Issuu on Google+

ERROMANIZAZIOA Kristo aurreko II. Mendean hasten da Euskal Herriaren erromanizazio prozesua. Erromatarren etorrerarekin, Euskal Herria historian sartzen da. Lehen aldiz, historialari ezberdinak (Estrabon, Pompeyo Mela…) Pirinio mendi inguruan bizi den herriaz mintzo baitira. Erromatarrek Euskal Herriko geografia fisikoaren eta gizataldeen ikerketari egindako ekarpena Ager eta Saltus Vasconum bereizketa izan zen. Ager Vasconum terminoa latinezko “ager” (lur laua,landu daitekeena) hitzetik dator; izan ere, bat zetorren Ebro bailarako eskualde erromanizatuekin,non ongi egokitzen baitzen olibondo, gari eta mahatsondoaren hirukote mediterranearra. Aitzitik, Saltus Vasconum izenean, “saltus” terminoa latinezko baso edo ohianaren ordaina da, eta Euskal Herri atlantiarreko pagadi eta hariztien eskualdeei dagokie. Nolanahi ere, klasikoek herriez duten pertzepzioa –eta gure kasuan ez da salbuespenazehaztugabea eta nolanahikoa da. Gainera, alor teknologikoan eta hirigintzan ere ekarpen zabalak jaso zituzten baskoiek erromatarrengandik. Garai honetakoak dira geure historian hain garrantzitsuak izan diren Iruña eta Baiona hiriak. Bestalde, aipatzekoa da euskal jendeak bere kultura eta idiosinkrasia mantentzea lortu bazuela, erromatarrekin orohar izaniko harreman baketsuei esker izan zela. Ohikoa izan ohi zen adibidez baskoiak erromatar legioen zerbitzura aritzea. Erromatar eta euskaldunen arteko harremanak, aliantza edo “Foedus”etan gauzatzen ziren. Hauen arabera, euskaldunak erromatarrei laguntzera behartuta zeuden, eta trukean erromatarrek euskaldunon statusa errespetatzen zuten. Laburbilduz, esan dezakegu Euskal Herriaren integrazioa baketsua eta adostua izan zela oro har, nahiz eta liskar gutxi batzuk eman ziren batez ere Pirinio iparraldeko zonaldetan. Euskal kulturaren biziraupena ezin da beste modu batera azaldu, Erromak aurre egiten zioten herrien elementu kulturalak gogorki deuseztatzen baitzituen.


Erromanizazioa