Issuu on Google+

ENTRE COPAS Pelikula asko gustatu zait. Ez da modu egokiena hausnarketa testu bati hasiera emateko, baina hori da filmari egin diodan kritika egin ostean atera dudan sintesia. Lehenik eta behin, harritzekoa iruditu zait Estatu Batuetatik etorritako pelikula batek film honek dauzkan ezaugarriak izatea. Hasteko, erritmoa aipatu nahiko nuke. Istorioa ez doa abiada bizian, patxadaz dabil; azken finean, pelikula eraikitzen den testuingurua ere hala moduzkoa da: landa eremua, lasaitasuna, ardoa eta bodegak, emakume eta gizon helduak‌ Honek ez du esan nahi erritmoa denbora guztian berdina denik, ez eta lausotasun edo horizontaltasunean itotzen denik. Badauzka bere momentu gorenak, erritmo biziko eszenak; lasaitasuna eta bizitasunak zinez ederki elkarreraginen dute euren artean. Jarraitzeko, iruditu zait pelikularen hizkuntzak ikuslea modu helduan tratatzen duela; baina hartzailearen adimenari iseka ez egiteaz gain, bereziki jeniala deritzot ardoaren argota erabiliz bizitzari erreferentzia egiten dioten esaldi edo elkarrizketen erabilera. Ondorioztapen honen harira burura datorkidan eszena bi bikoteak emakumetako baten etxera doazen gaua da. Miles eta Maya pare-pare daude etxeko atarian, eta euren sentimenekin lotuta daukaten elkarrizketak piztu zuen nire arreta. Ardoaren garai onenak, botila batek irekitzean daukan usaia eta gustua, botila horrek helarazten duena ezberdina izango dela irekitzen den egunaren arabera, ardoa bere kalitatearen tontorrera iritsi ostean bere gainbehera datorrela‌ Igorleak hartzaileari mezua helarazten dio, baina ikusleak kodea zifratu beharra dauka elkarrizketaren esanahi osoa ulertu ahal izateko. Filmean zeha umore oso fina dago. Filmaren beste ezaugarri esanguratsua bere pertsonaiak dira: guztiak galtzaileak dira, bereziki protagonista, Miles. Berrogeita hamar urtetik aurrerako idazle etsia, banandua, auto-estima baxukoa‌ Argitaletxeek ez diote bere liburua kaleratzen; gustukoa omen dute, baina ez dakite nola saldu edo nondik heldu. Beharbada irakurketa hori idazlera ere aplika dezakegu. Bizitzak aurrean jartzen dizkion aukerak ez ditu ondo aprobetxatzen (Mayarekin dagoen gaua), eta bere iraganean kateatuta bizi da; mozkortuta dagoenean bere emazteari deitzen dio, ezin du onartu bere bikote ohiak bere bizia berreraikitzea eta bera ziplo eginda bizirautea. Jack ere beste galtzaile bat da: bigarren mailako aktorea, edozein emakumerekin oheratzeko prest dagoena eta oso umea. Maya ere banaduata dago, baita Stephanie ere; azken honek gainera seme bat dauka. Ezkontza aurretik egiten duten astebeteko bidaian euren bizitzako alde triste eta gordinena ikus dezakegu, baita pertsonaien eboluzioa ere: Jack antzekoa da pelikula hasieran eta amaieran. Miles, aldiz, aldatu egiten da, eta jada ez ditu aukerak alperrik pasatzen uzten; horregatik jotzen du berriz Mayarengana. Zoragarria da ikustea nola, sentimenez eta etsipenez jositako istorio batek, denbora guztian elementu bat daukan ardatz gisa: ardoa.


