Issuu on Google+


Esana dugu, aurtengoa urte berezia dugula Gasteizen. 2008an, Gasteizko Gaztetxearen eta Hala Bedi irratiaren 20 eta 25. urteurrenak betetzen direlako, hurrenez hurren. Aitzakia aprobetxatuz, bi kolektiboek urte osoko kanpaina jarri dute martxan mezu nagusi bat zabaltzeko asmoz; Gasteizko Gaztetxeak eta Hala Bedi irratiak hainbeste urte pasatu badituzte dauden lekuan, egiten ari diren lana eginez, ez dela kasualitatea, ez dela norbaiten kapritxoagatik izan; beraien izaerari eta funtzionatzeko moduari esker izan dela posible hau dena, autogestioari eta asanblada bidezko funtzionamenduari esker egin dute aurrera gaur egun arte. Horregatik erabaki dugu aurten bi kolektibook, elkarrekin, atzera begira jartzea, atzera begiratzea aurrera egin ahal izateko. Zer izan ginen, zer garen eta zer izan nahi dugun aldarrikatzeko. Gaztetxeak eta Hala Bedik gauza asko baitituzte komunean, baina batez ere, hasieran esan dugun moduan, funtzionamenduan eta filosofian egiten dute bat. Bi kolektibo hauek, bakoitza bere ezaugarriekin, gasteiztar asko eta askoren topagune izan dira. Bi espazio hauetan ezagutu dute asko eta askok elkar, hemen egin dute amets elkarrekin, hemen sufritu behar izan dute eraso bat baino gehiago. Gaztetxetik eta

Hala Beditik pasatu diren belaunaldiek lan egiteko modu baten alde egin dute, ondokoarengandik ikasiz, proiektu berriak atera dituzte aurrera (batzuk pentsaezinak) eta gaur egun, biak ala biak, dauden lekuraino ailegatu badira jende horren guztiaren ahaleginari esker izan da. Herri mugimendutik eta herri mugimenduarentzat sortutako proiektuak dira biak. Horregatik esaten dugu, bidean zehar herri mugimenduaren babesa beharrezko izan dugula aurrera egiteko. Eta aldi berean, Gasteizko herri mugimenduarentzat ezinbesteko tresna bihurtu dira bai Gaztetxea, bai Hala Bedi. Hau dela eta, urteurren kanpaina Gasteizko herri mugimendu zabalarekin batera ospatu nahi genuke eta horretarako jo dugu zugana ere. Txorionak! 20 urte okupatzen 25 urte komunikatzen lelopean martxan den kanpainan parte hartzera gonbidatuta zaude. Hala Bedi eta Gaztetxea hiri honetako baratzaren parte bihurtu diren bi txorimalo ditugu, denborarekin gero eta txori gehiago inguratzen joan zaizkien bi txorimalo. Eta oraindik ere, txori asko ditugu inguratzeko. Gauza asko daude egiteko. Gure txorimaloak hor egongo dira beti, nahi duzunerako. Anima zaitez eta parte hartu!

www.txorionak.org - info@txorionak.org


Halabedi Irratia - 25 urte komunikatzen Historia apur bat ...

Zer da Hala Bedi?

Hala Bedi irrati librea 1983ko abuztuan jaio zen. Beraz, Euskal Herriko irrati libre zaharrenetakoa dugu. Duela 25 urte, Gasteiz urteroko jaien zurrunbiloan sartzeaz batera, uhinak okupatzeari ekin zion, kaleetan gizartea aldatzeko gogoa usaintzen zen garai hartan bertan. Hala Bediren historia ez baita isolatua, herri mugimenduan gertatzen zirenen eta gertatzen direnen emaitza da bere bilakaera ere.

Hogeita bost urte hauetan aldaketak handiak izan badira ere, emisio orduetan eta kalitatean aurrerapena nabarmena da, Hala Bedik hasierako esentziari erantzuten dio egun ere, isildu nahi dituztenen ahots izatea. Komunikabideen artean erreferente bihurtzera ailegatu bada, jende askoren lanari esker izan da. Horretaz gain, ezaugarri zehatz batzuetan oinarritzeak ere badu zeresana honetan:

1983ko maiatzean hiriburu artifizialeko hainbat herri ekimenetako kide, irrati bat sortzeko beharra ikusirik, biltzen hasi ziren. Zertarako? Batez ere, gainontzeko medioetan lekurik ez zutenei hitz egiteko aukera emateko. Bilera hauetan behar zuten dirua nola atera zezaketen pentsatu eta abuztuaren 5ean hasi zen Hala Bedi irratia lehenengoz uhinetan bere mezua zabaltzen. Horrela, ustezko demokrazia berri hark eskaintzen zuenaren aurrean konforme ez zegoen pertsona eta kolektibo ezberdinen ekimenez eman zituen bere lehen urratsak proiektu honek. Zapa streeteko prozesio ateoek gero eta zalaparta handiagoa ateratzen hastearekin batera; Hertzainak, La Polla records eta bestelako taldeen soinu bandak lagundurik eta kaleko mugimendua punturik gorenenera ailegatzearekin batera hasi zen hau dena errealitate bihurtzen. Hasierak beti dira konplikatuak eta horrela izan zen irrati honen kasuan ere. Ahal zuten moduan, norbaitek utzitako pisu batean emititzen hasi eta gaur egun Araban, eta Euskal Herrian, erreferente bihurtu den komunikabidea dugu Hala Bedi. Hogeita bost urte hauetan nabarmenak dira arlo teknikoan zein irratsaioen kalitatean eta aniztasunean emandako aurrera pausoak. Etorkizunera begira, sortutako munstro hau mantentzeko oinarri sendo bat lortzea litzateke helburu nagusiena, eman beharreko hobekuntzak eta proiektu berriak posible izan daitezen. Mikrofono hauek historia egiten jarraitzen dute eta jarraituko dute, luzaroan.

Hala Bedik, komunikatzeko modu ezberdin baten alde lan egitea du helburu, beste medioetan lekurik ez dutenei mikrofonoak eskainiz horretarako. Ez dugu beste komunikabideen konpetentzia izan nahi, ezaugarri propioak dituen eredu ezberdin bat eskaini nahi dugu. Autogestioari esker bizi den eta egitura horinzontala duen irratia, inongo dependentziarik ez duena, librea dena, azken finean. Eredu parte hartzailean sinesten duena, norabide bakarreko komunikazioaren aurrean hartu emana bultzatuz, entzulearen parte hartzea bilatuz, norbanakoentzat eta herri mugimenduarentzat ateak zabalik dituen irratia gara. erabakiak asanbladan hartzen dira eta asanblada hauetan irratsaio eta irrati barneko komisio guztien ahalik eta parte hartze zabalena bilatzen da. Edozein alderdi politiko zein talde ekonomikorengandik autonomo eta independente gara. gure marko politikoa. Euskal Herriko subiranotasun eskubidea defendatzen dugu. Arabako herrialdea dugu lan eta emisio esparrua, geure errealitaterik hurbilena baita. Gainontzeko herriekiko elkartasun lana bultzatuko dugu gure lan esparruan. Euskararen alde lan egiten dugu, gure hizkuntza baita eta komunikazioaren munduan pairatzen duen diskriminazioa agerian baitago. Balore aldaketarako eredu aurrerakoia planteatzen dugu. Egungo gizarte egoeraren aldaketan eragingo duten giza baloreak, balore politiko zein estetikoak hedatzen saiatzen gara. Giza inkomunikazioa, esplotazio laborala eta kontsumismoan oinarritzen den gizarte ereduarekin apurtu


nahi dugu. Komunikazioa eta eztabaida bultzatu nahi ditugu gizartean, "komunikabidea" botere tresna gisa erabiltzen duen talde konkretu baten aurrean dibertsitatea bultzatu nahi dugu, pentsamolde bakarraren aurrean aniztasunaren alde egin. Ekonomikoki ere proiektu autonomoa gara. Bizirauteko iturri propioak sortu dituena. Bestelako eredu batek suposatuko lukeen lotura dela eta, ez dugu publizitatea diru iturri gisa erabiltzen, ez da diru laguntza publikorik onartzen baldin eta gure proiektuaren edukia baldintzatuko badu. Momentu honetan legeditik kanpo bagaude ere, marko legal propioa bilatzen dugu. Gure ereduaren ezaugarriak jasotzen dituen Irrati libreentzako marko berri baten beharra azpimarratuko dugu dagokien instituzioen aurrean eta presioa egin bide horretan. IRRATI LIBRE izena hartzen dugu. Izen hau baita gure tradizio historikoa hoberen jasotzen duena. Nork osatzen du Hala Bedi irratia? HALA BEDI IRRATIKO KIDEAK Pertsona eta talde ezberdinen parte hartzea handitzen joan den neurrian joan da handitzen kolektiboa bera ere, gaur egun 34 irratsaio ditugu parrillan une honetan. Goizeko 8etan hasten den eta goizaldeko 5etan bukatzen den programazio anitza daukagula esan daiteke eta 100 pertsona inguru dira irratsaio horietan parte hartzen dutenak. Hala Bediko kide kontsideratzen dugu bertako irratsaioak egin edo berauetan kolaboratzen duen guztia.Irrati

