Issuu on Google+

ELKARRIZKETA Lurdes Berasategi, Lezo herri eskolako irakasle esperientziaduna dugu gurekin, eta gaurkoan bere karrera profesionalaz mintzatuko zaigu, hau da, irakaskuntzaz. 30 urte lanean pasa ostean, milaka eta milaka kontu baititu kontatzeko. 1.- Zenbat urte daramatzazu irakaskuntzan? Zertan lagundu dizute urte guzti hauek? 30 urte inguru daramazkit irakaskuntzan, eta nik uste eskarmentuak asko lagundu didala urte guzti hauetan. Eskarmentuak arazoei aurre egiten irakasten dizu, egoera gehienak jada ezagutzen dituzulako. Badira egoera berriak ere, baina esperientziaduna baldin bazara errazagoa egiten zaizu arazoei aurre egitea. 2.- Zergatik aukeratu zenuen irakasle izatea? Kasualitate hutsa izan zen. Hasiera batean, institutua bukatutakoan, ez neukan garbi zer egin behar nuen. Arte ederretan eman nuen izena bai Bartzelonan eta baita Bilbon ere eta bietan hartu ninduten. Azken momentuan, ordea, ez dakit oso ongi zergatik, baliteke lagun gehienak irakasle eskolan matrikulatu zirelako edo, baina izena eman nuen nik ere bai. 3.- Zeintzuk dira irakaskuntza arloan gustatzen zaizkizu bi gauza? Eta gustatzen ez zaizkizun beste bi? Niretzat garrantzitsuena umeekin egotea da, asko gustatzen zait. Hasiera batean ez nekien gustura sentituko nintzen ala ez, baina denboraren poderioz frogatu dut asko gustatzen zaidala umeekin aritzea, bizi poza ematen dute. Horrez gain ere, garrantzitsua da konturatzea zerbait ikasten ari direla. Azalpen bat ematerakoan argi eta garbi ikusten da hori: harridura aurpegia jartzen dutenean ez dute ezer ulertu, baina azalpen on bat ematen duzunean denek bai,bai‌ esaten dute. Izugarria da hori. Irakasleen artean asko aipatzen da baita ere gurasoen gaia. Zailagoa da gurasoekin aritzea haurrekin baino, presioa handia delako eta, bestetik, exijentzia maila ere igo delako gaur egun. Batetik, hori ona da, gurasoek ere euren seme-alaben ikasteprozesuaz jakin nahi dutelako eta guk ere eurekin harremana izan behar dugulako, baina egia da ere zenbaitetan gure lanean sartzen direla eurak maisu/ maistrak balira bezala. Pedagogiaz mundu guztiak daki, hortaz, batzuetan, zure profesionaltasuna kolokan geratzen da.


4.- Irakasle izan ez bazina, zein lanbide aukeratuko zenuke? Lehen esan bezala, artearekin zerikusia duen zerbait ikasi nahi nuen, batez ere, marraztea asko gustatzen zitzaidalako. Egia esan ez nekien nondik hasi, eta beno ba seguru aski museo bateko arduraduna izango nintzen, ala harreran egoten dena‌ Horrez gain, asko gustatzen zitzaidan altzarien mundua, artelanak berreskuratzearena etbar. Beti buruan izan dut hori, baina gehienbat hobby gisa. 5.- Irakasle on batek nolakoa izan beharko luke zure ustetan? Egia esan ez dakit zer den irakasle on bat izatea, baina ikasleak segituan konturatzen dira hortaz, adibidez, entzuten dituzun komentarioengatik, gurasoek komentatzen dutenagatik‌ segidan konturatzen zara ea ondo ari zaren ala ez. Beste aldetik, niretzat oso garrantzitsua da ikasleak ondo tratatzea eta eurekiko begirunea izatea, baita eurak zurekiko ere, jakina. Joera daukagu maila altukoak balira bezala tratatzeko, eta ez gara berdinak, baina hala eta guztiz ere, begirunea oso inportantea da. Irakasle ona izateko funtzio hori bete beharra dago nahitaez. Ezagutza asko izan dezakezu, baina ondoren ez badakizu umeak nola tratatu ez zara irakasle on bat izango, nire ustez. 