Page 1

Liburuen xarma

4

Ipuina lantzeko gida


Proiektuaren arduraduna: EIE (Euskal Idazleen Elkartea). Liburu honen koordinatzailea: Antton Irusta eta Iñaki Friera. Egileak: Yolanda Arrieta, Antton Irusta, Iñaki Friera. Diseinua eta maketazioa: K3 Inprimategia. Marrazkiak: Idoia Beratarbide. Hezkuntza eta Unibertsitate eta ikerketa Sailak onetsia: 2004-07-22 © EIE ISBN: 84-609-1896-3 L.G.: SS-1009/04 Inprimatzailea: K3 Inprimategia Amillaga, 1 - 6. pabiloia. 20570 Bergara

EIE argitaletxea Zurriola 14, 1.ezk. 20002 DONOSTIA Tel: 943 276999-Faxa: 943 277288 e-mail: eie@eie.euskalnet.net http://www.idazleak.org

Eragotzita dago, legeak ezarritako salbuespenetan izan ezik, obra onen edozein berregintza, komunikazio publiko edo moldaketa, aurrez jabetza intelektualaren titularren baimena eskuratzen ez bada. Eskubide horien urraketa jabetza intelektualaren aurkako delitutzat har daiteke (Kode Penaleko 270 eta hurrengo artikuluak). CEDRO erakundeak (www.cedro.org) babesten ditu aipatu eskubide horiek.


AURKIBIDEA 1. Gida honen helburu nagusiaz 2. Kontatzeko ipuinak

..........9

. . . . . . . . . . . . . . . . . . . 19

3. Irakurritakoa zelan kontatu

. . . . . . . . . . 37

4. Lehen Hezkuntzan ipuina lantzeko zenbait aukera . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 39 5. Bigarren Hezkuntzan ipuina lantzeko zenbait aukera . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . 59 6. Oharrak eta Bibliografia orokorra

. . . 73


Ipuina lantzeko gida

Gida honen helburu nagusiaz Jostaketa ez da lana Hainbat urte dira Mari Jose Olaziregiri gogoeta hau irakurri geniola1: “Literatura irakasten dugun irakasleon artean maiz aipatu ohi dira gure jarduerak askorengan eragiten dituen frustrazio eta ezinegonak. Gustuko dituzun testu nahiz egileak ikasgelan aurkeztu eta landu ondoren, zenbaitetan, ilusio eta asmo hoberenarekin prestatutako lanak erantzun hotzegia izan duela ohartzen zara.� Kezka horrek, irakasleon eta idazleon kezka horrek, eraman gaitu ipuinaren gaineko gidaliburu hau egitera; eta egin, ideia jakin batekin egin dugu: jostatzea ekarri behar du ipuinarekiko topaketak. Hori, eta ez besterik, da gure helburua, ikasleak eta

7


8

Liburuen xarma

irakasleak irakurle bihurtu eta jostatzen hastea. Horregatik, nolabaiteko eragozpena jarri nahi izan diogu “landu� bezalako hitza erabiltzeari, hitz horren erabileraren gaineko debekua ezarri gabe ere, ez baita jostatze honetan debekurik onartzen; baina ez diogu geure buruari hau bezalako galderarik egin nahi: Zelan lan dezakete nire ikasleek ipuin bat? Zer egin dezaket ipuin hori behar bezala lantzeko?... Ez, ez dugu irakurketa eta lana nahastu nahi!, bata jostaketa begitantzen zaigulako eta bitartean, betebeharrarekin edo gogoz kontrako jarduerarekin lotzen dugulako bigarrena. Bi modutan hel dakioke ipuinari, eta literaturari, Olaziregik berak dioskunez: irakurzaletasunaren porrotaren eragile den planteamendu didaktikoaren arabera edota literaturaren beraren alderdi ludiko nahiz plazerezkoari bidea emanez. Guk bigarrena lotzen dugu jostatzearekin, libertitzearekin. Eta irakasleak ere bigarrenaren arabera jokatu nahi izango du, baina, ahal dela, lehenengoa ere ez ahazteko eskatuko du, irakurzaletasunaren porrotaren eragile izatera iritsi barik, jakina, baina nolabaiteko planteamendu didaktikoa ere izanik. Jar gaitezen gela batean antolatzen den literatura jardunari begira: zer bilatzen du ipuina gelan


Ipuina lantzeko gida

erabili gura duen irakasleak? Zenbat buru, hainbat “helburu�. Urliak hiztegiaz baliatu gura izango du; Sandiak, literatura-sormena bultzatu; eta Berendiak, irudimena piztu eta garatu; edo, hirurek, ikasleen arteko trukaketa sustatu. Beraz, bat etorriko gara ipuinak irudimena sustatu eta piztu behar duela baieztatzen badugu, pertsona mugitzen den ingurua aberastu eta esanguratsu egin. Pertsonen fantasia eta irudimena zabaltzea da literaturaren helburu nagusia, eta ez da helburu makala!, zaila baita egungo gizarte honetan ipuinekiko interesa sustatzea, eta are zailagoa pubertaroan eta nerabezaroan dauden neska-mutiletan; baina, erronketan ibiltzea gustukoa izan ohi dugulako-edo, ezin bizkarra erakutsi tamaina horretako desafioari, eta askoz gutxiago euskal ipuingintzak eta euskarazko ipuingintzak inoizko baliabiderik onenak ematen dizkiguten honetan. Komunikazioa dugu helburu Komunikazioa da literatura, komunikazioa da ipuina, eta komunikazioak axola diola esan ohi du irakasleak, komunikazioa sendotu gura duela. Hortxe, komunikazioa sendotu gura horretan, kokatu ohi du irakasleak literaturaren betekizuna. Idazleoi ere axola

9


10

Liburuen xarma

digu, zelan ez!, komunikazioak; horregatik, ipuinaren balio komunikatiboa erakustearen helburua ezarri diogu geure buruari, baita lehendabiziko lerroen bidea egina duen gida honi ere. Balio komunikatiboa erakutsi, baina mekanizazioan jausi gabe erakutsi. Aditz andana ederrez baliatuko gara gida honetan: entzun, egin, begiratu, eskulanak egin, eztabaidatu, margotu, irakurritakoa bizi izan, moztu, itsatsi, alderatu, irudimenez jolastu, sortu... Gida aktiboa osatu gura dugu, hizkuntzaren alderdi ludiko eta sortzaileak oinarri hartuta, ikaslearen gaitasunak gehitzeko. Baita irakurriz ikastea ere Eskolak, esanak esan, ezin du ez ikusiarena egin, eta kontuan hartu beharko du haurrak ikasgelara dakarren hizkera, gogoeta egin beharko du hizkera horren gainean eta haurren ahozkoa zein idatzizkoa zabaldu eta aberasten ahalegindu. Baina eskolak ezin dio haurrari ipuinetako euskara estandarra begien aurrean jarri hark erabiltzen duen hizkeraren ordezko, haurraren hizkerari kanpotik erasotzen dion hizkera gisa, horrela jokatuta haurra kikilduko litzatekeelako eta hitz egitearen edo idaztearen lotsa izango litzatekeelako. Gogoeta egin beharko da haurraren hutsez, jakina, baina haurra izutu gabe, hutsok zuzen-


Ipuina lantzeko gida

tzeko gai direla erakutsiz, nolabaiteko arauak sortu eta denon artean prestatuz eta, hona ipuinaren beste eginkizun bat!, arauok ipuinetan egiaztatuz. Laburbilduz, letretatik eta literatura-baliabideetatik harago begira jarri behar ditugu haurrak eta gazteak, irakurzaletasuna bultzatu, gustura irakurtzen duten irakurleak lortu. Haragoko bidaian, bertoko lekuak prestatzen Aroak eta ipuinekin jostatzeko teknikak sailkatu ditugu gida antolatzerakoan, baina badira elementu batzuk komunak, adin guztietan eta teknika guztietan erabil daitezkeen aholku batzuk. Denbora eta lekua, esaterako, aro guztietan nabarmendu behar ditugu, nolabaiteko garrantzia eman. Ipuinak bere denbora eta lekua behar ditu, haurrek zein gazteek jostaketarekin lotuko duten esparru fisiko eta denborazko bat sortu, magiarako, abenturarako, misteriorako, beldurrerako edota maitasunerako prestatzera gonbidatuko dituen zerbait. Denbora Hiru kontzeptu nabarmendu gura ditugu: maiztasuna, erritoa eta bat-batekotasuna. Kontrajarriak badirudite ere, elkarren osagarri suertatzen zaizkigu

11


12

Liburuen xarma

gure helburu honetan. Sarri eta hainbat eratara erabili behar da ipuina, nolabaiteko erritoa sortuz, baina, era berean, bat-batekotasunez ere jokatuz, lantzen ari garen unitateak ematen digun aukerari helduta, eguraldiak utzi digun elurtearen eskutik ibilian edota neska-mutilen artean sortutako liskarraren ondorioz. Hortaz, denbora jakin bat eman beharko genioke ipuinaren jostatze horri, ipuinaren ordua, ipuinaren arratsaldea edo bestela dei dezakegun denbora jakin bat, umeak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta laburragoa izango dena, zenbat eta gazteagoak izan, orduan eta luzetxoago antolatuko duguna. Har dezagun, beraz, eskola “ordu bat� literaturaz gozatzeko. Eskola ordu horretan ez da ariketa gramatikalik izango; eskola ordu horretan komunikazioa eta parte-hartzea bultzatuko ditugu; eskola ordu horrek Olaziregiren bigarren ikuspegiarekin egingo du bat, literaturaren alderdi ludiko eta plazerezkoa bilatuko du. Lekua Ipuinaren ordua deitu dugun horrek ikasgelan du berezko lekua, baina, dudarik gabe, ikasgela gaindi dezake, liburutegira edo plazara zabaldu.


