Issuu on Google+


Jokini, oroimenez ‌


Kontxako amona Eta Kapitaina

Arantxa Ugartetxea Arrieta Ilustratzailea Paula Blanco


D

onostia izena zuen hiri polit batean, amonak, egunero arratsaldeko orduetan eguzkiak itsasoaz bat egiten zuen unean, Kontxa pasealekuko eserleku batean jarrita urrunera begirada ipiniz, irauten zituen ordu pare bat. Etxetik atera, tunel txiki bat igaro eta lasai-lasai erloju handi batzuek zeuden inguruan, esertzen zen itsasoari begira.Eguneroko kontua zen hau eta beti aiton bat jartzen zitzaion ondoan, baina ez batak eta ez besteak, ez zuten hitzik egiten‌ Amonak pentsatzen zuen, aitona gorra zela, eta aitonak berriz, amonak ez zeukala inongo gogorik hitz egiteko.


–Emakumeek asko hitz egiten dute, pentsatzen zuen aitonak…, baina honek ez dirudi gogorik duenik… jakingo balu ni nor naizen!… Gogoeta horietan zebilen bitartean…, amonak berriz, gorra zela aiton hura nola ziurtatu asmatzen, pasatzen zuen denbora. Ohiko arratsalde batean, inguruan zebiltzan ume koadrilak, danborradaren músika jo eta jo ari ziren, txistu eta danborra eskuetan zituztela, gero eta ozenago, gero eta zalapartatsuago, eta aitona bazirudien ez zela ohartzen ezertaz. Halako batean, Amona, txaloka eta dantzan bezala hasi zen, giro alai hari jarraituz, aitonak, geldirik eta ezer axola ez balitzaio bezala, jarraitzen zuen bitartean.


–Hau amona alaia –pentsatzen zuen aitonak– jakingo balu nor naizen! Amonari umetxoak inguratu zitzaizkion eta berak gozokiak banatu zizkien, gero… muxu bana eman eta hurrengo egun bat arte agurtu zituen.


–Eskerrik asko maiteak, zuen alaitasunak bihotzeko poza piztu dit –esan zien irribarretsu. Haurrak desagertu zirenean, amonak ere, etxerako bidea hartu zuen, inongo adierazpenik egin gabe eguneroko aiton isil hari. Aitona, berriz, itsasoari begira geratu zen.


H

andik pixka batera, bost urteko mutiko bat inguratu zitzaion, eta berak altzoan hartuz besarkatu eta musukatu zuen…, nire maitea!, behin eta berriz esaten zuen bitartean. Mutikoak, txano gorri bat zeraman buruan, alaia eta maitagarria zirudien. Dena dela aitona oso pozik ikusten zen bera inguruan zegoenean. –Afaltzeko ordua da aitona –esan zion mutikoak– eta berari eskua emanda, biak etxerako bidea hartu zuten. Hurrengo egunean, ordu berean, amonak, aitona bazetorrela poliki-poliki ikusi zuen, txano gorri zuen ume baten eskutik. –Arratsaldeon! –esan zion bere ondoan eseri zenean. –Berdin! –erantzun zion aitonak. Giro baketsua zegoen eta biak itsasoari begira geratu ziren, ohiko tankerara. Umetxoa, txirristretara eta tiobiboetara, jolastera abiatzen zen bitartean. –Itsasoa bare-bare dago –esan zuen amonak. –Bai? –erantzun zion aitonak. –Nola bai, ez duzu ikusten ala? –Dena lanbroaz estalita sumatzen dut, nire begiek ez dute ongi ikusten eta… Orduan konturatu zen amona, ez zela gorra baizik erdi itsua… –Nik uste nuen, ez zenuela ongi entzuten –jarraitu zuen amonatxoak. –Atzoko haurren danborrada oso polita iruditu zitzaidan –adierazi zuen aitonak. –Eta zergatik ez zenituen haurrak txalotu? –Ez zitzaizkidalako inguratu, zuretzako izan ziren samurtasun guztiak –erantzun zion aitonak. –Umeak horrelakoak dira, beraiei txalotu behar zaie. –Baina ni, kapitaina naiz.