6.- Zer gomendatuko zenion maistra izan nahi duen pertsona bati? Animatzeko je je. Maisu/maistrak behar dira gaur egun ere, eta esango nieke ilusioa ez galtzeko. Hasieran ez duzu jakingo zure lanarekin asmatu duzun ala ez, baina freskotasuna, ilusioa eta gauzak egiteko gogoa ez dira galdu behar. 7.- Zure ustez, irakasle formazioan (magisteritzan) zer da ikasten ez den zerbait eta ikasi beharko litzatekeena? Gaur egun ez dakit nola egongo den irakasle-eskola, baina nire garaian arlorik ahulena didaktikarena zen, hau da, teoria asko ematen zen eta gero, bai pedagogian eta bai didaktikan, gehienbat, hutsunea sumatzen zen. Zuk gauza asko jakin ditzakezu, baina gero nola esplikatu, espazioan nola jarri‌ ez badakizu, adibidez, binaka edo taldeka edo modu desberdinetan, nola hurbildu beraiengana... aspektu batzuetan hutsune bat duzula nabaritzen duzu. Nola eman klase bat da nire garaian falta zena, orain ez dakit, zuek hobeto ezagutuko duzue hori. 8.- Zer da bilatzen duzuna zure egunerokotasunean ikastetxean? Ez dut ezer berezirik bilatzen, baina ni egunero saiatzen naiz umore onez joaten lanera. Gehienetan lortzen dut, gertatzen dena da batzuetan eguna umore onez bukatzen dudala eta beste batzuetan ez je je. Nik bilatzen dudana egun on bat pasatzea da umeekin eta kideekin, baina umeekin gehienbat.

Lezo herri eskola, Lurdesek lan egiten duen eskola


9.- Nolakoa uste duzu izan behar duela irakasle-ikasle harremanak? Zure ustez, zer rol betetzen duzu? Zergatik? Nire rola maistrarena da. Nik badakit ez naizela ez beraien ama, ezta beraien laguna ere. Gertatzen dena da jakin behar dela ere lagunarena eta amarena egiten, baina jakina, nire rola maistrarena da. Batzuetan euren ondoan egon behar da, eta beste batzuetan urrundu eta zorrotzago jarri behar da. 10.- Zeintzuk dira irakasle bezala dituzun puntu indartsuak, ahulak edo hobetu beharrekoak? Lehen esan dizuedan bezalaxe, niretzat indartsuena umeen arloa da. Nik badakit umeekin nola egon, nola aritu eta nola irakatsi. Niretzat hori arlorik errazena da. Huts egin dezaket, baina ez hainbeste. Berriz, punturik ahulena izan liteke maisu/ maistrok uste dugula dena dakigula eta ez dakigu ikasleei entzuten, ez ditugu kontuan hartzen beraien iritziak. Kontuan hartzen badituzu, soilik azaletik izaten da. Orduan, ikasleei apaltasunez entzuten ikasi behar dugu, askotan gauza asko eskaini ditzakete-eta. 11-Zein izan da zure irakasle bizitzan bizi izandako gauzarik politena eta egoerarik zailena? Nola gainditu duzu egoera zail hori? Gauzarik politenak asko daude, imajinatuko duzuen moduan hainbeste denboran asko daude, baina azpimarratuko nuke, adibidez, ikasle ohiak zutaz gogoratzen direnean eta kalean ikusten nautenean nola hurbiltzen diren agurtzera. Hala ere, gauza politak denetik izan dira, beste adibide bat, esate baterako, alde egiten dutenean normalean idazkiak, opariak, argazkiak, besarkada goxoak‌ ematen dizkizute, eta hori ere oso momentu berezia da. Zailak ere badira, noski, eta oso gogorrak. Orain buruan pare bat ditut: Batetik, epaiketa batera joan behar izan nuenean lekuko bezala aita batek tratu txarrak ematen zizkiolako bere semeari. Oso gogorra izan zen zeren eta ez nekien nola lagundu ikasleari, eta egia esan ez dakit asko lagundu nion ere, uste dut ezetz. Bestetik, ama bati bere bi alabak kendu zizkiotenean ni aurrean nengoela. Ertzaintza etorri zen eskolara, eta ama, eskolako zuzendaria eta hirurok bertan ginela bi umeak eraman zituzten. Nesken eta amaren negarrak oraindik ere gogoratzen ditut. Oso oso gogorra da. Amak momentu hartan ezin zien egoki erantzun alaben beharrei eta kendu egin zizkioten, baina beno, berak hori nahi zuen zeren eta ez zekien zer egin. 12.