Page 1

Gipuzkoako Foru Aldundia Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentua Gipuzkoa Plaza z/g, Donostia

Gipuzkoan, 2011ko Urrian

Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuko Diputatu jaun agurgarriari. Natur taldeok, eta oro har, Gipuzkoako mugimendu ekologistak azken urteotan kezkaz eta haserre-maila handiz bizi dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak naturaren kontserbazioarekiko erakusten duen noraezak. Alor honi begira, erakunde horrek gaurdaino erakutsi duen politika kontraesanez eta norabide argirik gabeko erabakiez josita dago. Babestutako eremuen kudeaketa iluna, ehiza eta arrantzari dagozkion legeriaren gauzatze kezkagarriak, mendi publikoen kudeaketa industriala, basa bizitzarentzat hain kaltegarriak izan daitezkeen basogintza, abeltzaintza, nekazaritza eta arrantza-jarduerekiko ikuspegi orokorraren falta, eta horiek natur kontserbazioaren mesedetan erregulatzeko ahalmenik eza, era guztietako azpiegiturak eta obra publikoak onartzeko erraztasuna‌. Hainbat eta hainbat dira urte guzti hauetan haserretzera eraman gaituzten arrazoiak. Gainera, hamaika foro eta eztabaida gunetan parte hartzera gonbidatuak izan bagara ere, gure iritzia ahuntzaren gauerdiko eztularen parekotzat hartua izan denaren sentipena dugu, eta eragile sozialen parte-hartzea horrenbeste aldarrikatzen den garaiotan, erabat baztertuak eta gutxietsiak sentitzen gara. Berriki Natura 2000 Sarean inguruan Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin egindako akordioak edo legealdi berri honetan Bildu koalizio politikoak Mendietako eta Natura Inguruneko kargurako izendatutako zuzendariak gure etsipena areagotu baino ez du egin, eta honek guztiak bultzatu gaitu Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuko Diputatuari gutun hau igortzera. Gure nahia ez da soilik ezinegon hori azaleratzea, baizik eta etorkizunean, bioaniztasunaren kontserbaziorako ahaleginean, gure ustez Foru Aldundi honek gauzatu beharreko politikaren oinarrizko irizpideak zeintzuk izan beharko luketen zehaztea: 1. NATUR ONDAREAREN EZAGUTZA ETA BERE GARRANTZIAREN AITORTZA 2. ADMINISTRAZIO EZBERDINEN ARTEKO KOHERENTZIA 3. NATUR BALIABIDEEN KONTSERBAZIORAKO IRIZPIDE ARGIAK IZATEA 4. LURRALDEAREN KOHESIOA 5. BASABIZITZAREN BABESERAKO LEGEDIAREN GAUZATZEA 6. ITSASOAREN USTIAPEN JASANGARRIA BERMATUKO DUEN ARRANTZA-POLITIKA 7. PAISAIAREN KUDEAKETA JASANGARRIA 8. INGURUMEN HEZIKETA 9. PARTEHARTZE DEMOKRATIKOA

1


1. NATUR ONDAREAREN EZAGUTZA ETA BERE GARRANTZIAREN AITORTZA Norbanako eta giza talde bezala ere, natur ondareak mugatuko du gure biziraupena. Esaldi potolo horrek lelo itxura hartu duela esan daiteke, baina oso kontuan izan beharko luke arlo publikoaren kudeaketan lan egiten duen orok. Euskal Herriko natur ondarearen ezagutzan asko aurreratu dugu, kontrakoa esatea lelokeria litzateke. Baina, oraindik ez dugu ondo ezagutzen, eta etengabe ari gara hondatzen. Zer hondatzen ari garen jakin gabe, eta hondamendi horrek gugan nola eragingo duen ezagutu gabe darraigu gure baliabide naturalak kaltetzen. Bestelako idatzietan salatu den bezala, gure basoetako asko suntsituak daude, ez dugu gure ibaiak berreskuratzerik lortu eta gure nekazal lur onenak estaltzen ari gara azken hamarkadetan. Baina, jarduera politikoan honek guztiak ez du lehentasunik. Inoiz, bere indarraren erakustaldiren batek eragindako asaldurak baino ez du jartzen natura agenda politikoaren lehentasunen artean, eta kasu horietan ere, kontserbazioaren alde egiteko baino ingeniari eta arkitektoen planak gauzatzeko. Mundu globalizatu honetan, erabaki politiko eta ekonomiko guztien ardatza behar lukeena, hau da, natur ondarearen kontserbazioa edota ustiaketa sostengarria, diskurtso formal egoki bezain hutsala da. Gure garapen ekonomikoan ez da biodibertsiatearen balioa aintzat hartzen, eta hura kaltetzearen ordaina ez da formulazio gisa ere ageri. Horrek guztiak mugarik gabeko hazkunde ekonomikoa ahalbidetzen duen diskurtsoa garatzera eraman du klase politiko osoa, eta gizarteak ere hori barneratu du azkenean. Itsu gabiltza, gizateriaren etorkizuna arriskuan jartzeraino, eta munduaren alde xahutzaile eta kutsatzaile handienaren parte garenoi, honen jabe egin eta bestelako politikak urratzea dagokigu. Noski, gure etxetik hasita. Honen guztiaren ildotik, bi eskakizun nagusi egiten dizkiogu Foru Aldundiari: -

