Issuu on Google+

ZURE AURREAN II

Aita-Amaren, Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen. Gure Aita Gure Aita-Ama, zeruetan zarana, santu izan bedi zure izena; etor bedi zure Erreinua; egin bedi zure nahia, zeruan bezala lurrean bere; emoiguzu gaur egun hontako ogia, eta emon eiezu batez be gozez bizi diranei; parkatu gure zorrak, eta lagundu guri be gure zordunei parkatzen; ez eiguzu itxi tentazinoan jausten; baina atara gagizuz gatxetik. Amen. Agur Maria Agur Maria, graziaz betea, Jainkoa da zugaz; bedeinkatua zara zu andra guztien artean, eta bedeinkatua da zure sabeleko frutua, JESUS. Santa Maria Santa Maria, Jainkoaren ama, erregutu eiguzu gu pekatarion alde, orain eta beti, gure heriotzako orduan. Amen Aintza Aintza Aita-Amari, Semeari eta Espiritu Santuari, lehen lez orain eta beti, amaibako egunetan. Amen


Astehelena Goizez Gorazarrea: goizeko otoitza Ene Jainko, gaurko zereginetan sartu aurretik, Zureganantz doa nire pentsamentua. Eskerrik asko emon deustazun atsedenaldiagaitik, barriztu deustazuzan indarrakaitik; honeek nire neba-arreba guztien zerbitzura jarri gura neukez. Zugandik oso hurbil aurkitzen naz, eta Zugan aurkitzen dodaz maite dodazan danak, nire lana eskeiniko deutsedan danak, lankide izango dodazan guztiak,

aurre egin beharko deutsedanak, behar bada, sufriaraziko deustenak. Gorde eizuz gaitz guztietatik. Zuregana natorkizu konfiantza osoz, egun honen hasieran; seguruenik hain ezustekoz betea niretzat. Balia zaitez nitaz, ene Jainko, zure Erreinua gizaki guztiengana zabaldu daiten, niri egotea suertatu dakidaken egoera eta ingurune guztietan. Eta egin daitela beti zure nahia.

22 A. salmoa Etorkizunak kezkatzen nauenean, fedetik bizi izan dodana dakart gogora; esku seguru eta babesle batek lagundu eta gidatu nauelako esperientzia aurkitu gura dot. Eta harremanik pertsonalenean "Jauna dodala Artzain" aitortu, eta bideari berrekitean Berak beti "nire artzain" izanez jarraitzea itxaroten dodala esango deutsat; eta ez jat ezer faltako.

Jauna dot artzain; ez naz ezeren beharrean. Larre gurietan etzanarazten nau, ur bareetara eroaten, eta indarrak barriztatzen; bide egokitik naroa, leiala dalako. Ibar baltz-ilunetan banabil ere, ez dot inolako gaitzen bildurrik, Zu nigaz zagoz-eta: zure artzain-makilak lasaitzen nau. Bai, zorionak eta leialtasunak inguratuko nabe bizitzako egun guztietan; Jainkoaren etxean biziko naz amaibako egunetan. Irakurgai laburra (Ez 34,31) Zuek nire artalde, nire zainpeko ardi zarie, eta Ni zuen Jainko.

Eskariak Jesusek bere burua entregatu eban, nik beste horrenbeste egiten ikasi dagidan. Horregaitik hauxe eskatzen deutsat, esanez:

Lagundu eidazu, entregatu naiten. - Jesus Jauna, emoidazu zure Espirituaren indarra, besteentzat bizi naiten. - Zure maitasuna ezagutzeko aukera izan daitela nire bizitza. - Frantziskok bere bizitzan maitasuna aurkitu eban antzera, nik ere aurkitu dagidala. - Emon zoriontasuna beren bizia bakearen alde entregatu daben guztiei. Amaierako otoitza Ebanjelioari jarraitzen deutsenen bizitzak argitzen dozuzan Jainkoa, zure Hitzak argitu daiala nire bizitza. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.


Gauez Gorespena: gaua da Zuk urrunera eroan nauzu, ene Jainko; Zu ondoan izanik uste onez jarraitu zaitut; baina, horra orain, basamortuaren erdian, gauaren bihotzean, Zu bat-batean guztiz desagertu zara! Deika naukazu eta ez deustazu erantzuten, bila nabilkizu eta ez zaitut aurkitzen.

Nik dana itxi dot eta orain bakarrik aurkitzen naz. Zure ausentzia da nire mina. Gaua da, ene jainko. Hemen al zara nire gau honetan? Non zagoz? Maite al nauzu oraindik? Ala aspertu zara nigaz? Erantzun eidazu. Erantzun gau honetan!

I6. salmoa Konfiantza oinarrizko sentimentua da larrialdiko uneetan: gertatzen dana gertatzen dala, uste on osoa Jainkoaren leialtasunean; baldintzarik bako konfiantza Beragan. Ziur dakit, Jainkoaren borondatea bakarrik bilatzen badot, esku onetan nagoala; Espirituaren barruko argiak gidatuko nauala.

Gorde naizu, Jainko maitea, Zugan babesten naz-eta. Hau dinot: "Oi Jainko, Zu zaitut nire Nagusi, Zugan baino ez daukat zorionik". Zu zaitut, ene Jainko, nire on guztia, nire kopa, bedeinkapenez betea; zure esku dago nire zoria! Zoragarria da suertatu jatan alorra, ezin ederragoa nire ondarea! Bedeinkatu gura dot Jainkoa, Berak emoten deust-eta aholkua, gauez be nire barrua Berak hezitzen.

