Issuu on Google+

URTEURRENA Senar-emazteak behartsuak ziren. Emazteak atarian iruten egiten zuen, bere senarra gogoan zuela; handik igarotzen ziren guztiak bere adats beltz, luze ederrarekin gustatuta gelditzen ziren, bere gorutik irtendako albainu distisariak zirudien. Senarra egunero joan ohi zen azokara, etxeko barazkiak saltzera. Zuhaitz baten itzalpean eseri ohi zen itxaroten, hortz-artean pipa hutsari tenk eta tenk. Hartzen zuen dirua ez zen nahiko tabakorri pixka bat erosteko. Beren ezkontza-urteurrena gainean zen eta emaztearen ametsak, senarrari zer erosiko. Eta, erosi, bai, baina nongo diruz? Burutazio zoragarri bat! Pentsatzeak bakarrik hotzikara eman zion, baina, erabakia hartzeaz batera, gorputz osoa pozez gainezka jarri zitzaion: bere adatsa salduko zuen tabakorria erosteko. Amets eginez, bere senarra azokan ikusten zuen, bere saski eta guzti, pipari ahokadak atereaz: intsentsu eta jasmin lurrin gozoz inguruak gozatuz, merkatari peto-petoaren itxurak hartuz. Bere adatsez txanpon gutxi eskuratu zuen, baina arretaz ibilita, tabakorri kutxatila politena erosi zuen. Bere iritziz, orri zimelduen lurrin gozoak ongi merezi zuen bere adatsa. Arratsaldean hor etxeratu zitzaion senarra. Kantari zetorren. Fardeltxo bat zekarren bere eskuetan: bere emaztearentzat orrazi dotoreak ziren, apropos erosiak, saldu zuen bere piparen trukean.


Urteurrena