honen ateak zabalik daude irratsaio berri bat egin nahi duen zein beste modu batean parte hartu eta lagundu nahi duen edonorentzat. Hiru taldetan banatzen ditugu gure irratsaioak: Magazinak, kultural edo sozialak diren irratsaioak eta irratsaio musikalak. Magazinak: Hiru dira gaur egun programazioaren hezurdura osatzen duten magazinak: Suelta la Olla (astelehenetik ostiralera, 10etatik 14etara gazteleraz egiten den eta gai sozialei begiratzen dien magazina), Zebrabidea (astelehenetik ostiralera, 16etatik 19etara euskaraz egiten den magazin kulturala) eta La Tos de Medianoche (astelehenetik ostegunera gauerditik 1etara emititzen den gaueko magazina). Irrati saio kultural eta sozialak: Bigarren talde honetan ditugu kolektibo ezberdinen irratsaioak (internazionalismoa, gazte mugimendua, gaztetxeen mundua, kartzelen egoera eta bestelako borroken berri ematen dutenak) eta gai kulturalagoak lantzen dituztenak (literatura, historia, kultur aniztasuna, bidaiak...). Eta azkenik irratsaio musikalak ditugu. Rocka, hip hopa, metala, munduko musikak, tangoak, lokaletako taldeak eta Euskal Herrian publikatzen diren nobedadeak aurkezten dituztenak adibidez. Eskaintza zabala eta gustu guztietarakoa, arrazoi komertzialei erantzuten ez dieten taldeak bultzatuz beti ere. HALABELARRIAK Era iraunkorrean irratia ekonomikoki laguntzen duen pertsona oro da. Honez gain, Halabediren oinarri ekonomikoa eta filosofiaren zati garrantzitsua dira, izan ere eurek bermatzen dute herri euskarrietan finkaturiko egitasmoaren independentzia eta autonomia. Bazkideak ekarpen garrantzitsua egiten dio irratiari, bereziki ekonomikoki gauzatzen dena. Baina, badauka bere iradokizunak, kritikak edo dena delakoak egiteko eta Kolektiboan era aktiboagoan parte hartzeko aukera ere. Gaur egun ditugun 700 inguru Halabelarrien ahaleginik gabe ez legoke irratirik.


ENTZULEAK Hala Bediren entzuleria gure eguneroko lanaren adierazgarri garbia da eta berauekin egunerokotasunean ematen den harremana eta konplizitatea irratiaren ezaugarria da. Harreman hau nabaria da, bai “kaleko informazioaren� jasotzeari dagokionez, zein irratsaioetako zuzeneko parte hartzeari dagokienez ere. Hartu eman hauek hobetu asmoz, bitarteko edo zubi gehiago sortzea da gure asmoa, entzuleek iritziak emateko eta esku hartzeko aukera izan dezaten. Horretarako sortu zen adibidez, gure erantzungailua. Gaur eguneko egoera... Hogeita bost urte betetzen ditugun urte honetan, gure helburu nagusiak; komunikabide soil bat baino zerbait gehiago den hau jendarteratzea eta irrati barneko funtzionamendua finkatu asmoz kolektiboa indartzea dira. Urte hauetan guztietan egin den lana kaleratzearekin batera, hiri honetan irrati honek betetzen duen papera eta herri mugimenduarentzat ezinbesteko tresna dela argi utzi nahi genuke. Kasualitateak kasualitate, urte honetan bertan da onartzekoa irrati lizentzien banaketa berrirako dekretua ere. Dekretu honek mehatxu bat suposatzen du Hala Bedi eta bestelako irrati libreentzat. Orain arte lizentzia gabe iraun badugu ere, nahiz eta bere garaian behin baino gehiagotan itxi izan zuten irratia, ez dakigu lizentzia gabe geratzen diren horiekin zer egingo duten. Ez dakigu zehazki ezta zer eskatuko edo zer hartuko duten kontuan lizentziak banatzeko eta hori argitzen denean, zer nahi dugun erabaki beharko dugu. Bitartean, eta urteurrena aprobetxatuz, ahal bezain ozenen esan nahi dugu 25 urte bizirik iraun dituen irrati honek ez duela inongo asmorik uhinetatik desagertzeko. Gauden lekuan jarraitzeko eskubidea gure entzuleek ematen digute. Gure ateak zabalik dituzu Argi utzi nahi genuke irrati hau kolektibo eta

