Page 1

ANTROPOLOGO

BAT

MARTEN

OLIVER SACKS

XABIER OLARRA LIZASO itzultzailea

ZIENTZIA IRAKURLE ORORENTZAT


Galarazita dago liburu honen kopia egitea, osoa nahiz zatikakoa, eta, halaber, informazioa berreskuratzeko baliabide mekaniko, fotokimiko, magnetiko, elektrooptiko edo fotokopiak erabiliz erregistratzea eta zabaltzea, jabeek aldez aurretik eta idatziz emandako baimenik gabe.

Liburu honek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza jaso du.

Diseinua eta azala: Antton Olariaga Fotokonposizioa: Ipar Koop. Elk. Particular de Zurbaran, 2-4 - 48007 Bilbao Š 1995, An Anthropologist on Mars Oliver Sacks. All rights reserved Š 2003, Antropologo bat Marten Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua ISBN: 84-8373-563-6 Lege gordailua: BI - 2831-03 Inprimatzea: Itxaropena, S.A. Araba Kalea, 45 - 20800 Zarautz (Gipuzkoa)


Danaren zioak ezagutzea, inolako gauza zalakoan nengoen: zer-nola gertarazten dan, zer-nola amaratzen dan, zer dala-ta dan, izan ere. Sokratesen hitzak, Jokin Zaitegiren arabera

ZIO ZIENTZIA IRAKURLE ORORENTZAT Iturri beretik sortuak dira literatura eta jakintza, eta elkarren urak bat eginik etorri zaizkigu, gutxi-asko, oraintsu arte. Izan ere, zer da bien jardunbidea, ez bada gauzen zioak bilatzeko saio atergabea? Azken mendeotan, ordea, ubide gero eta bereiziagoak eraiki dizkiegu zientziei eta letrei, eta aurkez aurke jarri ere bai inoiz biak, elkarren premia dutela ahazturik. Salbuespenak, haatik, ez dira falta. Aurreko ahalegin horien arrastotik, bere hondar alea ipini nahi du ZIO bilduma honek, jakintzaren ur ederrak euskaraz gozatzeko aukera emanez irakurle egarrituari.


HEMEN KONTATZEN DIREN HISTORIEN ERDIGUNE DIREN ZAZPIEI


Unibertsoa, iruditzen zaigun baino bitxiagoa ez ezik, irudika dezakegun baino bitxiagoa ere bada. J.B.S. HALDANE

Ez galdetu zer gaitz daukan pertsonak; gaitzak zer pertsona daukan galdetu. WILLIAM OSLER hark esana omen


AURKIBIDEA

ESKER ONA SARRERA KOLOREAREN IKUSMENA GALDU ZUEN MARGOLARIAREN HISTORIA

AZKEN HIPPYA KIRURGIALARI BATEN BIZIMODUA IKUSTEA ETA EZ IKUSTEA BERE AMETSEN PAISAIA MIRAGARRIAK ANTROPOLOGO BAT MARTEN BIBLIOGRAFIA HAUTATUA ERREFERENTZIAK AURKIBIDE ANALITIKOA BAIMENAK