Begi aurrean daukat Jainkoa beti; Bera ondoan dodala, ez naiteke koloka. Horregaitik daukat alai bihotza, pozez jauzika erraiak, atsedenean lasai gorputza. Ez nauzu Herio-leizera botako, zure fededuna ez dozu hilobian galtzen itxiko. Bizirako bidea erakutsiko deustazu: poztasun betea dot zure aurrean, betiko zoriona zure ondoan.

Irakurgai laburra (Ez 34,15-16) Nik Neuk larratuko dot artaldea, eta Neuk emongo deutsat atsedena. Honela dinot Nik, Jainko Ahaltsuak. Ardi galduaren bila joango naz, desbideraturik dabilena artalderatuko; hanka lotuko deutsat apurtuta daukanari; gaixoa indartu egingo dot. Zuzen zainduko dodaz neure ardiak.

Eskariak Uste osoa Beragan ipinirik eskatuko deutsat Jesuseri, esanez:

Entzun, ene Jainko Jauna. - Jesus, Zu zara nire argia; argitu eizuz Zu ezagutu eta maitatu guran dabiltzan taldeak. - Lagundu, Jauna, bikoteak: beren arteko maitasunak ekar deigula gogora zure amodioa. - Frantziskoren bizi estiloa eredugarri izan daitela zure bila dabiltzanentzat. Amaierako otoitza Espiritu Santu Jainkoa! Erakutsi eidazuz barruko isiltasunaren sekretuak: jakin dagidala isiltzen; baita txarto tratatua izan nazelako, neure burua defendatzeko gogoz nagoenean be. Amen.


Martitzena Goizez Gorazarrea: egunaren atarian Hasi dira erlojuak martxan eta mundua begiratzen dogu. Emon deutsagu hasiera egun barriari. Hasi dira qalderak, intentsitatea, bizitza; ordutegiak alkarregaz gurutzatuko dira. Hau arineketa, hau iskanbila! Baina Zu, ene Jainko, baretasun amaigabea zara.

Denbora osoa Zugan dago, lora sorta batean lez. Errezuan dihardugu, Zu goresten; argi ixten deuskuzu Zu bazarala; izan be, bart airean mugitu egiten ziren zure arrastoak. Eta orain argi guztia gure ondoan pausatu da. Amen.

120. salmoa Gutako bakoitzak badauka bildurraren esperientzia, kezkak, segurtasunik ezaren sentimentuak... Baina seguru dago zure bizitza osoa, zure jardun osoa, zure egitea. Jainkoak emon deutsuzan neba-arrebei dagokienez, pentsatu eizu salmoko zaintzaile horrek lez jokatu behar dozula; erne bizi eta hurbileko izan behar dozu besteen ibilia seguruago egiteko.

Begiak mendietara dodaz jasotzen; nondik etorriko ete jat laguntza? Jainkoagandik datorkit laguntza, zeru-Iurrak egin ebazanaren-gandik. Jainkoak ez zaitu jausten itxiko, zure zaintzailea ez dago lo. Ez, ez dau sekula lorik egiten Israelen zaintzaileak. Jainkoa dozu zaintzaile, Bera dozu gerizpe; alboan dozu beti. Ez deutsu kalterik egingo eguzkiak egunez, ez eta ilargiak ere gauez. Jainkoak zainduko zaitu gaitz guztietatik, Berak zainduko dau zure bizia. Berak zainduko ditu zure ibilera guztiak orain eta beti. Irakurgai laburra (Ga 6,9-10) Ez gaitezan, beraz, aspertu on egiten, etsitzen ez badogu, jasoko dogu-ta uzta bere sasoian. Hau da, aukera dogunean, egin deiegun guztiei on, batez be fedean testigu doguzanei. Eskariak Gaur, barriro, Jesusek bere biztueraren argitasunaz pozten nau. Horregaitik eskatuko deutsat, esanez: Emoidazu argia biderako.

- Jesus, emon deustazun egun hau eskaini gura deutsut, eta indarra eskatu, eskuzabala izateko. - Eskuartean daukadana eskeintzen deutsut, egun honetako gauzarik ederren eta garrantzitsuen lez. - Frantzisko bere garaiko behartsuen-ganako maitasun zehatzean helduz joan zan lez, eizu hazi naitela sufritzen dabenen-ganako egiazko maitasunean. Amaierako otoitza Zu zara nire saria, Jainko maitea, baina gatx egiten jat Zu zarana zaralako bilatzea. Emoidazu zeure maitasun hori. Bere bizia doan eman eban Jesusen bitartez eskatzen deutsut. Amen.


Gauez Goratzarrea: geratu zaitez Geratu zaitez gugaz, Jainko maitea, bakardadeak bildurtu egiten gaitu-eta; gainera, bidea galduko dogu Zu gure ondoan ez bazara. Ezagutu dogu badoan eguna: igaro da goiza, igaro da arratsaldea eta ganean dogu iluna. Bakarrik ixten gaitu isiltasunak eta geure esku langileei begira gagoz.

Eskerrik asko Zuri, egin dabenagaitik. Gure atea joko dauan egunsentiaren zain geratzen gara, eta barriro itzuliko gara zure talentuak negoziatzera. Amaitutako bidea ez da azken helmuga; ez da gaueko etenaldia besterik, gure Aita-Ama zaran-ganako ibilaldian.