- Nola egiten duzu zure ikasleak ebaluatzeko? Eta zu ebaluatzeko? Horrek grazia egiten dit, zeren ebaluazio hitza asko erabiltzen da eskoletan. Denetik egiten da. Eskola hasieran, adibidez, ebaluazio saioak egiten dira kideekin, umeen berri izateko, hau da, nolakoak diren, aurreko urteetan nola ibili diren‌ informazio trukaketa bat egiten da. Asko aipatzen da eskolan ere ebaluazio jarraitua. Hori txikiekin aplikatzen da batik bat. Egunero ikusten dituzu eta badakizu nola dabiltzan bai jarreran, bai ohituretan eta baita ikaste-prozesuan ere, hau da, behaketak egiten dira eta notak jartzen dira. Handiagoak direnean, 4.mailatik aurrera, betiko frogak egiten


dira eta hor ikusten dituzu emaitzak. Taldeko lanak ere asko egiten dira, eta hauek normalean ahozko azalpen baten bidez ebaluatzen dira. Denetarik dago. Gaur egun eskolan ere bikoteka lan asko egiten da. Batak besteari zuzentzen dio eta bestea ebaluatzen du. Denon arteko ebaluazioak ere egin izan ditugu, adibidez, ekoizpen anonimo bat arbelean idatziz eta denen artean ebaluatuz. Nire burua ebaluatzeko, onartu beharra daukat zorrotza naizela eta askotan galdetzen diot nire buruari ea ondo aritu naizen ala ez. Kideon artean bilerak egiten ditugunean hau guztia konpartitzen dugu. Modu horretan jakin dezakegu batzuetan ere huts egiten dugula. Hala ere, azpimarratu nahi nuke ikasleei entzun behar zaiela, eta eurak ere segituan konturatzen dira ea zu ongi ari zaren ala ez. 13.- Zein mailatan izan zara irakasle eta zein da zure mailarik gustukoena? Maila guztietan ibili naiz. Ni gaztea nintzela handienekin egotea gustatzen zitzaidan, oso gustura egoten nintzen beraiekin. Gero, berriz, oposaketak egin nituen haur hezkuntzarako eta haur hezkuntzan lortu nuen plaza. Lan egiten nuen eskola hura itxi egin zen, eta beste eskola batean hasi nintzen lanean, 1. eta 2.mailan. Berriz beste eskola batera iritsi nintzen eta 3. eta 4.mailakoekin aritu nintzen lanean eta azken urte hauetan 3.zikloan aritu naiz. Nahiago ditut handiak, baina oraintxe bertan txikienekin ere joan beharko banuke, ez litzaidake gehiegi axolako ere. 14.- Baina ez al dute esaten 5. eta 6.mailako ikasleek hormonak pil-pilean dituztela jada? Bai bai je je hormonak nabaritzen zaizkie, baina urteekin hori guztia eramaten ere ikasten da. Handiekin izaten ditugun arazoak batik bat jarrerarekin erlazionatutakoak dira. Txikiekin ez duzu halakorik izaten normalean, baina neke fisikoa handiagoa da. Haur hezkuntzako irakasle askok arazoak izaten dituzu sorbaldekin, bizkarrarekin‌ Handienekin, ordea, zurekin edo beste irakasleekin arazoak baino, euren artean izan dituzte liskar gehien. Lirainak, isekak‌ nabariak izaten dira. Lehen ere gertatzen ziren, baina gaur egun kasu gehiago egiten zaio horri. 15.