Hamargarren gaia BETEBEHARRA EZ BETETZEA Laburpena: §38. Ezbetetzearen kontzeptua.— 89. «Ezbetetze»aren hipotesia: A) Ezbetetzearen kontzeptua eta berorren osagaiak; B) Ezbetetzearen paradigma; C) Ezbetetzearen ondoreak.— 90. Ezbetetze motak edo aldakiak.— §39. Prestazioa garaiz ez betetzea: zordunaren beran dutza.— 91. Berandutzaren baldintzak.— 92. Berandutzaren balorazioa eta ondoreak.— 93. Betebehar sinalagmatikoen berandutza.— §40. Behinbetiko ezbetetzea.— 94. Betebeharra ez betetzea eta hartzeko dunaren interesa gauzatzeko ezintasuna: A) Oinarrizko epemuga; B) Prestazioaren gertatze bidezko ezintasuna.— 95. Behinbetiko ez betetzea, zerbait egiteko betebeharretan.— §41. Betepen akastuna.— 96. Prestazio akastuna: akatsak neurtzeko parametroak.— 97. Eginbehar erantsiak edo osagarriak ez betetzea.— 98. Zerbait egiteko prestazioa desegokia izatea.
§38. EZBETETZEAREN KONTZEPTUA 89. «Ezbetetze»aren hipotesia A) Ezbetetzearen kontzeptua eta berorren osagaiak Espainiako Zuzenbidean, betebeharra ez betetzea ez da betepenaren alderantzizkoa. Ezbetetzearen kontzeptuan osagai eta inguruabar zehatz batzuk hartzen dira kontutan, eta osagai eta inguruabar horiek ezin zaizkio beste barik aplikatu betepenaren kontzeptuari. Bestetik ere, betebeharra betetzea izango litzateke prestazioari buruzko egitaraua gauzatzea, hau da, prestazio jokabidea burutzea, une egokian, baldintza berberetan (gauza bera edo zerbitzu bera) eta osoosorik (kalitate eta edukiari buruz agindutakoaren arabera). Beraz, oinarrian, betebeharra ez betetzea izango litzateke, bai prestazioa ez gauzatzea agindutako epean, bai eta prestazio jokabidea burutzea ere, osoosorik eta baldintza berberetan burutzen ez bada.