Ipuina lantzeko gida

Nolanahi ere, komeni da irakurtzeko leku bat prestatzea: gelaren barruan, irakurtzeko txokoa; edo gelatik kanpo, liburutegia; edo, eskolatik urrunduta, liburuaren magiak eramaten gaituen tokia, parkea, basoa... Egokia litzateke, beraz, ondo aukeratzea ipuinarekin jostatzeko tokia. Erabaki beharko genuke, adibidez, txokoan jostatuko garen ala txokoan irakurri edo kontatu ostean, liburutegira joko dugun, lantzen ari garen gaiarekin erlazionatutako beste ipuin batzuk irakurtzera; erabaki beharko genuke, berbarako, txokoa edo liburutegia gainditu eta beste leku batera joango garen, ipuinaren magiaren eskutik. Zelan kontatu behar didazu ipuina? Baten batek garrantzi gutxikoa iritzi ahal dio ipuina kontatzeko erari, ipuina zein den aztertu behar dela, zelan kontatzen den alde batera utzita. Baina ez da munta gutxikoa ipuina transmititzeko erabiltzen dugun bidea zein den ondo aztertzea, eta ipuina kontatzeko teknikak, transmititzeko erari lotuak direnak, gogoan hartzea. Horrela jokatu dugu gidaliburu honetan, ipuina ahoz kontatzekoa2 edo irakurtzekoa3 den bereizita, modu bakoitzak bere teknikak baititu.

13


14

Liburuen xarma

Zalantzarik gabe, ahoz kontatzen dugunean mezu bera konpartitzen dugu hizlariok eta entzuleok, edo, bestela esateko, denon artean eraikitzen dugu mezua edo aldatu, edukiak gertu eta hainbat alderdi eztabaidatu, elkarren arteko jarduna da, alegia. Idatzizkoan, aldiz, irakurleek ez dute mezu hori konpartitzen, hartzaile jakin batentzat sortu baita ipuina, baina ipuina irakurtzen ari den irakurle horrek bere ikuspegitik interpretatuko du idazleak behinola idatzitakoa eta, kasu gehienetan, kontatutakoa birsortuko du. Idaztean ez dago berezko egokitze hori, irakurlea ez baitago presente. Ahozko komunikazioan sortzen den egoerak anbiguotasunak gainditzen ditu, ez bada ipuinkontalariak berak anbiguoki jokatu nahi izan duela, hizlariak eta entzuleek komunikazio ekintza berean parte hartzen dutelako, eta egoera ulergarriagoa egiten dute batzuek eta besteek. Idatzizkoan ezin da anbiguotasunik sortu, arestian aipaturiko idazlearen gogoaren ondorio ez bada, gauzak ahozkoan baino zehatzago eman behar dira, pertsonaiak, lekuak edo iritziak ahalik eta gehien zehaztuz. Ahozkoan osagai paralinguistiko batzuk agertzen badira: keinuak, ahotsaren doinuak, intentsitatea,


Ipuina lantzeko gida

isiluneak; idatzizkoan, aldiz, puntuazioari, ortografiari eta espazioaren banaketari begiratu beharko zaie. Errepikatzeak, interjekzioak, bokatiboak, onomatopeiak edota norberaren akotazioak erabilgarriak dira oso ahozko kontakizunean, eta ahozko komunikazioa bera sendotu egiten dute; idatzizko testuetan, berriz, saihestu egiten da errepikatze, interjekzio, bokatibo eta onomatopeiok maizegi erabiltzea, estiloari lotutako arrazoiengatik erabili ezean.

15


Ipuina lantzeko gida

Kontatzeko ipuinak Ipuinak lantzeko gida honen bigarren zatian irakasleentzako argibide izan litezkeen atal batzuk aipatu nahi ditugu. Ahozko kontaketan baliagarriak izan daitezkeelakoan gaudenez, ipuinek eduki beharko lituzketen ezaugarriak agertzen dira batetik, eta bigarrenez, edozein irakaslek ahozko kontaketarako lagungarri izango dituen ahozko baliabideak plazaratzen zaizkio. Kontatzeko diren ipuinen ezaugarriak Ez da berdina haurrak ikusi, orrialdeak bere ulermen eta umorearen arabera aurrera eta atzera ibili, eta berak berezkoa duen erritmoa jarrai dezakeen ipuin idatzi bat irakurtzea, edo haur bati edo haur talde bati gure ahots eta keinu soilen bitartez azalduriko ipuin bat kontatzea. Horrela, kontaturiko ipuinak zenbait baldintza bete beharko ditu, eta horien mendean egongo da entzule txikien aurrean izango duen arrakasta edo porrota. Oro har, ipuin bat kontatu ahal izateko ipuinak argumentu bat eduki behar du. Ohiko eskemari kasu eginik, honako hau izan daiteke eskema: per-

17


18

Liburuen xarma

tsonaien aurkezpena, ebatzi behar den egoera gatazkatsua, protagonista edo protagonisten ekintza eta korapiloa askatzea. Beste batzuek, haurrek ezaguna duten protagonista baten alde dibertigarri edo bitxi bat azal dezakete, normalean, hala ere, protagonista edo protagonistak inplikaturik egongo diren nolabaiteko ekintza bat egotea da balio duena, eta gatazkaren irtenbidera azken mementora arte ez iristea. Beste eskema batzuk ere baliagarriak izan daitezke baldin eta istorio guztiaren korapilo edo lotura egingo duten protagonista edo protagonistak baleude, eta interesa kendu edo istorioa ulergaitz bihurtuko luketen bukaezinezko pertsonaiak edo egoera paraleloetan galtzen ez badira. Hori dela eta, garrantzitsua da kontaketarako kontuan hartzen diren entzuleak, haurrak edo adinekoak diren jakitea: 3 edo 4 urteko haurrak badira, beharrezkoa izango da istorio errazak bilatzea, pixka bat hunkigarriak, ekintza lineal bat edukiko dutenak eta ez oso luzeak (ez daukate arretarako ahalmen handirik). Oinarrian animalien ipuinak aurkituko ditugu, ipuin kateatuak, pertsonaia asko ez dituzten kontaketa motzak, e.a. Aitzitik, entzuleek 6 edo 7 urte izanez gero, nahiago dituzte giza protagonistak, ekintzak zer-


Ipuina lantzeko gida

txobait konplikatuagoa izan ahalko du, eta istorioan bigarren mailako pertsonaiak ere azaldu ahal izango dira. Umorea, maltzurkeria, hitz-jokoren bat eta antzeko elementuak adin horretako neska-mutilek ulertuko dituzte. Ipuinak zertxobait luzeagoak izan daitezke, baina, beti ere, entzulea ez nekatzeko ahalegina eginez. Ipuinen luzerari dagokionez ez da kezkatu behar: mementoan konturatzen da noiz moztu behar den istorio bat haurrak asperturik daudelako. Berdin gertatzen da alderantziz ere: liluraturik eta detaile bat bera ere galdu gabe daudela ikusten badugu, deskripzioetan zerbait gehiago luzatu ahal izango gara, elementu berriren bat gehitu... Baina orokorrean, hobe da ipuin baten kontaketa 10 edo 12 minutu baino gehiago ez luzatzea. Entzuleak ez badira aseturik gelditu, beti dago beste ipuin bat kontatzeko aukera. Zenbait gomendio 1. Ipuin bat kontatzeko beharrezkoa da kontatzailearen gustukoa izatea, berak ere dibertigarria izan dezan; azken finean, goza dezan ipuina transmititzen. Ipuin bati xarmantasunik aurkitzen ez badiogu, ona dela esan badigute ere, alferrik izango da azaltzeko ahalegina egitea. Seguruenik, haurrei

19


20

Liburuen xarma

ere ez zaie gustatuko, izan ere, ez baikara magiarik igortzeko gai izango.

2. Mundu guztiak balio du azaltzeko, aldez aurretik pixka bat prestatzea baino ez da behar. Hasteko, ipuina buruz ondo ikasi, eta ondoren, konfiantzazko haurrekin probak egin daitezke: arreba txikia, auzokoaren semea... Ondo joanez gero, eta behin beldurra galdu ondoren, gela guztiari edo haurren klubeko umeei aurkeztu ahal izango diozue ipuina.

3. Ipuinak ez dira ahots hutsez azaltzen: keinuak, begiak, eskuak..., denak balio du kontatzen ari garena espresiboago egiteko. Era berean, garrantzi handikoa da ahotsaren doinua: ipuina bizi izango bagenu bezala azaldu behar dugu, izan ere, ahots hotz eta monotono batez nekez edukiko ditugu entzuleak arretaz.

4. Ipuin motak aldatuz joan behar dira. Ezin dugu beti txiten eta txerritxoen istorioak edo printzeak eta maitagarriak baino irteten ez diren ipuinak kontatzen egon. Hobe da denetarik pixka bat ematea: ipuin herrikoiak eta egile modernoen ipuinak, animaliak protagonista dituzten istorioak eta


Ipuina lantzeko gida

gizakienak, fantasia handikoak edo errealistagoak, e.a. Liburuekin gertatzen den gauza bera gertatzen da, hobe da idazle eta estilo ugari ezagutzea, genero edo estilo berera mugatzea baino, hori beti izango da-eta. Euskal folkloretik hartutako ahozko baliabideak Atal honetan hainbat eta hainbat urtetan etxerik etxe, sutondoz sutondo kontatutako esaera, esamolde, hitz jolas eta joko aurkituko dituzu. Ahozkotasunaren erregistrotik hurbil diren esapide hauek gelan kontatu, ikasi eta erabiltzeko moduan daude. Kontu-kontari jarduterakoan oso erabilgarri direlakoan gaudenez, zerrenda bat prestatu dugu, besteak beste ipuin hasierak, ipuin amaierak, zotz egiteko formulak eta igarkizunak. • Ipuinen hasierak Zeruan urdina, lurrean belarra, hondartzan harea, itsasoan ur tantak eta nire ahoan ipuinak.