Ingurumenaren zaintzaren aldeko diskurtsoa ez dezala erabili “Zuhaitz eguna�, “Ibilgailurik gabeko eguna�, Agenda 21 bezalako proiektu etereoa eta antzeko ekimen solteak bultzatzeko bakarrik. Honek oso gai serioa beharko luke izan, ikuspegi globaletik alor publikoaren kudeaketan gauzatze koherentea duen funtsezko lan ildoa. Administrazio guztiek sekulako baliabideak dituzte beraien mezuak hedabideetan zabaltzeko, eta ingurumenaren zaintzaren eta natur ondarearen kontserbazioaren aldeko sentsibilizazio-lanerako paregabeko aukera da hori. Beti ere, propaganda soiletik haratago, jarrera-aldaketetara bideratutako lana egin nahi bada.

-

Natur ondarearen ikerketarako eta zaintzarako baliabide gehiago jartzea. Lehen aspektuari erantzuteko Euskal Herriko Unibertsitate publikoetako (EHU-UPV, UEU, NUP-UPNA) ikerlari taldeen, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta AZTI-Tecnalia Itsas eta Elikagaien Zentru Teknologikoko ikerlari-taldeen eta han eta hemen barreiatuta dauden natur eta kontserbazio taldeen lanaz balia daiteke. Horien guztien arteko elkarlana bultzatuz, orain arte egindako lana ordenatu eta zentralizatu, eta etorkizunera begira ikerketa-lerro finkoak (denboran jarraiak) ezartzea mugarri garrantzitsua izan daiteke etorkizunera begira.

2


Bigarren aspektuari erantzuteko, funtzionarioen pertsonalean ez ezik, boluntarioetan ere pentsatu beharko litzateke. Badira boluntarioek laguntza handia eskain dezaketen hainbat egoera larri, esaterako, elurteetan ehiztariek sortzen dituztenak, hainbat lekutako kutsadurak eragiten dituenak, han eta hemen basa bizitzak jasaten dituen kalteak‌.. Lan hori guztia zentzuz eta modu egokian koordinatuko balitz, pentsatzekoa da herritar askok hartuko luketela parte, besteak beste, ingurumen-hezkuntza aspalditik lantzen den alorra baita eskoletan. Baina, ekimen horiekiko atxikipena eragiteko, administrazioek eredugarri izan behar dute, eta egoera horretatik oso urrun gaude egun. Badago nondik hasi.