31. salmoa Uste on baketsuzko otoitz honek badirudi Jainkoa Bera konprometidu gura dauala, erreguka hurreratzen jakon inor engainatua izan ez daiten.

Ene Jainko, Zugan dot babesa: ez dakidala inoiz neure ustea ezerezean geratu! Zuzena zara eta atara naizu onik. Entzun, arren, niri! Libratu naizu hainbat arinen. Izan zaitez nire harkaitz babesle, gaztelu salbatzaile. Zure eskuetan jartzen dot bizia: askatu naizu, Jainko leial eta errukitsua! Bedeinkatua Jainko maitalea, mirariak egin deustaz-eta haren maitasunak, estualdian nengoela.

Ikararen ikaraz hau pentsatu neban: "Bere begibistatik bota egin nau Jainkoak" Baina entzun zendun Zuk nire erregua, laguntza eske deiadar egin neutsunean. Maitatu eizue Jainkoa, Haren fededun guztiok! Leial jakozanak Berak babesten ditu. Eutsi sendo, izan bihotz, Beragan itxaron dozuenok!

Irakurgai laburra (Kol 3,16) Bizi bedi oparo zuengan Kristoren mezua. Irakatsi eta zuzendu alkar jakituria osoz. Kantatu Jainkoari, esker onez eta bihotzez, salmoak, gorespenak eta kantu inspiratuak.

Eskariak Indarra emon deidan erregutzen deutsat Jesus Jainkoari, esanez:

Entzun eidazu, Jauna. - Zure argiz bizitzera dei egin deustazun Jesus, lagundu eidazu besteentzat argi izaten . - Bost ogiz jente askori jaten emon zeuntsan Horrek, eizu izan naitela eskuzabal partekatzeko. - Agertu eiezu zure maitasuna bakardadean, hil zorian aurkitzen diranei. - Frantziskok, bere ondasunetatik askatu zanean, Aita-Ama bat eukala ulertu eban; eizu, Jesus, aska naitela lotzen naben gauzetatik, nire bizia zure eskuetan dagoala sentidu dagidan. Amaierako otoitza Gure Aita-Ama Jainkoa, gauza guztiak maitasun handiz egin zenduzan Horrek, eizu ulertu dagidala Zu bakarrik zarala nire bihotzeko maitasuna merezi dauana. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.


Eguaztena Goizez

Goratzarrea: laneko otoitza Ene jainko, nire gaurko lana eskaintzen deutsut; nire ahaleginak besteen zoriontasunerako balio daiala, eta neure bakea aurkitzen lagundu deidala. Nire lana izan daitela alaitasun-, nahikotasun-, alkartze- eta batasun-iturri. Nire lana baliagarri izan daitela lehiatzen gareneko mundu honen eraikuntzan; nire ahalegina emankorra izan daitela, nire egintza opari lez izan daiten danentzat.

Jainko maitea, hartuizu ontasunez gaur eskaintzera natortzun lana. Lagundu eidazu entregaz, egiaz eta maitasunez betetzen. Nire lana, bila nabilen munduaren zati txiki bat izan daitela; nire bizitza poztasun izan daitela danentzat.

3.salmoa Etorkizunak kezkatzen nauenean, dagoeneko fedetik bizi izan dodana dakart gogora; eta esku seguru babesle batek lagundu eta gidatu naueneko esperientzia berriztu gura dot. Eta "Jauna dodala Artzain� aitortu ondoren, maitasunaren Jainkoari esango deutsat, bideari berrekitean Bera beti "nire artzain" izatea espero dudala; eta ez jat ezer faltako.

Jauna dot artzain; ez jat ezer falta. Larre gurietan etzanarazten nau; ur bareetara eroan eta indarrak barrizten deustaz; bide egokitik naroa, leiala dalako. Ibar baltz-ilunetan banabil ere, ez daukat ezelako gaitzen bildurrik,

Zu nigaz zagoz eta: zure artzain-makilak lasaitzen nau, Bai, zorionak eta leialtasunak inguratuko nabe bizitzako egun danetan; Jainkoaren etxean biziko naz amaibako egunetan.

Irakurgai laburra (2Ts 3,10b-13) Lanik egin gura ez dauanak ez daiala jan, jakin dogu-eta zuetako batzuk alperkerian bizi dirala, arduratsu ezer egin barik. Holakoei Jesukristo gure Jaunaren izenean hau agintzen eta erregutzen deutsegu: bakean Ian egin eta beren ogia irabazi daiela. Zuek, ordea, senideok, ez aspertu on egiten.

Eskariak Zuk, Jesus, gure bizitzako egun guztietan gugaz geldituko zinela agindu zenduan. Bihotz-bihotzez eskatzen deutsut, esanez:

Ez naizu itxi bakarrik. - Geratu zaitez nigaz eta aurkituko dodazan lagunekaz, eta argitu naiala zure presentziaren argiak. - Gaur esan eta egin daikedana, eta izan naitekena, argi txiki bat izan daitela besteentzat. - Frantzisko begiratzean, harengan Jainkoaren egintza bikaina ikus dagidala. - Besteen ongizatearen alde lanean dihardue-nengaitik, egiteko horretan gogotsu jarraitu daien. Amaierako otoitza Jainko maitea: Zu zara gure indarra eta aringarria; Zu zara gure fedea, karitatea eta poztasuna. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.


