37 minute read

BERTSO BEEF. Kepa Matxain(16 Felix Zubia-Xabier Silveira (52) / Txomin Garmendia- Unai Mendizabal (54) / Joseba Aurkenerena (58)

BERTSO BEEFA: ANAKRONISMO BATEN UNE GORENAK

TESTUA: KEPA MATXAIN ARGAZKIAK: XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA

Advertisement

Orain hilabete batzuk ‘Silveira-Zubia’ afera jarraitu zuten klase guztietako grinatsuen artetik, auzia bertsozaletasunetik bizi izan zutenen egarria asetzeko bilketa xumea egin nahi luke erreportaje honek: "Gutxienez bertsotan ari dira, bada esperantzarik!" deiadarka jardundakoez ari gara, noski. Sobera funtsatua dute bozkarioa: Pizkundeaz gero aski fenomeno urritua bazen, 80ko hamarkadatik gaurdaino –bertso mugimendua kolektibizatzen hasten denetik, eta tonu erasokorra eta argudio zanpatzailea auzitan jartzearekin bat–are bakanago bihurtu da beef publikoa hitzaren kirol nazionalean, dema dialektiko zakarraren lekukotza Chill Mafia eta Kai Nakai bezalakoei utziz. Ez da beti hala izan; XIX. mende amaiera arte aise topa daitezke oholtzako lehia performatutik harago doazen konfrontazio gordineko uneak –eta gerora, bakar batzuk gehiago ere bai–, dela bi bertsolariren artean, dela bertsolari batek norbaiten aurka erreakzioz botatako purrustada bidez –ahoz zein idatziz–. Hautaketa bat bildu dugu hemen.

Oiartzun, Uztapideri eta Mitxelenari omenaldia, Basarri bertsotan.Sendoa artxiboa.

OLATU BITSETAN DARRAI LEHIAK BERTSO MUNDUAN. KIROL JOKOA LEHENBIZI, TXAPPELA.EUS ATARIA BERRIKI:Joseba Zulaikak jokoa bertsoaren aberraziotzat jo zuenetik hiru hamarkada baino gehiago igaro diren honetan, ez du ematen konplexu handirik dagoenik kinielak kantu errimatuarekin lotzeko –eta, zer esanik ez, sailkapenak, kanporaketak, puntuak eta puntu erdiak–. Besterik gertatzen da, ordea, hitzezko lehiarekin. Ahozko inprobisazioak bere-bereak ditu konfrontazio dialektikora daramaten mekanismoak, baina beste kultura batzuetako inprobisatzaileen aldean aski zibilizatua izan da bertsolari jendea, oro har. Maltako ghana kantarien modalitate lehiatsuena, esaterako, poliziak jazarri du urte luzez, ahozko demek borroka bortitzetan amaitzen zutela eta. Regueifeiro galegoak ere ezagunak dira ukabila mihia bezain azkar dantzatzeagatik, eta kantuan hasi orduko mutur joka amaitu izan dute sarri –inoiz batak bestea akabatu ere bai–. Bertsolaritzan ere agian izango zen gisako pasadizorik –hor dira Zuberoako txikitoen dema zakarrak–, baina Pizkundetik egundaino nabarmen urritu dira desafioak eta bertso paperak, eta horiekin batera baita beefak ere, izan moral katoliko zorrotzean kabitzen ez zirelako, izan abertzaletasunari enbarazu egiten ziotelako, izan maskulinitate okaztagarrienaren adierazpide desfasatuak zirelako.

‘Silveira-Zubia’ aferak beef handien elementu guztiak zeuzkan: gizarte egoera tentsiozkoa, bi pertsonaia antagoniko, detonatzaile indartsu eta, aldi berean, tradizio handikoa –“txakurra!”–, eta bakoitzaren groupie kuadrilla. Beroketa osagaiak hain ziren puntakoak, funtsezko gertakaria, bertso trukea bera, ezinbestean izan baita dezepzionagarria –beef gehienetan bezala, bestalde–. Nolanahi den, gertakaria rara avis erabatekoa izan da bertso mundu garaikidean –Txomin Garmendiak eta Unai Mendizabalek orain sei urte Aiurri aldizkarian izandako norgehiagoka gerturatzen zaio gehien, ziur asko–. Hitzezko lehia dialektikoa oholtzako antzezpenera mu-

gatu ohi da, jaialdi estandarretako ofizioetako ariketara, otordu bueltara edo libreko saioetara. Denetan ere konfrontazio performatua izan ohi da, funtsean kooperatiboa, bertso esperientziak funtziona dezan baitezpadakoa, baina erabat domestikatua: lehia bai, baina bertsoaren zerbitzura –beefetan, aldiz, bertsoa dago lehiaren zerbitzura–. Horregatik dira bertsolaritzaren historian ezagutzen diren beef gehienak idatzizkoak, gatazka publikoak mamitzeko denbora eta distantzia behar duelako –eta, ziur asko, aurrez aurreko norgehiagoka gehienak ez direlako ezagutzera eman taberna girotik kanpora–. Beef guztiak ez direnez berdin bortitz, difamatzaile edo eztenkari, irizpide zabal samar bat erabili da ondorengo hautaketarako: ustez behintzat antzeztu gabeko tentsioren baten lekukotza izan daitezela –gisa berean, aldebakarreko zenbait bertso ere ontzat jo dira, istorioak merezi bazuen–. Orobat hautsi dugu bertso ikerkuntzaren urrezko legea: bat-batekoa eta idatzia, biak nahasi ditugu. Baina beste hark esango zukeen bezala: “beefa genero berezia da, eta, hortaz, azterbide berezia behar du”.

Arrasate XIX. mende hasieran. Iturria: gipuzkoa.eus

LEHEN BEEFA: MILIA LASTURKOAREN AHIZPA VS SANTXA ORTIZ (XV. MENDEA, DATARIK GABE).

Bi emakumeren arteko dema batek abiatzen du bertso beefen hautaketa hau. Jakina da azken 40 urteotatik atzerako bat-bateko bertsolaritzaren historia ia osoa gizonen artekoa dela –salbuespen gutxi batzuk salbu, XIX. mende amaierako lore jokoetan Mariana Hargainek eta Aña Etxegaraik izandako norgehiagoka sutsuak, kasurako–. Alta, bertsolaritzaren aurrekaritzat jotzen diren profazoak eta eresiak emakumeen arteko jardunak zirela ematen du. Aski desberdinak ziren biak: klase baxukoak eta fama txarrekoak ziren profazadoreak, beren ipuin eta katramilekin ingurukoak zirikatzen trebeak; eresiak, ostera, emakume aristokraten arteko heriotza-intziriak ziren, hiletetan abestu ohi zituztenak, sarri elkarren arteko demak piztuz. 1452ko Bizkaiko Foruek debekatu egin zituzten batzuk zein besteak, eta, hortaz, pentsa daiteke ondorengo kontakizuna urte hori baino lehenagoko eresiaren bati buruzkoa dela –Bereterretxen khantoriaz geroztik ezagutzen den zaharrena–.

Debako Lastur Etxeko Milia Arrasateko Pedro Garcia jaunarekin ezkondu zen oso gazterik, familia aristokratikoen arteko ohiko hitzarmenez. Umeren bat edo beste izan zuten, baina Milia ostera erditzen ari zela hil egin zen ustekabean. Zerraldo ingurura batu ziren senitartekoak, eta eresiak kantatzeko garaian, Miliaren ahizpak hartu zuen hitza. Orduan lehertu zen dena. Ahobizarrik gabe, salatu zuen Pedro Garciak ez ziola tratu onik eman bere ahizpari –uler daiteke tratu txarrak eman zizkiola–, haren heriotzak merezi zuen errespeturik ez zuela erakutsi, eta horren erakusgarri zela askoren belarrietara iritsi zen zurrumurrua: emaztearen dolua egin beharrean, lehendik ere maitale zuen Marina de Arrazolarekin ezkontzeko asmoetan zeukala Garciak burua. Ahizpak garbi zeukan: onartezina zen Milia Arrasaten hilobiratzea. Lasturrera behar zuen.

Lastur-era bear doçu, Milia. Ayta jaunac eresten dau elia Ama andreac apaynquetan obia. Ara bear doçu, Milia.

Familiaren ohorea ezbaian ikusirik, Pedro Garciaren arreba Santxa Ortiz sartu zen deman, eta kantatu zuen anaiak ez zuela Miliaren heriotzaren errurik –zeruko mandamentua izan zela–, eta, bidez batez, anaiaren bertute fisikoak goraipatu zituen: gizon txikia zela, bai, baina ongi egina, eta aurpegi ederrekoa. Gainera, gehitzen zuen Milia ederki asko bizi izan zela ate zabaleko etxe handi askoan, giltza sorta handi baten jabe.