21


22

Liburuen xarma

Bazen behin mendi bat, mendi eder bat. Bidaia bat egin ondoren, itsas bazter hartan eseri zenean, bere oinak uretan sartuta, entzun zituen berbetan gizon, landare, abere eta mamuak. Denok elkarren artean hizketan, eletan. Gau batez, mendi hori ikustera joan nintzen eta bertan entzundako ipuinak, kontuak, istorioak eta gertaerak kontatu zizkidan, adiskide bati bezalaxe. Gaur mendiak kontatutako ipuin batzuk kontatuko dizkizuet. - Behin batez. - Askotan gertatzen den bezala. - Aldi batez berria zabaldu zen. - Asko munduan bezala. - Deba inguruko etxe entzutetsu batean. - Behin bazen. Behin baziren Peru eta Marixe, haiek zeukaten erbi txikixe, ematen zioten aza berdie, eta egiten zuen kaka berdie. Istorio hau haizeak kontatu zidan basamortuko oasi batean izarren artean lo egiten nuen gau hartan.


Ipuina lantzeko gida

• Ipuinen amaierak — Haiek han eta gu hemen, gure kontuak Flandesen, gure txepetxak bizkarrean hezurra, eta gure ipuin guztia gezurra. — Hala bazan ala ez bazan, gu ibili gara kalabazan. — Hau hola bazan, sartu dadila kalabazan, eta errementatu dadila Bitoriako plazan. — Egia bada sakelan sar. Gezurra bada, ez golkoan har. — Geroztik pasatuez ez dut izan berririk. — Hala zan, deabru zaharra dantzan.

23


24

Liburuen xarma

— Hala bazan ezpazan, Bitoriko plazan, saguzaharrak dantzan. — Ongi bizi izan baziren, ongi hil ziren. Orduan han nintzen, eta orain hemen. — Egia, egia, ohe azpian txerria. Egia, sudurraren ondoan begia, haren ondoan kopeta irudi duela Frantziako tronpeta, begiaren ondoan sudurra, irudi duela kriseilu-muturra; sudurraren ondoan kokotsa, irudi duela gaztain-morkotsa. Eta baziren bi sai. Batek zuen buztan handia, besteak buztan txikia. Buztan txikia zuenak izan balu handia, nire istorioa izango zen luzea. Baina txikia zuenez, istorioa ere izango da laburra eta honetan gelditzen da. Asko munduan bezala, baziren bi bele. Batek zuen


Ipuina lantzeko gida

buztan luzea, besteak buztan txiki-txikia. Buztan txikia zuen hark izan balu luzea, nire istorioa izanen da luzea, baina laburra zuenez, nire istorioari ere heldu zaio errematea. Nahi al duzu berriz kontatzea? - Bai. - Nik ez dizut bai esateko esan, asko munduan bezala bazirela bi bele kontatzerik nahi duzun baino: batak zuen buztan luzea. Besteak buztan txiki-txikia. Buztan txikia zuen hark izan balu luzea, nire istorioa izango zen luzea, baina laburra baitzuen, nire istorioari heldu zaio errematea. Nahi al duzu berriz kontatzea? -Ez. -Nik ez dizut ez esateko esan; asko munduan bezala bazirela bi bele kontatzerik nahi duzun baino; batak zuen buztan luzea, etabar...

Errege batek ba omen zeuzkan hiru alaba, jantzi omen zituen zuriz, jantzi omen zituen gorriz, nahi duzu esatea berriz? Bele batek ba omen zeuzkan hego bat oso motza, eta bestea oso luzea, hauxe da kontu luzea.

25


26

Liburuen xarma

Errege batek hiru alaba zituen: janzten zituen gorriz, janzten zituen zuriz, janzten zituen horiz: kontatzea nahi al duzu berriz? Bi hego ditu beleak beltza bata beltzago bestea nahi al duzu berriro kontatzea? Egia ala gezurra begi bien artean sudurra. Eta hori hala bazan sar dadila kalabazan eta atera zure herriko enparantzan. Eta nik kontatu dizuet niri kontatu moduan, hala izan edo ez izan zuen bihotzak ipuin hau entzun dezan.


Ipuina lantzeko gida

Istorio misterio latz ehun zorri eta berrehun bartz, horreik guztiok dauzanak izango dau non egin hatz. Sinetsi nahi duenak bertara joan eta ikus dezala neuk diotsuet hau egia dela gari heldua berdea ez den bezala. • Zotz egiteko formulak Isabela-Manuela-Katalina tente-mulente tipi-tapa-ton Martin-zapaton kaskabela tronpeta lau kilikon. Kuku-miku kaùola kainaberea larrosa pitxoke ta pitxoke jaunak nora zoazte.

27


28

Liburuen xarma

Kalean gora kalean be(he)ra biribiltxua alkate. Eskuan daukat hazia poltsan urregorria amamatxuak balekia aterako lidake begia. Atxea motxea konilipan zeure semea errotan errota txikerra klin-klan Katalina bentan korrentan tipirripiton, Martin zapaton ka単abera tronpeta lau kirikon. Txirripi-txarrapa... Txaust! pispit ala koskot? Atxea-motxea konilipan zeure semea errotan, joan nintzan basora topa neban erbi bat


Ipuina lantzeko gida

jaurti neutsan harri bat atera neutsan ezkerreko begi gorri handi bat, zelemina kanpa... txaust! pispit ala koskot? Atxa-mitxa zilarra, joan joan olara, ardi beltzen bilara. o pitxon biribilton: txin-txan-txon. Txirristi Mirristi gerrena, plata, olio zopa, kiri salda, ura bero klik. Martin Bonbin erregeren sorgin, kipula eta gatz, martin buru latz, egin ipurdian hatz.

29


30

Liburuen xarma

• Igarkizunen hasierak - Tipitaki, tapataki, zer ote den nork daki? - Piipitaki, paapataki, nik baitakit gauza bat. - Asmabelar miriku, zer den ba al dakizu: - Ikusi-makusi, nik ikusi, - Zuk gaizoto, nik gaizoto, zer da? Bukaera gisa ON MIELEN AHOLKUAK Bazen lurralde haietan herritar guztiek kontalari apartetzat zuten agure maitagarri bat. On Miel zuen izena.


Ipuina lantzeko gida

Behin, ipuin kontalaria izan nahi zuen gazte bat joan zitzaion On Mielengana aholku bila: - Kontalari agurgarri hori, zu bezalako ipuin kontalari izateko, zer egin behar dut? On Miel jakintsuak zera adierazi zion: - Gazte, denok gara gai istoriak eta ipuinak kontatzeko. Kontalari izateko nahia behar duzu izan; lehen bidea nahiarena eta gozatzearena da. Horixe da lehen pausua. Ipuinaren magia entzuleei gogo handiz igorri behar diezu. Gazteak ondoren zera erantzun zion: - On Miel jauna. Bide hori egina dut eta benetan diotsut ipuin kontalari izateko desiratzen nagoela. On Mielek gazteari begiratu zion eta laster ohartu zen gazteak egia esaten ziola. - Ederki. Sinesten dizut. Baina hori ez da nahikoa. Kontalari bilakatu nahi baduzu, horra hor bigarren pausua: ipuinak entzuten ikasi behar duzu. Gero eta harrituago zegoen mutila. Txiki-txikitatik ipuin franko kontatzen zizkion amonak eta beraz ohitura handia zuen ipuinak entzuteko eta aparteko zaletasuna eskuratua zuen gaztarotik. - �Behin bazen Mari Errauskin izeneko neska... eta bat-batean...�. Era horretako istoriak kon-

31


32

Liburuen xarma

tatzen zizkion amonak eta bera harri eta lur gelditzen zen halako istorioen aurrean. - Oraindio bada zerbait aintzakotzat hartzeko —esan zion On Miel zaharrak—. Ahor: ipuinak kontatzen hastea datorkizu. Ipuinak kontalariaren barnean bizirik dirau. Kontalariok sentitu egiten dugu ipuina, eta berarekin batera bizi. Baina azken finean, hiru gara kontaketan: ipuina, publikoa eta kontalaria. Ez ahaztu, hiruren arteko gauza dela, elkarlana. Hori da hirugarren bidea. Laster jabetu zen mutila mezu horren garrantziaz. Orduan zera erantzun zion On Mieli: - Horrela egiten ahaleginduko naiz. Kontalari zaharrak ahopeka esan zion: - Hiru bide horiek igarota, ipuin kontalari jardungo duzu, baina laugarren bide bat dago langai: mundu zabaleko ohitura, usadio eta ekanduen berri eduki beharko duzu eta zer esanik ez, gure ahozko tradizioaren bilduma eta langintza nagusiak ezagutu beharko dituzu: ipuin, kontu, mito, tradizio, ohitura, leiendak... Gaztea artega zegoen eta ipuin-kontalari izateko zama haundiegia ez ote zen izango pentsatzen hasia zen. Kontalari trebearengana hurreratu eta itaundu zion:


Ipuina lantzeko gida

- Halaxe egingo dut maisu goren hori. Baina bide horiek guztiak bete ondoren, kontalari bihurtuko naiz? - Bide horiek guztiak garrantzizkoak dira, baina gogoan hartu esaldi esanguratsu hau behin betiko: “Bihotza isuri eta gainezka dagoenean mintzo da ahoa�. Eraman ezazu zurekin esaldi hau, hori baituzu bide zuzena benetako kontalaria izateko. Honelaxe amaitu zen elkarrizketa On Miel ipuin kontalariaren eta gaztearen artean. Gaur egun, herriz herri eta hiriz hiri entzun dezakezu gure ipuineko gaztea, kontu kontari bideetan zehar, kontatzeko artearen funtsa ezin hobeto barneratuta, On Miel jaun gorenari esker, noski.

