Adineko gizon salbatzailea

Page 1

ADINEKO GIZON SALBATZAILEA Antzina baten, tribu bat bidez-bide zihoan eremuan zehar, amildegi baterako bidean, horren berri jakin gabe; tribuak, hori ez jakinez gainera, jakin ere ez zuten nahi. Jendea azkar baino azkarrago zihoan; amildegiak gutxien uste denean agertzen dira, eta jendea, bata bestearen gainera erorita, amildegi barrenean desagertzen zen; izan ere, ilunabarra zen, gero eta ilunago, eta ezin ikusi amildegia, ezta denboraz gelditu ere. Lehenengo eta bigarren ilaran, lantzak astinduz, aurrera zihoazen tribuko gizonak, beren emazteak, semealabak eta tresneria atzealdean zirela. Haiekin egon eta haien alde zerbait egin nahirik, gizon bat, zaharra bera, zarataka hasi zitzaien: ez zen ez argia, ez jakituna; ez zekien zer hitz erabili atzera egin zezaten. Agure-zahar horrek lotsa-beldurrez galdetu egiten zien: - «Anaiok, ahaztu egin al zaizue elkar maitatu behar duzuela?»; edota hau ere bai: «Ahaztu egin al zaizue biderako jatekoa eroatea?». - «Ospa hemendik!», -erantzuten zioten-, ezjakin eta buruarin bat zelakoan. Baina, berari zarataka ekiteko burua atzera jiratu behar zutelako edo, nahita unetxo baten izan, jendea gero eta bidetik aldenduago zihoan, gutxi bazen ere. Berak zenbat eta gehiago jardun, orduan eta areago. - «Begira, anaiok, bai miragarria dela eguzkiaren sarrera! Harrigarria benetan!». - «Memelo halako hori!», -behin irribarrez, behin haserrez erasotzen zioten. Baina berriro ere jiratu egiten ziren eta bidetik aldendu, gutxi izanda ere. Ez ziren izan ez alperrekoak izan ziren agure-zaharraren ahaleginak, jendea gero eta bidetik aldenduago joan zen eta bihurgune bat eginez, amildegitik salbu gelditu ziren beren hondamendia garaituz. Egia esan, jendea ez zen konturatu eta zuzen ibili zirela uste izan zuten. - «Hara, ikusten duk pulamentu gabeko agure horrek? Hemen ez zegoen amildegirik, alperrik jardun duk gu beldurtzen». Eta bere lepotik arreta gabe irribarre egiten zuten. Agure-zaharra ere, bere egitekoa bete zuela eta, zoriontsu sentitzen zen.