- Zer moduzkoa da irakasle-guraso harremana? Egia esango dizuet. Ni hasi nintzenean harreman hori ez zen existitzen, edo oso azalekoa zen. Bilera orokorrak egiten ziren eta arazoren bat baldin bazegoen deitu eta beraiekin biltzen zinen. Gaur egun, berriz, beste mota bateko harremana dago. Nik esango nuke harremana sendoagoa eta hobea dela, baina horrek ere desadostasunak ekartzen ditu batzuetan. Ikasturte hasieran bilera orokorra egiten da guraso guztiekin elkar ezagutzeko, ondoren banakako bilerak ere egiten dira ikasturtean zehar eta zenbait kasutan, behar den guztietan. Bukaeran ere egin izan ohi dira, hau da, etapaz aldatzen direnean edota institutura joango direnean etbar. Txikienekin aharik eta estuagoak dira harremanak, egunero-egunero laguntzen baitituzte seme-alabak eskolara eta orduan andereùo beti egoten da hor eta beti hitz egiten duzu beraiekin.


Handiagoak direnean agian ez da hain harreman zuzena izaten, baina saiatzen gara harreman sendoa izaten. Oso garrantzitsua da gurasoekin harremana izatea. 16.- Zure ustez, gurasoek zenbateraino hartu behar dute esku haien seme-alaben ikasketa prozesuan? Gurasoak prozesu horretan funtsezkoak dira. Hasieratik bukaeraraino hartu behar dute parte. Baina ez bere ikaste prozesuan bakarrik, baizik eta eskolako prozesu osoan. Hau da, eskolako komunitatearen parte sentitu behar dira. Horrela ez dira beraien seme-alabaz bakarrik arduratzen, baizik eta eskola honetan gauzak nola egiten diren ere ikusten dute. Hori garrantzitsu da, azken finean elkarlan bat da eta. Gainera, askotan material berezia ere ekartzea eskatzen zaie edo, baten batek lanbide oso berezia badu, suhiltzailea esaterako, gauzak kontatzera etortzeko esaten zaio. Horrez gain, norbait kanpotarra baldin bada eta errezeta berezi bat jakin nahi baldin badugu, hura ekartzeko esaten zaio. Horretan ere garrantzitsua da beraien parte hartzea. 17.- Irakasleak zenbateraino hartu behar du esku ikasleen arazo pertsonaletan? Hori ez dakit, egia esan. Beraiek uzten dizuteneraino, eta batzuetan bakarrik uzten dizute. Zuk arazoak daudela ikusten duzunean, hurbildu , hitz eginez betiere, eta gauzak kontatzen badizkizute, zu laguntzen saiatzen zara. Beste batzuetan berriz, itxi egiten dira eta ezin duzu gauza handirik egin. Baina bai sumatzen dai zerbait dutela, eta askotan ez dira askatzen. Hori gertatzen denean, beste profesional batzuk parte hartu behar dute. Kasu horietan, zuk arazoren bat detektatu dezakezu, baina ez zara beraien bizitza pribatuan sartuko. Hori egin beharrean, haurra beste profesional batengana deribatuko duzu: gizarte sozialetara, psikologo batengana edo medikuarengana. 18.- Teknologia berriei dagokionez, zer iritzi duzu? Nola bizi izan duzu teknologia berriak hezkuntzan txertatzearen aldaketa? Iraultza bat izan da, guretzat, eskoletan urteak daramatzagunentzat. Ni ikaskuntzan hasi nintzenean inork ez zekien ordenagailu bat zer zen ere ,eta eskolatan pixkanaka sartzen hasi ziren, gutxi bazeuden ere. Ni hasiera batetik formazioa jasotzen saiatu naiz. Niri eta beste batzuei pixka bat berandu harrapatu gaitu egia esan, baina formazioa beti jaso izan dugu. Ni ongi moldatzen naizela esan dezaket. Gainera, nik uste dut, teknologia berrien istorioa itzulerarik gabeko bidea dela. Ezin diogu eskolan ezetz esan, gizartean erabat txertatua dagoelako. Gaur egun, mundu guztia dago mundu horretan murgilduta. Beraz, eskola ere horretan sartu behar da derrigorrez. Eta guk formatu behar dugu, jakina.