33


Ipuina lantzeko gida

Irakurritakoa zelan kontatu Irakurzaletasuna bultzatzea da ipuina erabiltzearen helburua, hau da, ipuinekiko interesa piztu eta ipuinak maitatzen ikastea, gehiago jakiteko eta bakarka edo taldeka jostatzeko bidea ematen digulako. Jakina, irakurzaletasuna bultzatze hori ezin da lehen hezkuntzako hiru zikloetan berdin interpretatu. Hasierako zikloan, dakigunez, haurrek oraindik ez dute behar bezala irakurtzen, nahiz eta irakurketa eta idazketa Haur Hezkuntzan baino askoz indar handiagoz agertzen diren. Hala ere, Lehen Hezkuntzako lehen ziklo horretan ere gero eta testu zailagoak irakurtzeko eta nork bere ipuinak sortzeko aukera gehiago izango dugu. Hortaz, hiru ekintzarekin lotuko dugu Lehen Hezkuntzako jarduera: ipuina eskuetan hartzea, ipuina irakurtzea eta marrazkiak ikustea. Liburuak zaintzeko gogoa bultzatu nahi dugu, liburua gauza asko kontatu eta erakutsi ahal dizkigun laguntzat hartu. Saioen intentsitatea eta luzera txikiagoa eta laburragoa izango da lehen zikloan, eta gero eta handiagoa eta luzeagoa ondorengoetan. Irakasleari

35


36

Liburuen xarma

dagokio bere ikasleen neurrira egokitzea saio ereduaren luzera eta intentsitatea, baita Lehen Hezkuntzarako proposatzen ditugun saio ereduak non erabili behar diren erabakitzea ere. Guk ordu erdi / hiru ordu laurdeneko saioak proposatzen ditugu; irakasleak jakingo du, zalantzarik gabe, zelakoa izan behar duen. Ipuinak lan egiteko aukera ugari ematen digu, hala nola protagonistaren generoa aldatzea, protagonisten ezaugarriak aldatzea, gertalekuak aldatzea, marrazkiekin lan eginez bestelako narrazio bat idaztea, protagonistak elkarrizketatzea, erritmoa eta doinua lantzea... Hasierako zikloan irakasleak irakurri beharko du ipuina sarritan. Horretarako, guztiz komenigarria da ipuina aldez aurretik prestatuta ekartzea, ahotsaren modulazioak, etenak, doinuak eta abarrekoak behar bezala landuta izatea; ez du ahaztu behar ipuina irakurtzen ari bada ere, ahozko kontakizunetik hurbil dabilela eta, horrenbestez, ipuin kontalariarentzat eman diren irizpideak oso kontuan hartzekoak direla. Gatozen olgetara.


Ipuina lantzeko gida

Lehen Hezkuntzan ipuina lantzeko zenbait aukera Ordu erdi / hiru ordu laurdeneko zenbait saio eredu Jarraian, hainbat saio eredu aipatuko ditugu, poesiarekin jostatzeko gida liburuan esan bezala, lehen hezkuntzaren ondorengoetan ere erabilgarriak izan daitezkeenak, behar diren egokitzapenak eginda, jakina.

1.- Ipuinaren jantziak.- Oso pinpirinak izaten dira ipuinak, ez zaizkie gustatzen nolanahi agertzea jendaurrean, euren jantzirik onenak eta ederrenak jantzi nahi izaten dituzte irakurleen begien aurrean erakargarri eta goxagarri azaltzeko. Batzuek azal gogorrak maite dituzte, kolore gutxirekin eta marrazki xehe batek apaindurik; beste batzuek, aldiz, koloreen lilura maite dute, zenbat eta koloretsuago orduan eta ederrago sentitzen direlako, azal bigunak nahiago dituzte, irakurleen ferekak barru-barruan ere sentitzeko. Hortaz, proposatzen dugun saio honetan ipuinaren jantziak nolakoak diren ikusiko dugu, ipuinaren arropak sentitu, ukitu, ikusi, usaindu, bai, bai, usaindu!;

37


38

Liburuen xarma

haurrak esku artean har dezala lagun berria, ikus dezala nolakoa den, letra asko dakarren ala gutxi, barruko marrazkiak zelakoak diren, kolorez lagundurik datorren... Horretarako, ipuin batzuk banatuko ditu irakasleak ikasleen artean, hainbat diseinuetako ipuinak, eta, taldeka jarrita, ipuinaren jantziak deskribatzeko eskatuko diegu. Hona erabil ditzakegun galdera batzuk: • Nolakoak dira azalak, gogorrak ala bigunak? Zein gustatzen zaizkien; ea ukimenak garrantzia duen ipuina irakurtzean; zerekin erlazionatzen dituzten azal motak. • Zer kontatzen digu azalak? Ipuinaren izenburuaz gain, zer gehiago dakarren (idazlearen izena, itzultzailearena, marrazkilariarena, argitaletxea, bilduma). • Zer desberdintasun dago aurreko azalaren eta atzekoaren artean? Zertarako erabiltzen da atzeko azala? • Azala ikusita, nolako ipuina espero duten (euren ipuina egiteko eskatu ahal zaie).


Ipuina lantzeko gida

• Marrazkiak zelakoak diren. • Letra asko dakarren ala gutxi. Zer inpresio sortu dien letrak ikusteak: gutxi direla eta hortaz erraz eta arin irakur daitekeela; asko direla eta, horrenbestez, luzea eta aspergarria izango dela; luzea izanik, askoz interesgarriagoa izan daitekeela... • Zer-nolako azalak gustatzen zaizkien, marrazkiez eginak, argazkiez osatuak... 2.- Ipuinaren izaerak.- Noski, ipuin guztiak ez dira berdinak, istorio desberdinak kontatzen baitizkigute, baina ezta kontatzeko eran edo xedeetan ere. Batzuek sinesmen baten berri eman nahi izango digute, ohitura batena, mundua edo natura ulertzeko edo arrazoitzeko bide bat, mitoa; beste batzuek inguru horretako gertaera bat kontatuko digute, benetakoa edo herriaren fikzio kolektiboan oinarritzen dena, elezaharra; zenbaitzuek animaliak erabiliko dituzte pertsonaia gisa, besteek gizakiak edo fantasiazko pertsonaiak, hala nola maitagarriak, iratxoak, basajaunak, lamiak eta abarrekoak; batzuetan formula jakin batzuk erabiliko dira hasiera edo amaiera emateko, besteetan libreago

39


40

Liburuen xarma

ibiliko dira, idazlearen edo eskolaren arabera hasiz eta amaituz; batzuek irakasbide erlijioso edo moralak ezarri nahi izango dituzte, besteek barre eragitea izango dute helburu; batzuetan, herri horren folklorean hazitako istorioa helduko zaigu, besteetan herri guztietan, aldeak alde, gorpuztu diren ipuinak. Zentzu horretan, ipuinaren izaerak deskubritzeko proposamen batzuk egingo ditugu hurrengo saio ereduetan. Jardun hauetan, ez ahaztu, irakasleak irakurriko die ipuina (ikasleei zenbait gauzatxo irakurrarazteko aukeraz ere baliatuko garen arren). Jarduerok, azkenik, saio batean baino gehiagotan egin beharko lirateke, haurren adinak labur jardutea gomendatzen duelako. Saioen ereduaz aritzeko adibide bat erabiliko dugu: Juan Bautista Agirre Asteasukoaren Midasek asto belarriak ditu. Hala ere, komenigarria deritzogu saio bakoitzean ipuin desberdina erabiltzeari, haurren interesa piztearren, nahiz eta irakasleak berak erabaki beharko duen aurrekoan erabilitako ipuinak berak balio dezakeen. MIDASEK ASTO BELARRIAK DITU Ez da gatz gutxiagoko ipuina Midas Erregearen bizargilearekin gertatua.


Ipuina lantzeko gida

Midasek omen zituen belarri txit handiak, baina txit poliki ilearekin estaltzen bide zituen, eta gauza honen berririk ez zuen inork. Bizargileak ikusi zizkion bizarra kentzeko denboran. Ohartu zen Errege eta heriotzaren pena ipini zion, inori esaten bazion belarrien kontua. Irten zen Barbero edo bizargilea Erregeren etxetik. Gogoratzen zitzaion belarrien kontua, eta leher egiteko zorian zebilen esan nahiez. Baina heriotzaren penak izutzen zuen. Hainbesteraino atzenean estutu zuen esan nahi honek, non leher egingo ez bazuen, irten zen herritik kanpora eta soro batean egin zuen zulo handi bat, sartu zuen han burua eta aspertu zen artean aritu zen esaten: - Midasek asto belarriak ditu, Midasek asto belarriak ditu! Esatez aunatu zenean, estali zuen zuloa. Baina zer gertatu zen? Jaio ziren, diotenez, kanaberak eta haizeak batetik bestera zerabiltzanean, hots egiten zuen Barberoak lurpean estalirik utzi zuen berria: - Midasek asto belarriak ditu, Midasek asto belarriak ditu!

