Seigarren gaia ESKUBIDE
ERREALEN DINAMIKA (ETA III).
AZKENTZEA
Laburpena: ยง15. Eskubide errealak azkentzea, orokorrean 50. Eskubide errealak azkentzeko arrazoi orokorrak 51. Gauza suntsitzea edo galtzea 52. Uko egitea eta bateratzea ยง16. Jabaria galtzea eta azkentzea 53. Bertan behera uztea 54. Jabetzaren ezeztapena ยง15. ESKUBIDE ERREALAK AZKENTZEA, OROKORREAN 50. Eskubide errealak azkentzeko arrazoi orokorrak Kode Zibilean ez dago eskubide errealak azkentzeko arrazoiak beren beregi eta orokorrean zehazten dituen manurik; betebeharren arloan, ordea, badago horrelakorik, KZren 1156. artikulua, hain zuzen ere. Beharbada, hutsune horren arrazoia hauxe izango da: betebehar guztiak, abstrakzioa erabilita, eredu bakar baten bidez azal daitezke, kontuan hartu gabe betebeharron objektua zerbait eman, egin ala ez egin den, KZren 1088. art.ak dioenez; eskubide errealen arloan, ordea, ahalmen juridikoekonomikoa modu askotara ager daiteke, gauzen aukera ekonomikoak eta gauza horien aprobetxamendu eta ustiapena aintzat hartuz gero. Bestalde, ez da batere erraza eskubide errealak azkentzeko arrazoi guztien zerrendaketa egitea eta, horrez gain, zerrendaketa hori orokorra eta Zuzenbide tipoaren barnekoa izatea. Egineginean ere, jabariak eta gainerako eskubide errealek ez dituzte egoera berberak adierazten, are gehiago, egitate edo egintza juridiko berberek ondore desberdinak dituzte jabariaren gain egikaritzen direnean eta iura in re alienatan egikaritzen direnean. Esaterako, bateratzeak iura in re aliena azkentzen ditu; jabariari dagokionez, berriz, jabetza osatzea dakar eta, horren ondorioz, jabetza oso bihurtzen da. Horregatik, eskubide errealen azkentzea azaltzeko beharrezkoa da arrazoien artean bereizketa hau egitea: lehenengo eta behin, edozein eskubide erreal azkentzeko arrazoiak, eskubide horien artean jabaria eta edukitza daudenean; bigarrenik, iura in re aliena azkentzeko arrazoiak eta, azkenik,