Hamabosgarren gaia BETEBEHARRAREN ALDARAZPENA Laburpena: §61. Betebeharraren aldarazpena.— 157. Aldaberriketa aldarazlea eta azkentzailea.— §62. Hartzekodunaren aldaketa eta aldaketa horren erak.— 158. Kasuak.— 159. Kredituaren lagapena: A) Kontzeptua eta eginkizuna; B) Baldintzak; C) Forma; D) Ondoreak.— 160. Kredituan subrogatzea: A) Kontzeptua; B) Motak; C) Ondoreak.— §63. Zordunaren aldaketa betebehar izaerako harremanetan.— 161. Onargarritasuna.— 162. Zorren bereganaketa.— 163. Zorren eskuordetza: A) Kontzeptua; B) Subjektuak; C) Eraentza.— 164. Hitzarmen expromisorioa.— §64. Kontratuaren lagapena.— 165. Kasua.— 166. Eraentza.
§61. BETEBEHARRAREN ALDARAZPENA 157. Aldaberriketa aldarazlea eta azkentzailea Betebehar izaerako harremanek alde dinamikoa dute. Alde dinamiko horren agerpenetarik bat izan daiteke ondasun eta zerbitzuen elkartrukea, alderdiek ezarritako egitarauaren arabera. Era berean, alde dinamiko horren beste agerpen bat izan daiteke betebehar izaerako harremanen egitura juridikoa aldatzea. Horren harira, betebehar izaerako harremanak aldatu egiten dira, ondoko kasuan: alderdiek hasieran zehaztu zutena eraldatzen denean ondore juridikoak sortuz. Batetik, betebeharraren egitura bera alda daiteke; hots, betebehar izaerako harremanen subjektuak, objektua edo inguruabarrak alda daitezke. Bestetik, betebeharraren edukia, hau da, alderdien eginbeharrei zein eskubideei buruzko arauketa alda daiteke. Eta, azkenik, betebeharraren eginkizuna bera alda daiteke, eta hori bi modutara: bata, betebeharraren ne gozio eratzaileak berez duen izaera juridikoa eraldatuz (esaterako, Kode Zibi laren 1768. art.aren arabera, gordailuzainari gauza erabiltzeko ahalmena ematen zaionean, kontratuak gordailu izaera galtzen du