Guiçon chipi sotil baten andra çan, Ate arte çabalean oy çan Guilça porra andiaen jabe çan, Onrra andi asco cumplidu jacan.

Eresietan arrunta denez, bataren zein bestearen ahotsak sorta berean gorde dira. Edonola ere, pentsatzekoa da aurrez aurreko norgehiagoka puskaz luzeagoa izango zela –eta ahoz aho igarotakoa besterik ez dela gorde–. Miliaren ahizpak ematen dio beefari amaiera: Garciaren familiaren aurka egin ondoren, okasioa aprobetxatzen du Arrasateko herria salatzeko: andre gipuzkoarrak gaizki hartu dituen herria dela, eta badirela gutxienez hiru bertara gaizki ezkondutakoak –berriz ere, uler daiteke senarrek tratu txarrak emandakoez ari dela–: “Iturriotz kalean, andra Maria Baldako; Arte kalean, Otsanda Gabiolako; Errebalean, andra Milia Lasturko”.

BEEF DESINKRONIZATUA: FERNANDO AMEZKETARRA VS AZPEITIKO KOLDARRA (1799).

Bertsolaritzaren historiako lehen mitoa da Fernando Amezketarra, eta halakoetan ohi denez, zail da jakiten hari buruz kontatzen direnetatik zer den gari eta zer lasto –berari gertatutakoei besterenak erantsi zaizkionez gero–. Edonola ere, 1799ko San Sebastian egunez Azpeitian gertatu omen zitzaiona aproposa da bertso beef-en historian sartzeko. Beefa baino, desinkronizatutako desafio baten istorioa da.

XIX. mende hasieran bertso desafioak ohiko jarduna ziren: bi bertsolari, plaza batean, nork nor mendean hartuko. Han ez zen lehia antzezturik, parekoa zanpatuz soilik irabaz zitekeen, eta gisa horretara ematen zitzaion herriari atsegin ere. Fernando bertsolari azpeitiar baten aurka desafioa jokatzekoa zen. Iritsi zen herriko plazara, baina han ez zegoen inor. Puska batean zain egon ondotik, ostatu batera erretiratzea erabaki zuen, etsiak jota. Ez zuen berehalakoan usteko kontrarioa azalduko zitzaionik, baina ez plazara, ezpada ostatuko atarira, gauez eta azpikeriaz, deiadar betean, kuadrillaren babesean. Fernando kolpetik esnatu eta, gertatzen ari zenaz ohartuta, bitan pentsatu gabe, erantzutera abiatu zen. Adiskide batek geldiarazi zuen, ordea. “Ez estutu, Fernando. Bihar ere Jaungoikoak eguna zabalduko dik bizi denarentzat”. Mozkor kuadrilla kanpoan aupadaka utzita, izarapera egin zuen, zentzuzkoena zelakoan. Biharamunean, Amezketara abiatu aurretik, Azpeitiko kaleetan barna ibili zen pixka batean, lagunaren esanak gogoan. Halako batean, gorpuzkera ezagun bat bistaratu zuen urrutira. Bera ote zen? Pauso batzuk aurrera eman bezain pronto jakin zuen baietz. Huraxe zuen aukera. Kontrarioa konturatzerako bere mutur parera agertu eta, ez bat ez bi, bezperan isildutako zortzi puntukoa bota zion:

Lagunak arturikan, guzizko tirrian, nere billa enbillen bart gau erdian; erronkak botatuaz prestuezkerian, ez dik ongi ematen nork bere errian; egunazko argian, euskara garbian, jokatu nai nian; bañan ez nauk ipini iñon premian.

Eta garaile erretiratu zen, harainoko alfer bidaiak zerbaiterako balio izan zuelako sentipenez.

BEEF ELIZKOIA: ETXAHUN VS BI APAIZAK (1860).

Adinean aurrera egin ahala pertsonak otzantzera egiten duelako ustearen kontra ez dago Pierre Topet Etxahunen bizitza errepasatzea bezalakorik. Barkoxeko koplaria alderrai ibili ohi zen Zuberoan zehar, eskale eta begibakar, baina bizialdi guztian bezain hezigaitz jarraitzen zuen 74 urterekin, Schmarzow erretore alemanarekin sesioa izan zuenean –Zenmartzo deitzen zion Etxahunek burlaizez–. Itxuraz, aberatsekin gozo eta pobreekin zital jardun ohi zuen Schmarzow delakoak. Elizan bertan ere VIP gune moduko bat gordetzen zien herriko handikiei, organoaren azpialdean. Etxahun, Besta Berri egun batez, erretoreak debekatutako tokian eseri zen bere trapu zarpail eta guzti, boteretsu jendearekin aldakaz aldaka. Azkar ohartu zen Schmarzow aldaretik, eta elizatik kanpora zezaten agindu zuen. Etxahunek ez zuen oztoporik jarri. Baina meza bukatzean kanpoan jarraitzen zuen, upel baten gainean eserita, jendea noiz aterako zain. Eta erretorea kanporantz sumatu orduko, 19 ahapaldi bota zizkion, bata bestearen segidan. Tartean hauxe:

Argazkia: Joanes Etxebarria.

Jinkua zelin bada Zü elizan bezala, Lekü ederren haitatzez, kargüdünak gora, Gü taulapetan girateke, jente gradoz apala. Jon Etxaiderentzat zipo-bertso horiek dira euskal poesiaren sorta bikainenetakoa. Edonola, Etxahunen arazoak ez ziren hor bukatu. Behin apaizari epelak botata, norengana jo konfesatzera? Elizari zion erraietarainoko gorrotoa kontuan izanik, pentsa daiteke ez ziola lo handirik kenduko zalantza horrek, baina ondoko herriko apaizarengana joan zen, bazterrak nahastera beste ezertara baino gehiago. Bai baitzekien zer-nolako jende modua zen Eskiulako Musde Tiraz erretorea ere: tipo zitala eta bihozgabea. Herriko biolin jotzailearen hiletan bota zituenak horren lekuko: denak dantza miserablean jartzen zituen gizon haren arima pozoituta zegoela, eta herritarrek bekatuan jarraitzen bazuten haren patu bera izango zutela. Pentsatzekoa zenez, Etxahuni aitortza ukatu zion Musde Tirazek. Honek, orduan, apaizen kontrako bigarren round bat bota zuen, ondorengo bi ahapaldiak biltzen dituena: Sei hilabete dizü egin Eskiulara zirela jin; gerozti sei barrika ardü edan tüzü ordanari: beste sei ukhen bazüntü, bardin edan beitzuntukin.

Eskiulan Musde Tiraz. Barkoxen Musde Zenmartzo, hurak biak perfeit dira, bai herri aizuentako, bena Jinkuk lagün bitza hoiek, nik maitha artino.

Handik bi urtera hil zen, Barkoxen bertan. Ez dago garbi hileta meza zein apaizek eman zuen.

. Xenpelar Juan Frantzisko Petriarena Rekondo, Margolana: Antonio Valverde Ayalde.

XENPELARREN ANTIBEEFA (XIX. MENDE ERDIALDERA, DATARIK GABE).

Gipuzkoako ahoz ahoko usadioaren erakusgarri gailentzat jotzen da Xenpelar, argia eta zorrotza bat-batekoan, izugarri emankorra bertso paperak jartzen. Bere bizialdi laburrean –1869an 34 urterekin hil zen, nafarreriak jota– ez zuen erronka faltarik izan. Diotenez, behin Donostiako kuadrilla bat gerturatu zitzaion, desafio susmagarri samar batekin: aurrez aurreko erantzunean abila zela, bai, baina beti doinu bertsuan kantatzen zuela, eta ea zenbateraino zen gai doinu berrietan kantatzeko, Iparragirre bezala. Noski, Iparragirre aipatu zioten Bilintx ez aipatzeagatik, amuari kosk eginez gero Donostiako urretxindor mokokerraren izena atera eta berari komeni zitzaizkion baldintzetan desafioa taxutu ahal izateko. Xenpelar ez zen makala, ordea, eta inoiz erabili gabeko doinuan kantatu zizkien bi bertso, gerora Iparragirre abila dela izenez ezagun egin direnak. Belarriak jaitsita erretiratu ziren donostiarrak. Beste behin, Lezoko Santa Kruz jaietan, herriko bertsolari traketsenaren aurka aritu zen lehian. Juxto eta Lonjinos izeneko parea aritzen omen zen garai hartan herriz herri kantuan, nor baino nor baldarrago, baina txalo zartak jotzen zizkietela eta lainezak hartuta zebiltzan. Juxtok erronka bota zion Xenpelarri: ea nork bota bertso aldrebesagoak. Jendetza bildu zen plazan. Lehia hasi, eta Xenpelarrek ustez aldrebesena zen bertsoa ere dotore botatzen zuen, nahi gabe. Egun hartan Juxtorentzat izan ziren txalorik handienak.