Gauez Goratzarrea: arratsaldeko ordua Arratsaldeko ordua da, beharrari ixteko sasoia. Mahastien ugazaba, ordaindu zure mahastizainen lana. Eguna argitzean, kontratatu ginduzuzan. Egunsentitik iluntzera landu dogu zure mahastia. Orain, ordaintzean, doan emoten deuskuzu, eta doako soldatan ez da Ian astunik. Goiztiarrak eta azken ordukoak berdindu egin dozuz. Zureak dira orduak eta zurea mahastia. Erein dogunari emoiozu haztea. Mahatsondoa zaran horrek zaindu aihenak. 32. salmoa Gatx egiten jaku geure burua geure hutsegiteakaz erlazionatzea. Uko egiten deutsagu hutsegiteak onartzeari edota kikilduta ixten gaitu errudun sentitzeak. Baina parkatua izan nazen pekatari esperientzia pozgarria bizitzen ez dodan bitartean, nekez iritsiko naz neure burua eta Jainkoa benetan ezagutzera. Poztasuna prozesu horren amaiera da.

Zoriontsua Jainkoak hobena kendu eta pekatua parkatu deutsana! Zoriontsua Jainkoak errurik leporatzen ez deutsana eta bere barruan txarkeriarik ez dauana! Aitortu neutsun pekatua, ez neutsun gorde errua, Jainko errukitsua; eta parkatu egin zeunstazan nire erru eta pekatuak. Zu zara nire babesa; arriskutik gordetzen nauzu, askapen kantuz inguratzen. Poztu eta alaitu Jainkoagaz batera, zintzoak! Egin poz-oihu, bihotz zuzeneko guztiok! Irakurgai laburra (Ba 4,21-22) Izan bihotz, ene seme-alabok! Egin oihu Jainkoari! Hark askatuko zaituee zapaltzen zaitueen etsaien menpetik. Badaukat nik Betikoak salbatuko zaituen itxaropena. Pozez bete nau barriro Santuak, Betikoak, zuen salbatzaileak, laster izango dau-eta zuentzat errukia.

Eskariak Jainkoa goretsi gura dot, esanez:

Emoidazuz grazia eta bakea, Jesus Jauna. - Lagun eidazu ulertzen, nire bizia goizean loratu eta arratsaldean zimeltzen dan belarra lakoa dala. - Janaritu eizu zure alkartea Hitzaren eta Eukaristiaren ogiaz eta emoiozu Espirituaren ura. - Frantziskok lagundu naiala Jainkoa aurkitzen, gauza txikietan eta pertsona apalengan. Amaierako otoitza Jainko goren eta aintzaz bete Hori! Zatoz nire bihotzeko iluntasunak argitzera: emoidazu fede zuzena, itxaropen sendoa eta goimaitasun guztiz bikaina; emoidazu Jainko-gauzen zentzua eta Zu zeu ezagutzea, zuzen bideratuko nauan zure borondate santua bete dagidan. Amen.


Eguena Goizez

Goratzarrea: isiltasunetik Jainko maitea, zabaltzera doan egun honen isiltasunetik, bakea, zuhurtasuna eta indarra eskatzera natorkizu. Maitasunez betetako begiz begiratu gura dot mundua; eroapen oneko, adikor, adeitsu eta zuhur izan gura dot. Itsutasunaren gainetik ikusi gura dot: zure seme-alabak Zeuk ikusten dozuzan lez ikusi, eta ona baino ez ikusi euretako bakoitzagan.

Itxi nire begiak kalumnia danei, ene Jainko, gorde nire mihina gaiztakeria danetatik, karitatezko pentsamentuek bakarrik izan daiela lekua nire espirituan; borondate onekoa eta alaia izan naitela; nigana urreratzen diran guztiek zure presentia sentidu daiela. Jantzi naizu Zutaz, Jainko maitea, egun osoan zure espilu izan naitela.

14. salmoa Galdetu eiozu zeure buruari ea zuregan, Jainkoagaz topo egiteko eta Harekiko harreman pertsonala sendotzeko desiorik dagoen. Orduan ikusiko dozu zure bizitza osoa konprometidua gelditzen dala.

Ene Jainko, nor egon daiteke zure etxean? Nor bizi zure mendi santuan? Jokaera prestua daukana, justiziaren arabera diharduana, bihotz barrutik egia dinoana; mihin luzea ez dana, lagunurkoari kalterik egiten ez deutsana, auzokoa iraintzen ez dauana; mesprezagarria bere aurretik bota

eta Jainkozaleak famatzen dituana; bere kaltetan izanda ere, emondako berbari eusten deutsana; mailegu-dirua lukurreriaz emoten ez dauana, eta errubakoaren kaltetan eskupekorik hartzen ez dauana. Holan jokatzen dauana ez da inoiz kolokatuko.

lrakurgai laburra (Ef 4,29-32) Ez bedi atara zuen ahotik hitz gogorrik; zeozer esan behar badozue, zuen berbak onak eta egokiak izan daitezala, entzuten dabezanen onerako diranak. Ez nahigabetu Jainkoaren Espiritu Santua, Honegaz markatu zaitue-ta Jainkoak, askapen-egunean zuek bereizteko. Ez bedi izan zuen artean gogorkeriarik, ez hasarrerik, ez gorrotorik, ez zaratarik, ez irainik, ezta ezelako gaiztakeriarik ere. Izan zaiteze alkarrentzat on eta bihozbera; alkarri parkatuz, Jainkoak Kristoren bitartez parkatu deutsuen lez.