19.- Teknologia berriek benetako hobekuntza dakartzatela uste al duzu? Oraindik ez dakigu nolakoa izango den. Bai, errekurtsoak jarri dira, baina oraindik asko falta da didaktika mailan. Material digital asko dago, baina hainbeste dago, hain da zabala eskaintza, non askotan ez dakigun zein aukeratu edo nola eman. Batzuetan zalantza izaten duzu ea haurrak idazten eta irakurtzen ahaztuko diren. Baina, hala ere, teknologia berriak ikasgelan sartu behar ditugu, ikasgelaren egunerokotasunean alegia. Nik uste dut gauza asko egin daitezkeela, lehenago egin ezin zirenak. Eta horretan dabiltza. 20- Informazioa eskuragarriago daukate teknologia berriekin? Gertatzen dena da, Googleen edo bilatzaile batean sartzerakoan erantzun pila aurkitzen dituzula. Ikasleei ere gertatzen zaie. Eskaintza oso zabala da eta gure lana hori mugatzea da. Beraz, hori ere beste ikaste bat da. 20.- Zer nahiago duzu esperientziadun jendearekin lan egin edo irakasle berriekin? Irakasle berriekin jakina. Jada adin jakin bat daukat, eta inguru guztia nire adinekoa dela konturatzen naiz. Badira gazteagoak edo pixka bat zaharragoak, baina denak gara berrogei urtetik gorakoak. Hori dela eta, ordezkapenak egiten direnean eta jende gaztea etortzen denean, denok pozik jartzen gara. Adibidez, heziketa fisikoko irakaslea mutil gaztea denean, emakume guztiak zoratzen egoten gara. Oraindik freskotasuna eta ilusioa badutela konturatzen zara, fresko-fresko etortzen baitira. Nik jakina nahiago dudala jende berriarekin lan egin. 21.- Nola moldatzen zara zure lankideekin? Garrantzitsua al da hori? Ba denetarik dago. Egun onak eta egun ez hain onak izaten ditut beraiekin. Eskolaren araberakoa da, eta jende kopuruaren arabera ere. Baina, kolektibo handietan bezala, mota guztietako jendea dago, eta beti daude desadostasunak. Zuek pentsa gaur egungo gauza gehienak eskolatan elkarrekin erabakitzen direla. Beraz, gaur egun zu ezin zara alde batetik joan eta ondokoa beste alde batetik. Hori egien baduzu, segituan, bai irakasleek eta bai gurasoek, koordinazioa falta dagoela sumatzen dute eta ildo berdinetik jarraitzeko exijituko dizute. Beraz, horrek batzuetan desadostasunak ekartzen ditu. Baina, badakizue, hemen maistren munduan denok arrazoia dugu, denok gara jakintsuak, denok dakigu zer egin behar den momentu zehatz batean. Hori dela eta, askotan ez gara konturatzen gauzak egiteko modu desberdinak daudela. Eta batzuek ez dituzte bi moduak onartzen, bakarra onartzen dute. Beraz, batzuetan zaila izaten da.

22.- Ikasleei dagokionez, noizbait izan al duzu kultura ezberdineko ikasle bat gelan? Nolakoa izan da esperientzia?