Xenpelarren antibeefa errege egunez gertatu zen. Garai hartan ez zen giro oiartzuarren eta errenteriarren artean, eta Oiartzun inguruan ezezagunik sumatu orduko harrikadaka eta makilkadaka hasten omen zitzaizkien. Iluntze aldera, Xenpelar Ugaldetxo inguruan zebilela, lagun batek abisatu zion: “Hobe duzu etxe aldera goiz abiatu, susmoa dabil Palazio baserriko bileraren kontrako bertsoak zuk jarri dituzula, eta bidean zain dauzkazu batzuk”. Xenpelarrek, kontzientzia lasai, betiko orduan erretiratuko

zela erantzun zion. Iluntzean abiatu zen Errenteriarantz, eta Palazio baserrira gerturatu ahala bertso kantari hasi zen, egurtzeko guardian zeudenek entzuteko moduan. Bat bota zuen aurrena, bigarrena gero, eta hirugarrena amaitzerako atera zitzaizkion bidera, garrasi betean: “Hik jarri hituan bertso horiek!”. Xenpelarrek ezetz. Besteek baietz. Azkenean, hiru bertsorekin konpondu zuen eztabaida Xenpelarrek. Horietatik bi hauek:

Besteak konbentzituta, joaten utzi zioten azkenean. Lehiaz lehia ibili zena berak egin gabekoengatik egurtu zuten kasik, eta bertsotan eskuratu zuen barkazioa.

Errenteriya’n esan omen du larogei urteko atsuak: “Orroko orretxek para zituen Palaziyoko bertsuak”. Gazte bat balitz eman niozkake belarrondoko batzuak, konfesakizun aundiyak testimoniyo falsuak.

Bertsolariya engañatzeko eskuan madamusela, uste al dezu orrenbestekin engañatutzen naizela? ume txikiyak engañatzeko nola egiña dan pastela, kulparik gabe saldutzen naute Kristo Judasek bezela.

Bilintx. Bitoriano Iraolaren marrazkia. 1885, Euskal-Erria aldizkaria.

GAUZATU GABEKO BEEFA: BILINTX VS HONDARRIBIKO JOXEPA (XIX. MENDE ERDIALDERA, DATARIK GABE).

Donostiako kale izendegiak justiziarik egiten ez badio ere jakina da nor izan zen Bilintx. Bertso jarrietan nabarmenduagatik, badirudi gai zela bat-batean aritzeko. Domingo Kanpainari buruzkoak bat-bateko bertsoaren itxura guztia dauka. Zenbait bertsioren arabera, Izturin gaineko sagardotegi batean afari-merienda prestatzen ari zen Bilintx –arrain gorria, zehazki– mando gainean Domingo bistaratu zuenean. Lehendik ere biak teman dezente aritutakoak

izaki –eta Domingo Bilintxen bizkarretik barre egin zalea zenez–, ez zuen erasorako aukera galdu: Mando baten gañian Domingo Kanpaña, ez dijoa utsikan asto orren gaña; azpian dijoana mandua da, baña, gañekua ere bada azpikua aña: mando baten gañian bestia, alajaña!

Itxura batean, gizon arteko demako bertso erabatekoa da, Bilintxen ohiko estilotik asko urruntzen dena. Baina badira bat-batekoa ote den zalantza egiten dutenak, hain denez egoki josia. Are, zantzuak badira pentsatzeko Bilintx ez zela aurrez aurreko inprobisazioan oso solte aritzen. Behinola, dozena bat donostiar Hondarribira gerturatu ziren, emakume bertsolari ezagun bat ezagutu asmoz. Joxepa izena zuen, eta ahoz aho zebilen sekulako maila zeukala. Joxepari buruzko daturik apenas dagoen, baina itxura guztien arabera, lore jokoetan

behin baino gehiagotan parte hartutako Joxepa berbera da Bilintxek eta lagunek bisitatu zutena. Elkarren artean bertsotan aritu bai, baina Bilintxek ez zituen aurreikuspenak bete –edo ez zuen eztarria askorik urratu–, laster jakin baitzuen Joxepari ez zitzaiola aski bertsolari iruditu. Minduta, ohorea lokaztuta, sei bertso jarri zizkion. Berak gogoa duenean soilik kantatzen duela arrazoitu ondoren, desafioa luzatzen dio:

Arkitzen baldin banaiz orduan umorez, proga emango dizut lehenagoko ordez, beste iñori baiño gustorago doblez, gero juzga dezagun ezaguera hobez, ia bertsolaria al naizen edo ez.

Pentsa daiteke desafio hura ez zela inoiz gauzatu, bertso sorta hori Bilintxen idazki argitaragabeen artean topatu zenez gero. Edonola ere, emakume batek bere ekimenez gizon bat desafiatzen duen kasu dokumentatu bakanetako bat da –gainontzeko beefetan gizonek esandakoei erreakzionatuz baizik ez dute parte hartzen–.

Pello Errota. Argazkia: Indalecio Ojanguren.

Udarregi. Biktoriano Iraolaren marrazkia. “El Thun Thun” aldizkaria, 1894.

BEEF HANDIA: UDARREGI VS PELLO ERROTA (1893-1895).

Bertsolaritzaren historiako beef handiena diru kontuek eragin zuten. Anton Abadiak 1893an Azpeitian antolatutako lore jokoetan bertsolari sorta eder batek eman zuen izena. Saria ez zen nolanahikoa: urrezko ehun libera. Udaletxeko balkoitik aritu ziren bertsolariak, parean ia 5.000 entzule zituztela, eta epaimahaikoan hiru izen handi: Resurrección Maria Azkue, Txomin Agirre eta Felipe Arrese. Laster asko nabarmendu ziren hiru bertsolari besteen gainetik: Joxe Bernardo Otaño –Pedro Mariren osaba–, Udarregi –gerora ezagun egin dena analfabetoa izanagatik bertsoak oroitzeko bere alfabeto propioa sortzeagatik– eta Pello Errota. Saioa izugarri berdindua zihoan, edonola ere: Otaño eta Udarregi nekazariak Pello Errota errotariaren aurka ari ziren herio batean, baina hark sendo

eutsi zien, entzuleak erabat poltsikoratuz. Epaileek ez zekiten saria nori eman, baina ikusirik jendea “biba Pello!”-ka zebilela, hura izendatu zuten garaile –ez Otañoren eta Udarregiren aipamen berezia egin gabe–. Denak gustura erretiratu ziren, itxura batean. Handik gutxira, ordea, Udarregik eta Pello Errotak Usurbilen egin zuten topo. “Zer berri Azpeititik?”, galdetu zion errotariak. Udarregik galdera isekatzat hartu, nonbait, eta, erabat minduta, bertsopaper batzuk argitaratu zituen. Orduan hasi zen Beef Handia.

Premiyua eman zioten Pello Errotari, ez dan gauzik esaten ez gerade ari, zerbait luzatutzeko bere lagunari, Juan Jose Alkain edo Jose Bernardori, gezurra ugari sakatu dit neri, triste Udarregi, deskubritu bedi, asko partitu gabe juana da ori.

Zein zen afera? Pello Errotak saria Otaño bere auzoarekin elkarbanatu zuela, Udarregiri ezer eman gabe. Horretarako arrazoirik ote zuen edo ez, hor dago eztabaida. Itxuraz, saioaren aurretik, zerbaiten kexuz zebilen Udarregi, eta Pello Errotak lasaitzeko esan zion, jakitera emanez saria beraiek irabaziz gero elkarbanatuko zutela: “Ez hadi kexa, motel, elkar behintzat ez diagu galduko eta!”. Udarregik erantzun omen zion: “Zuek nahi izanagatik nik galtzen erraza dela uste al duk?”. Pello Errotari komentarioak graziarik egin ez, eta gero, saioa berak irabazitakoan, Otañorekin bakarrik partitzea erabaki zuen. Edo hori dio, behintzat, haren sokakoen bertsioak.