Eskariak Gure Aita-Ama Jainkoari eskerrak emonez ekin gura deutsat gaurko egun honeri, esanez:

Emoidazu benetako seme espiritua. - Zure amodioak seme edo alaba modura sentitzera eroan naiala eta pozez bete daiala nire bihotza. - Zure maitasunak egun honetako zailtasunak gainditzen eta aurrera egiten lagundu deidala. - Frantziskoren antzera, Jainkoaren eskuetan egotearen poztasuna sentidu dagidala. - Mundu gizatiar eta zuzenago baten eraikuntzan lankide zintzoa izan naitela. Amaierako otoitza Ene Jainko, egiten dodan dana zure kreazioko lana osotzeko eta hobetzeko izan daitela. Besteentzat lagungarri izan naitela, emon deustazuzan talentuak ondo erabiliz. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.


Gauez Gorespena: bakarrik egon gura dot Zugaz Gelditu egin gura dodaz nire pausuak Hustu egin gura dot etxea eta baretu nire bizitzako erritmo bizkorregia, eta itsatsi jatan guztiaz biluztu, emon deustazun guztia kontenplatzeko, nire bihotza Zuri eskeintzeko, bare-bare. oso-osorik. Isildu egin gura dot une batez, eta isildu baita be Bakarrik egon gura dot Zugaz nire ideia eta sentimenduen zurrunbiloa, eta zure Espirituz eta onguraz bete, zure aurrean egoteko nire sentipen guztiakaz, gero munduan zehar joateko zure mezulari, adi-adi. poz-pozik. Hautsi egin gura dodaz nire inguruan Zure arnasa sentidu gura dot, altxatu diren harresi guztiak, bakea, bizia eta zentzua ematen deustala, Zuri sartzen ixteko edozein ordutan, une hau Zugaz bizitzeko, lasai-Iasai. baikortasunez. 86 B. salmoa Nire bizitzako historia begiratzen badot, egoera ugari aurkituko dodaz, Jainkoak niregan egin dituan mirariakaitik eskerrak emotera naroenak. Esker onaren ondoan, itxaropenezko erregua be egiten jako salmo honetan hutsik egiten ez dauan Jainkoari.

Handia zara, mirarigilea, Zu bakarrik Jainkoa! Erakutsi eidazu zeure bidea, Zugaz leial joka daidan. Ene Jainko, bihotz-bihotzez goretsiko zaitut, beti-beti ospatuko. Bai handia niretzat dozun maitasuna: Herio-leize sakonetik libratu nauzu! Jainko bihozbera eta errukiorra, hasarregaitza, onguraz eta leialtasunez betea: itzul zaitez nigana, izan nire erruki; emon eiozu indarra zure zerbitzari honi. Irakurgai laburra (Erm 8,35.37) Nork aldenduko gaitu Kristok deuskun maitasunetik? Atsekabeak, larrialdiak, erasoaldiak, goseak, jantzirik ezak, arriskuak, ezpatak? Guztiotan errez ataraten gara garaile, maite gaituenari esker.

Eskariak Egun hau amaitzean, eskari honeek zuzentzen deutsadaz Jainko Gorenari, esanez:

Entzuidazu, ene Jainko. - Aita-Ama Jainko errukitsua: babestu eizuz gure alkarteen arduradun diranak. - Nire bizitza beti on egitera emona egon daitela. - Frantziskok Jainkoaren seme izatearen gozotasuna bizi izan eban; esperimentatu dagidala neuk be gozotasun hori. - Alkarrizketa zabal eta zintzoaren bidez, gizarte baketsuago baten eraikuntzan lankide zintzo izan naitela. Amaierako otoitza Bihotzez erregutzen deutsut, Jesukristo Jauna: zure amodioaren indar sutsu eta gozoak aparta dagiala nire arima gauza lurtar guztietatik; ni zure amodioaren amodioz hil naiten, Zu nire amodioaren amodioz hil zinan lez. Amen.


Barikua Goizez Goratzarrea: Jainkoari gorespena Zu bakarrik zara Jainkoa, Zu bakarrik Santua, harrigarriak egin dozuzan Hori! Zu zara indartsua, Zu zara handia, Zu zara goi-goikoa, Zu zara errege guzti-ahalduna.

Zu zara, Aita-Ama santu hori, zeru-lurretako Erregea. Zu zara hirukoitza eta bakarra. Zu zara ona, on guztia, onik gorena, Jainko bizi eta egiazkoa.

130. salmoa Sakontasunari bildurrra deutsat: norberaren barrukoanagaz aurkitzea langoa da, eta hor ikusten dodana ez dot gogoko. Urten zaitez hortik eta izan konfiantza. Jainkoaren errukiagaz aurkituko zara; Hark doan emango deutsu bere maitasuna eta pekatuen parkamena.