41


42

Liburuen xarma

Era honetan lurpean ezkutatu zen berria barreiatu zen alde guztietan. Eta hona zer gertatzen den isilik edukitzeko hitzaren azpian esan ohi diren gauzekin. 2.1.- Hasierako saioan, pertsonaiei bakarrik erreparatuko diegu, pertsonaiok magikoak diren, animaliak ala gizakiak, pertsonaia historikoak diren ala irudipen kolektiboan sortutakoak. Horretarako, ipuina irakurritakoan, pertsonaiei buruz mintzatuko da ikasleekin. Hona berbaldi hau antolatzeko zenbait proposamen: • Zer gertatzen zaie pertsonaiei, zer egiten dute? • Zelakoak dira pertsonaiak, magikoak ala gu bezalakoak, animaliak ala gizakiak (garrantzitsua deritzogu pertsonaien deskribatze honi, ipuin mota zein den finkatzen lagunduko digulako). • Zer diote pertsonaiek? • Ezagutzen dugu pertsonaiok bezalako inor? • Sinesgarriak dira ala guztiz ezinezkoak? Agirre Asteasukoaren ipuinari helduta, Midas Frigiako erregeaz hitz egin dezakegu (bide batez pertsonaia beraren gainean eraiki diren beste


Ipuina lantzeko gida

alegia batzuk aipatu ahal ditugu, hala nola Midas erregeak ukitzen zuen guztia urre bihurtzen zuela kontatzen duena) eta pertsonaia historiko bati buruz ari dela adierazi, nahiz eta gertatutakoak errealitatekoak ez izan. Bizargilearen lanbideaz ere hitz egin daiteke, nola imajinatzen duten garai hartako bizargilea jauregiz jauregi edo etxez etxe, ea egungo bizargileen antzeko irudikatzen duten... 2.2.- Pertsonaiez aritzeko beste modu bat marrazkiena izan daiteke. Irakasleak ipuina irakurri ondoren, pertsonaiak marrazteko eskatuko diegu (oso joko polita eman dezake goiko ipuin horrekin Midasen belarriak edota bizargilea burua zuloan duela margotzeko eskatzeak). 2.3.- Horren alternatiba bat bestelako pertsonaiak irudikatzea litzateke. Hau da, eta goiko ipuinaz baliatzen gabiltzala, gizakion lekuan animaliak ipiniz, haurren ustez ondoen lotzen diren animaliak: • Zer animalia jarriko zenuke Midas erregearen lekuan? • Eta bizargilearen ordez?

43


44

Liburuen xarma

Edo, ahotsez egin beharrean, marrazkiekin egin ahal da, deigarrien begitandu zaien pertsonaia marraztuz, baina ezaugarriak aldatuta. Hau da, gehien gustatu zaien pertsonaia Midas izan bada, bestela irudikatu beharko dute, gizakia ez baizik eta bestelakoa, animalia, kasurako. Gero, ikasleek sorturiko pertsonaia berriekin, gure irudizko ipuina osatuko dugu guztion artean. Izenburua jarriko diogu sortutako ipuinari, izena pertsonaiei eta gure ipuinaren gertaera batzuk kontatuko ditugu (edo idatzi, idazten ikasi badute). Saio hau amaitzeko, irakurritako ipuineko eta ikasleek sortutako ipuineko pertsonaien ezaugarriak idatziko ditugu paper zurrun edo kartoi mehe batean eta irakurtzeko txokoan jarriko dugu (hurrengo saioetan gauza bera egingo dugu landutako gainerako alderdiekin). 2.4.- Beste saio batean alde batera utziko ditugu pertsonaiak eta gertalekua aztertuko dugu. Horretarako, aurreko saioan bezala jardungo dugu, ipuina irakurritakoan gertalekuaz hitz egiten: non gertatzen den, zelakoa den istorioko ingurua, pertsonaiak bertan bizi diren ala kanpotik heltzen diren toki horretara, gure inguruan (herrian-edo) horrelako tokirik ezagutzen dugun...


Ipuina lantzeko gida

Hemen ere marrazkiekin jolas gaitezke, politen iruditu zaien gertaera marraztuz. Denon artean egindako marrazkiak segidaren arabera antolatuko ditugu, ipuinaren ordenari jarraitzen saiatuz. Horren ondoren, denon artean irudi bat egingo dugu, iragarkia balitz bezala, ipuinaren mamia erakusteko. Jardun horren aldaera bat marrazki abstraktuena izan daiteke. Hau da, haurrei gehien gustatu zaien gertaera marrazki abstraktu baten bidez adierazteko eskatuko diegu. Gero, interpretatze ariketa bat egingo dugu: marrazki abstraktuak lagunei erakutsita, ea zein gertaera irudikatu duen asmatu beharko dituzte gainerakoek. 2.5.- Ipuina beste leku batean kokatzea izan daiteke gertalekuaz jolasteko beste alternatiba bat, haurrek ezagutzen duten leku batean (honen bidez ere haurrek ezagutzen dituzten tokiak eta ipuinean agertzen direnak aldera daitezke, 2.4an legez), eta ikusi zertan aldatzen diren gertaerak toki batetik bestera ekarritakoan. Amaitzeko, eta horrela jokatu ahal da saio eredu guztietan, paper zurrun batean jarriko ditugu gertalekuei buruzkoak.

45


46

Liburuen xarma

2.6.- Irakurritako ipuinarekin zenbait kontzeptu landu ditzakegu, hala nola, koloreak, formak, espazioak eta denborak. Horretarako bi bide erabil dezakegu: marrazkiak, ipuinak baldin baditu, edo haurren irudimena, marrazkirik gabeko ipuina bada. Adibidetarako erabiltzen ari garen ipuinaren kasuan, ondoko galderen erantzunak irudikatzeko eskatuko diegu ikasleei, ipuina entzuten ari zirela zelan irudikatu dituzten, alegia: • Zer koloretakoa da Midasen ilea? Eta bizargilearena? • Zer koloretakoa da jauregia? Eta bizargileak bizarra egiten dion gelarena? Zer koloretakoak dira ipuinean agertzen diren arbolak edo kanaberak? • Zer forma dute etxeek, leihoek, ateek? Zer dago jauregiaren barruan, zer kanpoan? • Non jarri da bizargilea, Midasen ezkerraldean ala eskuinaldean? • Nor aipatu da lehenago Midas erregea ala bizargilea, nor geroago...? 2.7.- Amaieratik hasi ohi da ipuina idazten4. Horregatik, ipuinaren amaierari eta hasierari begi-


Ipuina lantzeko gida

ratuko diegu saio eredu honetan, zelakoak diren ikusteko, hitz jokorik edo formula jakinik erabiltzen den erabakitzeko, egileak non eta noiz kokatzen gaituen. Hona saioan erabil ditzakegun galdera batzuk: • Zelan hasi da ipuina? Formula jakin batekin (Munduan beste askotan bezala, Bazen behin, Behin batean...) ala formula ezezagun batekin? • Informazio asko ematen digu hasierak ala ex abrupto hasi da, irakurleak istorioaren zati bat ezagutuko balu bezala? • Eta amaiera, zelako amaiera du ipuinak? Hor ere formula jakinik erabiltzen da (Hala bazan, ez bazan...)? • Egileak zer edo zer irakatsi nahi izan du ipuin honekin (bistan da adibide gisa erabili dugun Agirre Asteasukoaren ipuinak irakaspena daroala bere baitan: “Eta hona zer gertatzen den isilik edukitzeko hitzaren azpian esan ohi diren gauzekin”). 3.- Ipuinaren gorputza (eta tripak).- Azaleko jantzien eta barruko izaeraren artean, gorputza ager-

47


48

Liburuen xarma

tzen zaigu, edukia. Ipuinaren jantziak edo izaera ikusita, badakigu zer-nolakoa den, eta erabaki ahal dugu familia batekoa ala bestekoa den, baina ez dugu jakingo zein den kontatzen digun istorioa. Horretarako, ipuinaren gorputza (eta tripak) aztertu beharko ditugu. 3.1.- Idazleak duen irudi baten inguruan gorpuzten da ipuina5. Hori horrela, ea zer kontatzen digun galdetuko diegu ikasleei, zein den idazleak erabili duen irudi “obsesibo� hori. Irudi hori identifikatuta, haren gaineko iritzia azaltzeko eskatuko diegu ikasleei. Adibidez, galdetuko diegu ea ipuinean gertatutakoa gure errealitatera ekar daitekeen, ea pertsonaia nagusiari jazotakoa guri ere gertatu ahal zaigun edo zelan jokatuko genukeen horrelakorik gertatuz gero, ea ados gauden pertsonaia nagusiak erabakitakoarekin, izan duen jokabidearekin... 3.2.- Idazleak erabili duen irudi obsesibo horrek hainbat ate edo leiho zabaldu ahal izango dizkigu. Batzuetan beste ipuin batzuetara eramango gaitu, ipuinetan agertutako pertsonaiak, lekuak, gertaerak edo horien antzekoak haietan ere aipatzen direlako; beste batzuetan, herri edo garai jakin


Ipuina lantzeko gida

baten oihartzuna ekarriko digu edo beste nonbaiten entzundako kanta baten oroipena. Horrek hainbat aukera emango digu jolasten segitzeko: 3.2.1.- Ipuina irakurri eta idazlearen irudi obsesiboa ulertu dela ikusi ostean, ipuinarekin edo ideia horrekin lotu daitekeen kanta bat aipatzeko eskatuko diegu ikasleei (honetan ere, komenigarria da irakasleak bat edo beste prestatuta edukitzea, badaezpada ere). 3.2.2.- Ipuinak edo irudi aipatu horrek erakusten digun herrialdea edo bidaia mapa baten gainean jar daiteke, eskualde horretako lekurik ederrenak eta ezaugarri nagusiak aipatuz. 3.2.3.- Ipuinak gogora ekarri digun beste ipuin hori komentatu ahal da gelan, edo liburutegira joan (eskolakora edo udalekora) antzeko istoriorik bilatzera. Izan daiteke antzeko gaia erabiltzen duen beste ipuinik, protagonista berberak dituenik edo eskualde berean jazotzen denik. 4.- Irakurtzea jostaketa dela esan dugu arestian, baina baita ikasbidea ere. Jarraian, hainbat saio