2. ADMINISTRAZIO EZBERDINEN ARTEKO KOHERENTZIA Gure herriaren antolaketa administratibo konplexuak, eta horrek eragindako eskumen-gatazkak, sarritan egoera kafkianoetara eraman gaitu. Asko eta asko dira barrearen eta negarraren mugan egotera eraman gaituzten gertaerak, baina horiek zerrendatzea baino, horrek guztiak gizartean izan duen eragina aipatzea interesgarriagoa suerta daiteke. Oso adibide sinple batetik hastearren, egun natur kontserbazioarekin sentsibilizatutako herritar batek edozein arrantzale edo ehiztari legez kanpoko jardunean ikusiko balu, ez luke jakingo nora jo. Udaltzaingora? Ertzaintzara? Guardia Civil-arengana? Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzura? Epaitegira? Batzuek zein besteek eskuak garbituko lituzketela pentsatu eta beste alde batera begiratuko luke. Adibide honek tontokeria hutsa dirudi, baina bere esanahia oso sakona da. Ehizaren kasuan esaterako, pertsona armatuak ikusten ditugu gure mendietan (babestutako eremuetan barne), eta urteetan egindako lege hausteen ondorioz, zigorgabetasun osoz aritzen direnaren sentsazioa daukagu. Ehiztarien lobbyetaz hitz egiten da gure herrian, haien botere ilunaren adierazgarri. Arrantzarena antzeko egoera da, baina eskumenen saltsak are larriagoa bihurtzen duen arazoa. Kirol arrantza ez ezik, kasu honetan arrantza profesionalaren abusuak daude auzitan. Bata zein bestea, animalien hilketa helburu duten jarduerak dira. Landa Lurraren Antolaketaren inguruan antzeko zerbait gertatzen da. Alde batetik legedi europarra daukagu, legedi espainiarrak bideratzen duena, hau Eusko Jaurlaritzak garatzen du, eta ondoren Foru Aldundiak gauzatu. Denak oso zentzuzkoa dirudi, partidu politikoen interes ezberdinek eragindako saltsagatik ez balitz. Administrazio bakoitza bere aldetik dabil, agintean dagoen partiduaren nahiera, eta emaitzak begi-bistakoak dira: herritarrek ez dituzte administrazio ezberdinen konpetentziak ezagutzen, eta esaterako, EAE-ko herritarren gehiengoak ez daki zer den Natura 2000 Sarea. Adibide bezala jartzearren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren web orrira sartu, eta Dibertsitate Biologikoa eta geologikoa aplikazioan sartzen bagara, inolako momentutan ez dugu Foru Aldundien erreferentziarik aurkituko, ezta Gipuzkoako babestutako eremuen atalean ere. Martxan jartzen diren kanpaina eta ekimen ezberdinekin ere berdina gertatzen da. Duela urte batzuk Eusko Jaurlaritzak Natura 2000 Sarea

3


jendarteratzeko “Mendiz-mendi, zuzena beharko inolako loturarik

erakusketa ibili du herriz herri. Aurten Gipuzkoak Foru Aldundia mendez-mende� ekimena erakusten ari da herriz herri. Lotura luketen ekimenak, izugarrizko baliabideekin eta dirutza gastatuta, gabe elkarren artean.

Gainera, administrazio horien arteko koordinazio faltak arauak betetzea zailtzen du, ehizaren kontrola edo arrantzaren ikuskaritza-lana bezalakoak zailduz. Hau guztia kontuan izanda, ondokoa eskatzea zilegi zaigu: -

Administrazio bakoitzak ingurumenaren zaintzarekiko eta natur ondarearen kontserbazioarekiko dituen eskumenak argi adieraztea herritarrei. Horretarako hainbat baliabide erabil daitezke: hezkuntza-sistema ingurumen-hezkuntzaren bidetik, Udalek eskaintzen dituzten herritarren harretarako zerbitzuak, Foru Aldundiak kudeatzen dituen Naturaren Interpretazio Zentroak, Foru Aldundiak hedabideetan zabaltzeko diseinatu ditzakeen informazio-kanpainak etab. Gai hauekiko erreferentziazko guneak sortu behar dira, herritarren zalantzak, kexuak eta nahiak bideratuko dituzten arreta-zerbitzu eraginkorrak. Salaketetarako jarraitu beharreko prozedurak errazteaz ere arduratu beharko luke zerbitzu horrek (Kontsumitzaileen Arretarako Bulegoen antzeko zerbait‌).

-

Ingurumenaren zaintzarekin eta natur ondarearen ezagutza edota kontserbazioarekin zerikusia duten planak elkarrekiko koherentzia mantentzea administrazio ezberdinetatik bideratzen direnean. Baliabideak aurrezteaz gain, administrazio ezberdinen konpetentziak barneratzen eta horien arteko elkarlana sustatzen lagundu beharko lukete plan horiek.

-

Administrazio baten barnean ematen diren departamentu edo sailen arteko talkarekin bukatzea.