Barru-barrutik egiten deutsut dei, ene Jainko. Entzuizu nire deiadarra! Egon beitez adi zure belarriak nire erregu-oihura. Erruak kontuan badozuz, Jainko maitea, nork iraun bizirik? Baina Zuri parkamena dagokizu, eta parkatuz, Zuganako begirunea biztuten deuskuzu. Zure zain nago, zain bihotz-bihotzez; zure erantzuna itxaroten dot, Jainko errukitsua. Irakurgai laburra (Adm 5) Pentsatu eizu, gizaki horrek, zelako maitasuna agertu deutsun Jainkoak: zeren gorputzaren aldetik bere Seme kutunaren irudira egin eta moldatu zaitu; eta espirituaren aldetik bere antzera. Halan be, zerupean diren izaki guztiek, beren naturaren arabera, zuk baino hobeto zerbitzen eta obeditzen dabe beren Kreatzailea. Eta deabruek eurek be ez eben Ha gurutzean josi, baizik zu izan zinan eurekin batera gurutzean josi zenduana; eta orain be horretan jarraitzen dozu zeure gaiztakeria eta pekatuetan atsegin hartuz. Zer dala-ta, bada, harropuzkeria hori?

Eskariak Gaurkoaren antzeko ostiral egun batez entregatu eban Jesusek Gurutzean bere bizia, noraino maite gaituan adieraziz. Erantzun deiogun, esanez:

Zure maitasunak anima gaizala. - Gurutzeraino entregatutako zure bizia da nire argia. Emoidazu grazia bide horretatik aparta ez naiten. - Zure odolaz nirekin adiskidetasun zintzoa seilatu dozu. Leial izan nakizula. - Frantziskok emozioz egiten eban negar Jesusen maitasunagaitik, eta tristuraz Jainkoa maitatua ez zanean. Frantziskoren laguntzaz, osoagoa izan daitela nire Jainkoaganako entrega, inguruko behartsuenen-ganako entregaren bidez. Amaierako otoitza Gure Aita-Ama Jainkoa, kreazioan eta pertsona guztion bihotzetan egin dozuzan gauza eder danakaitik eskerrak emon eta goratu egiten zaitut. Amen.


Gauez Goratzarrea: aho eskalea Gau honetan, Kalbariko Kristo, nire gorputz gaixoarentzat erregutzera natorkizu; baina, Zu ikustean, nire begiak joan-etorrika dabiltza zure gorputzaren eta nirearen artean lotsaz. Zelan kexatu nire oin nekatuez, zureak hautsita ikusten dodazanean? Zelan erakutsi Zuri nire esku hutsak, zureak zauriz josiak dagozanean? Zelan azaldu Zuri nire bakardadea,

gurutzean josia eta bakarrik zagozanean? Zelan azaldu ez nauala inork maite, Zuk bihotza apurtuta daukazunean? Orain jada ez naz ezertaz gogoratzen, urrundu dira nigandik nire min guztiak. Nekarren erreguaren samina ito egin jat aho eskalean. Hemen, zure ondoan, egotea bakarrik eskatzen deutsut, Jesus, Kalbarioko Jainko hori.

43. salmoa Salmo honetan gorespenera dei egiten jat, Jainkoak aldi eta leku guztietan bedeinkatua izatea merezi dauala kontuan hartuz. Tabor mendian lez, doakotasuna, poztasuna eta askatasuna bizitzera inbitatzen nau salmoak. Baina, aldi berean, begiak lurrerantz itzultzera behartzen nau, pobreziak eta bizitzako porrotak elbarritutako jenteaganantz. Ezinezko jat Jainkoagana iristea egoera larrian dagozanak "begiratu", "altxatu" eta ''jasotzen" ikasten ez badot.

Aleluia! Gora gure Jainkoa! Goretsi daigun, goretsi Jainkoaren izena, bere zerbitzariok! Bedeinkatua bedi gure Jainkoa orain eta beti! Goretsia bedi eguzkiaren sorlekutik sarlekura, Nor da gure Jainkoa lakorik? Gorenean dau jarria tronua, baina makurtu egiten da, zerutik lurrera begiratzeko.

Gaixoa hautsetatik altxatzen dau, behartsua zaborretatik atara, eta handikien artean jartzen dau, bere herriko nagusien artean. Emakume agorra goratzen dau etxean, haurrak emon eta ama zoriontsu egiten. Aleluia! Gora Jainkoa!

Irakurgai laburra (Adm. 13, 1-2) Zorionekoak bakegileak, hareek hartuko ditu-eta Jainkoak semealabatzat (Mt 5,9). Ezin ezagutu daike Jainkoaren zerbitzariak zenbaterainokoa dan bere pazientzia eta umiltasuna, dana ondo doakionean. Baina pozaren ordez atsekabea emoten deutsoenean, orduantxe konturatzen da bere pazientzia eta humiltasuna norainokoak diran. Eskariak Jesus Jainkoari eskatzen deutsat, esanez:

Jauna, erruki zaitez. - Jesus, txarto sentitzen diranen kontsolatzailea; beren ondoan sentidu zaiezala. - Danei parkatzen zeuntsen Horrek, parkatu eidazuz nire hutsegite ugariak. - Esplotazioa sufritzen daben langileakaitik erregutzen deutsut. - Frantziskok indarrez sentidu eban maitasuna bere ahulezian; maitasun berbera sentidu dagidala nik be neure makalaldian. Amaierako otoitza Adoratzen zaitugu, Jesukristo Jauna, hemen eta mundu osoan diran eliza guztietan; eta bedeinkatzen zaitugu, zeure gurutze santuaren bidez, mundua berrerosi zendualako.


