoa da eta errealitatearekin lotura gutxiago du; hori baiezta daiteke, batetik, Erregistroa bertan inskribatutako tituluetan bakarrik oinarritzen delako eta, bestetik, Erregistroak titulartasun formala ematen diolako titulua inskribatu duenari. Edukitza, berriz, itxura juridikoari ematen zaion babes sistema izango litzateke, egitateetan oinarritua. Horren harira, itxuraren inguruan sortutako ustea eskubide erreal bihurtuko da, baldin eta jendaurreko edukitza denboran zehar luzatzen bada: hori izango litzateke usukapioa. §18. EDUKITZAREN OSAGAIAK 58. Ukantza Aurrerago azaldu dugun moduan, Espainiako autoreak ez datoz bat edukitzaren izaera zehaztean. Dena dela, badirudi guztiak ados daudela edukitzak bi osagai dituela esatean. Bi osagai horiek dira, batetik, ukantza eta, bestetik, edukitzeko modua, hau da, ukantzaren bidez agerrarazten den titulua. Badirudi betekizun bikoitz hori KZren 430. artikuluak ondorioztatzen duela; izan ere, artikulu horren arabera, edukitza zibila da «ukantza edo luperketa bera, halako gauza edota eskubideen ugazaba izateko asmoarekin».