Issuu on Google+

“KIKE ETA BERE TURUTA” FITXA TEKNIKOA: Titulua: “Kike eta bere turuta” Zikloa: HHko 2. Zikloa (4-5 urte) Helburuak:

Ezberdintasunekiko errespetuaz haurrak sentsibilizatzea

Edukiak:

Aniztasuna aberastasun gisa ikusteko jarrera bultzatzea Denen iritziak entzun eta norberarenak adierazteko jarrera sustatzea Desberdintasunak modu positiboan ikusi eta baloratzea Kulturarekotasuna eta elkarlana bultzatzea

Baliabideak:

Argazki kamera; tripode bat; ordenagailua; Movie Maker programa;

inpresora; bozgorailuak; kartulinak; margoak; makilak; kola; guraizeak…

Bazen behin ikasgela polit bat, ikasle pila bat biltzen zituena. Ikasle bakoitza ezberdina zen: batzuk kolore bateko azala zuten; beste batzuk beste batekoa. Batzuek hainbat gauza zituzten gustuko, eta beste batzuek beste gauza ezberdin batzuk. Haur batzuk luzeak ziren, beste batzuk txikiagoak. Batzuek leku gehiago behar zuten esertzeko, eta beste batzuk gutxiago. Baziren ikasle berdeak, urdinak, horiak, gorriak… batzuk ilargia bezain altuak ziren, eta beste batzuk, berriz, ez ziren oinekin lurra ukitzera iristen aulkian eserita zeudenean. Ikasgela horretako irakaslea andereño Bego zen. Harekin, altuak ziren haurrek makurtuta egon behar izaten zuten gelan; txikienak kaxa batzuen gainean eseri behar izaten ziren; potoloenek tripa barrura sartu behar izaten zuten; eta argaltxoenek kotoia sartu behar izaten zuten arropen barruan. Gainera, denek berdin jantzita joan behar izaten zuten. Andereñoa jabetu zen ezin zuela saihestu haur bakoitzak ezaugarri ezberdinak izatea, eta beraz, haurrak beste era batean kokatzea erabaki zuen: gustukoen zituen haurrak aurrean eseriko ziren, eta gutxien gustuko zituenak, berriz, atzealdean. Hala, gure Kikek azken lerroa zer zen ezagutu zuen; andereñoari batere gustatzen ez zitzaizkion haurretako bat zen. Ikasgela hain zen luuuuuuzea, ikustea ez ezik, bere ahotsa entzunaraztea ere ez baitzuen lortzen Kikek azken ilara hartatik. Negarrez iristen zen etxera, triste eta bakarrik sentitzen zelako, gelan inork ez baitzuen bere ahotsa entzuten. Hala, pixkanaka, parte hartzeari utzi egin zion Kikek: -Zertarako hitz egin, ez banaute entzuten?- pentsatzen zuen. Kikeren gurasoak ere oso triste jarri ziren. Ez zekiten zer egin. Denbora asko igaro zen horrela, harik eta Pedrok, Kikeren anaia nagusiak, gailu arraro bat, oso arraro bat eman zion arte. Ahoa gailu haren alderik estuenean jarrita hitz egiteko esan zion anaiak Kikeri.


-Aldaketa ikaragarria izango da!- ziurtatu zion Pedrok Kikeri. Hurrengo egunean, bere gailu arraro eta preziatu hura motxilan sartu, eta eskolara abiatu zen Kike. Motxila estu hartuta eseri zen bere aulkitxoan. Eta andereñoa galderak egiten hasi zen: -Zenbat dira bi eta bi?- esan zuen andereño Begok. -LAU!- erantzun zuten denek. Baina Kikeren ahotsa, beren indar guztiekin oihukatzen zuen arren, ez zen oso urrunera iristen, ezta andereñoaren belarrietara ere. Triste jarraitzen zuen, berak jakin bazekien-eta bi eta bi lau zirela, baina ezin zuen frogatu… inork ez zion entzuten! Baina orduan, anaiaren hitzak etorri zitzaizkion gogora. “Aldaketa ikaragarria izango da!”, entzun zuen bere burutxo barruan. Ezer galtzekorik ez zuenez, motxila zabaldu, gailu arraro hura eskuetan hartu, eta anaiak esan bezala, muturrik estuena ahora hurbildu zuen. Andereño Begok galdezka jarraitu zuen: -Zenbat dira lau eta sei?-galdetu zuen. Inork ez zuen erantzuten. Denak erantzuna zein izan zitekeen pentsatzen ari ziren. Bat batean, ozen entzun zen: -HAMAR!-oihukatu zuen Kikek, bere indar guztiekin. -Oso ondo!-esan zuen andereño Begok, noruntz begiratu ez zekiela.- Baina, nor izan da erantzun duena?-galdetu zuen, haurra zoriondu nahian. -Neu izan naiz, Kike!- oihukatu zuen pozarren. Ikasgelan bere ahotsa entzuten zen lehen aldia zen, eta gainera, erantzuna asmatu zuen! -Zu?-esan zuen, harrituta, andereño Begok.-Ez zintudan inoiz ere entzun; eskerrak oihukatu egin duzun! Andereño Bego pentsakor geratu zen. Agian, ikasgela antolatzeko hautatu zuen modua ez zen onena. Kontatzeko gauza interesgarriak zituzten ikasleak zeudela jabetu zen Kikeri entzunda, baina modu horretan ez zutela entzunak izaterik, ezta berak haiei entzuterik ere. Egun hartatik aurrera, ikasle guztiak borobilean eseri ziren, baita Kike ere. Denek hitz egiten eta elkarri entzuten zioten orain, eta poz-pozik joaten ziren egunero eskolara. Kikek ez zuen turutarik inoiz gehiago behar izan. Eta hala bazan, sar dadila kalabazan, eta ez bazan, atera dadila Kikeren herriko plazan!


Kikeren turuta