Page 11

AUZOLANA

Auzolanean jolastokiak eraldatuz San Fermin ikastolan, zorionez, espazio handiak eta zabalak ditugu jolastokirako. Ingurua ere lagun dugu, naturaz inguraturik baikaude eta hiritik hurbil gainera. Hori guztia kontuan hartuta, patioaren eraldaketa bat bultzatu beharra aspaldiko hausnarketa zen profesionalen artean, espazio handiak ziren arren, ikuspegi hezitzaile batetik hainbat hutsune ere nabarmenak zirelako. Honela, 2018ko udaberrian, kide anitzez osatutako lan taldea sortu genuen: Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleak, zuzendaritzako kideak, gurasoak, patioko langileak… Lehenik eta behin, hausnarketa prozesu bat burutu genuen: zertara jolasten dira gure haurrak, zein espazioetan… Modu honetara, eta Konfiantzaren Pedagogia ardatz hartuta, San Fermin Ikastolako Jolastokiaren marko pedagogikoa idazteari ekin genion. Zehazki zer egin behar genuen jakiteko hamaika ideia atera ziren gure artean, baina beste hainbat toki ere bisitatu edo ikertu genituelako. Finkatu ondoren, horren guztiaren diseinuari, material hautaketari eta abar… Eta aurtengo ikasturtean behintzat, zenbait gauza aurrera aterako genituela adostu genuen, kasu honetan Auzolanaren bitartez. Auzolanaren eguna iritsi baino lehen, ordea, hamaika bilera burutu behar izan ziren familiak honen garrantziaz jabetu zitezen. Arlo horretan, bereziki aipagarria da Parte

Hartze Batzordearen inplikazioa, sare eraginkorra sortu baitdute familia guztiengana iristeko eta egitasmo honen garrantziari buruzko sentsibilizazio lanketa egiteko. Auzolana bera planifikatzeko batzorde berezi bat sortu zen hainbat gaietan adituak ziren gurasoak koordinatzeko (margolariak, arotzak…), zein egunaren antolakuntzari zegozkion hainbat kontu lotzeko (aparkalekuak, hamaiketakoa…) ere. Eguraldiak ez zuen bereziki lagundu, hotz esnatu baitzen eguna, baina bertan izandako lagunen epeltasun, gogo eta lanerako umore onak, erabat goxatu zuten giroa. Egia esan, sekulakoa izan zen, 200 bat familiek parte hartu baitzuten. Adarrez osatutako zirkuitoak, hondarrerako txokoa, neumatikoen gunea, arbelak, egurrezko etxolak, rokodromoa, garbiketa, hamaiketakoa, haurren animazioa, Euskaraldia… Lan ugari zeuden egun bakarrean egiteko baina denak atera genituen aurrera. Auzolanean aritzeak beti bezala gauza asko erakutsi dizkigu, baina batez ere argi ikusi da ilusioarekin lan egiteko ezinbesteko bidea dela. Egitasmo hau denona zela sentitu dugu eta ederra izan da; baina are ederragoa da gure haurrei, elkarrekin, gure eskuekin, gauza handiak egiteko gai garela erakustea. Eskerrik asko, denoi.

sanferminikastola.eus orria

11

Profile for San Fermin Ikastola

Orria 47  

Advertisement