Kontua da Udarregiren bederatzi puntuko hogei bertsoek eztandarazi zutela guztia. Pello Errotak erantzun zion. Gero, Udarregirik kontraerantzun. Otaño ere tartean sartu zen une batez. Udarregik bien kontra jo zuen orduan. Pello Errotaren semea, Migel Anton, sartu zen gero. Udarregik laugarren sorta bat jarri zuen. Pello Errotaren anaia Juan Kruzek ekin zion segidan. Eta une horretatik aurrera kontrola erabat galdu zen: Udarregiren alde idatzi zuten Errikotxiak, Arzakek, antiguotar batek eta beste ezezagun batek –Gazteluk, ziur asko–. Bertsozaleak bataren edo bestearen alde posizionatu ziren, ezinbestean. Aferarekin lotutako 180 bertsotik gora idatzi ziren, ia denak bederatzi puntukoak, Udarregiren heriotza arte iraun zuen liskarrean. Ohatzean gaixo zela, azken desio bat eskatu zuen Udarregik: deitzeko mesedez Pello Errotari, harekin hitz egin nahi zuela hil aurretik. Abisatu zioten, baina hura iristerako hila zen. Aretoan sartu zen errotaria, eta gorpua inguratzen zuten hiru gizonei begira, txapela erantzi, eta ondorengo bertsoa kantatu zuen:

Ojala ikusi banu onen eriyua, alkarri eskatzeko barkaziyua, animak irabazi dezan premiyua, eindako gaitz guztiyen erremediyua; utzi jeniyua ta inkurriyua, gure salbaziyua da oraziyua, erreza dezaiogun errosayua, au da katolikuen relijiyua.

Joxepa Antoni Aranberri (Sendoa).

NESKAZAHARRAREN BEEFA: JOXEPA ANTONI ARANBERRI VS ENRIKE ELIZETXEA (1902).

Bilboko Ibaizabal aldizkariak bertsopaper lehiaketa antolatu zuen 1902an, espresuki bertsogile ezezagunentzat. Hala zioen oharrean: “Bertso alai edo alegreak egin eizuez. Barre egin daigun, negar geuk gura eztogula egin bear izaten dogu, gura dogun baiño sarriago-ta”. Astez aste gai berria proposatzen zuten, parte hartzaileek sorkuntzarako denbora tarte mugatua izan zezaten. “Taberneruen bizimodua” jarri zuten gaitzat lehendabizi, “Aguazillaren bizimodua” bigarren, “Neskazarrak” gero, “Mutilzarrak” segidan.

Apirilaren 13ko agerkarian atera ziren neskazaharrei buruzko bertso irabazleak, Errenteriako Enrike Elizetxea delako batenak. Neskazaharrak jende maliziatsu eta gorrotagarritzat irudikatzen zituen, bide zuzenetik aldendutako jendaila modura. Konparazio baterako: “Mutillen batek kalean neri itza egingo balira, kopeta illundu ta alde egingo nuke beste alderdira”. Bañan alperrik orlako ametsak egiten aritzen dira, oiek kalean ikusi eta nork begiratu arpegira? Sorta hark oihartzun handi samarra izan zuen, laster iritsi baitzen berria Elizetxearen herrira. Joxepa Antoni Aranberri –Xenpelarren iloba, garaitsu hartan 30 urteren bueltan zebilena– erabat ernegatu zen, eta tamainako erantzuna idatzi zion. Itxuraz, Elizetxea hiltzeko zorian egona zen, eta orduan lagundu zioten asko iraintzea leporatzen zion bertso sorta berri horretan:

Ibaizabal-en sari txiki bat irabazteagatikan, gogora etorri zaizun guztiya esan dezu gugatikan; nik esan bear banu munduban zaude gaur guregatikan, zu sendatzeko sendagarririk etzan iñungo botikan. Bere baitarako “harrapa ezak hori!” esanez, bertso jarriak gutunazalean sartu eta Elizetxearen buzoian sartu zituen, gonbidapen batekin: bidaltzeko haiek ere Ibaizabal aldizkarian argitaratzera, eta kasualitatez berriro saririk ematen bazioten gogoratzeko berarekin. Ez zen inoren sinadurarik ageri, baina Elizetxea azkar ohartu zen hura Aranberriren lana zela, eta bizarrak zutik jarri

zitzaizkion. Kikilduta, mesedez barkatzeko eskatu zion, ez zuela sekula pentsatuko bertso haiek halako oihartzunik izango zutenik, Ibaizabal aldizkariaren errua zela gai hori jartzeagatik, berak liburu polit bat besterik ez zuela irabazi nahi, baina neskazaharren gorrotorik ez zuela merezi. Aranberrik eskatu bezala, haren sorta Ibaizabalera bidali zuen, excusatio non petitaz jositako hitzaurre luzea eta guzti. Han ere, tankeratsu, bere burua desenkusatzen zuen: ezin jan, edan eta lo egin omen zebilen. “Beti neskazarrak dakazkit gogoan. Edaten edo jaten asitzean, iduritzen zait edontzian eta erretilluan daudela, eta ori bera gertatzen zait oeratzekoan gelan sartzen naizenean”. Barkamena eskatuz amaitzen du, eta badirudi Aranberrik barkatu ziola azkenean. Behin harekikoak egindakoan, Ibaizabal aldizkariko kajistaren aurka ekin zion, hona ekartzeko luzeegia den beste beef batean.

TRAJE BERRIAREN BEEFA: FERMIN IMAZ VS TXIRRITA (1927).

Ez da Bilintx izan Donostiako kale bertsolari ezagun bakarra. Fermin Imaz izeneko bat ere ospetsu samar egin zen XX. mende hasiera aldera. Arrantzalea zen berez, kaiko zamaketari lanetan aritu zen gero, eta, azkenaldian, arrain saltzaile. Garai hartan, San Tomas egunez bertso saioa ospatzen zen urtero Antzoki Zaharrean, eta Txirrita arduratzen zen kantari nor arituko zen erabakitzeaz. Urteroko kuadrillaren parte izaten zen Fermin Imaz. 1927ko saioa prestatzeko bilerara berandu iritsi zen, ordea. Txirritak arratsaldeko seietarako jakinarazi beharra zeukan erabakia, eta beste batzuen izenak eman zituen. Imaz ziur zegoen berari deituko ziola, traje berria eginarazi baitzuen, saio hartako irabaziekin ordaintzeko asmoz. Easoko Bar Manolon zegoela jakinarazi zioten Txirritaren erabakiaren berri. Amorratuta, txaketa berria airean bota zuen: “Zerekin pagatu behar dut nik orain hau?”. Igande goiz batez, Errenterian azaldu zen Txirritaren aurkako bertsopaperak salduz. Bertsotan emandako beef handienetako baten hasiera izan zen. Bederatzi puntuko hamalau aleetako bat, hau:

Arrazoi aundiyakin egiten naiz mintza, nere entendimentuak ala deritza, teatrora juateko eman ziran itza, bera ori nola dan bertsolarin giltza, nik biar nun agintza nor izan banitza, egin diran gaitza aziyo murritza, lagunak engañatzen zertan zabiltza?

Iturria: Sendoa.

Azkar erantzun zion Txirritak, bederatzi puntuko beste hamabi bertsorekin. Azalpen handirik ez du ematen: Fermin bilerara berandu iritsi zela bitartean edanean zebilelako, eta berak erabakia azkar hartu beharra zeukanez, inguratu zirenekin egin zuela tratua. Ez du okasioa galtzen Imazen zurrutero fama puzteko: Ankak zabaldu eta balantzaka asi, kopeta illunduta begiyak itxi, aurrian zein daguen ezin du ikusi, txandarikan eztiyo iñori nai utzi, oju eta irrintzi, iñork ezetz autsi, orrek nai du bizi guziyen nagusi, iñon ametitzerik eztu merezi.

Imazek erantzun zion berriro, Txirritari “errespetu gutxiko bertsolariya”, “kristau faltsua” eta “alper danen diretoria” deituz, eta epaitegietara joateko mehatxua eginez. Txirritak berriro kontraerasoa: mozkor hutsa zela, andrearekin bananduta zebilela, eta gisakoak. Itxura denez, bosgarren roundean amaitu zen beefa, Imazen azken sorta batekin. Basarrik sarri aipatzen zuen garai bateko bertsolariak behe mailako jendea zirela, eta auzolotsa eragiten zutela beren norgehiagoka negargarriekin, nor zen mozkorren kapitaina, noren andrea ikusi zuten norekin, eta abar. Baliteke, besteren artean, Txirritaren eta Imazen arteko beefa gogoan zuela esan izana.

Fermin imaz. Gipuzkoako Foru Aldundia.