49


50

Liburuen xarma

eredu emango ditugu irakurtzen eta idazten ikasten ari diren ikasleekin egin ahal izateko, ipuinetik eta olgetatik urrundu barik. 4.1.- “Nahastu egin zara” deritzogu jostatze honi. Ikasle bakoitzak bere ipuina eduki behar du; irakasleak apurka-apurka irakurriko die, orria noiz pasa behar duten esanez; ipuina amaitutakoan, ipuinak jaso eta ahoz kontatzen hasiko gara, ipuinaren alderdi batzuk propio nahastuz. Horrelakoetan, haurrek “nahastu egin zara” esan behar dute. 4.2.- Beste olgeta bat “Hemen dago” izenekoa da. Haurrei kontatu behar diegun ipuinaren pertsonaien orriak banatuko dizkiegu. Irakaslea ipuina kontatzen ari dela, haur bakoitzak bere orria altxatu behar du pertsonaia hori aipatzean eta “hemen dago” esan. 4.3.- Irakasleak ipuinaren oinarrizko hiztegia aterako du, ipuina irakurri ostean ikasleekin erabiltzeko. Hitzok, paper zurrun edo kartoi mehe batean idatzi eta haien gainean hitz egiten hasiko gara, hitzok ekartzen dizkieten irudiak azalduz. Galdetu egingo diegu ikasleei ea zertarako balio duten hitzok adierazten dituzten gauzek, non aur-


Ipuina lantzeko gida

kitu ditzakegun, nork erabiltzen dituen, arriskutsuak diren, zer egiten den haiekin... Adibidez, jo dezagun irakasleak hitzok aukeratu dituela: bizargile, bizarra, heriotzaren pena, leher egin, soro, kanabera, asto belarriak. Eztabaidatxo bat antola daiteke “bizargile� baten lanaz, noizero joaten diren ilea mozten, etxean mozten dieten, zelakoa den ile-apaindegia, lan erraza ala zaila iruditzen zaien, ile-apaindegian txutxumutxuka aritzen den, horrelako tokietan isilpeko asko aireratzen den... Edota aukeratuta hitza “heriotzaren pena� izan bada, galdetu ahal diegu ea zer dakiten pena horretaz, non erabiltzen den, zer iruditzen zaien... 4.4.- Aurrekoaren aldaera bat marraztea izan daiteke. Hau da, hitzak paper zurrunean idatzita, hitzok burura ekartzen dizkieten gauzak margotzeko eskatu ahal zaie ikasleei, irudiok ipuinarekin edo beste kontu batzuekin lotuta daudela. Marrazkiok eginda, interpretazio lana egingo dugu, ikasleek hitzekin lotu dituzten irudiak denon artean interpretatzeko. Marrazkiok abstraktuak izan daitezke eta kasu honetan are dibertigarriagoa izango litzateke interpretatze ariketa hori.

51


52

Liburuen xarma

Amaitzeko, berriro erabiliko ditugu paper zurrunean idatzitako hitzak: irakurri eta ikasleek egindako marrazkiei lotzen saiatuko gara, egindako marrazkiak paperezko zein hitz irudikatzen duen finkatzeko. 4.5.- Esaldien segmentazioa izan daiteke hitzak lantzeko beste jolas bat. Irakasleak ipuinean agertzen den hitz bat aukeratuko du. Horren ondoren, ipuina, edo aldez aurretik prestatutako esaldiak, irakurtzen hasiko da; ikasleek txaloa jo behar dute hitza agertzen den bakoitzean (edo eskua altxatuta irakasleak esandako esaldia errepikatu, baina aukeratutako hitzaren ordez txaloa tartekatuz). 4.6.- Ipuinean agertu diren hitzen luzerarekin ere jolas gaitezke: Zein da hitzik handiena? Eta txikiena? Horretarako, ipuinean agertzen diren hitz batzuk aukeratuko ditugu eta paper zurrun batean idatzi; gero, ikasleei hitzak aztertzeko eskatuko diegu, eta haietan handiena eta txikiena zein diren esateko. Azkenik, ikasleek esan beharko dituzte hitz luzeak eta laburrak. 4.7.- Beste jolas bat izan daiteke silaba berberaz hasten diren hitzak ezagutzea eta euren


Ipuina lantzeko gida

arteko desberdintasunak bereiztea: Zertan dira berdinak eta zertan desberdinak belarri eta berri? Gauza bera egin daiteke hitzaren amaierarekin: Zertan dira berdinak eta zertan desberdinak estutu eta ezkutatu? 4.8.- Segi dezagun hitzekin jolasten. Oraingo honetan hitz multzoak erabiliko ditugu, eta hitz multzo horietan sobran dagoen hitza identifikatu. Adibidez, zer hitz dago sobran multzo honetan: bizargile, sukaldari, argazkilari, kanabera eta borrero? Zer hitz dago sobran multzo honetan: soro, larre, erreka, ortu eta zelai? 5- Binomio fantastikoa.- Gianni Rodarik, Gramática de la fantasía lanean, alegiazko kontakizunak asmatzeko bildu zituen tekniken artean, “binomio fantastikoa” deritzoguna da ezagunena eta goraipatuena. Hona italiar pedagogoaren hitzetan6 jarduera honen oinarria: • “Berba batek beste baten eraginez bakarrik dihardu”. • “Binomio fantastikoan berbek ez daukate betiko esangura; normalean agertzen diren

53


54

Liburuen xarma

berba-kateetatik askatu egiten dira... eta elkarren kontra jaurti inoiz ikusi ez den zeruan. Eta orduantxe daude, egon ere, istorioa osatzeko egoerarik onenean... umeek atsegin hartuaz erabili dezaketen teknika da”. • “Gure eskoletan, orokorrean, barre gutxiegi egiten da. Adimenaren heziketa serioa eta iluna delako ideia gainditzea da gaitzena”. Haur batek hitz bat idatziko du arbelean, beste batek begiak ixten dituen bitartean. Ikaskideek ikusi dutenean hark idatzitako hitza, ezabatu egingo da. Horren ondoren, begiak itxita zituen ikaslea irtengo da arbelera eta beste hitz bat idatziko du. Kontuan hartu behar da jolasa ondo ateratzeko behar-beharrezkoa dela bi hitzon arteko distantzia egotea. Adibidez: zaldia-txakurra ez da binomio fantastiko bat. Aurreko jardunaren ondorioz horrelako binomioa suertatuko balitz, hobe genuke aldatzea. Hona Rodarik berak emandako adibideak: adreilua-abestia, txanogorritxu-helikopteroa, argiazapatak, txakurra-armairua. Horrela jokatuko dugu behin binomioa aukeratuta:


Ipuina lantzeko gida

1. Binomioko bi hitzak hartzen dituzten istorioak kontatzea, mugarik gabe. 2. Binomioko hitzen arteko erlazioak ezarri deklinabide kasuen bidez: • Txakurra armairuarekin • Txakurraren armairua • Txakurra armairuaren gainean • Txakurra armairuaren barruan

55


Ipuina lantzeko gida

Bigarren Hezkuntzan ipuina lantzeko zenbait aukera Poesiaren gaineko gidan esan genuenez, Bigarren Hezkuntza arautuago denez, ikasgaietan are zorrotzago banatuago dagoenez, literatura hizkuntza arlorako soilik geratzen da. Honek desafio bat jartzen digu begien aurrean, literaturak olgeta izaten segi dezala nahi badugu, hizkuntza arloko ikasgaiari erabat atxikirik gelditzetik libre jardun nahi badugu. Hortaz, orain arte aipatu ditugun bideak erabiltzen segitu beharko genuke, literatura ebaluazioarekin guztiz ez lotzeko. Aipatutako gidan esan genuenez, ipuinari buruz gero eta jarrera urrunduago erakusten dute nerabeek; hortaz, komenigarria da euren izaerara hurreratzen diren ipuinak7 bilatzea: gaur egungo giroa adierazten dutenak, protestaren gainean gorpuztutakoa, musika taldeen kantetara eraman gaitzakeenak... Esan dezakegu, hein handi batean, herri ipuinak folklorearekin eta haurtzaroarekin lotzen dituztela eta, ondorioz, zaharkitutzat jotzen dituztela. Hortaz, irakurtzeko grina bizirik iraunaraziko badiegu, eurek gustuko dituzten ipuinak erabiliz izango da, eta ez gure ustez

57


58

Liburuen xarma

egokienak direnak irakurtzera behartuz. Jakina, desafio horren aurreko erantzuna bietara jokatzea litzateke: eurek gustuko duten ipuina eta guk egokitzat jo-tzen duguna topatzea. Jarraian proposatutako saio ereduak Lehen Hezkuntzakoak baino luzeagoak izan daitezke eta, horrenbestez, litekeena da eskola ordu bat baino gehiago behar izatea. Esan gabe doa, bestalde, arestian aipatutako saio ereduak baliagarriak izan daitezkeela etapa honetan ere erabiltzeko. Hortaz, hemen aurrekoei gehi dakizkieke beste batzuk, baino ez ditugu emango. 1.- Dramatizazioa.- Irakurritako ipuina dramatizatzea litzateke. Hona hemen pausuak: • Behar beste talde sortuko dugu ikasleen artean. • Antzeztu behar duten egoera erabakiko dute. Ipuinean gertatzen, dena edo horren aldaera, izan daiteke. • Dramatizazioa prestatuko dute. Horretarako, aurpegiak margotu ahal izango dituzte edo-ta etxetik ekarritako arropak edo gauzak erabili. • Antzeztu.


Ipuina lantzeko gida

2.- Idazlearen irudi obsesiboaren gaineko eztabaida.- Saio honetarako Jon Arretxeren Zazpi Kolore liburuko bi istorio erabil ditzakegu: Herio beltza eta Herio zuria. Hona pausuak: • Zein da idazlearen irudi obsesibo hori? • Zelan landu du idazleak bere irudi obsesiboa? • Zein iruditan islatzen da idazlearen obsesioa? • Zer baliabide literario erabili du obsesio hori adierazteko? • Asmatu egin du horrela landuz? • Zelan landuko zenukete zuek? • Ezagutzen duzue antzeko irudirik landu duen beste idazlerik edo kantarik? 3.- Ipuinaren deskribapena: • Zelan agertzen da pertsonaia nagusia ipuinean? - Bere burua aurkezten duen pertsonaia da. - Idazleak aurkezten digu pertsonaia hasiera-hasieratik.