Zapatua Goizez Goratzarrea: Amabirjinari agurra Agur, Jesusen ama, Erregi単a santua, Maria, Jainkoaren ama, beti Birjina zarana, Aita-Ama guztiz Santuak zerutik aukeratua, bere Seme guztiz Santuaren eta Ezpiritu Paraklitoaren bitartez sagaratu zinduzana. Zuregan egon zan eta dago grazia, betetasun guztia eta on dana.

Agur, Jaikoaren Jauregia! Agur, Jainkoaren Etxola! Agur, Jainkoaren Etxea! Agur, Jainkoaren Jantzia! Agur, Jainkoaren Mirabea! Agur, Jainkoaren Ama!

42. salmoa Desioa emozio handiz bizitzen dan sentimentua da. Irrika, grina edo egarri modura bizitzen da. Espirituan eta gorputzean bizitzen da eta kexak eta galderak eragiten ditu. Eskertu eiozuz Jainkoari sentimentu horreek, Berak emon deutsuz-eta. Izan uste ona eta itxaropena Beragan, ez zaitu inoiz engainatuko-eta.

Basahuntza irrikaz errekara lez, halantxe noa Zugana, ene Jainko. Jainkoaren egarri naz, Jainko biziaren egarri: noiz iritsiko naz Beraren aurpegia ikustera? Bihotza urtzen jat barruan, gogora ekarriz zelan joaten nintzan tenplura, Jainkoaren etxera; poz-oihuz, gora-goraka eta jai-giroan jentearen artean. Zergaitik zagoz, ene barrena, hain triste? Zergaitik hain urduri? Itxaron Jainkoagan! Goretsiko dot, bai, barriro be Haren presentzia salbatzailea. Irakurgai laburra (Is 55,8-9) Egiaz, nire egitasmoak ez dira zuenak lakoak, ezta nire jokabidea be zuenaren modukoa. Zerua lurraren gainetik garai dagoan lez, halaxe nire jokabidea zuenaren gainetik eta nire egitasmoak zuenen gainetik.

Eskariak Maria, Ebanjelioko emakume fededuna, ekarri gura dot gogora. Eskerrak emongo deutsadaz Jainkoari opari honegaitik, esanez:

Maria, emakume fededun hori, lagundu eidazu. - Maria, Jesus lez berbiztu zinduzan zu be Aita-Ama Jainkoak. Lagundu naizu berbizten poztasunera, lanera, txikienen aldeko konpromisora. - Maria, zu beti erne bizi izan zinan behar ebanari eskua luzatzeko, eta zure lehengusina Isabelek asko eskertu eban egin zeuntsan bisita; jakin dagidala gaur beharrezko nazan lekuan egoten. Amaierako otoitza Jainko maitea, sortu eizu nire bihotzean Zuganako egarria, Zu bilatu zaidazan beti. Hastera doan egun hau Zuri eskerrak emoteko izan daitela, Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.


Gauez Gorespena: eskerrik asko Eskerrik asko, ene Jainko, zure bizi-arnasa indartsuagaitik; bizitzako zaraten artean zeure oihartzuna aurkitzen dot, zure irribarrearen gardentasuna. Eskerrik asko, betikoa hausten dozulako, etorkizuna posible eginez. Eskerrik asko, bizitzeak merezi daulako, dana posible dalako: maitasuna, samurtasuna, ezaguera, justizia. 138. salmoa Beharbada, behin baino gehiagotan pentsatu dot Jainkoa etsai dodala: bizitzea eragozten deustala, hegoak mozten deutsazala nire askatasunari eta trabak ipinten askatasunez maitatzeari. Halan be, gitxien uste dodanean, bidera irteten jat bizitzako joan-etorrian, eta maitasun errukitsua eskeintzen deust nire ezinean eta krisialdietan. Jainkoak nire bizitza saretzen dihardu bere grazia hutsezko maitasunean.

Nora joan zure espiritutik urrun, Jainko maitea? Nora egin ihes zure aurretik? Zerura igonda be, Zu hantxe! Hilen egoitzara jaitsita be, Zu bertan! Nahiz-ta argiaren sorlekurantz hegaldatu, nahiz-ta mendebaldeko itsas mugetan kokatu, han be Zu nire ondoan izango zaitut; zure eskuak helduko nau. Zuk eratu deustazu gorputza, Zuk zaindu nauzu amaren sabeletik. Eskerrak Zuri, hain maitagarria zaralako, zeure egintza miragarrietan hain ikusgarria! Irakurgai laburra (Ga 4,4-5) Epea bete zanean, Jainkoak bere Semea bidali eban: emakumeagandik jaioa, legepeko egina; legepean egozanak askatzera, guk seme-alabatzakoa hartu gengian.

Eskariak Jesusen Biztuera gogoratuz, hauxe eskatu gura deutsat gizon eta Jainko dan Hareri, esanez:

Emoidazu zeure bizia, Jauna. - Onartzen dot, Jauna, nazan eta daukadan dana Zuri zor deutsudala. - Eizu, Jauna, nire bizitza esker oneko erantzuna izan daitela beti. - Eizu, Jauna, gizakiok errespeta daigula pertsona guztien duintasuna, bakea posible izan daiten gure artean. - Frantzisko izan daitela gure erreferentzia, herria bakean eraikitzeko orduan. Amaierako otoitza Ezagutzen dozu Zuk, ene Jainko, nire bihotz sentikor eta hauskorra; berau alkar ulertu guran ibili arren, sarritan ez dau lortzen. Egin zaitez presente nire bizitzan, zure maitasunaren esperientzia izan dagidan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.


