Euroituna 2014 nafarroako foru erkidegoa

Page 92

Beraz, ez da urrats eraginkorrik eman herritarren hizkuntza-eskubideen bermeari begira eta euskaraz artatua izan eta prozedurak euskaraz ere burutu ahal izateari begira. Euskararen erabilera normalizatuaren arrastorik ez dago Justizia Administrazioan oraindik. Nafarroako Foru Erkidegoan Justizia Administrazioak ez du ofizialtasuna bikoitzaren printzipioa barneratu, ez eta Europako Itunaren edukia bere egin; ez ahozko jardunean, ez jardun idatzietan. Euskarak hizkuntza arrotza izaten jarraitzen du epaitegietan, oro har, hizkuntza nagusia, bakarra ez denean, gaztelania baita. Ondorioz, eskubideen urraketa nahikoa sistematikoa da, edozein dela arrazoia edo zioa, gaztelaniaz egiten baitira jardunbide guztiak, eta herritar euskaldunei, propio eskatuta ere, ez baitzaie bermatzen hizkuntza-hautua. Honenbestez, 2010 - 2013 urte bitartean aurreko urteetan gertatutako hizkuntza-eskubideen urraketak errepikatu dira eta, oro har, ez da Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren 9. artikuluan aurreikusitakoa bete: 1.- Ez dago inolako erraztasunik euskaraz aritzeko Justizia Administrazioan, eta euskaraz jardun nahi den kasuetan, gaztelaniaz egin nahi den kasuetan ez bezala, aurretiaz jakinarazi behar zaio epaitegiari euskaraz jarduteko asmoa dagoela. Inork halakorik eskatu ez arren, epaitegiek automatikoki itzultzailearen bidez jardutera behartzen dute herritarra eta Justizia Administrazioan lan egiten duen profesionala. Alegia, baldintza jakin batzuetan jartzen ditu epaitegiak (aurretiazko jakinarazpena eta itzultzailearen inposizioa) euskaraz jardun nahi dutenak. Honek, euskaldun asko eta asko Justizia Administrazioaren aurrean euskaraz ez jardutera edo euskaraz jarduteko eskubideari uko egitera eramaten du, euskaldunak jakin baitaki euskara arrotza zaiola Justizia Administrazioari eta ez dela gogo onez aritzen euskaraz. Jarrera txarrak, eztabaidak, atzerapenak, indefentsio egoerak, berak esanikoa behar bezala baloratua izango ez denaren uste zabalduak (itzultzailearen parte hartzeagatik), Justizia Administrazioan euskararen erabilera normalizatua izan dadin behar besteko neurriak jartzen ez direnaren iritzi sendoak, etab.ek “autozentsura� bezala kalifikatu dezakegun jarrera batera eramaten dute euskaldun asko. Horren erakusgarria da epaitegiak dauden lekuko herri eta hirietako euskararen kaleko erabileraren eta Justizia Administrazioan dagoen erabileraren arteko alde nabarmena. 2.- Ahoz zein idatziz zerbitzua gaztelaniaz besterik ez da eskaintzen, Justizia Administrazioko leku gehienetan. Langileria euskalduntzeko programak egon arren, 2010 - 2013 urte bitartean ere, Justizia Administrazioan lan egiten duten funtzionario eta langile gehienek ez dute gaitasun linguistikorik herritarrak euskaraz artatzeko edo beraien lana euskaraz burutzeko. Euskara ez da lan-hizkuntza Justizia Administrazioan. Zirkularrak, posta elektroniko bidezko jakinarazpenak, etab. gaztelania hutsean egin ohi dira. Gaztelaniaz egiten da lan guztia eta euskara, erabilia den kasu apurretan, gazteleraren itzulpena baino ez da. Modu berean, euskara erabilia denean (dokumentuetan, deklarazioetan, etab.), Justizia Administrazioak gaztelaniara itzulitako dokumentuak, komunikazioak etab. baliatzen ditu.

92


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.