norbanakoen zerbitzurako dagoen tresna dela. Gure ardura beste medioetan lekurik ez dutenei leku egitea da, horregatik gonbidatzen zaituztegu zuen oharrak, informazioa, berriak eta abarrekoak irratira bidaltzera. Irrati bertako ateak ere zabalik daude irratsaio bat egin nahi duenarentzat zein beste modu batera bertan parte hartu nahi duen edonorentzat. Badakizu, zure zain gaude. Azkenik, jakin; proiektu hau bultzatu nahi baduzu Halabelarri (bazkide) egin zaitezkeela. Pasa zaitez irratitik nahi izanez gero, deitu edo gure web orrian begiratu nola egin dezakezun jakiteko. -Helbidea: Hala Bedi irratia Bueno monreal 16, bajo 01001 Gasteiz -Telefonoak: -Zuzenekoa: 945120720 -Erredakzioa: 945128855 -Erantzungailua: 945122738 -eMailak info@halabedi.org, zebrabidea@halabedi.org -Web Orria: www.halabedi.org


Gasteizko Gaztetxea - 20 urte okupatzen ZER DA GAZTETXEA? Gasteizko Gaztetxea duela 20 urte jaio zen. 80. hamarkadan, gazteek pairatzen zuten egoera larriaren aurrean (errepresioa, drogen arazoa, etxebizitza eskubidearen ukapena...) autoorganizatzen hasi ziren euren beharrak asetzeko. Urte guzti hauetan zehar, autogestioa, asanblearismoa eta okupazioa izan ditugu oinarri: AUTOGESTIOA: Autogestioa da instituzioen kontrolpetik babesten gaituen tresna, hau da, instituzio eta lege ofizialekin loturarik ez duen mugimendu alternatiboa. Gure proiektu zein ekimen ezberdinak aurrera eramateko eskura ditugun medioak erabiltzen ditugu (taberna, materiala, ekimen kulturalak...), instituzioetatik inolako laguntzarik jaso gabe. Autogestioaren bidez ez dugu menpekotasunik inolako erakundeekin, sistema honek inposatzen dituen baloreetatik kanpo lan egiten dugu eta horri esker askatasunean garatzen dugu geure burua, sistema hau eraldatzeko, besteak beste. ASANBLEARISMOA: Gaur egun, hainbat jende biltzen da Gasteizko Gaztetxearen inguruan. Alde batetik, Gazte Asanblada eguneroko lana koordinatzeko astero biltzen da. Asanbladan, guztion artean erabakiak hartzeaz gain, ardurak ere banatzen dira ( tabernako turnoak betetzeko, musika taldeekin kontzertuak lotzeko, kartelak diseinatzeko, aurrera eramango ditugun dinamiketan eginbeharrak zehazteko...). Asanbladaz gain, beste jende askok erabiltzen du Gasteizko Gaztetxea bere lana aurrera eramateko edota aditzera emateko. Bertan kolektibo ezberdinak bildu eta jaiak, hitzaldiak edo bestelako ekimenak antolatzen dituzte. OKUPAZIOA: Gaztetxea sortu zenean, gazteek elkartzeko gunerik ez zutela ikusita eta udaletxeak arazo honi irtenbiderik eman nahi ez ziola ikusita, okupazioa alternatiba bakarra zela argi ikusi zen. Gaur egun ere, 20 urte pasa ondoren filosofia berdinarekin jarraitzen dugu inposaketei aurre egiteko alternatiba okupazioa delako. HISTORIA: GAZTETXEAREN SORRERA Lehen esan bezala, gazteek zituzten beharrak zeintzuk ziren ikusita, 1986an jendea mugitzen hasi zen “Asociación