13 17 25 59 91 119 159 189 239 287 299 311 323


ESKER ONA

LEHENBIZI, HISTORIA HAUEN erdigune direnei eman behar dizkiet eskerrak, bihotzez: «Jonathan», «Greg F.», «Carl Benett», «Virgil», Franco Magnani, Stephen Wiltshire eta Temple Grandini. Ezin kitatuko dudan zorra egina dut zazpiokin eta haien familia, lagun, mediku eta terapeutekin. Lankide berezi izan ditut: Bob Wasserman (elkarrekin idatzi genuen «Kolorearen ikusmena galdu zuen margolariaren historia»ren lehenbiziko bertsioa) eta Ralph Siegel (beste liburu batzuetan lankide izan dut); nolabaiteko talde bat osatu dugu Jonathan I.ren eta Virgilen kasuetan. Lagun eta ofiziokide askok eman didate informazioa, laguntza eta eztabaida ziztatzailea; hemen zerrendan eman ditzakedan baino gehiagok. Urtetako elkarrizketa hurbileko eta etengabean solaskide izan ditut horietako batzuk: Jerry Bruner eta Gerald Edelman, esaterako. Beste batzuekin, berriz, noizbehinkako iritzi-trukea eta gutun-harremana izan dut. Guztiek iradoki didate, hala ere, zerbait, aldez edo moldez. Horien artean: Ursula Bellugi, Peter Brook, Jerome Bruner, Elizabeth Chase, Patricia eta Paul Churchland, Joanne Cohen, Pietro Corsi, Francis Crick,Antonio eta Hanna Damasio, Merlin Donald, Freeman Dyson, Gerald Edelman, Carol Feldman, Shane Fistell, Allen Furbeck, Frances Futterman, Elkhonon Goldberg, Stephen Jay Gould, Richard Gregory, Kevin Halligan, Lowell Handler, Mickey Hart, Jay Itzkowitz, Helen Jones, Eric Korn, Deborah Lai, Skip eta Doris Lane, Sue Levi-Pearl, John MacGregor, John Marshall, Juan Martinez, Jonathan eta Rachel Miller,Arnold Modell, Jonathan Mueller, Jock Murray, Knut Nordby, Michael Pearce, V S. Ramachandran, Isabelle Rapin, Chris Rawlence, Bob Rodman, Israel Rosenfield, Carmel Ross,Yolanda Rueda, David Sacks, Marcus Sacks, Michael Sacks, Dan Schachter, Murray Schane,


14

Herb Schaumburg, Susan Schwartzenberg, Robert Scott, Richard Shaw, Leonard Shengold, Larry Squire, John Steele, Richard Stern, Deborah Tannen, Esther Thelen, Connie Tomaino, Russell Warren, Ed Weinberger, Ren eta Joasia Weschler,Andrew Wilkes, Harvey Wolinsky, Jerry Young eta Semir Zeki. Askorekin trukatu ditut autismoaren arloko ezagupen eta aditu-iritziak. Lehenik eta behin, neure lagun eta ofiziokide Isabelle Rapinekin, eta orobat Doris Allen, Howard Bloom, Marlene Breitenbach, Uta Frith, Denise Fruchter, Beate Hermelin, Patricia Krantz, Lynn McClannahan, Clara eta David Park, Jessy Park, Sally Ramsey, Ginger Richardson, Bernard Rimland, Ed eta Riva Ritvo, Mira Rothenberg eta Rosalie Winardekin. Stephen Wiltshireri dagokionez, hauei eman behar dizkiet eskerrak: Lorraine Cole, Chris Marris eta, batez ere, Margaret eta Andrew Hewsoni. Eskerrak eman nahi dizkiet, halaber, gutun-harremanez solaskide izan ditudan asko eta askori (1862ko Fayetteville Observer egunkariaren ale bat bidali zidanari, oraino ez baitut ezagutzen), nahiz eta horietako zenbaiten aipamena liburuan bertan ere egiten den. Izan ere, halako ustekabeko gutunen eta telefono-deien ondoren hasi ziren hurrengo ikerketetako asko; guztien artetik lehenbizikoa, I. jaunaren gutuna izan zen, 1986ko martxoan niri idatzia. Pertsonek ez ezik, leku batzuek ere egin diote beren ekarpena liburu honi, babesa, lasaitasuna eta bultzada eman baitidate. Beste guztien artetik bat nabarmentzekotan, New Yorkeko Jardin Botanikoa aipatuko nuke (eta bereziki handik kendu duten iratze-bilduma), paseatzeko eta pentsatzeko lekurik gogokoena izan baitut. Ezin aipatu gabe utzi Lake Jefferson Hotel eta haren ondoko aintzira; Blue Mountain Center (eta Harriet Barlow); New York Institute for Humanities (I. jauna aztertu zuten lekua);Albert Einstein College of Medicine-ko liburutegia, lagungarri izan baitut zenbait iturriren aztarna bilatzeko, eta nonahiko aintzira, ibai eta igerilekuak, uretan egin baitut, batik bat, gogoeta-lana. Guggenheim Fundazioak esku zabalez sustatu zuen «Kirurgialari baten bizimodua» izeneko lana; izan ere, beka bat eman zidan 1989an, Touretteren sindromearen neuroantropologia ikertzeko. «Kolorearen ikusmena galdu zuen margolaria» eta «Azken hippya» historien lehenengo bertsioak New York Review of Booksen argitaratu ziren, eta beste kasu batzuk, berriz, New Yorker aldizkarian. Zorte handia izan da niretzat Robert Silversekin NYRBn eta John Bennetekin New Yorkeren lan egitea; eta, halaber, bi aldizkari horietako langileekin elkarlanean aritzea. Beste askok ere esku hartu dute liburu honen edizio eta argitalpenean; besteak beste, aipatzekoak dira Knopfeko Dan Frank eta Claudine


15

O’Hearn; Picadorko Jacqui Graham, eta Jim Silbermann, Heather Schroder, Susan Jensen eta Suzanne Gluck. Azkenik, neure laguntzaile, editore, lankide eta adiskide Kate Edgarri eman behar dizkiot eskerrak, liburu honetako guztiak ezagutu eta liburuari berari bultzada eta tankera ematen lagundu baitit. Baina, abiapuntura itzuliz: azterketa kliniko guztiek, menturatzen diren lurraldea zabala izanagatik ere, sakonaldea ikertuko badute protagonista konkretuetara bildu beharra dutenez, sorburu izan ziren eta aztergai diren pertsonengana itzuli behar ni ere. Beraz, nigan konfiantza jarri duten zazpi pertsona horiei, nirekin batera bizi eta barne-esperientzien berri hain xehero eman baitidate, eta urteen poderioz adiskide bihurtu baitzaizkit, horiexei eskaini nahi diet liburu hau. O.W. S. New York 1994ko ekaina


SARRERA

NAHIZ ETA ESKUIN petoa izan, ezkerreko eskuaz ari naiz idazten. Duela hilabete, operazio bat egin zidaten eskuineko sorbaldan, eta ez dut baimenik —ez naiz trebe ere—, oraingoz, eskuina erabiltzeko. Astiro idazten dut, trakets: errazago eta naturalago, hala ere, egunetik egunera. Bitartean, moldatzen ari naiz, eta ikasten, ezkerreko eskuaz idazten ez ezik, beste hamaika gauza ere egiten: oso trebeak ditut orain, gauzei heltzeko, oinetako behatzak, hala konpentsatzen baitut besoa euskarrian edukitzea. Hasieran, besoa lotu zidatenetik, nahiko oker ibili nintzen egun batzuetan, baina bestela ibiltzen naiz orain, beste modu bat aurkitu baitut zuzen ibiltzeko. Beste portaera bat, beste ohitura batzuk ari naiz hartzen; beste nortasun bat, nolabait esateko, alor berezi horretan behinik behin. Aldaketak ariko zaizkit gertatzen, nonbait, garuneko programa eta zirkuituetan: moldaketak eragiten ariko dira aldaketok masa sinaptiko, konektibitate eta seinaleetan (nahiz eta eskura ditugun garun-irudiztapen teknikak ez izan oraindik behar bezain finak halakorik erakusteko). Nire moldapenetako batzuk berariazkoak eta planen araberakoak badira ere, eta saiatu eta huts eginez ikasiak (lehenbiziko astean ezkerreko eskuko hatz guztietan min hartu nuen), berez gertatu dira gehienak, oharkabean, erreprogramazio eta moldapen horietaz nik tutik ere ez dakidala (eskuarki neure ibileraz jakiten dudan bezain gutxi). Datorren hilean, okerrik ez bada, eskuina moldatzen hasiko naiz berriro, haren erabilera osoa (eta naturala) berreskuratzeko; neure gorputz-irudian, neure nortasunean, berriro txertatzeko; berriro ere gizaki trebe eta eskuin bihurtzeko. Baina bizkortzea, halakoetan, ez da inola ere izaten automatikoa, ehun-sendatzearen gisako prozesu sinplea: giharrak eta jarrerak egokitzeko, lotura oso bat behar da tartean, prozedura berrien sekuentzia oso


18

bat (eta haien sintesia), eta bizkortzeko bide berri bat ikastea, aurkitzea. Neure kirurgialariak, operazio berdina egin baitzioten eta gizon irekia baita, zera esan zidan: «Badira zenbait jarraibide, debeku eta gomendio orokor. Baina zeuk aurkitu beharko dituzu xehetasun guztiak». Antzeko zerbait esan zidan Jayk, neure fisioterapeutak: «Moldapenak bere bidea izaten du pertsona bakoitzarengan. Nerbio-sistemak bere bideak sortzen ditu. Hemen zu zara neurologoa; etengabe ikusiko duzu hori noski». NATURAREN IRUDIMENA aberatsagoa da gurea baino, Freeman Dysoni esatea gustatzen zaion bezala, eta Dysonek miraz hitz egiten du mundu fisikoan eta biologikoan ikusten dugun aberastasun horretaz, forma fisikoen eta bizi moduen aniztasun baztergabeaz. Nire ustez, eta mediku-ikuspegitik diot hau, osasun- eta gaixotasun-fenomenoetan aztertu behar da naturaren aberastasuna: izan ere, kontaezinak dira giza gorputzek, pertsonek, bizitzaren desafio eta gorabeheren aurrean egokitzeko eta berregiteko dituzten moldeak.Akatsek, nahasmenduek eta gaixotasunek eragin paradoxikoa dute, zentzu horretan; izan ere, ezkutuko zenbait ahalmen, garapen, bilakabide eta bizimodu jartzen dituzte agerian, aurrean izan ezean ikusi gabe edo are irudikatu gabe gera litezkeenak. Hori da gaixotasunaren paradoxa: ahalmen «sortzailea» duela, alegia. Ahalmen horrexek osatzen du, hain zuzen ere, liburu honen muina. Hala, garapenaren nahasmenduak edo gaixotasunaren hondamenak ikustea izugarria izan badaiteke ere, sortzailetzat ere har ditzakegu batzuetan; gaitz horiek, izan ere, nahiz eta bide jakin batzuk, gauzak egiteko bide jakin batzuk, desegin ditzaketen, badaukate nerbio-sistema behartzea bide eta bidexka berriak urratzera, hazkunde eta bilakaera ustekabekora. Bilakaeraren edo gaixotasunaren beste alde sortzaile hori —gauzatzeke bada ere— ia gaixo guztiengan ikusten dut; eta bereziki hori saiatuko naiz azaltzen liburu honetan. Antzeko gogoetak eginik, A.R. Luriak ere aztertu zituen, bere garaiko beste edozein neurologok baino areago, garuneko tumorrak zeuzkaten batzuen edo garunean lesioak edo apoplexiak jasanda bizirik geratutako zenbaiten historiak; bizirik irauteko nola moldatu ziren. Gazte zelarik, gainera, ume gor eta itsuak aztertu zituen (bere gidari L.S.Vygotskirekin batera). Halako umeen funtzioen «ukigabetasuna» nabarmentzen zuen Vygostskik, haien defizitak baino gehiago: Ezintasunen bat duen umea, beraz, garapen mota kualitatiboki desberdin eta parerik gabeko baten adierazle da. […] Ume itsu edo gorrak ume normalaren garapen maila iristen badu, akatsa duen ume horrek ez


19

bezala lortzen du hori, beste bide batetik; beste bitarteko batzuk erabiliz, alegia; eta, pedagogoarentzat, garrantzi handikoa da ume horri zein bide erakutsi behar dion jakitea, konturatu behar baitu bide hori ume horrexentzat dela eta ez beste inorentzat. Ume horrentzat baizik ez izateak ezintasunaren minusa konpentsazioaren plus bihurtzen du. Halako egokitzapen errotikakoak gerta zitezkeela jakiteak garunaren ikuspegi berri bat eskatzen zuen, Luriaren ustez. Hasi beharra zegoen pentsatzen garuna ez dela programatua eta estatikoa, dinamikoa eta eginkorra baizik; alegia, izugarri eraginkorra dela egokitzapen- eta moldapen-sistema, eta bilakaera eta aldaketarako tresnaz hornitua, eta, garun-funtzioetan edozein akats edo nahasmendu gertaturik ere, etengabe egokitzen dela organismoaren premietara —nortasun eta mundu koherente bat taxutzeko premiara bereziki—. Garbi dago xeheki diferentziatua dela garuna: badira ehunka eremu hil-edo-bizikoak, pertzepzioaren eta jokabidearen alderdi bakoitzeko (hasi kolorea eta mugimendua nabaritzeko aldeetatik eta, apika, pertsonaren joera intelektualeraino). Miraria, jakina, honako hau da: nola diharduten guztiek elkarlanean, nola dauden loturik, nortasuna sortzeko.1 Garunaren plastizitate nabarmenaz eta egokitzapen harrigarrienetarako duen ahalmenaz jabetzeak —ahalmen hori ez baita txikiagoa nerbio-sistemako edo zentzumenetako ezbeharraren zirkunstantzia berezi eta sarritan etsigarrietan— aldarazi egin dit neure pazienteez eta haien bizitzaz nuen ikuspegia. Hainbeste aldatu dit, non batzuetan pentsarazten didan ea ez ote diren «osasun» eta «gaixotasun» kontzeptuak berak berriro definitu behar; izan ere, organismoak beste antolamendu edo ordenamendu bat sortzeko duen ahalmentzat hartu beharko genituzke kontzeptu horiek, beharbada; beraren jaidura eta premia mudatuekin ongi lotzen den modu bat sortzeko, alegia, eta ez zurrun definitutako «arau»tzat. Bizitzaren murrizketa dakar berekin gaitzak, baina halako murrizketak ez dira nahitaezkoak. Ia nire paziente guztiek —hala iruditzen zait niri behintzat—, edozein arazo dutela ere, bizitzari luzatzen diote eskua, eta ez

1

Horixe da, hain zuzen ere, problema, azken galdera, neurologian: eta ezin zaio erantzunik eman, ezta printzipioz ere, garunaren funtzioari buruzko teoria osorik gabe, maila bakoitzeko elkarreraginen berri ematen duen teoriarik gabe, alegia; halako teoria batek bai bakoitzaren erantzun neuronalen mikroereduen, bai benetan bizitako bizitzaren makroereduen berri eman beharko luke. Halako zerbait, identitate pertsonalaren teoria neurala, Gerald M. Edelmanek proposatu du azken urteetan, neurona multzoen hautapenaren teorian edo «darwinismo neural» delakoan.


20

soilik beren gaixotasunak arren, baizik eta, sarritan, haiek eraginik, eta are haien laguntzaz. HEMEN DITUZU, beraz, zazpi kontakizun, naturak eta giza arimak ustekabeko bideetatik nola topo egiten duten azaltzen dutenak. Liburu honetan agertzen diren pertsonekin egon gara, hainbat gaixotasun neurologiko zirela eta; besteak beste, Touretteren sindromea, autismoa, amnesia eta kolorearekiko itsutasun erabatekoa. Gaixotasun horien adibide dira pertsonok, «historiok», medikuntzan historia hitzak duen zentzuan; baina, aldi berean, bakoitza bera da, bakarra, eta bere —eta nolabait berak sortutako— munduan bizi da. Biziraupen-kontakizunak dira liburu honetakoak, egoera mudatuetan —are errotik mudatuetan ere, batzuetan— berregiteko eta moldatzeko gure ahalmen zoragarri baina batzuetan arriskutsuari esker, bizirik iraun duten batzuen kontakizunak. Aurreko liburuetan, nahasmendu neurologikoak dituztenen nortasunaren «kontserbazioa» eta (bakanago) nortasunaren «galera» izan ditut hizpide. Sinpleegiak iruditzen zaizkit orain hitz horiek, eta uste dut halako egoeretan ez dagoela, ez kontserbaziorik, ez galerarik, baizik eta, hori baino gehiago, nortasuna egokitu edo eraldatu egin dela, errotik mudatutako garunaren eta «errealitate» horien arabera. Gaixotasuna aztertzeak identitatea aztertzera behartzen du medikua; gaixotasunak akuilaturik gaixoek sortzen dituzten barne-munduak aztertzera, alegia. Gaixoen errealitateak, ordea, haiek eta haien garunek beren mundua taxutzeko dituzten bideak, ezin dira osorik atzeman portaerari behatuz, kanpotik. Zientzialariaren, naturalistaren hurbilketa objektiboaz gainera, beste hurbilketa mota bat behar dugu, subjektuartekoa, eta, Foucaultek idatzitakoaren arabera, jauzi egin behar dugu «kontzientzia gaixotuaren barnera, mundu patologikoak gaixoaren beraren begiez ikustera [ahaleginduz]». Inork ez du adierazi G.K. Chestertonek baino hobeto —aita Brown bere detektibe sinestunaren ahotik— halako intuizio edo enpatiaren zer-nolakoa eta premia. Honako hau esan zuen, hain zuzen,Aita Brownek, bere metodoaz, bere sekretuaz galdetu ziotenean: Gauza handia da Zientzia, eskuratzeko aukera duzunean; benetako zentzuan, munduko hitzik handienetakoa. Baina zer esan nahi dute gizon horiek, hamarretik bederatzitan, hitz hori gaur egun erabiltzen dutenean? Detekzioa zientzia bat dela diotenean? Kriminologia zientzia bat dela diotenean? Gizon bat kanpora atera, eta, alderdikeriarik gabeko argi hotz bat deituko lioketenaren azpian, intsektu erraldoi bat balitz bezala aztertzea; nik hil edo gizagabetutzat daukadan argi baten azpian, hain zuzen. Hala-


21

koen iritziz, asko urrundu behar da delako gizonarengandik: historiaurreko munstro batengandik bezalatsu. Haren «hiltzaile-burezurra» zenbatekoa den begiratu behar da, errinozero baten muturreko adarraren gisako hazikin misteriotsu bat balitz bezala. Norbait hizpide duenean, zientzialaria ez da sekula bere buruaz aritzen, auzoaz baizik; bere auzo ahulaz, ziurrenik. Ez dut ukatuko argi hotzak inoiz on egiten duenik; nahiz eta zientziaren benetako ifrentzua izan zentzu batean. Jakinbide izan beharrean, ordea, dakiguna ezabatzeko bidea da hori: arrotz balitz bezala tratatzea laguna, eta ezagun duguna zerbait urrun eta misteriotsua delako itxurak egitea. Gizon batek begi bien artean proboszi bat duela esatea bezala, alegia, edo sentigaiztasun atake bat izaten duela hogeita lau ordutik behin. Bada, justu alderantzizkoa da zuk «sekretu» deitzen diozun hori. Izan ere, ni ez nabil gizonarengandik kanpora atera nahian. Haren barnera sartu nahian nabil. Errotik mudatutako nortasun eta munduak ikertzea ez da osorik kontsulta-gelatik edo bulegotik egin daitekeen gauza. François Lhermitte neurologo frantsesa biziki sentibera da puntu horretan, eta, klinikan hartu beharrean bere pazienteak, haiei etxean bisita egiten tematzen da, jatetxe edo antzokietara eramaten edo autoan ibilaldiak egiten; haiekin batera bizitzen, ahal duen denbora guztian. (Antzeko zerbait gertatzen da, edo gertatzen zen, medikuntza orokorrekoekin. Gure aitak, laurogeita hamar urte zituela, erretiroa hartzea —ez oso gogo onez, hala ere— buruan zerabilenean, esaten genion: «Utzi etxeko bisitak, behinik behin». Baina berak: «Ez, etxeko bisitak ez, behintzat; gainerako guztia lehenago utziko nuke»). Hori buruan, mantal zuria erantzi, eta, nire pazienteen bizitzak benetako munduan nolakoak diren ikertu beharrez, hor ibili naiz —azken hogeita bost urteetan lanean aritu naizen ospitaleetatik ia erabat aldendurik— bizitza-forma bitxiak aztertzen, naturalista baten moduan. Edota, bestela esanda, antropologo nahiz neuroantropologo sentitu naiz, landa-lanean ari dena. Baina, oroz gainera, mediku, etxeko bisitak —giza esperientziaren bazter urrunetako etxeko bisitak— egitera deitua. Kontakizun hauetan biltzen diren metamorfosiak, halabehar neurologikoak sortuak izanik, izatearen modu alternatibo baten bidean doaz, hala ere: bestelako bizi molde horiek, hain desberdin izanagatik, bere-bereak ditu gizakiak. O.W. S. New York 1994ko ekaina


ZIO 1 ANTROPOLOGO BAT MARTEN  

Buru kaltetuen abentura miragarriak

Read more
Read more
Similar to
Popular now
Just for you