Bai. Gaur egun beste kulturetako ikasle asko dago. Gela guztietan baten bat dagoela esango nuke. Azken urte hauetan ez dira hainbeste etorri, baina duela hamar urtetik ona nabaria izan da ikasle horien etorrera. Asko ikasi dugu beraiekin ere. Esperientzia gogorra baino oso positiboa izan da. Hala ere, kasu guztiak ez dira berdinak. Ume gehienek bere motxila ekartzen dute. Gainera, kultura oso desberdina baldin bada, txokea oso handia da. Beraz, egokitze luzea behar dute. Gehienek gaizki pasatzen dute, eta guk hori ahalik eta arinen egiten lagundu behar diegu. Esperientziak esaten dit normalean urtebete edo bi urtetan jartzen direla besteen mailan. Ez hizkuntza mailan, baina kulturari, ohiturei eta lagunei egokitzen dira. Pixkanaka ikaste prozesuan ere aurreratzen joaten dira. Gainera, Hezkuntza Departamentuak, egia esan, azken urte hauetan ere zertxobait lagundu du. Horrelako jendearentzat irakasle berezi bat jarri du. Irakasle horiei I.P.I deitzen zaie. Hasieran, irakasle horrekin ikasle horiek ordu asko egoten dira. Zubi gela bat bezalakoa da Ikaslea babestuago egoteko, euskarari aurre egiteko eta euskara ezagutzeko ordu asko egoten da beraiekin. Gero, ume horiek gela arruntetara joaten dira eta hor prozesua normalizatu egiten da. Ikasle horiek, txikiak direnean, normalean oso arazo gutxi izaten dituzte eta segituan egokitzen dira. Baina, handiak direnean, zailagoa da. Hizkuntza ez dute ezagutzen, mila desberdina dute, jendearekin ez dira moldatzen, kolore eta kultura desberdina dute ... Prozesu horiek zailagoak eta luzeagoak izaten dira, eta emaitzak ez dira hain onak izaten. Horregatik, denetarik dago. 23.- Inoiz bizitu al duzu bullying kasuren bat? Hala bada, zer egin duzu? Bai. Bueno, guk izen horrekin duela gutxi ezagutu genuen. Guk, irakasleok, beti esaten dugu bullyinga bizitza osoan existitu izan dela, baina ez gara konturatu horri arreta gehiago ezarri behar diogula eta beraien arteko tratu txar horiek konpontzen saiatu behar garela. Eman ematen dira, gertatzen dena da lehenago ez genekiela horri nola aurre egin. Gaur egun, batzuetan ez dakigula esan dezakegu, baina bai prozesuan gaudela. Departamentutik laguntza jasotzen dugu, dokumentu asko eskuragarri ditugu, iradokizun teorikoak ere jasotzen ditugu ‌ Zaila da, gehienetan egoera horiek gelatik kanpo ematen baitira. Guretzat ere oso zaila izan da horri aurre egitea, gelan ez direlako horrelako jarrerak ikusten. Normalean guk ikusten ez ditugun espazioetan izaten dira, jolastokian, komunetan, korridoreetan‌ Beraz, bullyinga gertatzen den toki horietan behaketak egiten ere ikasi behar izan dugu. Kasurik gogorrena, oraindik bullying izenarekin ezagutzen ez zenean, neska batekin bizi izan nuen. Oso gogorra izan zen niretzat. Harrez geroztik mutilek eta neskek ez dutela bullyingarekin berdin jokatzen konturatu nintzen. Hau da, erasotzeko moduak desberdinak dira. Normalean mutilak oldartsuagoak izaten dira eta begi bistaz ikusten zaie , bai borroketan edo bai elkar jotzen dutenean. Baina, neskena isilagoa izaten da, sufrimendu asko eragiten duen horietako bat. Eta nik hori bizi izan nuen neska batengan. Egia esan, beti bezala, irakasleok ez ginen konturatu eta ez genuen hori ikusi. Baina, gurasoak gugana etorri


