Issuu on Google+

Lehen hezkuntzako irakasle bezala, zer formakuntza teknologikoa behar dugu? Guztiok nabarmendu dugun moduan, egungo gizartea uneoro eta abiadura oso azkarrean aldatzen ari da eta guk pixkanaka egoera berrira egokitzen ikasi behar dugu. Modu honetan, erronka berriak aurkezten zaizkigu eta horien artean nabarmenetako bat teknologiaren integrazioa izan da. Egungo haurrak eta gazteak, teknologian hazi eta heziak izan gara, eta beraz alor honetan ez dugu inongo zailtasunik aurkitzen, gure aurrekariek ez bezala. Oso entzuna da eta errealitatean argi ikusten da, gure gurasoek eta zer esanik ez gure aiton-amonek, zailtasun handiak dituztela teknologia berriak erabiltzeko, esaterako: telefono mugikorra, ordenagailua etab. (Area, M. (2009) La competencia digital e informacional en la escuela). Fenomeno hau azaltzeko, kontzeptu berri bat sortu da: Analfabetismo Teknologikoa. Hezkuntzan ere ahalegin handia egin da teknologia berriak edo IKT-ak integratzeko. Horren erakusle dugu 2008.urtean euskal ikastetxeetan indarrean jarri zen Eskola 2.0 proiektua "ikasle bakoitzarentzat ordenagailu bat" lelopean. Hala eta guztiz ere, azken urteetako krisia dela eta zenbait aldaketa egin dira hasierako planteamendutik. Egun, ikastetxeko zenbait gelatan aurkitzen dira ordenagailuak eta maila guztietako ikasleek erabil ditzakete. Era berean, azpimarragarria da liburuen presentzia oraindik ere handia dela, eta IKT-ak ikasitakoaren osagarri moduan erabili ohi direla, alegia, ordenagailu hauen bitartez, ikasleek ikasgelan ikasi dutenaren inguruko ariketak, jolasak… egiten dituzte ikasi berri duten hori hobeto barneratzeko. (Eskola 2.0: konpetentzia mapa eta irakasleei egindako elkarrizketak). Baina hain erraza al da IKT-ak ikastetxeetan ezartzea? Gure eskolek alor honen inguruan bizi duten errealitatea oso konplexua da. Ikastetxeek teknologia berriak integratzeko aldaketa ugari egin behar izan dituzte euren metodologia eta funtzionamenduan eta askotan, ez dira uste bezain eraginkorrak izan. Zenbait azterketa egin ondoren ikusi da, sarritan teknologia berrien erabilerak ez duela hezkuntzaren berrikuntza hobetzen, oso maiz ez dutelako helburu pedagogikorik. Adibidez: arbel elektronikoaren erabilera, arbel tradizionalaren berdina da, hau da, ez du inongo helburu pedagogiko berririk gailu berri honek. (Correa, J.M., Losada, D., Fernandez, L. (2012) Políticas educativas y prácticas escolares de integración en las escuelas del País Vasco: Voces y cuestiones emergentes). Ildo beretik, irakaslea protagonista nagusia da IKT-en erabileraren irakaskuntzan eta zenbaitetan ez dago behar bezala prestatuta. Arestian aipatu moduan, egungo haur eta gazteok teknologiaren gizartean sortuak izan gara, baina gure irakasleak errealitate berri honetara egokitu behar izan dute. Ordenagailuekin irakasteak metodologia berri baten beharra eskatzen du, liburuetan, eskola magistraletan edo apunteetan oinarritutako eredu


tradizionaletik aldentzen dena. Baina irakasleen ohitura eta trebetasunak aldatzea arazo konplexua da, denbora eta esfortzu handia eskatzen duena. Beraz, irakasleak konpetentzia berriak bete behar ditu, formatu egin behar du eta horretarako hainbat proposamen egin dira; horien artean, ISTEk garatutako NETS proiektua, National Educational Technological Standard aurkitzen da. (Area, M. (2009) La alfabetización digital en la formación del profesorado). Beraz, Lehen Hezkuntzako irakasleak teknologikoki formatzea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu, izan ere, prestatuta egon behar dute teknologia berrien erabileran, ondoren euren ikasleei hauen funtzionamendu egokia irakatsi ahal izateko. Honen erakusle ditugu Berritzeguneak. Bertan, teknologia berrien erabilerarentzako oinarrizko trikimailuak barneratzen dituzte eta pixkanaka trebetasun handiagoa hartzen dute. Hala eta guztiz ere, azpimarratu behar da sarritan irakasleek ez dutela formazio saio hauen beharrik, izan ere, elkar irakatsi eta laguntzen dira. Gure iritziz, garrantzi handia du irakasleen arteko kolaborazioak eta elkar laguntzeak, ondoren balio hauek irakatsi beharko baitizkie euren ikasleei. Honela, oinarrizkoa da irakasleen arteko komunikazioa indartzea. Ikasgelan IKT-ekin izan dituzten esperientzia, arazo, bizipen etab. elkarbanatzea oso positiboa da, elkarri laguntzeko eta irakasteko. (Correa, J.M., Losada, D., Fernandez, L. (2012) Políticas educativas y prácticas escolares de integración en las escuelas del País Vasco: Voces y cuestiones emergentes). Bestalde, irakasleak teknologiaren inguruan formatzean, hauek dituzten helburu pedagogikoen inguruan formatzea ere beharrezkoa ikusten dugu, gailu hauek behar bezala erabiltzeko eta euren eraginkortasuna xurgatzeko. Adibidez: ordenagailu eramangarriak ariketak egiteko erabiltzea, edota irakurketa bultzatzeko liburu elektronikoen bitartez. (Irakasleei egindako elkarrizketak) Honek guztiarekin loturik, sarritan ikusi da irakaslearen papera aldatu egin dela gure ikastetxeetan. Informazioaren transmititzaile zuzena izatetik, ikaslearen laguntzaile izatera pasa da. Askotan, ikasleak irakaslea zuzen dezake, berak baino gehiago dakielako eta irakasleak hori onartzen ikasi behar du, ikasgelan eztabaidatu dugun moduan. Amaitzeko, lehenago aipaturiko guztia laburbilduz, adierazi nahi dugu, gure ustetan teknologia berrien erabilera sustatu egin behar dela baina betiere hauek dituzten helburuak ondo markatuz, bestela euren erabilera alferrikakoa dela iruditzen zaigu. Horrez gain, ikastetxeek eta irakasleek, prest egon behar dute aldaketa berri hauetarako eta horrek ikastetxearen funtzionamendu eta antolaketan berrikuntzak ematea eta irakasleria formatzea eskatzen du, ezinbestean. Uste dugu, ikasleek elkar banatzen ikasi behar dutela eta baita elkarrekin lan egiten ere, horregatik iruditzen zaigu, ez dela beharrezkoa ikasle bakoitzak bere ordenagailu pertsonala izatea, baizik eskolan ordenagailu gela bat egotea.


Ikten hausnarketa