Domeka Goizez Gorespena: eskerrak Jainkoari Eskerrik asko, Jainko maitea, egunsentiagaitik; eskerrik asko egun barriagaitik; eskerrik asko Eukaristiagaitik; eskerrik asko Amabirjinagaitik; eta eskerrik asko gure erromes ibilerako ordu bakoitzagaitik. Eskerrik asko zure bakearen

eta maitasunaren graziagaitik, zure bidea partekatzeak dakazan poztasun eta saminagaitit. Aintza Aita-Ama, Seme Jesukristo eta Espiritu Santu Jainkoari gizaldi eta gizaldietan. Amen.

84. salmoa Zeure egoeratik ipini zaitez bidean, etxea aurkituko dozun esperantzan. Neure bizitzan Jainkoaren ondoan bizitako esperientziaren bat izan dodanean, horren egarri izaten naz behin eta barriz. Txolarre eta enararen irudiek Jainkoaren amatasunezko harrera dakarste gogora.

Bai maitagarria zure egoitza, Jainko ahalguztiduna! Urtzen daukat barrua zure tenpluko atarien irrikaz. Bihotza eta nazan dana poz-oihuka daukat, oi Jainko, Jainko bizia. Txolarreak badauka etxea,

bai enarak be bere kumeentzat habia, zure altareen ondoan, Jainko Gorena, ene errege eta ene Jainko! Zorionekoak zure etxean bizi diranak, etenbarik Zu goresten! Zorionekoak Zuregan daukenak beren indarra eta konfidantza!

Irakurgai laburra (Adm 9,1-3) Honela dino Jesukristo Jaunak: Maitatu etsaiak eta egin otoitz persegitzen zaituenen alde (Mt 5,44). Etsaiak egin deutsan irainagaitik sumindu beharrean, Jainkoaren maitasunagaitik haren arimako pekatuaz samintzen danak maite dau benetan etsaia, eta hareri egintzaz maitasuna erakusten deutsanak.

Eskariak Jesusek esan eban: eskatu eta emongo jatzue. Berari eskatuko deutsat, esanez:

Entzuidazu, Zuregan dot nire uste ona-ta. - Eskerrak emoten deutsudaz, Jauna, zure amodioagaitik. Jarraitu eizu zure azkenbako maitasuna emoten. - Zabaldu eizuz nire begiak, kreazioan zure presentzia mirestu dagidan. - Frantziskok bere bizimoduarekin txikitasunean bizitzera deitzen nau. Emoidazu, Jauna, bihotz apala. - Lan-mundu zuzenagoa eta gizatiarragoa eraikitzera bideratu daitela gaurko nire ahalegina. Amaierako otoitza Jesus, egia zaran Horrek, inori iruzur egin ez zeuntzan horrek, eizu ez naiala ezerk aldendu Zugandik. Amen.


Gauez Gorespena: atsedena Eskerrik asko, Jainko maitea, gaur neba-arrebengan zure presentzia sentidu dodalako. Eskerrik asko, besoak gurutzatuta ez nazalako geratu, alperkeriaz edo ezintasun-keinuak eginez. Eskerrik asko, indarrak barritzeko aukera emoten deustazulako. Emoidazu atsedenaldi gozoa gauean eta ilusioz jaikitzea bihar goizean. 62. salmoa Bere bildurrak Jainkoaren esku itxi daikezala benetan uste dauana da fededuna. Nahiz-eta ez izan gai bildurrak uxatzeko, nahikoa dau bildur horreek Jainkoaren esku ixtea, apalki otoitz eginez. Hobe da uste ona Jainkoagan ipintea norberaren buruaz larregi fiatzea baino. Ez zaitez engainatu zure arazoak zeuk bakarrik konpondu daikezuzala pentsatuz. Bera da Harkaitza, ez ahaztu hori.

Jainkoagan bakarrik atseden nire barruak, Harengandik datort salbamena. Bera da bakarrik nire harkaitz eta salbamen, nire gotorleku: ez naz lurrean jausita geldituko. Jainkoagan nire salbamena eta ohorea, Bera nire harkaitz sendo eta babesleku. Izan beti Harengan konfiantza, Haren herri zarienok! Zabaldu Berari zuen bihotzak! Bera dogu gotorleku. Irakurgai laburra (1 R 2,2b-3) Gelditu zaiteze bideetan begiratzera eta galdetu eiozue zeuen buruari: "Zein da bide ona?" Gero jarraitu eizue, atsedena izango dozue-ta.

Eskariak Eskerrak emoten deutsudaz, Aita-Ama Jainkoa, zure Seme Jesusen biztueragaitik. Gertakari hau gogoratuz otoitz egin gura deutsut, esanez:

Jainko ona, berbiztu naizu. - Aita-Ama errukitsua, Zugan sinesten daben taldeen alde eskatzen deutsut; Berbiztuaren indarrak anima daizala, bila jarraitzeko. - Begiratu eiezu gaua igarotzeko aterperik ez daukenei, aurkitu daiela hainbat arinen beharrezko daben etxea. - Frantziskoren gogoa lepradunekaz topo egitea zan; emoidazu espiritu bera behar nabenek gertu izan nagien. Amaierako otoitza Espiritu Santua, etsipenak ez naiala lur jota itxi eskatzen deutsut. Zure indarraren laguntza itxaroten dot unerik larrienetan be. Amen.


ZURE AURREAN II