Page 12

Alboetan eta larrainaren ertzetan metatu eta prestaturiko enbor eta ezpal handi - lodienak edo motzondoen zatiak piramide-gorputzaren ingurutik kokatzen eta plegatzen hasten ginen, baina ez egurtegian bezala bertikalki, horizontalki baizik. Horizontalki eta piramide-gorputzaren alboko aurpegiek ematen ziguten inklinazioa errespetatuz, malda nabarmena izan ez zedin. Prozesu honi “txondorra kargatzea” generitzen (3). Lehengo geruza edo pisua jarrita, erditik bigarrena jartzen genuen arretaz lehenengoa zapaltzean desegin ez zedin, eta horrela itxi arte txondorrak kono baten itxura eduki behar izaten zuela ahaztu gabe geruzak gero eta txikiagoak baitziren. Txondorra estaltzen zen belar lehorrez edo orbelez; “manta” jartzen zitzaion. Oinarriaren inguruetatik zotalak edota soropilak (10-15 cm-ko altuera hartuz) jartzen ziren manta lurreraino ez jaistearren(5).

Manta (6) iduriz edo lurraz estaltzen genuen. Mantak iduria ez sartzeko balio zuen, eta iduriak txondorra arnas har zezan. Bitartean, alboko sute txiki bat geneukan piztuta eta txingarrak eginak (9). Aurrez aurre prestaturiko eskailera (8) erabiliz txondorraren ahoraino igotzen ginez. Eta astiro eta emeki alkatea ateratzen genuen; nasai zegoenez geuk bribatu edo inguruetarako mugimenduak egin gabe, indarra oinarriaren elkarzuta izanez, tximinia edo sutokia libre gera zedin. Pala edota galdera zahar bat erabiliz txingarrak behin eta berriz igotzen eta ahotik sartzen genituen. Aldi berean, oinarrian jarritako zotalak alboratzen genituen airea sar zedin eta oinarriko piramide-gorputza ondo suak har zezan “ txondorra sutzea”. Txondorra sutu ostean, alboratutako zotalak berriro jartzen ziren. Gure kasuan, sua erdigunetik kanpoalderantz abiatzen zen. Oso garrantzitsua zen egostea eta ez erretzea. Egurra egosi behar zen, eta prozesua ondo zihoala jakiteko isurtzen zen keari begiratu baino ez genuen egin behar. Sugarrak agertzekotan, erretzean zelako berri edukitzen genuen, eta egoste-prozesuari jarraipena emateko asmoz iduri bota behar genuen gune horretatik. Kerik ez agertzekotan (prozesua amaitutzat hartu baino lehen), aireratu behar genuen txondorra zola-zati edo soropilo batzuk alboratuz. Sua berpiztu ondoren, berriro jartzen ziren eta egosteko prozesuak isilik jarraitzen zuen. Leku batzuetan, ziri-zuloak egiten ziren aireratzeko prozesua (4).

Gurdia 33  

Revista del Museo Etnográfico de Artziniega

Gurdia 33  

Revista del Museo Etnográfico de Artziniega

Advertisement