AZKEN BEEFA: BASARRI VS INAXI ETXABE (1955).

Basarriren zenbait sortak ez zuten hark ahotan hainbestetan hartutako ukuilu-girokoek baino goi-arnas askoz gehiagorik. Imanol Lazkanok esana dauka oso kontserbadorea zela, beheko sua baino zaharragoa: “lehengoa dena ona, gaurkoa dena txarra, eta etorkizunari izu izugarria”. Zarauzko frantziskotarren Anaitasuna agerkarira bidali zuen bertso sorta erabat kabitzen da koordenatu horietan. Kutsu moralizante agerikoz, emakume gazteen akatsak zerrendatu zituen sei bertsotan. Horietako bat da ondorengoa:

Nobelak ondo irakurrita gabez zinetara irten. Guraso zarrak negar egiñez sutondoan itxogiten. Beren izkuntza bajutzat bota, ta beste bat itzegiten. Noizbait ezkondu, ta asitakoan etxeko lanak egiten, sua nolatan pizten dan ere askok ez dute jakiten.

Oikiako Inaxi Etxaberen eskuetara iritsi ziren bertso haiek. Gertutik jarraitzen zuen Basarri: bere bertsolari gustukoena zen –gutxiri bezala, Uztapide baino gehiago gustatzen zitzaion, bere kantatzeko modu patxadatsuagatik–. Ez zion sekula aitortu, kalean maiz gurutzatzen zuen arren. Basarrik aio, eta berak ere aio. Besterik ez. Baina emakumeen kontrako sorta hura irakurtzean, zeharo minduta, erantzun egingo ziola erabaki zuen. Hilabete batzuetara, sei bertso bidali zituen Anaitasunara, “Oikinako neska” goitizenez sinatuta. Basarriri erantzuten zion, gizonezkoen akatsak zerrendatuz. Esaterako:

Basarri, 1959 (Sendoa).

Bizio txarrik asko badago gizasemien artian begiratzia naikoa dezu auzo-taberna atian egunero an ikusten dira pozik asko zurrutian jakiñagatik ori dutela bere buruen kaltean. Ez dira ala ere geldituko patrikak ustu artian. Bertsoak argitaratu ondotik, Etxabek ez zuen Basarriren berri izan denboraldi batez. Jakingo ote zuen bera zela izengoiti haren atzean ezkutatzen zena? Handik puska batera jakin zuen erantzuna, bere anaia bizarginarenera joan zenean Basarri. Ispilu aurrean eserita, bizar xaflaren zorrotzak kikilduta agian, hala aitortu zion: “Zure arrebak oso ondo erantzun dit”. Eta pentsatzekoa da zinez gustatu egingo zitzaizkiola bertso haiek Basarriri, bere ohiko diskurtsoarekin bat egiten baitzuten: emakumeak bezainbat, gizon gehienak ere bide zuzenetik kanpo ibili ohi ziren harentzat. Ez zion, ordea, Etxaberi zuzenean halakorik aitortu. Berriz ere Zarauzko kaleetan gurutzatu zirenean, elkarri begiratu eta, aio, eta aio.•

TXAKURRA

BERTSOAK: FELIX ZUBIA (2021-08-11) DOINUA: TXIRRITA HIL DALA

Lesakan bada gizon handi bat, Bertsotan aritzen dena, Pandemiaren gorabeherekin Txakurra deitu nauena. Ederki dakit zer den okerra Eta zer dugun zuzena, Zer dela eta jarri didate Modu hortako izena?

Hil zaizkigunak lau milioi pasa Zenbatu dira munduan, Euskal Herrian ia sei mila Begiratu inguruan. Gauza bat daukat oraindik ere Ezin sartuta buruan, Zer dela eta ukatzen duten Izan ez balitz moduan?

Zazpiehun kasu baino gehiago Neure begiz ikusiak, Heriotzaren bidez lezio asko gara ikasiak. Batzuk saihestu nahi nituzke nik, Aholkuz adieraziak. Zer dela eta jasotzen ditut Holako hitz itsusiak? Zenbaitek, baina, gertatuari Egiten diote uko, Konspirazio baten azpian Gaituztela zapalduko. Ideia latz bat bururatzen zait Horiek entzun orduko, Bost mila aldiz ukatu arren Ez dela desagertuko.

Ez dakit zeinek asmatutako Gezur bat omen da dena, Txertoak berriz erdi-pozoia Guztia galtzen duena. Dudarik bada, ospitalera Etor dadila hurrena, Ikusi nahi ez duen hura Da itsurik handiena. Negazionista batzuek ere Pneumoniaren harira, ospitalera iritsi dira Eta nahiko tira-bira. Hasieran harro xamarrak baina, Egia hutsa hori da, Arnasa falta zaien unean Ederki umiltzen dira.

Makina saltsa izan ditugu Covid-aren inguruan, Hautatu dugun bizimoduak Jarri gaitu apuruan. Ekonomian, garraioetan Eta zaintzeko moduan, Zoritxarrean zertan pentsatu Asko daukagu munduan.

Nabaria da gauza guztiak Ez direla ondo egin, Agintariek, kazetariek, Eta medikuok berdin. Gertatu dena onartuz eta Errepikatu ez dadin, Burua martxan ipini eta errespetuan hitz egin (bis).

NI NAIZ TXAKURRA DEITU ZIZUNA

BERTSOAK: XABIER SILVEIRA (2021-08-13)

Kaixo Felix ni naiz lesakarra txakurra deitu zizuna modu polita ez zela aldez aurretikan jakituna baña lortu dut bai lortu ere horrekin bilatzen nuna eztabaidari bide eginez hona nere erantzuna.

Dena ez dela ongi egina ez da hausnarketa txarra. Kazetariek zabaldu duten bertsio bat ta bakarra zalantzan jarri ezina bera ez al da bitxi xamarra zertara dator ados ez dena ixilarazi beharra?

Zuk telebistan, irratietan eta egunkarietan lau haizetara zabaldu duzu beldurra modu denetan sentiaraziz bizitza bera beldurgarria benetan eta iaz hil ziren adina hil zen aurreko urtetan.

Donostiako hospitaleko ZIUek nolako sona hartu duten zu zaren ezkero bertan buru den gizona bapatean uy, gogoratu dut han larri gaixo dagona eta zu niri bertsoak jartzen ze gusto txarreko broma. ‘Burua martxan ipini eta errespetuan hitzegin’ erabat ados naukazu Felix zuk botatako hitzekin. Antolatu zen eztabaida bat euskal zientzilariekin zu gonbidatu ta azaldu ez eta hori gu ezjakin.

Negazionista diozunean argudiotan urria gelditzen zara, nahiz ta iraina ez den taktika berria gaitza inorrek ez du ukatzen baina bere jatorria isolatu ez den birus bat da? ze igerlek igerria?

PCR-a diagnosian erabiltzeko hautua nik bezain ongi dela dakizu maltzurkeriz gauzatua hola nahieran darabilzue intzidentzi metatua egoera bat marrazteraino arras manipulatua.

Gorritu gabe aipatze hutsa asintomatikoena lehen algara ta gero datoz haserrea eta pena mediku batek ez ote daki ume batek dakiena ez dela inoiz gaixoa izan sintomarik ez duena. Txerto esaten diozun horrek zer du? barruan zer dakar? ez du sendatzen, ez du babesten ta hainbat ondorio txar sortzen ari da nik ez dut sartu baña hartu zure bizkar –idatziz noski–ardura oro ta txertatuko naiz bihar.

Zuk badakizu farmakogintzak gutxi daukala ‘santa’tik… iaz espainian 600 miloi medikuek hauengandik jaso zituzten -publikoa da- nik horrexegatik dakit Euskal Herrira zenbat iritsi ote dira hoietatik.

Nahiz ni ez naizen zientzilaria bertsolariak bagara entzuten ez den ahotsarentzat bozgorailu eta aba. Juanjo Martinez mediku eta zirujau sonatua da bion arteko eztabaidara animatuko al zara?

Hitzak zer duen helburu, haren baitan da edo ez irain noski ni ez naiz nere burua zuritzen hasiko orain. Ulertzeko gai bazara xapo! ta bertzela ere bikain gaizki esanak barkatu eta zure erantzunaren zain.

P.D.: KOMUNIKABIDEETAN / JANGOIKOA ZARA / NI BERRIZ LEPROSO BAT / ALDE HAUNDIA DA / GURE ERRONKA BERTSO / ERRONKA’RE BADA / JEISTEKO PREST BAZAUDE / ZERUTIK PLAZARA / JOKATU GENEZAKE / EHUN BERTSOTARA .