zirenean eta egoera azaldu zigutenean, larritasun handiko egoera zela konturatu ginen. Beraz, erasotzaileen gurasoei banan-banan deitu genien, gero taldeka hitz egin genuen haiekin eta azkenik ikasleekin ere aritu ginen. Ondo atera zen. Nesken koadrila hura puskatu egin zen, eta harrezkeroztik bi taldetan banatu ziren. Bakoitzak bere bidea hartu behar zuela ikusarazi genien behintzat. Eta lortu genuen. Baina oso gogorra izan zen guretzat, denontzat, irakasle guztientzat, gurasoentzat, eta erasotzaile eta biktimarentzat. 24- Zer iritzi duzu eskola txikiei buruz? Zer iruditzen zaizu adin desberdinetako haurrek elkarrekin ikastea? Eskola txikien egoera ez dut gertutik ezagutzen, baina betidanik entzun izan dut oso ondo funtzionatzen dutela. Ni haiek mantentzearen aldekoa naiz, nire ustetan adin desberdinetako haurrek asko laguntzen dutelako elkar. Irakasleok betidanik erabili izan ditugu beste ikasleak zailtasunak dituztenei laguntzeko. Eta ez hori bakarrik, elkarlana ere lantzeko. Beraz, ikasle handiek asko lagundu diezaiekete txikiei. Ezagutzen ditudan andere単o guztiek oso lagungarria dela esaten didate, eta ez dela inolaz ere urduritzeko egoera bat, alderantziz, errazagoa dela batzuetan. Eskola txikien egoera oso positiboa dela entzun izan dut beti. 25.- Estatu mailan, azken 30 urteetan zehar 4 hezkuntza erreforma jasan ditugu (70eko hamarkadan L.G.E., 90eko hamarkadan LOGSE, 2006an LOE eta 2013an LOMCE). Zer dela eta uste duzu hori gertatzen dela? Ba ez dakit, gobernu guztiek hezkuntza hobetu nahi dutela pentsatu nahi dut. Nik ez dakit lortzen den ala ez, eta gutxiago azken urte hauetan. Nik erreforma gehienak bizi izan ditut, eta beti aldaketaren aldekoa izan naiz, hezkuntzan gauza asko aldatu behar direlako oraindik. Hasi nintzenean, oso eskola desberdina ezagutu nuen. Eskolak itxiak, non ez zuten elkarrekin lan egiten. Irakasle batzuk diktaduraren garaikoak ziren, eta beraien ohiturak eta beraien aritzeko erak oso bortitzak ziren. Nik ez nuen horrelako jendearekin ezer ikusi beharrik. Pixkanaka erretiratzen joan ziren ala, jende gazteak ginenak, 80. hamarkadan, eskola asko aldatu genuela uste dut. Gauza asko aldatu genituen goitik behera. Seguruenik, gobernuko lege horiek guztiak ere hobera egin nahi zuten, eskola eta hezkuntza aldatuz. Zuen aitona-amonek bizi izan zuten eskola nolakoa zen pentsatzen baduzue, zuen gurasoek bizi zuten eskola irudikatzen baduzue eta zuek bizitzen ari zareten eskola ikusten baduzue, hobera joan dela ikusten da. Baina, nire ustetan, irakasleak ez dira formatzen lege berriak egiten direnean. Teoria asko ematen digute, formazio saio teoriko asko, baina praktikoak ez. Beraz, teoria asko praktikan jartzen saiatu izan gara, baina ez dugula nahi haina aldatu uste dugu. Azkeneko lege honi ez diogu kasurik egingo, eta guk geurearekin jarraituko dugu al izanez gero. Euskal Herriko hezkuntza bat eraikitzen ari gara. Azken lege hori bai izan dela atzerapauso bat.