Cultural de la Zapa” zelako elkartean kontzertuak, erakusketak eta abar antolatuz eta poliziaren errepresioaren eta etxebizitza arazoaren inguruan hausnarketa sakonak eginez egoera horri irtenbide bat bilatzeko. 1988ko apirilaren 28an, Arabako Prudentzio Deunaren egunean, 300 bat lagun manifestazioan abiatu ziren apezpikuaren jabegoko “lorazainaren etxera”, ateari ostikoa eman eta Gasteizko Gaztetxea jaio zen. LEHENENGO URTEAK Handik aurrera etxea atontzen hasi ziren: zaborra atera, garbiketa sakonak egin... auzokideen laguntza izan zutelarik. Obrak ere hasi zituzten euren kabuz urte hartan (eszenatokia, taberna, liburutegia, ganbara...) eta orain ezagutzen dugun Gaztetxearen itxura hartzen joan zen. Honetaz gain, kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak... antolatzen hasi zen sortu berri zegoen Gazte Asanbalada. Aipatu beharrekoak dira urte horretan bertan burututako 1. Jai Alternatiboak, Antigabonak edo Aste Ateoa, besteak beste. Hasieran, Gaztetxeko jendearen arteko harremana ona izan bazen ere, denborak aurrera egin ahala asanbladetan ikuspuntu kontrajarriak agertu ziren: etxe okupatua ala kolektiboentzako lokala (gaztetxea


bitartekotzat ala helburu), lan intelektuala eta eskulanaren aldekoen arteko tirabirak… Azkenik, kideen arteko zatiketa gero eta nabarmenagoa izanda, 30 pertsona inguruk Gaztetxetik alde egin zuten. 7. urteurrena ospatu baino lehen, Udalarekin zenbait kontaktu eta bilera burutu ziren. Udaletxeak, Gaztetxea dagoen tokian aparkaleku bat eraiki nahi zuen, baina eztabaida luzeen ostean Gaztetxea bertan gelditu zen eta gainera hainbeste alditan aldarrikatutako ur-korrontea jartzea lortu genuen. Denborak aurrera egin ahala. belaunaldi aldaketa eman zen, eta beste arlo batzuk landu zituen Gaztetxeko Gazte Asanbladak, hala nola, “Euskal Presoak Euskal Gaztetxeetara” ekimena kasu (preso zein senideek hitzaldiak eman zituzten, Hala Bedi Irratian elkarrizketak antolatu zituzten...) Denboraldi honetan Gazte Asanbladak etxea mantentzen lan egin zuen eta gasteiztarrei alternatiba bat eskaini nahian, ekimen sozio-kulturalen antolaketan jarri zituen bere indarrak; Udalarekin kontakturik ezta arazo handirik ez zegoela aprobetxatuz. ALONSOREN GOBERNUA Garai lasai honen ondoren, Alfonso Alonso Alkatetzan ezarri zen, eta berarekin Gaztetxearekin bukatzeko nahia berpiztu zen. Hasieratik argi gelditu zen Alonsoren taldeak Gaztetxea ez zuela gustuko, eta horren adibide bezala ditugu Alonsok berak bota zituen hitzak: “Lo tiro porque n o me gusta”.

Orduan argi ikusi zen Alonsoren asmoa: edozer gauza egiteko prest zegoen Gaztetxea erditik kendu ahal izateko, hau lortzeko milaka aitzaki asmatu behar bazituen ere (5. dorrea, aparkalekua...). Anitzak izan ziren baita ere Gaztetxea kriminalizatzeko saiakerak autoritateen eskutik. 2001eko abuztuaren 28an, Ertzaintza oldarkor sartu zen Gaztetxera gazte batek ETA-ren aldeko pankarta bat jarri zuela aitzakiatzat hatuz. Hala ere, Gazte Asanbladak erasoaren ondoren plazartutako komunikatuan argitu zuen bezala, Ertzaintzaren erasoa justifikatu zezakeen bakarra kartel bat zen, non zera irakurri zitekeen: “Utzi pakean Gaztetxea!”. Eraso honetan polizia autonomikoak 17 gazte atxilotu zituen, aurretik bortizki jipoitu ondoren. Beste behin ere, gure izaera eta ekimenak kriminalizatzen saiatu ziren Gasteizko Gaztetxea desagerrarazi nahian. Orduan eta gaur egun ere, salatu behar dugu Gasteizko Gaztetxeak pairatu zuen kriminalizazioa eta baita ere egoera honen aurrean komunikabideek izandako jarrera, momentu oro babestu baitzuten Ertzaintzaren bertsioa. Eraso guzti hauen gainetik, 8.000 bat lagun elkartu ziren 2002eko martxoan “Gaztetxearen alde. Aniztasunaren alde. Okupemos la calle” lelopean Gasteiz zeharkatu zuen manifestazioan, hau 1976ko martxoaren 3tik ordura arte egindako manifestaldirik jendetsuena izan zelarik. Honek gasteiztarrek Gaztetxeari eman zioten babesa modu indartsuz adierazi zion Alonsoren taldeari, eta Gaztetxea bera indarberritu zuen. Gertakari hauen ostean, Udaletxeko kideek gure auzo eta Gaztetxearen aurkako plan beltz bat atera zuten, nahiz eta aurretik plan hori ondo hausnartuta zuten. Plan honekin auzoarekiko eta Gaztetxearekiko erasoek jarraitu zuten. PERI deritzan plan honek gure auzunea diru iturri bihurtu nahi du auzoak eta auzokideek dituzten beharrei muzin eginez. PERI-aren izaera inposatzailea argi eduki du beti auzoak eta Gaztetxeak; horren adibide garbia da auzoko hainbat eragilek plan honen aurka gauzatutako salaketa eta ekimenak. Honen aurrean Udaletxeak entzungorraren papera hartu du momentu oro, eta estrategia hori erabiliz gauzatu zituzten gaur egun Alde Zaharra Zeharkatzen


