Page 1

IKASTOLA BERRIA Ikastola berriaren proiektua urratsez urrats ari gara gauzatzen. Joan den azaroaren 21ean, Exekuzio Proiektua aurkeztu genuen Etxarri Aranazko udaletxean. Urrats honen bidez, proiektua administrazioen eskura pasatuko da, beharrezko lizentziak tramitatze aldera. Prozesua hilabete batzuetako kontua izango da. Proiektuaren arabera, eraikin berriak honako ezaugarri nagusiak izango ditu: kalitatezkoa (diseinu zein materialen ikuspegitik), funtzionala (ikastolak izango dituen beharrei ahalik eta egokien erantzuteko), berdea (eraginkortasunaren energetikoaren ikuspuntutik) eta atsegina (argia, beroa, ikuspegi ederrekin). Zalantzarik gabe, eraikin berriaren indargune nagusietako bat Haur Hezkuntzaren espazioaren kalitatea izango da: espazio autonomoa, gela zabal eta argiak, irteera patiora gela bakoitzetik, patio zabala, zati bat estalia, bi texturarekin, hegoaldera begira... Horrez gain, espazio bakoitza neurrira diseinatu dela nabarmendu behar da, hau da, bere funtzio zehatza kontuan hartuta. Halaber, zenbait espazioren kasuan erabilera anitza izan ahal izateko pentsatuta daude. Epe motzean, gure ahaleginak honako eginkizunetara bideratuko dira: Exekuzio Proiektua landu eraikuntza enpresekin harremanetan jartzeko eta eskaintzak eskatzeko, Etxarri Aranazko Udalarekin proiektua bideratzeko urratsak adostu, eta finantza entitateekin mailegua formalizatu. Gure helburua lizentziak udaberrian jaso eta eraikuntza lanetan berehala hastea da. Proiektuaren garapena gertutik jarraitzeko eta ezagutarazteko webgune bat sortu dugu: www.ikastolaberria.net

ikastola berria  

ikastola berria, proiektua