ADISKIDE MUTIL ZAR BATI

BERTSOAK: TXOMIN GARMENDIA (2016-05-20) DOINUA: AIZAK’I MUTIL MANONTZI

Gaur nago bertso jario, lagunak geran merio, zertako dezu zurruterako ainbeste jenio? Ezkondu zaitez serio, gizonen gradura io; denbora joanda damututzeak ez baidu balio.

Orain ederki zabiltza, zenbat ate, ainbat giltza, luzarorako ez da izaten olako bizitza. Neskax ederrak dabiltza, norbaiti luzatu itza; edo bestela bidean dezu zure zorigaitza.

Oraindik zaude gordina, zugaitz on baten berdina, baina sasoia ez da izaten betiko egina. Zartzaroaren jakina, mutil zarraren jardina; bakardadeko tristura eta sukalde zikina.

Andregai on baten billa, alaxe izan dedilla, ona usteta txarra gertatu liteke sarrailla. Gero arazoak milla, tarten kutxako kartilla; zenbaitek azkar jorratuko du zure diru pilla. Emakume asko pikardiz, sarri itxura geiegiz, dirua duten mutil zar oiek enganatzen dabiltz. Lotutakoan uztarriz, ez dirade zure premiz; burua bero izango dezu ankak otzak berriz.

Andreari artzen kontu, kezka eta pentsamentu, da bitartean gizona dabil ipui eta kantu, Inor ez gera kontentu, danok negar eta lantu; gizonak ere sarri ez gera aldareko santu.

Sarri berri itxusiak, pamilitako auziak, garai bateko baratz polita artzen du sasiak. Negar eta karrasiak, esku artzen justiziak; zorionean ez dira bizi ezkondu guziak.

Dauzkagun giza aulkeriz, osatzen gera txarkeriz, kabi goxoak zapuzten dira bizio geiegiz. Bakoitza bere alderdiz, dirua tarteko berriz; ezkondu asko gaur bizi dira mutil zar inbiriz. Bakoitzak dun jenioa, da tarteko balioa, etxe askotan sumatutzen da negar jarioa. Artu ebanjelioa, edo errosarioa; alkarri barkatutzean dago erremedioa.

Naigabeak eta pozak, guk ez ditugu arrotzak, zalantzik ez da oiek berekin ditula ezkontzak. Maitasunezko aitortzak, ugaltzen ditu itz-otsak; aberats dira alkar maitatzen dakiten biotzak.

Garai bateko fedea, ez ote gendun obea? Alde batera utzi genduan Jainkoan legea. Nunnaitikan naigabea, oztu ezinik labea; komeni bada zuzen gaitzazu guztion Jabea.

Adiskide mutil zarra, dadukat esan bearra, suerte onez ixildu bedi daukazun negarra. Maitasunaren indarra, ez da gozatu bakarra; San Antonio bitarteko artu ez da lagun txarra.

EGUNGO EZKONDU ETA EZKONGABEEI

BERTSOAK: UNAI MENDIZABAL (2021-06-03) DOINUA: DOZENA BAT BERTSO BERRI

Txomin Garmendia jauna bertsolari ezaguna lehengo alean egina dago bertsotan jarduna. Heldu zitzaidan barruna ta errespetuz laguna bertso hauetan hementxe doa nere erantzuna.

Mutiltzar eta soltero ezkondu gaberik edo lehengo aleko irakurleen artean balego kopeta beltz eta bero haserre xamarrik gero ipiniko zan zure bertsoak kantatu ezkero.

Bikote baten gerizan jarri ta ezkondu elizan egin beharra omen du gradu batzuk igo ditzan. Pentsatzen ipini nitzan sorta hartan esan gisan ezkondu gabe pertsonak ezin al du gizon izan?

Zartagin zikin ta grasa trapurik behin ere pasa mutiltzarrari maiz jartzen zaio narratsaren traza. Bikote baten jolasa ez du izango erraza baldin sukalde bat garbitzeko ez bada kapaza. Lehen ezkondu eta hala uste zen betiko zala “ta heriotzak banatu arte...” hitz eman bezala. Gaur denbora joan ahala apurtzea da normala agian hau da harreman baten bide naturala.

Soluzioa denean dagola barkamenean diozu baina nik zalantza bat badut barrenean: pazientzia azkenean bukatzen da gehienean beti barkatu behar duena berdina denean.

Jainkoa eta dotrina aipatu dezu jakina hori bailitzan gaur egungo gaitz hoien aspirina. Dena ez zen kristau fina lehen ere bada majina fede galanta izanagatik galantak egina. Txomin zure esanera jartzea hobe ote da? Oraindik nabil ezkongabe ta soltero antzera. Presarik ez daukat, keba! Baina hemendik aurrera arroza pasa aurretik zerbait saiatuko gera.

Bi ikuskera ezberdin dutenak Unai ta Txomin. Nik bukaera eman nahi diot aholku batekin: bizitza pozik joan dedin parejan, bakarrik berdin... Hemen bakoitzak nahi duna edo ahal duna egin!

UNAI MENDIZABAL DALA BIDE

BERTSOAK: TXOMIN GARMENDIA (2016-06-17) DOINUA: DOZENA BAT BERTSO BERRI

Unai Mendizabal bertsoz, ni toreatzeko asmoz, nik jarritako dozena bati erantzuten zatoz. Irakurri ditut gogoz, alkartu gerade txaskoz, irakurleak baditut eta orrek ematen dida poz.

Zaude gazte eta gordin, ez dezu nik ainbat adin, ezinezkoa iruditzen zait pentsatzea berdin. Saia gaitezen alegin, al dan gutxien utsegin, gazte-zarretan osasuna ta pakea izan dedin.

Ezkongai edo ezkondu, edo mutil-zar egondu, bakoitzak bere bizimodua bear du sakondu. Zer gogo dun artan ondu, maitetasunez konpondu, ezerren paltik guk ez genduke egingo bagendu. Nola dote ta arrio, alkarrengan amorio, sukalde eder, koartoak berdin, oia eta armario. Esaera zarrak dio, otoitz da errosario, egiz maitetasunik ez bada ez dute balio. Noranaitara joanik, eztai egun bat izanik, etxe askotara bixitatxoak egin da dauzkat nik. Musu gozo ta laztanik, aurki badute azkenik, bertso berritan nik ez det jarri ikusten ez danik.

Mendizabalen galdera, konturatutzen al gera? Izan liteke irabazia da berdin galera. Gora-bera eskallera, naiz ezkondu legera, alde aundia izan liteke gizonetik gizonera.

Au dijoa Unairentzat, bere antzeko askorentzat, da zuentzako alperrik dira otoitz eta mezak. Utzitzen dira errezak, au dakar federik ezak, arrokeriak Iekurik ez du barkamenarentzat.

Paradisoko baratzan, Bibliak or dion trazan, Jaungoiko onak gizona egin zun bere esperantzan, Laister zan bera, zalantzan, Aita Eternoa an zan, gizona pozteko emakumea egina izan zan.

Sarritan nago pentsakor, berri txarrak emen da or, garai bateko maitetasunak ziraden aldakor. Jaunak ez ote gera inor, edo ez ote gera nor? Pamilitako ainbat eraso fedea galtzetik dator.

Zintzotasuna ez det gertu, inork nai banau aztertu, baina ala ere lengo federik ez det nai baztertu. Ezin niteke aspertu, eta Jainkoa eskertu, gaurko pena det gaztedi orri nik ezin ulertu. Zuk daukazun pentsaera, eta nere jokaera, ezin litezke etorri noski alkarren parera. Gaurtik berrogei urtera, bizirik baldin bazera, orain daukazun pentsamoldetik aldatuko zera.

Nai degun ainbeste zori, ez etortzen edonori, gure inguruz ibilli arren eunka eta eunka txori. Al dana egite ori gustatzen zaigu danori, ondo da baina gaitzikan egin gabean inori.

ZUBEROAKO TXIKITOAK

TESTUA: JOSEBA AURKENERENA

Zuberoa famatua da Euskal Herri osoan, maskarada, pastoral eta baita kantu eta dantza xarmagarriengatik ere. Zuberera bera ere bitxi samarra, exotikoa, egiten zaigu gainerako euskaldunoi. Altxor ederra, beraz, euskaldunok Zuberoan daukaguna. Baina aipatu ditudan horietaz gain, Zuberoan badira bestelako kontuak bigarren edo hirugarren maila batean gorderik gelditzen zaizkigunak. Horietako bat, txikitoak.