26.- Zer iritzi duzu LOMCEren inguruan? Egia esaten badizuet, ez dut lege hori irakurtzeko batere gogorik. Eskolan guri gehienbat ukitzen diguten zenbait gauza eztabaidatu ditugu, eta azaletik pasatzen eta jazartzen digutena ez onartzen saiatuko gara. Adibidez, erlijioa eman beharraren gaia. Guk behin ere ez dugu horrelako arlorik eman, eta kanpotik ere ez dugu inor izan erlijioa emateko. Guretzat eskola laikoa da. Hala ere, erlijioak oso errespetagarriak dira noski, baina eskolatik kanpo egon behar dute. Gure ustez erlijioak ez du gobernu edo lege orokor baten babesik behar. Beste alde batetik, gure hizkuntza, euskara, dago. Nahiko zapalduta dago, nahiko gogorra da aurre horri egitea, eta niretzat, orain, gaztelania edo ingeleseko ordu gehiago ezartzeak ez du zentzurik. Euskara ez dago oraindik normalizatua gure gizartean. Ofiziala da, orain arte babestua egon da, baina gero praktikan hori ez dela egia ikusten da, ez dagoela batere normalizatua. Beraz, hori dena bukatu arte ezin gara hor sartu. 27.- Zer iruditzen zaizu gaur egun neska-mutilak ikasgela desberdinetan egotearen ideia? Hori astakeri galanta! Ez dakit hori nondik etorri den. Atzera joaten ari garela iruditzen zait, nire garaira. Diktadura garaian, institutura neska guztiak ate batetik sartzen ginen, eta beste atetik mutilak. Oso barregarria zen. Horrez gain, korridorearen alde batean nesken gelak zeuden, eta beste batean mutilen gelak. Baina noski, mutilek ahalegin guztiak egiten zituzten gure geletara etortzeko. Eta etortzen zirenean primeran pasatzen genuen. Hau da, gu banatzen saiatu ziren, eta gu elkartu egiten ginen. Geletan separaturik geunden, baina korridoreetan, jolastokian eta institututik kanpo elkarrekin ibiltzen ginen., Gainera, franko hil eta demokrazia ezarri zenean, denok beste istorio batean genbiltzan. Gobernukoek gizartean gertatzen ari zenaz konturatzen ez zirela ematen zuen, eta gazteekin gutxiago. Beraz, orain hori egin nahi dutela esatea ‌ Aitzakia “ neskak oso serioak dira eta hobeto ikasten dute bakarrik, eta mutilak ez dira hain serioakâ€? dela entzun dut. Baina zer tontakeri galanta. Hori debekatuta egon beharko luke, bai hori legez debekatuta! 28.- Zure ustez ingelesari garrantzia gehiago ematen al zaio euskarari baino? Ez dakit garrantzi gehiago ematen zaion ala ez. Badakit hori Departamentuak babestu nahi duela eta ingelesa sartu nahi duela modu kurrikularrean. Baina, egia esan, eskola publikoetan gehienbat, euskara ez da haurren ama hizkuntza , eta ez dute finkatua. Beraz, guretzat euskara finkatzea garrantzi handiagoko gauza da. Nik ingelesa bai sartuko nuke, baina hirugarren hizkuntza bezala. Guretzat goiz da oraindik ingelesa modu horretan sartzeko, eleanitz proiektua bezala. Ez zait gaizki iruditzen, nik ez dut oso garbi ikusten ere ezezkoaren zergatia. Baina, zenbait eskola publikotan, oraindik momentua ez dela uste dut. Urte batzuk pasa beharko dira. 29.- Non dago zure gailurra hezkuntza arloan?


Ba egia esan ez dut gailurrik. Nire ustez, erretiratzen naizenean, asko gustatu zaidan lan bat egin dudanaren inpresioa eduki beharra dut. Beti izango dut irakasteko joera. Eta gailurra ez dut oso altua jartzen. Nire egunerokotasunean hobetzea eta etortzen diren gauza berriei aurre egitea, besterik gabe.

Maialen Iribarren Leire Gutierrez 31-GA2


Lurdesi elkarrizketa