59


60

Liburuen xarma

- Pertsonaia ezkutuan gordetzen du hasieran; bitartean, beste bigarren mailako pertsonaiak edota gertalekuaren ezaugarriak agertzen ditu. • Zelan agertzen da gertakizuna ipuinean? - Hasiera-hasieratik azaltzen digu gertakizuna, horren gaineko ezaugarri asko emanez. - Hainbat gauza ezagutuko bagenu bezala jarduten du idazleak. • Zelan agertzen da denbora ipuinean? - Orainaldian kontatzen digu. - Lehenaldian kontatzen digu. - Denborak nahastu egiten ditu, zati bat orainaldian kontatuz eta zenbait baliabideren bidez iraganera joanez. • Zelan agertzen du lekua? - Hasieratik bertatik kokatzen gaitu gertakizunaren lekuan. - Bidaia batean bezala eramaten gaitu haraino.


Ipuina lantzeko gida

- Beste pertsonaia batzuez baliatzen da gertalekura heltzeko. • Zelan hitz egiten digute pertsonaiek? - Ez digute hitz egiten, euren pentsamenduak eta hitzak narratzailearen bidez heltzen zaizkigu. - Bakarrizketaz baliatzen da. - Barne gogoetaz baliatzen da. - Barne gogoetaz baliatuta, barruko pertsonaia bat sortzen du harekin hitz egiteko8. - Elkarrizketaz baliatzen da. 4.- Ipuin bat osatzea. Irakasleak kontsignen teknika erabil dezake; hau da, ikasleei kontsigna bat emango die eta horren gainean sortu beharko dute euren ipuina edo narrazioa. Kontsignak gertaera bat izan daitezke, sentimendu bat, hitz solte bat, egoera bat, irakasleak burutu beste aukera. Guk hemen hainbat eredu proposatuko dugu, ereduoz gain dauden guztiak baztertu gabe, jakina. Komenigarria da irakasleak kontsigna horren ondoriozko testuaren luzera ikasleei zehaztea. Hona kontsigna eredu batzuk:

61


62

Liburuen xarma

• Hitz hauek adierazten duten sentsazioa azaldu behar dute hiruna lerrotan, hitza bera aipatu barik: mina/oinazea, pena eta angustia. • Egoera bat eman eta ume baten begiekin kontatu, lau lerrotan: hileta, ezkontza, gurasoen arteko eztabaida ikaragarria... • Ipuin ia oso bati amaiera ematea; adibidez, Mikel Antzaren Suzko gezi bat bezala9 izeneko ipuinari amaiera kendu (“Bostoneko kaleetan galdurik...” dioen puntutik aurrera edo). • Aurrekoaren alternatiba, ipuinaren sarrera baino ez ematea litzateke, eta hortik aurrera ikasleek idatzi dezatela kontakizuna. Adibide bat ematearren, Sarrionandiaren Sonbreiru baten istorioa10 erabil daiteke, hasierako paragrafoa eman eta zer gertatu den galdetuta. 5.- Kate narratiboa.- Jarduera honetarako galdera-erantzunen sistema proposatuko dugu. Ikasleak taldeka jarriko ditugu, 5-6 kideko taldeak antolatuz. Ikasle bakoitzak zenbaki bat hartuko du, gerora emango dizkiegun galderak banatzeko. Hona galderak: 1. Nor zen? 2. Non zegoen?


Ipuina lantzeko gida

3. Zer egiten zuen? 4. Zer esan zuen? 5. Zer erantzun zuen jendeak? 6. Zelan amaitu zen dena? 1 zenbakia hartu duen ikasleak lehen galderari erantzun behar dio; gero, papera tolestu eta 2 zenbakia duenari pasako dio, 2 zenbakia duen ikasleak hasierako erantzuna ez emateko moduan. 2 zenbakia duen ikasleak bigarren galderari erantzun, papera tolestu eta 3 zenbakia duenari pasako dio. Eta hola hurrengorik hurrengo galdera guztiei erantzun arte. Jakina, ariketa honetatik aterako den kontakizuna guztiz zentzugabea izango da. Baina, Gianni Rodarik dioen legez, erantzunak irakurri eta barre egitea da helburua. “Edo, osterantzean, lortutako egoera aztertzen da bertatik istorio bat ateratzeko�. Guk bigarren helburu horri ere heltzea proposatzen dugu. Hau da, ikasleek sortutako kontakizun zentzugabeak ozen irakurri, istorioei izena jarri eta haien artean bat aukeratzeko eskatuko diegu ikasleei. Gero, hautatutako izenburuarekin, eta ereduaren erreferente berberekin (pertsonaiak, lekuak, ekintza eta amaiera) norberak ipuin oso bat egin

63


64

Liburuen xarma

beharko du; eta erreferentziako kontakizuna horixe baino ez da izango: erreferentzia. Ariketa honetan argi utzi beharko diegu 5-6 galdera horietan dagoela edozein ipuinen bizkarrezurra. 6.- Binomio fantastikoa.- Arestian aipatu dugun Gianni Rodariren teknika hemen ere erabil daiteke. Hona beste binomio fantastiko posible batzuk11: Zaldia-diamantea, Arrantzalea-zorrozkailua, Mendia-erlojua, Sorgina-ura... Bigarren Hezkuntzako ikasleekin istorioak sortzen jarduteko gomendioa egiten dugu, hau da, Lehen Hezkuntzako proposamenean proposatu genuen deklinabidearen bidezko loturak alde batera utzita. Hortaz, binomioko bi hitzak hartzen dituzten istorioak kontatzeko edo idazteko eskatuko diegu ikasleei, mugarik gabe kontatzeko. 7.- Ipuin tradizionalaren edo herri ipuinaren bilakaera. Jardun honetan ipuin tradizional edo herri ipuin ezagunenetako batzuk hartu, jatorrizko testua irakurri eta guregana beste bide batzuetatik, Disneyren bidez-edo, heldu diren bertsioekin konparatu. Horretarako, adibidez, Andersenen12 Sirenatxoa edo Perraulten13 Basoko logile ederra eta Txano-


Ipuina lantzeko gida

gorritxo14 ipuinak erabili ahal izango ditugu, aldaketa oso nabariak agertzen dituztelako, hala nola sirenatxoaren edo txanogorritxoren heriotza edo Basoko logile ederraren ipuinean agertzen den ogroaren desagertzea. 8.- Ipuinaren egitura aztertzen. Ipuin batek bi istorio kontatzen omen ditu beti. Ipuin klasikoetan (Poe, Quiroga), adibidez, lehenengo istorioa kontatzen da azaleko planoan, eta bigarrena sakonekoan, ezkutukoan. Ipuingilearen artea da bigarren istorioaren islak lehenengo istorioaren zirrituetan sartzen as-matzea; hau da, azaleko istorioak ezkutuko istorioa gorde du, bigarren istorioa modu eliptikoan konta-tzen dela, zatika. Sorpresa efektuarekin jokatzen da: istorioaren amaieran ezkutuko ipuina agertzen da. Bi istorio hauek ez omen dira berdin kontatzen. Bi istorioekin lan egiteak esan nahi du bi kausalitaterekin lan egiten ari garela. Gertaera berberak sartzen dira bi istorioetan, baina logika antagonikoak erabiliz. Ipuinaren oinarrizko osagaiek betekizun bikoitza hartzen dute ipuinean, eta modu desberdinean erabiltzen dira bi istorioetan. Bi istoriook gurutzatzen diren puntua da ipuinaren egituraren giltzarria.

65


66

Liburuen xarma

Borgesen “Heriotza eta ipar orratza� ipuinean, adibiderako erabiliko duguna, saltzaile batek liburu bat argitaratzen du. Liburu hori agertzen da behar-beharrezkoa delako bigarren istorioaren egituran. Zer dela eta Red Scharlach bezalako gangster batek ezagutzen ditu juduen tradizio zailak eta antola dezake segada mistiko eta filosofiko bat? Borgesek liburu hori sortzen dio, juduen tradizioak ikas ditzan. Baina lehenengo istorioaz baliatzen da liburuaren funtzio hori ezkutatzeko: liburua Yarmolinskyren heriotzaren harira agertzen da, kasualitatez bezala, ilogikoa da hor agertzea, garrantzi gutxikoa. Hala ere, lehenengo istorioan azalekoa dena oinarrizkoa da bigarrenean. Hortaz, ipuina kontakizun ezkutu bat gordetzen duen kontakizuna omen da. Horren harira, hauxe da geure buruari egin behar diogun galdera: Zelan kontatu istorio bat beste bat kontatzen ari garela? Galdera horretan batzen dira ipuinaren arazo tekniko guztiak. Ezkutuko istorioa da ipuinaren formaren giltzarria. Bertsio modernoan, aldiz, desagertu egiten da amaierako sorpresa, alegia, egitura itxia. Ipuin modernoak bi istorioen arteko tentsioa lantzen du, istorioak


