luke. Horixe da jurisprudentziak arazoari konponbide egokia emateko kontuan hartu duen egoera. Gorago esan dugun moduan, arazoaren konponbideak koloka jartzen du superficies solo cedit printzipioa; zinez, printzipio hori zorrotz aplikatzeak ekonomiaren aurkako egoerak sor ditzake. Dena den, ez dago zertan guztiz baztertu accesorium sequitur principale erregela; lurzorua nahitaez garrantzitsuena ez dela aintzat hartuz gero, gauza nagusitzat har daiteke gizartearentzat onuragarriena den hori. Horretarako, nahiko izango litzateke KZren 361. art.aren esangura nolabait zuzentzea, eraikitzailea onusteduna denean, lurraren jabeak eraikina bereganatzeko eskubidea ez dezan izan. Auzitegi Gorenak ere horrela ulertzen du arazoa. Beraren hitzetan, «aintzakotzat hartu behar dira eraikitzailearen lurzoruan eta beste inoren lurzoruan eraikitakoak dituen baldintzak eta destinoa. Hori egin eta gero, balio eta garrantzi handiagoa izan dezake eraikitako horrek», halako eraikina egiteko hartu izan den lurzatiak baino, nahiz eta argi egon azken hori lurzorua dela (1984ko urriaren 1eko, 1985eko martxoaren 11ko, 1986ko urtarrilaren 24ko eta 1988ko otsailaren 23ko epaiak). Mugaz gaineko eraikinei buruz, jurisprudentziak adierazi izan du bi baldintza hauek bete behar direla: batetik, inoren lurzoruan sartze hori partziala izan behar da (1985eko maiatzaren 28ko epaia, besteak beste); eta, bestetik, eraikitzailea onusteduna izan behar da derrigor (hala nola, 1988ko otsailaren 23ko epaia). Kasu horietan, ondoko konponbidea eman ohi da: eraikitzaileak lurzati horren jabetza eskura dezake, lurzati horren balioa ordainduz gero. §14. ONDASUN HIGIGARRIEN ARTEKO AKZESIOA 46. Kasuak Ondasun higigarrien arteko akzesiora biltzen diren kasu batzuk ez dira akzesio, esangura hertsian. Horietako batzuetan ez dago gauzen arteko eransketarik, moldatzearekin gertatzen den moduan; beste batzuetan, berriz, ez dagokio jabe bati bakarrik eransketaren emaitza, nahasitako gauzen jabeei eratxikitzen zaielako gauza konposatuaren gaineko jabekidetasuna. Edozein modutan ere, Espainiako Kode Zibilak atal berean arautu ditu horiek guztiak (375. art. eta ondorengoak), «akzesio-eskubidea, ondasun higigarriei begira» idazpurupean. Horiek horrela, kasu guztien azterketari ekingo diogu, kasuankasuan egin beharreko zehaztasunak gaineratuz. 47. Bategitea