–Eta zer?, ni andereñoa. –Nik eduki nuen maisua oso jatorra zen, Toribio zuen izena…, hura bai benetako kapitaina! –esan zuen amonak. –Nire garaiko andereñoa, ederra eta maitagarria, iruditzen zitzaigun, Margarita zuen izena baina Magal esaten genion –erantzun zion aitonak eta galdetu zion– zergatik diozu: hura bai kapitaina? –Gure gela itsasontzi tankerara antolatuta zegoelako. Toribio maisua, aurrean kokatzen zen, baina ez guri begira, leihoari baizik, gurpil bitakora antzeko bat, eskuetan zeukala, jira batera eta bestera. Eskumara bira egiten zuenean, eskuinean zeudenek erantzun behar zioten, eta ezkerrera jotzen zuenean, ezkerrekoak. –Baina zer galdetzen zuen? –galdetu zion aitonak. –Batuketa, kenketa, biderketa eta banaketari buruzkoak –esan zion amonak– arbela, atzeko paretan kokaturik egoten zen, eta erantzun baino lehen, operazioak han egiten genituen. –Eta berak ez zuen inoiz atzera begiratzen? –Ez –Gure andereño Magalek, berriz, dena borobilean eserita irakasten zigun –esan zuen aitonak. –Nola? –Ba, batuketa zenean, genituen arkatz guztiak borobil erdian elkartzen genituen. Kenketa zenean, multzo handi hari, norbaitek kentzen zion arkatzen bat. Biderketa tokatzen zenean berriz, multzo kopurua biderkatu behar zen eta beste gelatara arkatz eskian joaten ginen, kopurua osatu arte. Eta banaketa ikasi behar genuenean, bakoitzari zegokiona ematen ahalegintzen ginen, taldekoen berdintasun eskubideak errespetatuz.


H

orrela ari zirela, mutiko txano gorri zuena, hurbildu zitzaion aitonari esanez ordua zela etxera joateko afaltzera. –Zure biloba da? –galdetu zion amonak. –Bai, nire biloba bakarra da, berak gidatzen nau etxeko bidean – esan zuen– bere amak txano gorria ipintzen dio nik hobe ikusteko non dabilen –jarraitu zuen. –Oso ongi zaintzen zaitu txikia izan arren. –Badakielako nor naizen…, ni kapitaina bainaiz! –Nola duzu izena mutiko? –galdetu zion amonatxoak. –Kapitainaren marinela –erantzun zion. –Eta zuen itsasontziak badu izena? –galdegin zion amonak –Bai, Kattu du izena. –Etxean katu bat dauka –esan zuen aitonak– eta berarekin jolasetan orduak igarotzen ditu. Baina nik ez diot uzten katuarekin hona etortzen. –Katua ekartzen badu –erantzun zion amonak– nik zainduko nuke. –Bai? –Galdetu zion kapitainaren marinelak. Berandutuko zelakoan utzi zioten elkarrizketari eta etxerantz abiatu ziren aitona eta biloba. Amona begiratzen geratu zen nola umetxoak aitona eramaten zuen bide zuzenetik, zoragarria iruditzen zitzaion kapitaina eta marinelaren estanpa hura. Gero, berak ere, etxerako bidea hartu zuen. Mutikoak aitonari, bide guztian, galdera berdina egin zion behin eta berriro. –Aitona utziko didazu Kattu kontxara eramaten?, amonatxoak zainduko duela esan du – esaten zion isildu gabe. –Amona hori oso jatorra eta maitagarria da –erantzuten zion aitonak etengabe. –Amatxori baimena eskatu beharko diogu –adierazi zuen mutikoak– zuk esaten badiozu amonarena, utziko digu... –Bai maitea, hitz egingo dugu amatxorekin.



Kontxako Amona Eta Kapitaina