3. NATUR BALIABIDEEN KONTSERBAZIORAKO IRIZPIDE ARGIAK IZATEA Bizitzaren oinarrizko elementuak, airea, ura, lurzorua eta biodibertsitatea, errespetatzea eta zaintzea, eskakizun etiko eta moralaz gain behar existentziala da. Horien arrazoizko ustiaketa sostengarritik baino ez dugu lortuko etorkizun zoriontsua. Horretarako, ezinbestekoa da ustiapen sostengarria egiteaz gain, horien kontsumotik sortutako kutsadura eta hondakinak kontrolatzea, eta halaber, eragindako kalteak gutxitu eta ahal den neurrian konpontzeko neurriak ezartzea. Mezu honek argia izan behar du administrazioek onartu eta araututako jarduera guztietarako. Jarduera horiek ekarritako onurei beti lotu beharko litzaizkieke eragindako kalteak, eta horiekiko konpentsazio-neurriak eskatu. Ezin dugu jarraitu gutxi batzuentzako aberastasunak eragindako ingurumen-kalteak guztion artean ordaintzen konpentsazio-neurriak aurretik ez ezartzeagatik.

4


Lurzoruaren galerari eta natur guneen zaintzari dagokionean, Foru Aldundiak, gainerako administrazioek bezala, irizpide zorrotzak izan beharko lituzke. Azken urteotan izugarri emendatu da han eta hemen lurzoruaren okupazioa. Zenbaitetan ezinbestekoa izango zen, baina sarritan zarrastelkeri hutsez jokatu dela dirudi. Ikusi besterik ez dago landa lurren birkalifikazioaren ondorioz egindako zenbat eta zenbat etxebizitza dagoen hutsik han eta hemen, edo zenbat eta zenbat azpiegitura egin diren erabilera zalantzazkoa izanda ere. Edo nola kudeatu diren jabego publikoko lursailak nekazal industriaren mesedetan (baso landaketen eta nekazal ustiapen industrialen bidez). Honen guztiaren aurrean, eskakizun argi hauek egiten ditugu: -

Babestutako eremuetan bioaniztasunaren kontserbazioa lehenestea. Eremu horien bokazio nagusia erretserba-eremuena izan beharko luke, ahalik eta interbentzio gutxienak eginaz. Euren dinamika naturalak errespetatu eta funtzionamendu naturalera eraman beharko lirateke, mehatxupean dauden espezie edo habitatak indartzeko interbentzioak baino ez lirateke hobetsi behar.

-

Honek, eremu horietako jabego pribatuko lurjabeei nolabaiteko konpentsazioak eskaintzea suposatuko luke kasu askotan. Eremu horiekiko lehentasunak finkatu beharko lirateke.

-

Ehiza eta arrantza erabat galaraztea babestutako eremuetan.

-

Animalia zein landare babestguneetan.

-

Basa bizitzaren merkaturatzea (perretxikoak, landareak, kirol arrantzatik eskuratutako arrainak‌) erabat galaraztea.

-

Edozein jarduera baimentzerakoan, natur baliabideengan eragiten dituen kalteak ondo identifikatu eta behar bezala zenbatzea, eragindako kalteen behar bezalako konpentsazio-neurriak eskatzeko.

-

Jabego publikokoak diren lursailak habitat eta espezieen kontserbazio egoera babesteko edo berreskuratzeko erabiltzea eta, hauetan zein esku pribatuetan dauden lursailetan ere, modu honetako ekimenak bultzatu eta suspertzea.

-

Landa lurrak birkalifikatzeko, edota landa lurretan jarduera burutzeko baimenik ez ematea, arrazoizko erabilerarik ematen ez zaien okupatutako lurrak dituzten herriei (etxebizitza hutsekin, baztertutako eta jarduerarik gabe dauden industria-guneekin, urbanizatu ondoren erabilerarik ematen ez zaien eremuekin etab.). Irizpide hau ez litzateke nekazal jardueretarako aplikatuko.

-

Udalerrietan eremu berrien sorkuntza sustatzea eta ahaleginak egitea inguruko herrietan dituztenekin koordinatzeko.

-

Halaber, lurjabe pribatuei naturaren babeserako konpromisoak hartzen eta eremu horiek bioaniztasunaren kontserbaziorako erabiltzearen aldeko jarrerak sustatzeko lan egitea (horretarako Foru Aldundiak berak eredu beharko lukeela izan kontuan hartuz).

exotikoen

–aloktonoen-

sarrera

debekatzea

5


-

Biodibertsitatea babestearen aurkako edozein basogintza eta nekazaritza jarduerei eta moldeei diru-laguntzak kentzea eta fiskalki grabatzea. Egun dauden honelako jarduerak eraldatzen laguntzea teknikoki, diruz eta fiskalki. Eta alderantziz, biodibertsitatearekin osagarriak diren edota babesten duten basogintza eta nekazaritza jarduerak diruz eta fiskalki laguntzea.

