Oiartzun 2020 urtekaria

Page 203

Ikasleok Konfinamenduan Koronabirusa dela eta egun hauetan bizitzen ari garen konfinamendua definitzeko eskatuko balidakete, ez nuke jakingo zein hitz erabili. Kiribil batean sentitzen naiz, egun berdina behin eta berriz errepikatzen ariko banintz bezala, ditxosozko errutina honetatik atera ezinik. Egun bakoitza oso azkar bukatzen da, azkarregi esango nuke nik, ezer egiteko denbora eduki izan ez banu bezala, baina, era berean, hilabete eta erdi hau benetan luzea iruditzen ari zait, bizitza guztia giltzapeturik egon izan bagina bezala, kaiola bihurtu diren gure etxetan. Nire gelakideen algarak gogoratzen ditut dekretatutako alarma-egoeraren berri eman zigutenean; denok pozez zoratzen geunden, geure buruei aste pare bateko oporralditxoa izango zela sinetsarazi nahian, bost asteko Aste Santua, alegia. Baina, noski, ez geunden zuzen. Konfinamenduaren zazpigarren egunerako jada nazkatuak geunden ustezko Aste Santu luze hartaz. Irakasleak, jakina, lehenengo egunetatik hasi ziren lanak bidaltzen, nire ustez, modu neurrigabean. Egia da eskolan generaman erritmoa mantentzen saiatu zirela, baina argi dagoena da ezinezkoa dela asteko ohiko hogeita hamar saioak mantentzea.

Lehenengo aste haiek oso gogorrak izan ziren ikasleontzat; egoera berrira ohitu beharra, lana antolatzeko dinamika berriak hartu behar izana... Koronabirusagatik kutsatutakoen puntu altuenera iristearekin batera, konfinamendu honetako etxeko lanen kopuruaren puntu garaienera iritsi ginen. Dena dela, pixkanaka -pixkanaka, irakasleak neurria hartzen joan dira egoerari, eta Aste Santu amaierarako, lan kopurua, orokorrean, dezente murriztu dute. Etxeko lanak ez ezik, azterketa bat edo beste ere egin dugu. Kontu honek ere aho bete hortz utzi gintuen bere garaian, ezin baikenuen imajinatu nola egingo genituen kontrol haiek. Azterketa horietaz gain ohiko klaseak ere aurrera eraman ahal izateko, bideokonferentziak egin

izan ditugu, Google-ek eskaintzen duen zerbitzuetako batez baliatuz. Hari esker irakasle eta ikaskideekin jarri gaitezke kontaktuan, horrela gure prestakuntza akademikoarekin ahalik eta modu arruntenean jarraituz.

Zer esanik ez mundu mailako pandemia honek ez digula esparru akademikoan soilik eragin, ezta ikasleoi bakarrik ere. Pertsona guztiok ari gara zailtasunak edukitzen egoera bitxi hau kudeatzeko. Gizartea nebulosa batean dagoela dirudi egunotan, nahasmenduz beteriko aldi bat zeharkatzen, non ideiak lausoak diren. Hala eta guztiz ere, denok hasi gara udako eguzki-izpiak ikusten, eta haiekin batera egoera honen amaiera, zeren ez al da esperantza galtzen den azkena? n Eider Ormaetxea Romero Maialen Aizpeolea

IRAKASKUNTZA |

201


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.