BAINA, ZER DIRA TXIKITOAK?Txikitoak edo xikitoak, bere adiera afektiboan, Bortuetako artzainek elkarri, zirikan, norgehiagokan, erabiltzen zituzten erramolde errimatu lizun eta bortitzak ziren.

Allande Sokarrosek aditzera eman zidanez, mendi mazela batetik bestera, ola batetik bestera, oihukatzen omen zituzten. Batzuek desafio modura jaurtitzen zituzten eta besteek erantzun egiten zieten. Zenbat eta urrunagotik botata, orduan eta gordinagoak izaten ziren. Erramolde errimatu horien ondoren, Txikito!!! (edo Xikito!!!) erraten zuten, eta Sokarrosen aburuz, horrekin Orai hik errak! aditzera ematen zioten entzuten zuenari.

Artzainen arteko maleziak eta izterbegien (edo arerioen) arteko norgehiagoka ulertu behar dira txikitoka horretan, horrela aritzeari txikitokan aritzea deitzen baitzioten. Txikitoetan lizunkeriak, emakume kontuak eta itsuskeriak azaltzen ziren.

Jean Mixel Bedaxagarren ustez, desafioa izateaz gain, txikitoek bazuten balio iniziatiko bat, lehen aldiz artzain ibiltzen ziren hamabi-hamahiru urteko muttikoentzat, pitoa, alua, uzkia… eta horrelako hitzak erabiltzean, muttiko horiei gizon helduen munduaren berri ematen baitzitzaien.

Bedaxagarrek garbi adierazi zidan txikitoak bortuetan, gizonen artean, soilik, erabiltzen zirela. Emakumeen aurrean inoiz ez. “Hire arreba nahi nikek nire pitoa sartzeko” eta horrelakoak oso ohikoak ziren txikitoetan, eta, jakina, horrelako probokazio bortitzak bere neurriko erantzun gordina jasotzen zuen, eta, azkenik, horrelako mezu gogorrez osaturiko kate luzea osatzen zuten. Denetik erraten zioten elkarri eta, aunitzetan, horrek artzain horien arteko etsaitasuna areagotzen zuen. Txikitokan aritzea sua pizten edo probokaziotan aritzea zen.

Gaur egun, txikitoak galdu dira, gaur inork ez baitu horrelakorik erabiltzen. Iragan hurbilaren oroitzapena dira. Euskararen gibelatze

traumatikoak eta gizarte aldaketa lasterrak, beste gauza askorekin batera, txikitoen desagerpena ekarri dute.

Jon Mirandek eta Txomin Peillenek txikito paketa argitaratu zuten 1962 eta 1963 urteen artean Parisen plazaratu zuten Igela izeneko aldizkari heterodoxo ospetsuan. Nik dakidala, inprimatu ziren lehenak. 1991n, Etorargitaletxearen bitartez, Patri Urkizuk bi liburukiz osaturiko Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako bertso eta kantak izeneko bilduma ederra plazaratu zuen. Bigarren liburukian txikito mordo bat plazaratu zuen. 2009an, Allande Etxartek Txikito!!! izeneko liburuxka kaleratu zuen, eta bertan aipatu bi iturri horietan azaltzen ziren txikito guztiak bildu eta plazaratu zituen. Baina Etxartek ekarpen handi bat egin zuen bere liburuxkan, txikito horiek guztiak gaurko grafia normalizatuan eta alfabetikoki antolaturik ezarri baitzituen, eta gainera, txikito guztien ondoan, frantsesezko itzulpena eman zuen. Horiek dira nik segidan, zubereraz eta batuan, emanen ditudan hogeita hamasei txikitoak.

Jean Mixel Bedaxagarrek aipatu didanez, baliteke artzain ibilitako gizon zaharrek oraindik horrelakoak gogoratzea. Baina tamalez, lekuz kanpo, hau da, Bortuetako artzain txaboletatik kanpo, eta txikitoek berez dituzten gordintasuna eta lizunkeria direla eta, inoiz ez diote inori aditzera emango. Hor badago autozentsura moduko bat. Ikus ditzagun, bada, ezagutzen ditugunak. Hasieran Allande Etxartek erabilitako gaurko grafian emango ditut eta, gero, nik batuan egindako moldapena.

— Ahari beltxa errekan, pitoa xutik bragetan, jokatzen diat ekarten ez diala pintoaren saria sakolan. Txikito!!!

Ahari beltza errekan, buztana zutik bragetan, Jokatzen diat ekartzen ez duala sakelan pinta bat ordaintzeko adina. Txikito!!!

— Ahüntzaren büztan txüta, haren peko xilo hütsa, sar ezak, sar südürra, ezkapa ez dakian hütza. Txikito!!!

Ahuntzaren buztan tentea, haren beheko zulo hutsa, sar ezak, sar sudurra, ihes egin ez dakian putza. Txikito!!!

— Altxa ezak eria, hunk ezak zelüa, gero ükenen dük üzküan ene ziria. Txikito!!!

Altxa ezak hatzamarra, uki ezak zerua, gero izanen duk uzkian nire ziria. Txikito!!!

— Arraultzea bilo gabe, apoa buztan gabe, Hebentik horra ikusten deitzat koskoilak batere bilorik gabe. Txikito!!!

Arrautza ilerik gabe, apoa buztanik gabe, Hemendik koskabiloak ikusten ditiat batere ilerik gabe. Txikito!!!

— Aihen Buen hen-doi, gure ahüntza aihenkoi, mendi hortan txikitokan ari direnak oro pixapotetik ardokoi. Txikito!!!

Ongi haientzat tokian (mahastian), gure ahuntza mahasti zale, mendi horretan txikitoka ari diren guztiak pixontziko arnoaren maitale. Txikito!!!

— Astoa zelatürik, hi hortan gainen muntatürik, ikusi behar haigü, orano ikusi, alu biloz ürkatürik. Txikito!!!

Astoa zelaturik, hi horren gainean muntaturik, oraindik ikusi behar haugu aluko ileetatik urkaturik. Txikito!!!

— Balü ere berrehün haboro, bat aski dik beretako, besteak oro hiri üzkütik sartzeko. Txikito!!!

Berrehun gehiago balitu ere, bat aski dik beretzat, beste guztiak hiretzat, uzkitik sartzeko. Txikito!!!

— Banoak bai aitzina, ez beti düt egoiteko aizina, Horaren üzküan sar hadi, südürraz aitzina. Txikito!!!

Banoak bai aitzina, ez baitut egoteko astirik, sar hadi zakurraren uzkian, sudurraz aitzina. Txikito!!!

— Belea doa hegalez, bere bizi beharrez, ehün ürtez bizi behar dakiala haren kaka mokorrez. Txikito!!!

Belea doa hegalez, bere bizi beharrez, ehun urtez bizi beharko dik haren kaka mokorrez. Txikito!!!

— Bertzaren üzkü beltza, kanfrearen tinta beltza, ütz nezak ixilik, hizan bezalako mütür beltza. Txikito!!!

Pertzaren ipurdi (hondo) beltza, alkanforraren (kanfrearen) tinta beltza, mutur beltz hori, utz nazak isilik. Txikito!!!

— Bestaberri Mauleko, Jundane Juhane Lextarreko, ehün ürtez bizi behar dakiala emazte baten alüari belaünko. Txikito!!!

Bestaberri Mauleko, San Joan Lextarreko, ehun urtez bizi beharko duk emakume baten aluaren aurrean belauniko. Txikito!!!

— Eraikak eria, hunk ezak zelüa, ordüan ükenen dük bai gure zerrama zaharren alüa. Txikito!!!

Altxa ezak atzamarra, uki ezak zerua, orduan izango duk, bai, gure txerrama zaharren alua. Txikito!!!

— Erbiak lau zanko, lauak kako, kako badütü, kako, kaka dela hiretako. Txikito!!!

Erbiak lau zango, laurak oker, laurak ongi okertuta, eta kaka hiretzat. Txikito!!!

— Erregeren idiak üztartürik, üztar hedeak gorriz tintatürik, ehün ürtez bizi behar dakiala haien adarrak üzkütik sartürik. Txikito!!!

Erregeren idiak uztarturik, uztar-hedeak gorriz margoturik, Ehun urtez bizi beharko duk haien adarrak uzkitik sarturik. Txikito!!!

— Gaztañatzea hon dük kolte gei; gerezitzea ere bai taula gei, hi ere arraostatzeko beno alorreko küso gei. Txikito!!!

Gaztainondoa ona duk taketak (hesolak) egiteko, gereziondoa ere bai oholak egiteko, ez haiz erantzuteko modukoa baina bai soroetan txorimalo izateko. Txikito!!!