-

Jarduera pribatua mugatuko duen eta lurra zein biodibertsitatea babestuko duen planeamendua gauzatzea eskualdeka edo udalerrika, udal bakoitzaren arau subsidiarioetan edo hirigintza plangintza orokorrean txertatzea. Honela, lur galera, erreken ekosistemaren osasuna, ziklo hidrikoaren kontrola, eta abar babestuko lirateke ingeniaritza lan garesti eta alperrikakoak erabili gabe.

Zerrenda honen azken puntuak Foru Aldundiak egun ez duen dirutza eskatuko luke. Garaia da horrelako ekimenetarako dirua iturri pribatuetatik eskuratzeko. Esaterako, jarduera-baimenetatik, naturan eragindako kalteen ondoriozko konpentsazio neurrietatik etab. Gurea bezain herri industrializatuak aspaldidanik jorratuak behar zituen bide hauek.

4. LURRALDEAREN KOHESIOA Esapide hori entzun hutsarekin garraiobideak eta hiri-herrixken antolaketa etortzen zaigu burura. Gizakiaren onurarako egindako azpiegiturak, noski, antropozentrismo itsuenaren ondorio. Baina, eta basa bizitza? Noizko basa-bizitzaren kontserbazioa ahalbidetuko duten habitat-en antolaketa eta horien arteko kohesioa bermatuko duten planak? Eremu naturalak gero eta isolatuagoak dauzkagu, eta ondorioz, baita horietan bizi den basabizitza ere. Azken urteotan egindako azpiegitura handiek kinka larrian jarri dute espezie askoren biziraupena beraien habitaten zatiketaren eraginez. Bestalde, babestutako natur eremuen artean ere ez dago lotura argirik. Hauek ere irla bihurtzen ari dira, eta bertako habitaten azalera agian ez da nahikoa izango hainbat espezieren biziraupena bermatzeko. Honen aurrean, jarraitu beharreko irizpideak hauek izan beharko lukete: -

Babestutako eremuetan arteko loturak bilatzea, batzuetatik bestera iristeko korridore naturalak osatuz.

-

Hirigunea eta landa-guneen artean azpiegitura berdeak sortu eta osatzea.

-

Basa-bizitzaren mugikortasun-sare garbia izatea. Gipuzkoa barruan mugitzeko garraiabide sarea osatu den bezala, basabizitzaren mugikortasunahalmena mailarik gorenera eramango duen korridore-sarea behar dugu. Errepide-sarea bezala, oso argi izan behar genuke guztiok Gipuzkoako korridore ekologikoen sarea, beti ere babestutako eremuen artean faunaren mugikortasuna eta paisai naturalaren kohesioa bermatzen duen sarea bezala ulertuta.

6


Itsasertzean eta itsas barrenean babestutako eremuen sorrera sustatzea Itsasoko Natura 2000 Sarea osatzeko. Euskal Herriko naturaren Kontserbaziorako politiketan ez da itsasoa kontuan hartu gaurdaino, badirudi ez dugula kontuan hartu nahi. Baina, itsasoko bioaniztasuna lehorrekoa bezain mehatxatua dago, eta eremu zabal horrekiko ere hasi beharko genuke sentsibilizatzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak gure kostaldeko eta itsasoko bioaniztasuna kontserbatzeko plangintza garatu beharko luke, eta hasteko, hor dago Jaizkibel-Ulia Itsas Erreserbaren izendapen eskaera.

-

Honek guztiak esfortzu handia eskatzen du, baina plangintza mailako esfortzua, administrazioari dagokion lana.

5. BASABIZITZAREN BABESERAKO LEGEDIAREN GAUZATZEA Europar Batasuna duela urte asko hasi zen basabizitzaren babeserako legedia garatzen. Horren harira, eta estatuko legediarekin bat, EAEn ere duela hainbat urte onartu ziren helburu bera duten legeak (ekainaren 30eko 16/1994 legea kasu). Bide beretik, Eusko Jaurlaritzak hainbat plangintza onartu ditu, 2009an onartutako Euskadiko Biodibertsitatearen Estrategiari (2009-2014). Baina, horiek guztiek ez dute bioaniztasunaren eta habitat naturalen galera saihestu. Horren adibide dira gero eta luzeagoak egiten ari diren arriskuan dauden landare edo animalien zerrendak. Hauek dira Europar Batasunak biodibertsitatearen galera erabat gelditzeko asmoz 2020. urterako Biodibertsitatearen Europar Estrategian xedatu dituen helburu nagusiak: -

Hegaztien eta Habitaten Arteztarauak bere osotasunean aplikatzea. Ekosistemak eta beraien zerbitzuak zaindu eta berreskuratzea. Nekazaritzak eta basogintzak biodibertsitatea zaintzeko eta hobetzeko eskaintzen duten laguntza areagotzea. Arrantzarako baliabideen ustiapena iraunkortzea. Espezie exotiko inbaditzaileen aurka borrokatzea. Mundu guztian biodibertsitatearen galera eragozteko asmoz, EBak duen lankidetza emendatzea.

Horrela zerrendatuta asmo ederrak baino ez dira. Asmoak helburu bihurtzeko plangintza zehatzak behar dira, eta Europar Batasunak egin duen bezala, epe ertain eta luzerakoak. Sei helburu horietarako, gutxienez 2020. urte bitartean plangintza zehatzak egiteko garai aproposean gaude. Badirudi Foru Aldundian momentu honetan ez dagoela dirurik ezertarako. Beraz, momentu egokia dirudi dirua dagoenerako plangintza zehatzak prestatzeko. Foru Aldundiari eskatzen diogu Biodibertsitatearen Europar Estrategian finkatutako lerro nagusi horiek Gipuzkoako Lurraldean gauzatzeko plangintza zehatzak, eta denboran mugatuak egitea. Hau guztia ere plangintza mailako jarduera litzateke, beraz Foru Aldunditik garatu daitekeena.

7


Plan horiek gauzatzeko beharrezko diruarekiko gizartea kontzientziatu beharko litzateke, dirurik ez egoteak justifikatzen baitu beti kontserbazioaren alde ezer ere ezin egin izatea. Baina, lan horrek zentzua izateko administrazioak bere ahalegina argi erakutsi behar du, baita plan horiek gauzatzeko borondate argia hain zuzen.

6. ITSASOAREN USTIAPEN JASANGARRIA BERMATUKO DUEN ARRANTZAPOLITIKA Gaur egungo arrantza politikak egoera larrira eramaten ari dira espezie komertzial gehienak, eta hori gutxi balitz, horien arrantza gainerako espezieengan, eta oro har, itsas ekosistema guztietan itzulezina izan daitekeen kaltea eragiten ari da. Arrantza-politika errotik aldatu behar delakoan gaude, bai arrantza profesionalari begira eta baita kirol arrantzari begira ere. Ondarroa 12 milia bezalako ekimena (http://www.wix.com/salva0/ondarroa12milla) egoera hori aldatzeko proposamen berria da. Ekimen hau jendarteratu eta alor honetan bizi dugun egoera larriaz kontzientziatzea urgentziazko zeregina da, nahiz eta alor hau Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa izan. Administrazioen arteko dialogoa ezinbestekoa da honetarako ere. Ziur, Ondarroa 12 milia ekimeneko partaideak prest agertuko liratekeela bide honetan laguntzeko.

Hauxe eskaera: -

Aldundiak Ondarroa 12 milia ekimenarekin edo honen helburuekin bat egin eta beste administrazioak berdin jokatzera bultzatzea edo/eta sustatzea.

7. PAISAIAREN KUDEAKETA JASANGARRIA Egun dugun paisaia nekazari eta abeltzainen jarduerari zor diogu hein handi batean. Historian zehar erabat aldatuz joan den paisaia da gurea, erabat naturala eta primigeneoa izatetik guztiz eraldatua izateraino. Baina euskaldun gehienok badugu nahiko erraz identifikatzen dugun paisaia-mota bukolikoa buruan, eta bere horretan bioaniztasunaren kontserbaziorako irudirik ederrenak dira horiek: mendian, baso naturalek, sastrakadiek, belardiek, soroek eta baserriek osatutako mosaiko itxurako paisajea. Kostaldean itsasontzi txikiez, sare-josleez eta arrainkaxak lekualdatzen dituzten arrantzaleez jositako portuak osatutakoa. Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza-jarduera estentsiboek eragindako paisaiak dira horiek. Lehen sektorea industrializatu aurretikoak. Eredu hauen bidetik bakarrik uztartu ahalko ditugu nekazaritza/abeltzainta eta arrantza bioaniztasunaren kontserbazioarekin. Azken urteotan administrazioak berak diru laguntzen bidez bultzatu dituen zuhaitz-landaketak, abere-granja handiak, negutegi-soro erraldoiak eta arrantzontzi teknologizatuak izugarrizko kalteak eragiten ari dira paisajean ez ezik, bioaniztasunean.

8


Bide horretan, lurrari lotutako nekazaritza politika sustatu eta indartu behar du Aldundiak, hainbat zenbait erakundetatik eskatzen ari diren bezala, paisaiaren eta bioaniztasunaren mantentze naiz berreskurapenaren oinarrietako bat izanik. Honek hausnarketa sakona merezi du, jakinik oso zabala litzatekeen eztabaida irekiko duela, baina natur kontserbazioari begira gutxieneko neurriak hartu beharko lirateke: -

Natura ingurunearekin bateragarriak diren jarduera ekonomikoak bultzatzea, nekazaritza sozial/familiartekoa, balio natural handiko nekazal sistemak, kudeaketa modu iraunkorrak, bide laburreko merkaturatzeak eta europar mailan Natura babesteko dagoen legedia betetzea indartuko dutenak, batez ere, Hegazti eta Habitaten Arteztarauak eta Uraren Orotariko Arteztaraua.

-

Eguneko arrantzaren aldeko apustua egitea, Ondarroa 12 milia ekimenean definitzen den kudeaketa-modua sustatuz. Arrantzaren merkaturatzean, guztiona den baliabide baten ustiapenak eragindako kalteak, industria honetako interesen aurretik lehenetsi beharko lirateke, eta horren araberako merkaturatze-sistema arautu. Ezin dugu kinka larrira eramandako espezieak inolako balio erantsirik gabe saltzen jarraitu, antxoaren kasuan bezala.

Hau guztia sektore horietarako diseinatu diren politikekin kontrajarrita dago erabat. Baina, mugimendu ekologistaren parte diren eragileen laguntza paregabea suerta daiteke bide honetan, eta gizartean lurrari eta ziklo naturalei lotutako elikagaien eskaera indartzen ari da. Gure aldeko haizeak datozela dirudi‌.

8. INGURUMEN HEZIKETA Eskolan aspaldidanik lantzen ari den arloa da hau. Ekimen solteen bidez hasieran, eta Eusko Jaurlaritzako CEIDA bezalako baliabideekin eta Eskolako Agenda 21a bezalako programen laguntzaz egun, lan garrantzitsua egiten ari dira administrazio ezberdinak alor honetan. Haurrak, eta oro har gizartea hezi ezean zaila izango da gure mezuak behar bezala irisaraztea. Ez dugu ahaztu behar gure bizimodua dela egungo bioaniztasunaren galeraren eragile nagusia, eta horren kontzientzia hartzetik eta jarreren aldaketetatik baino ez da gauzatuko proposatzen dugun aldaketa. Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat bidetatik lagun dezake zeregin honetan: -

Babestutako eremuetan dituen ekipamenduetatik eskaintza erakargarri, zabalago eta koordinatuagoak eskainiz.

-

Gipuzkoako Foru Aldundiak naturgune babestuetan dituen heziketa ekipamenduak erabiliz biodibertsitatearen eta lurraldearen zaintzan herritarrak hezteko zeinak bolondres lan ikaragarria osa dezaketen.

-

Ikasleei zein herritarrei zabaldutako administrazio ezberdinekin elkarlanean).

-

Natur intereseko guneetan turismo masiboa saihestu kontserbazioarekiko errespetuzkoak diren jarrerak sustatuz.

kanpainak

bultzatuz

(beti

ere

eta

9


Bide honetan egindako lanak badira. Horiek aprobetxatu eta ekimen berrietarako dirua eskuratu beharko luke Foru Aldundiak. Kontzientziazio lan honek hainbat praktika txar eta zaintza arazo ekidingo dituela kontuan hartuz, diruz hornitzeko inbertsio moduan aurreikusi behar dira, urtero modu iraunkorrean mantenduz. Krisitik ateratzen garenerako‌. Egungo krisialdian lehentasuna ez bada ere, praktika txarrak fiskalki grabatuko balira diru-iturri egokia litzateke heziketan inbertitzeko.

9. PARTEHARTZE DEMOKRATIKOA Sarreran aipatu bezala, kultura demokratiko baten beharra daukagu. Natur taldeotako eta mugimendu ekologistetako kideok hamaika gatazketan murgilduta ikusi dugu gure burua behin eta berriro. Horregatik gutxietsiak ere izan gara sarritan, eta botereak mugimendu ekologista diskurtso tremendista eta hondatzaileekin erlazionatzeko joera izan du beti. Honen guztiaren arrazoietako bat kultura demokratikoaren gabezia da. Mugimendu ekologistak boterearen kontra egin behar izan du bere lana beti. Baldintzarik txarrenetan eta baliabiderik gabe jardun gara. Parte-hartze mahaietara deituak izan garenean aurrez egindako proiektuen iritzi-emaile baino ez gaituzte nahi izan, gehienetan erabakiak hartzeko inolako botererik gabe, eta plangintzak edo egitasmoak aldatzeko aukerarik ez zegoenean. Horren adibide dira, esaterako, Arkamurka Natur Elkarteak Pagoetako Parke Naturalaren kudeaketaren edo parke natural horretako Patronatuaren funtzionamenduaren harira Foru Aldundian bertan jarritako helegiteak edo Europaraino bidalitako salaketak. Bete adibide bat Ehizeko eta Arrantzako Lurralde Konseiluak dira, egun ez baitute Gipuzkoako gizartea ordezkatzen (beti interes jakin batzuen alde jardun dira). Honek guztiak errotik aldatu behar du. Babestutako eremuetan, eta eremu horietatik kanpo, gure ikuspegia helarazteko txokoa behar dugu gizartean, eta hori bideratzeko modua administrazioan. Ez inork baino arreta handiagoa eskaintzea merezi dugulako, baizik eta gure bokazioa eta langintza guztiona den, eta guztion etorkizuna baldintzatuko duen zereginera bideratzen dugulako: natur balioen kontserbaziora. Beraz, izan duguna baino begirune handiagoa eskatzea zilegi zaigu.

Horren inguruan, eskakizun zuzenak: -

Naturaren aldeko Herri Elkarte bat eraikitzea, bere babesa eta hobekuntzarako, instituzio ezberdinek eta herri elkarteek egin ditzaketen ekimenak gizarteratzeko. Herri Elkarte honetan Gipuzkoako biztanleria benetan ordezkatua egotea bermatu beharko litzateke, natur taldeak, ekologistak... kontuan hartuaz, eta lurralde mailako oreka ere mantenduz (osaketan eskualde ezberdinak ordezkatuta egonaz). Bertan, orain arte aipatutako kontuez gain, arrantza eta ehiza ere jorratuko lirateke.

10


- Natur gune babestuak kudeatzeko dauden Patronatuetan bertako eragile sozial guztiekin, tartean natur taldeak, gogotsu kolaboratzea eta, ez dituztenen kasuetan, eite bereko parte-hartzeko egituren sorrera bultzatzea, beraien kudeaketarako planetan ebazten diren ekimenak gauzatzearren. - Naturaren aldeko ekintza-talde berrien sorrera bultzatzea, bai herri mailan nahiz eskualdean. - Parte-hartze saioetara behin-betiko plangintzak eraman aurretik deitzea, eta parte hartze efektiboa diagnostiko fasetik izatea, ez emaitzaren eztabaidan txertatzea.

Eskutiz hau sinatzen duten 13 natur talde edota talde ekologistak:

Arkamurka Natur Elkartea (Zarautz) Zumaiako Natur Taldea Katamarrue Natur Taldea (Zestoa) ERKAXO Natur Taldea (Azpeitia) Deba-Mutriku Natur Taldea Herrio Natur Taldea (Orio) Haritzalde Natur Elkartea (Donostia) Itsas Enara Ornitologia Elkartea Eguzki Talde Ekologista Ekologistak Martxan Ondarroa 12 milia ekimena

11

I. txostena - Kontserbazio irizpideak  

I. txostena - Kontserbazio irizpideak

Read more
Read more
Similar to
Popular now
Just for you