Hirigintza-planeamenduak iraunkortzasun irizpidez idazteko eskuliburua

Page 103

103 HIRIGINTZA-PLANEAMENDU IRAUNKORRAGO BATERAKO JARDUERA EREMUAK

2.1.8. JARDUERA EKONOMIKOAK HELBURUA: JARDUERA EKONOMIKOAK GAINERAKO ERABILEREKIN ETA HIRIKO SAREAREKIN INTEGRA DAITEZEN SUSTATZEA Industrializazioko lehen momentutik, ekoizpen-jarduerak lehendik bazegoen hiriaren ondoan jarri ziren, hiriko azpiegiturak eta zerbitzuak erabili ahal izateko eta, batez ere, eskulana ekoizpen-zentroetatik hurbil zeudela bermatzeko; kontuan hartu behar da garai hartan mugikortasuna mugatuta zegoela. Eredu horrek aurrera egin zuen, eta, horren ondorioz, bigarren belaunaldi bat sortu zen: hirien kanpoaldean kokatutako industrialde autonomoak. Industrialde horiek komunikazio-biderik garrantzitsuenetatik hurbil zeuden. Eredu hori espazioaren ikuskera «higienista» batean oinarritzen da. Horren helburua ekoizpen-jarduerak etxebizitzetatik bereizita pilatzea da, hiriko gizarte berriaren ingurumen-kalitatea hobetzeko. Eredu hori orokortu egin da gaur egunera arte, eta oinarrizko bi arazoei erantzun nahi izan die: lekuari eta ibilgailu bidezko loturei. Horrez gain, autoen erabilera eta eredu hori batera orokortu dira. Hala ere, hirien kanpoaldeko industrialde horietan, bizitegi- eta hornidura-erabilerarekin bateragarriak diren erabilera eta jarduera ugari biltzen dira. Horren ondorioz, erabilera eta jarduera horiek hiriguneetatik aldentzen dira, eta, beraz, hiriguneak hustu, eta haien funtzioak sinplifikatu egiten dira. Horrek guztiak ibilgailu pribatuan oinarritutako mugikortasuna sustatzen du. Gaur egun, jarduera ekonomikoak garatzeko guneen «hirugarren belaunaldi» bati ekin behar diogu. Horren alderdi nagusietako bat jarduera ekonomikoetarako kokapenak dibertsifikatzea da, bizitegi-ingurunearekin duten bateragarritasunaren arabera. Hirugarren belaunaldi horrek erabileren nahaste eta integrazio handiagoa lortzea du helburu, eta, beraz, irisgarritasuna eta sareen bizitasuna eta aniztasuna ere handiagoak izatea.

IRIZPIDE NAGUSIAK

* Jarduera ekonomikorik bateragarrienen hiri-integrazioa sustatzea * Hirien kanpoaldean merkataritza-guneak eraikitzeko arau murriztaileak adostea * Hirigintza hiri-merkataritza sendotzeko erabiltzea, merkataritza hori hiriko bizigarritasunaren eta gizarte-kohesioaren funtsezko faktorea baita

* Jarduera ekonomikorik bateragarrienen hiri-integrazioa sustatzea Hiri-inguruko industrialdeetan kokatzen ari diren merkataritzako eta hirugarren sektoreko jarduera ugarik hirietan izango lukete kokapen egokiagoa. Jarduera horiek erosteko ahalmen handiagoa dute, eta industria- eta logistika-jarduerak irtenarazten dituzte horiek bereziki kokatzeko diren lekuetatik. Prozesu horren ondorioz, lurzoru gehiago hartu behar dira industria- eta logistika-jarduerak bertan jartzeko. Bestalde, azken hamarkadetan, ordezkapen-prozesu automatiko samarra gertatzen ari da Euskal Autonomia Erkidegoan. Prozesu horren bidez, hiriguneetatik hurbileko industria-gunerik zaharrenetan, etxebizitzak egiteko proiektuak garatzen dira. Oro har, fenomeno horrekin batera, hirien kanpoaldeko lurzoruak berriro kalifikatzen dira, industria-gune horietan zeuden enpresak lekualda daitezen eta kokapen berrian instalazio handiagoak egin ditzaten. Horrez gain, prozesuan zenbait plusbalio sortzen dira enpresa horien lekualdaketa finantzatzeko, eta horrek eragin handia du etxebizitzen azken prezioan.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.