duten malda mekanikoak, eta horrela gauzatu nahi ditu PERI-aren barnean dauden proiektu guztiak (expropiazioak, frankiziak...). Honek Alde Zaharraren izaeraren eraldaketa eta Gasteizko Gaztetxearen desalojoa suposatuko luke. Garai honetan, Udaletxea behin eta berriz saiatu zen Gaztetxea muinotik desagerrarazten. Gaztetxea beste toki batean jartzea proposatu zigun, honek suposatuko lukeenarekin: udaletxearen menpe lan egitea eta ondorioz gure barnean errotutako autogestioa, asanblearismoa, okupazioa eta auzoaren lanari uko egitea. Udaletxearen mehatxuez nazkatuta eta gure oinarriak are gehiago sendotzeko Gaztetxe Eguna antolatu genuen 2005eko urriaren 8an OKUPAZIOA, AUTOGESTIOA, SENAK DIOTSU! lelopean. Egun honetan jende eta talde askok parte hartu zuten, eta beste hainbatetan bezala, Gasteizko jendartearen aldarrikapena ozenki entzun zen Alde Zaharreko kaleetan. Oztopo guztien gainetik, Gaztetxea dagoen tokian geldituko dela, eta auzoa, autogestioa, okupazioa eta asanblearismoa oinarritzat hartuz lanean jarraituko dugula harro adierazi genion Udaletxeari 15.000 pertsonen babesaz eta hainbat eta hainbaten lanaz. Udaletxeak ulertu zuen Gaztetxea oso sendo errotuta zegoela auzoan zein Gasteizen, eta isiltasun aro bati hasiera eman zion. Orduan Gaztetxearen desalojoaren inguruan aurrerapausorik eman ez zuen arren, PERI-aren beste proiektuekin aurrera egin zuen auzoaren zapalkuntzarekin jarraituz. Alonso alkatetzatik bota zutenean ez zuen lortu Gaztetxearekiko zituen nahiak aurrera eramatea, eta Patxi Lazcoz-ek bere eserlekua hartu zuen.

ORAINGO EGOERA Lazcoz Udaletxera heldu zenetik hona, ez du Gaztetxearen inguruko iritzirik aditzera eman, baina PERIarekin aurrera jarraitu du gure auzoan multinazionalak ezarriz eta auzoa mehatxupean mantenduz. Hau horrela izanda Gaztetxeak mehatxupean jarraitzen du ere. Baina esan bezala, oztopo guztien gainetik gure lana duintasunez aurrera eramaten jarraitzen dugu asanbladatik Gasteizko jendarteari alternatibak eskainiz. HEMENDIK AURRERA ZER? Aurten 20 urte betetzen ditugu muinoan errotuta, eta gasteiztarren babes sendoa daukagula argi gelditu da behin baino gehiagotan 20 urte hauetan zehar. Kolektibo eta talde ezberdinek Gaztetxea erabiltzen dute euren lana aurrera eraman zein aditzera emateko. Azken finean, Gaztetxea guztion etxea da, eta zuek ere ateak zabalik dituzue bertan antolatzen diren ekimen zein dinamiketan parte hartzeko eta instituzioen izaera inposatzaileen aurrean alternatiba bat sortzeko. Helbidea: Gasteizko Gaztetxea c/ Fray ZacarĂ­as Martinez s/n Telf: 945 256818 Web orria: www.gasteizkogaztetxea.org Emaila: gaztepropa@sorginak.com



Txorionak txostena