— Gerezi beltz jan diat, kakeria badiat, ixilik egoiten ez bahiz ahoala egiten deiat. Txikito!!!

Gerezi beltza jan diat, kakeria badiat, / isilik egoten ez bahaiz ahoan egingo diat. Txikito!!!

— Gure artzain hor zaharrak baditik ehün kana berga, / berarentako besteak oro, hiri üzkütik sartzeko. Txikito!!!

Gure artzain-zakur zaharrak baditik ehun taket beretzat, / beste guztiak, hiri uzkitik sartzeko. Txikito!!!

— Gure etxean badük lau ardi, lauek zortzi beharri, / ez nük ssekulan izan, orai bezain egarri. Txikito!!!

Gure etxean badituk lau ardi, laurek zortzi belarri, / ez nauk sekula izan orain bezain egarri. Txikito!!!

— Haintiko hegila, honaintiko nabata, / errabia dakiala zanko arteko kahaila. Txikito!!!

Haraindiko mendixkara, honaindiko haranera, / zango arteko ziria beti gustagarri izan dezaan! Txikito!!!

— Haixtür eta kako, horiek dendarientako, hire hortz handi horiek hon lütükek bürdüin arrestelütüko. Txikito!!!

Guraizeak eta jostorratzak jostunarentzat, hire hortz handiak ongi lirateke burdinazko eskuare batentzat. Txikito!!!

— Hamar eta sei hamasei, gure labeko bi sukei, txikitoka beno hobe hintzate alor bazterreko küsogei. Txikito!!!

Hamar eta hamasei, gure labeko bi su-egur, txikitoka baino hobe hintzateke inguruko soroetan txorimalo. Txikito!!!

— Hebentik hara, bi mendien artekotik, ostadarra sar dakiala gibeleko xilotik. Txikito!!!

Hemendik hara, bi mendiren artetik, ortzadarra sar dakiala atzeko zulotik. Txikito!!!

— Haxeria badoazü bere xilotik, jarrai zakitzo ondotik, Haboro jakin nahi badüzü, sar zakitzo üzkü xilotik. Txikito!!!

Azeria badoa bere zulotik, jarrai zakizkio bertatik, gehiago jakin nahi baduzu, sar zakizkio zulotik. Txikito!!!

— Hur bazterrean harria, haren gainen txoria, ikusten deiat hebentik horra kintaleko zorria. Txikito!!!

Ur bazterrean harria, haren gainean txoria, hemendik horra ikusten diat kintaleko zorria. Txikito!!!

— Kanfrearen tinta beltza, bertzaren üzkü beltza, ez hiz aurten ezkontüren hizan bezalako mütür beltza. Txikito!!!

Alkanforraren (kanfrearen) tinta beltza, pertzaren ipurdi (hondo) beltza, mutur beltz hori, aurten ez haiz ezkonduko. Txikito!!!

— Madalena gainean lano, guree baratzean porrü eta oino, hebentik horra ikusten deiat koskoiletan ehün gunka morpiu. Txikito!!!

Madalenaren gainean lainoa, gure baratzean porru eta tipula, hemendik ikusten ditiat ehun potrozorri-bartza koskabiloetan. Txikito!!!

— Madalena gibelean, baita ere aitzinian, kaka ezkapa dakiala mündü ororen aitzinian. Txikito!!!

Madalenaren atzeko aldean, baita aurrekoan ere, kaka atera dakiala jende guztiaren aurrean. Txikito!!!

— Oihaneko haltza, haren peko hartza, harek elkiko deik bai, koskoiletako hatza! Txikito!!!

Oihaneko haltza, haren azpiko hartza, horrek igoaraziko dik koskabiloetako atzamarra! Txikito!!!

— Orhi püntan lano, gure baratzean porrü eta oino, hebentik eta horra ikusten deiat ehün mila morpiu. Txikito!!!

Orhi puntan laino, gure baratzean porru eta tipula, hemendik ehun mila potrozorri ikusten ditiat. Txikito!!!

— Organtzarrak errekan, huren beharrez marrakan, entzün diat, entzün, barda hintzala alü beharrez marrakan. Txikito!!!

Orga handiak errekan, uren beharrez marrakan, entzun diat, entzun, bart hintzela alu beharrez marrakan. Txikito!!!

— Satineta zeta hari pasajanta honarat beha hadi, korajerik balinbadük txikitoka has hadi. Txikito!!!

Zetazko soineko dotore hori, pasatzean begira ezak hona! adorerik baduk txikitoka has hadi! Txikito!!!

— Sohütan da Üdola, atzaman dü alorra, hebentik hara ikusten deiat ontsa mardo mokorra. Txikito!!!

Sohütan da Üdola, atzeman du alorra, hemendik ikusten diat taket (mokor) handi ederra. Txikito!!!

— Ürrützezko pertika, lexarrezko makila, jokatzen deiat, jokatzen, ez dakiala nondik xiko neskatila. Txikito!!!

Urritzezko pertika, lizarrezko makila, jokatzen diat, jokatzen, ez dakiala neskatilari nondik sartu. Txikito!!!

— Xikito, diok ala xikito, ez hiz ez hortan kito, gure artzain horak badik ehün kana pito. Txikito!!!

Xikito diok, xikito, ez haiz ez horretan kito, gure artzain-zakurrak badik ehun kanako pito. Txikito!!!

— Zibitze, oi Hegiapal o, merkat bideak ere talo, aisa izanen dütük haurrak ere katalo. Txikito!!!

Zibitze, oi Hegiapal o, merkatu bideak ere talo, aisa izanen dituk haurrak hiretik zintzilik. Txikito!!!

— Zinka düana, zinka, hasi zaina loditzen pantza, ohart noiz jauzarazi heitan pito mútürreko tzintza. Txikito!!!

Eskaka bahabil, eskaka, laster handituko zain sabela, ohar hadi nire taketako hazia isurtzen delarik. Txikito!!!

anmal printA HERNIOTIK LESAKARA

TESTUA ETA ARGAZKIAK: ANE ZUAZUBISKAR

ORAIN ENTZUNGO DUZUN HAU I RAKURRIKO DUZUN HAU EZ DA KONTAKIZUN BAT BAINO. Atzera begiratu eta egiten den edozein errelato da apur bat gezurrezkoa, edo apur bat puztua, edo apur bat komenentziaz sortutakoa, baina behin idazten hasita, hau da I. Señora Sariketaren sorrerari buruzko errelatoa.

2020ko abenduaren 27a da, ez du eguraldi zoragarririk egiten, baina goizean ez du euririk egin, eta, adituen irizpidearen aurka, COVID-19ari aurre egiteko neurriak malgutzea erabaki dute administrazioek. Erkidego batetik bestera ezin mugituta ibili gara ia bi hilabetez Hego Euskal Herrian, baina gabonetako ospakizunen aitzakian, batetik bestera mugitzeko baimena eman dute Gasteizko eta Iruñeko gobernuek. Bestela ere egingo lukete agian, baina baimena besapean, Herniora igotzeko hitzordua egin dute sei lagunek. Bertsolariak dira batzuk, bertsozaleak besteak: Maider Arregi, Udane Mugerza, Saioa Alkaiza, Maddi Ane Txoperena, Maider Gorritiberea eta Eli Pagola. Feministak denak, eta bazterrak nahasten abilak. Pasatu dute Zelatun, eta Hernio puntan, arnasa estututa eta gurutze tartean, batek proposamena: “Señora txapelketa bat egin behar dugu. Bertsolari emakumeek kantatu dezaten. Señora sariketa bat, edo horrelako zerbait”. Ideia hori puzten egin dute maldan behera bidea, eta, bazkalosterako, ideia bat baino zerbait gehiago da Hernio puntako proposamena. Mahaitik presaka altxatu, eta Asteasura egin dute. Azaroan zen egitekoa II. Pello Errota sariketaren finala, baina pandemia betean, atzeratzea erabaki zuten Harituz Bertsozale Elkarteak eta Asteasuko Udalak. Pare-parean egokitu zaie finala Herniotik jaitsitakoei. Amaia Iturriotz Etxanizek jantzi du txapela, neurri-neurriko saioa eginda. Bigarrenez antolatu dute Pello Errota sariketa, eta lehen aldian bezala, Pello Errotaz ez eze, Mikaela Elizegiz ere akordatu dira antolatzaileak. Iturriotz ere gogoratu da Elizegiz, Mikaelaren marrazkia daraman oihalezko poltsa eman baitiote txapelarekin batera, eta poltsa sorbaldan jarrita kantatu du agurra:

This article is from: