Eskubide errealak1

Page 101

§13. ONDASUN HIGIGARRIETIK HIGIEZINERAKO AKZESIOA 41. Kasuak Espainiako Kode Zibilean, akzesio mota horretara biltzen diren kasuetan printzipio hau da nagusi: ondasun higigarria finkari eransten zaionean, azken horri lotuta geratzen da modu banaezinean eta, finka gauza nagusia den bitartean, ondasun higigarria gauza erantsia izango da. Ildo horretatik, finketan egindako eraikuntza, ereite eta landatzeak finkaren jabeak egin dituela uste da, alderantzizkoa frogatzen denean izan ezik (KZren 359. art.). Horrez gain eta Kodeak kasuankasuan xedatu duena kontuan hartuta, finkaren jabeak eskuratzen du bertan eraiki, erein eta landatu den guztiaren gaineko jabetza, bai eta han egindako hobekuntza eta konponketen gainekoa ere (KZren 358. artikulua). Hortaz, gatazkarik sortuz gero, ulertuko da akzesioa gertatzen dela finkaren jabearen mesederako, kontrako frogarik ez bada. Bistan denez, Kodeak «accesorium sequitur principale» printzipioa aplikatzen du, printzipio horri printzipio artezkarien eragingarritasuna emanez. Printzipio horren arabera, lurrak lehentasuna du bertan eraiki, erein edo landatzen den guztiaren gainetik. Gaur egun, ordea, printzipio horrek ez du oinarri sendorik, nahiz eta legegileak gatazka horiei konponbidea eman zien garaian zentzuzkoa izan. DÍEZPICAZOk berebiziko garrantzia eman dio datu horri, eta gorago aipatutako printzipioa «anakronismoa» dela azpimarratu du. Eraikinaren gizarte- edo ekonomia-balioa lurzoruarena baino handiagoa izan ohi da, kontuan hartzen badira eraikina bera egiteko ekimen, inbertsio eta kudeaketa. Gainera, lurra beti nagusiena dela orokorrean esateak arazoak dakartza, azken finean lurra hauxe baino ez delako: «ekoizpen-prozesuetako kapital ondasunei lotu behar zaien beste osagai bat, gizarte onurak lor daitezen». Hala eta guztiz ere, ez dira guztiz baztertu behar «accesorium sequitur principale» printzipioan oinarritutako egiturak. Printzipio hori oso erabilgarria da, beste irizpide batzuekin batera aztertzen bada (kasurako, subjektuen onustea eta gaitzustea). Hortik atera daiteke, hain zuzen ere, lurra ez dela derrigor gauza nagusia izan behar (DÍEZPICAZO). Hor aipaturiko salbuespena gogoan dugula, jarraian kasu zehatzak aztertuko ditugu; horretarako, lege-irizpideak azalduko ditugu, eurok zehazten baitute nori dagokion eraikitakoaren jabetza. 42. Inoren materialekin norberaren lurzoruan eraikitzea, landatzea edo ereitea


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.