Ipuina lantzeko gida

argitu gabe. Ipuin klasikoak, Poerenak, istorio bat kontatzen du, beste istorio bat bazegoela iragarriz; ipuin modernoak bi istorioak kontatzen ditu, istorio bakarra balira bezala. Baina denek ez dute berdin jokatzen, denek ez dute bigarren istorio hori maila berean ematen. Hemingwayk, esaterako, beste ikuspuntu batetik jokatzen zuen, izebergaren teoria erabiliz: inportanteena sekula ez da kontatzen. Ezkutuko istorioa esan ez denaren bidez kontatzen da, esan gabe joan denarekin, hitzerdiekin. Eta Kafkak, beste adibide bat, argi eta garbi kontatzen du ezkutuko istorioa eta isilgordean azalekoa, azken hori misteriozko eta ilun bihurtu arte. Kafkatarra da iraultze hori. Horra, beraz, DBHn jolasteko beste bide bat. Ikasleek ipuina irakurri dutela, bi istorioez galdetu ahal diegu: ikusi dute bigarren istorio hori irakurritako ipuinean, zein da? Zelan kontatzen da, bigarren istorio hori zein den ikusi badute, ageri-agerian ala ezkutuan? Ezkutuan kontatzen bada, aipatu dugun Borgesen ipuinean bezala, zeintzuk dira lehenengo istorioan eta bigarrenean zubia egiten duten osagaiak? Hona hemen zenbait adibide gelan irakurtzeko eta aurreko ariketa egiteko:

67


68

Liburuen xarma

• Edgar Allan Poeren Bihotz salataria in Kontakizunak. Literatura Unibertsala 88. Ibaizabal. • Ernst Theodor Amadeus Hoffmannen Banpiro istorioa in Ipuin fantastikoak. Literatura Unibertsala 13. Ibaizabal. • Guy de Maupassanten Otsoa in Fantasiazko Ipuinak. Literatura Unibertsala 84. Ibaizabal. • Jorge Luis Borgesen Traidorearen eta heroiaren gaia in Ipuin hautatuak. Literatura Unibertsala 77. Ibaizabal. 9.- Ipuinaren egitura aztertzen jarraitzeko, Vladimir Proppek ipuin tradizionalez egindako ikerketan adierazi zituen 31 motiboak15 eta 7 jardule edo aktanteak16 erabiliko ditzakegu hurrengo saio honetan. Haurrei Proppen funtzioen zerrenda emango diegu eta haiekin komentatuko ditugu. Behin funtzioak argi gelditu direla, hainbat ipuin tradizional edo herri ipuin irakurri eta funtzio horiek zelan betetzen diren ikusiko dugu, taldeka edo binaka jarrita. Ariketa honetarako ondoko liburuak erabil ditzakegu: • ARRATIBEL, J. Kontu zaharrak. Erein. • ANDERSEN, Hans. Hemeretzi ipuin. Literatura Unibertsala. Ibaizabal.


Ipuina lantzeko gida

• PERRAULT, Charles. Perraulten ipuinak. Pamiela etxea. 10.- Ipuin tradizional bat sortzea.- Komenigarria da lehenago aipatu ditugun Proppen egiturekin jardutea, ahozko tradiziotik hartutakoa dela ematen duen ipuina sortzeko. Ipuin tradizionalaren funtzioak eta jarduleak argi eta garbi daudela, ustezko euskal ipuin tradizional bat idazteko eskatuko diegu. Horretarako, euskal ahozko tradizioan agertzen diren pertsonaietako bat aukera dezakegu, hala nola Basajaun, tartaro, lamiak, Pernando Amezketarra... Ipuina sortzeko eskema hau emango diegu ikasleei, Proppen funtzioetan oinarritua: • Hasierako egoera. • Familiako norbait etxetik doa. • Protagonistari zerbait egitea debekatzen zaio. • Heroiak emailearekin topo egiten du eta honek froga bat egiten dio. • Heroiak froga gainditzen du. • Horren ondorioz, heroiak zerbait magikoa eskuratzen du.

69


70

Liburuen xarma

• Heroiaren eta gaizkilearen arteko borroka. • Heroia irabazle irteten da borrokatik. • Heroia herrira itzultzen da.


Ipuina lantzeko gida

Oharrak 1.- OLAZIREGI, Mari Jose. Literaturaren irakaskuntza bigarren hezkuntzan. Testu-iruzkinetarako metodologia eta iradokizunak. Hegats, 28. zk. (1990), 39. or. 2.- Antton Irusta arduratu da Kontatzeko ipuina izendatu dugun atalaz. 3.- I単aki Friera arduratu da Irakurtzeko ipuina izendatu dugun atalaz. 4.- QUIROGA, Horacio. El Manual del perfecto cuentista, 328. or. 5.- MUJIKA, I単azio. Ipuingintzaz. HEGATS, 5 zk. 19.or. 6.- CALLEJA, Seve; IRUSTA, Antton: Ipuinen Tailerra, 31. or. (argitaratu gabeko apunteak). 7.- Hona hemen erabil daitezkeen hainbat ipuin: Jasone Osororen Plantxa, bortxaketaren gaia; Jose Antonio Mujikaren Gorrotoa, mendekuaren gaia; Jose Luis Borgesen Traidorearen eta heroiaren gaia, borroka armatuaz; Jon Arretxeren Unibertsitateko harakinak, az-terketak eta kopiatzea; Josu Landaren Tiro bat besterik ez, gerraren gaia... 8.- Bernardo Atxagaren Klaus Hanhn ipuina erabil dezakegu (Obabakoak). 9.- Honen antzeko ariketa baten bidez, Susak Interneten jarri duen informazioa kontsultatzeko bidea ere eman diezaguke, horretan agertzen diren aldizkari eta ipuinekin disfrutatzeko aukeraz baliaturik: http://www.armiarma.com/andima/ susa/susa0702.htm. (2004-07-06an egindako kontsulta).

71


72

Liburuen xarma

10.- SARRIONANDIA, Joseba. Narrazioak. ELKAR. 11.- CALLEJA, Seve; IRUSTA, Antton. Ipuinen Tailerra, 31. or. (argitaratu gabeko apunteak). 12.- ANDERSEN, Hans. Hemeretzi ipuin. Literatura Unibertsala. Ibaizabal. 13.- PERRAULT, Charles. Perraulten ipuinak. Pamiela etxea. 14.- Ipuin honen karira, eta lehenago musika aipatu dugunez, Hemendik At taldearen Txanogorritxo kanta ere erabil dezakegu. 100 Haur Kanta. EGUNKARIA. 15.- CALLEJA, Seve; IRUSTA, Antton. Ipuinen Tailerra, 37. or. (argitaratu gabeko apunteak). 16.- CALLEJA, Seve; IRUSTA, Antton. Ipuinen Tailerra, 38. or. (argitaratu gabeko apunteak).


Ipuina lantzeko gida

Bibliografia orokorra - ALDEKOA, I. 1993. Euskal ipuinen antologia bat. Alberdania. Irun. - ARRATIBEL, J. 1980. Kontu zaharrak. Ed. Erein. - BARANDIARAN, J. M. DE. 1973. Eusko folklore. Ed,. La Gran Enciclopedia Vasca. -Obras completas de Don José Miguel de Barandiarán, II. alea. Bilbo. 1973 - BENGOETXEA, X. 1986. Euskal ipuinak. Iturriaga saila, Erein, Donostia. - CALLEJA, S. 1995. Basajaun, el señor del bosque. Cuentos y leyendas populares vascos. Gaviota. Madril. - CAMARENA, J. eta CHEVALIER, M. 1995. Catálogo tipológico del cuento folclórico español. Gredos. Madril. - DUESO, J. 1997. Cuentos y leyendas de la Euskal Herria fantástica I, II, III... Roger. Donostia.

73


74

Liburuen xarma

- RODRIGUEZ ALMODOVAR, A. 1984. Cuentos al amor de la lumbre. Anaya, Madril. - VINSON, J. 1998. Literatura popular del País Vasco. Tradiciones, leyendas, cuentos, canciones, adivinanzas, supersticiones. Txertoa. Donostia. • Antropologiako ikerlanak - APALATEGI BEGIRISTAIN, J.M. 1987. Introducción a la historia oral. Kontuzaharrak. Anthropos, Editorial del Hombre. Bartzelona. - AZKUE, R. M. 1959. Euskalerriaren yakintza. Literatura popular del País Vasco. Cuentos y leyendas. Espasa-Calpe. Madril. - LEKUONA, J. M. 1982. Ahozko euskal literatura. Erein. Donostia. - PROPP, V. 1974. Las raices históricas del cuento. Fundamentos. Madril. - PROPP, V. 1985. Morfología del cuento. Akal. Madril.


Ipuina lantzeko gida

• Literatura ikerlanak - BRAVO VILLASANTE, C. 1978. Historia de la Literatura Infantil Universal (2 ale) Almena, Madril. - CALLEJA, S. eta MONASTERIO, X. 1998. La literatura infantil vasca. Estudio histórico d los libros infantiles de euskara. Ediciones Mensajero, Universidad de Deusto, Bilbo. - RAMOS. R. A. 1998. El cuento folklórico: una aproximación a su estudio. Pliegos, Madril. • Pedagogiako ikerlanak - BRYANT C, S. 1995. El arte de contar cuentos. Biblaria. Navidad Bilduma. Bartzelona. - CERVERA, J. 1985. La literatura infantil en la Educación básica. Cincel-Kapelutz, Madril. - PELEGRIN, A. 1982. La aventura de oír (Cuentos y memoria de tradición oral). Cincel, Madril. - RODRIGUEZ ALMODOVAR, A. 1985. Para una

75


76

Liburuen xarma

pedagogía del cuento popular. Apuntes de educación, 17. zk., apirila-ekaina, Madril. • Ikus-entzunezko materiala - JIRA-BIRA 1-2-3-4 ipuinak. (Kasetak). Ibaizabal argitaletxea. - KOLDO AMESTOI KONDALARI. (Kasetak.12). Behin bazen Euskal Herrian. IZ estudioa. - BAZEN BEHINGO IPUINAK. (Kasetak. 3-4). Eder Track estudioa. - BEHIN BAZEN. Koldo Amestoi / Bizente Martinez. (Kaseta). - KONTU-KONTARI programa. Canal Bizkaiak egina. (bideoak).


Ipuina lantzeko gida  

Euskal Idazleen Elkarteak eginiko gida

Ipuina lantzeko gida  

Euskal Idazleen Elkarteak eginiko gida

Advertisement