COMO SER JHON MALCOVICH Pelikulan lantzen dituen oinarrizko bi ideiak manipulazioa eta identitatea dira. Manipulazioa titiriteroaren konparazioaren bitartez jorratzen da, eta identitatea pertsonaien nortasuna auzian ipiniz. Pelikulako pertsonaiek txotxongiloekin egiten dute lan, eta horren bitartez helarazten da manipulazioaren mezua. Txotxongiloa ez da bere buruaren jabe, bere nagusiak agindutako mugimenduak soilik egiten ditu. Gaur egungo jendarteari kritika zuzena eta sakona egiten dio, beraz; titiriteroak helarazitako mezu, ardura eta aginduei men egiten dien herri masa ganoragabea dago egungo jendartearen fondoan, zuzendariaren arabera. Manipulazioaren ideia oso lotua dago nortasunaren gaiarekin. Txotxongiloak ez dauka identitaterik, bere nagusiarena baino; eta nagusiak Jainko izatera jolasten du, beste izate batzuk kontrolatzeko gai ikusten baitu bere burua. Garai postmodernoaren ezaugarri klabeetako bat da hori ere: naturaren baitan erdigunea eta puntu gorena garela pentsatzea. Filmean ere asko agertzen da hilezkortasunaren ideia, denbora iragankorra dela eta oso bizkor doala gure begien aurrean; behin eta berriz errepikatzen dute galdera hori. Guztiek nahi dute John Malcovichen existentzia kontrolatu. Sorkuntza eta kontrola filmean zehar ikus ditzakegu, dena txotxongiloaren baitan; zer eta nola sortu. Pertsonaien ospe nahia ere aise topa dezakegu gaur egungo gazte askoren artean, eta hori da hain harrera ona daukan prentsa arrosak elikatzen duena. Nortasunaren ideia ere oso indartsua da aktoreak maskarak erabiltzeko orduan; maskara beste nortasun bat atzemateko aukera eskaintzen digu. Naturalismoa ere oso presente dago pelikulan. Gaia, dekoratu batzuk, trama edo beste hainbat ezaugarri nahiko surrealistak diren arren, egiantzekotasuna mantentzen da istorioan zehar. Filmean zehar etengabe aurkitzen dugun fondoko galdera zera da: nor naiz ni?


EL JARD�N DE LOS SENDEROS QUE SE BIFURCAN Liburua labirintoa da, eta labirintoa liburua. Tsui Pen-ek idatziriko liburua gaur egunera ekarriz gero, iraganean idatzi zuen arrazoi berberetara iritsiko ginateke. Bizitzaren moduko liburu bat idatzi zuen; hartzen ditugun erabakien arabera ibilbide bat edo bestea hartzen dugu, eta modu ezberdinean bukatu. Gure ekintzek eta erabakiek ondorioak dituzte, eta kontsekuenteak behar dugu izan horrekiko. Labirintoaren metafora gaur egungo bizitzako hainbat adibidetan ikus dezakegu. Nire ustez nabariena bakoitzaren bizitzaren norabidearena da. Duela hamarkada batzuk jendeak bazekien nolakoa izango zen bere bizitza osoa, gutxi gorabehera behintzat. Mutilak eskola amaitu ostean, lanbide heziketako ikasgairen bat egiten zuten; lanean hasi, ondoren soldaduskara joan eta itzulitakoan neskarekin ezkondu, pisuan sartu eta lanean jarraitzen zuten. Gainera, iraganean lanpostu bat topatu eta luzaro mantendu ohi zen, erretiroa iritsi arte, gehienetan. Neskek eskola amaitu eta batzuk ikasi eta besteak etxean lan egiten hasiko ziren; euren bizitza osoan egingo zuten antzeko jarduna. Gaur egun aldiz hainbat eskola mota ezberdinetan jaso dezakegu gure hezkuntza. Lanean hasi nahi badugu, lanbide heziketak sorta izugarri zabala eskaintzen digu; ikasten jarraitu nahi badugu, milaka karreraren artean hauta dezakegu. Ikasketak amaitu ostean ez dago hainbesterako lan eskaintzarik, eta gaur egungo gazteen lanpostuek ez dute askorik irauten, leku batetik bestera joan ohi gara. Garraio bide berriek eta euren prezio merkeagoek mundua asko txikitu dute, eta atzerrira bidaiatzeko aukera anitz ditugu. Edonork daki bidai horietan non buka dezakegun edo nor ezagutu. Horretaz gain, egun erlazioek ez dute hainbeste irauten, askoz ere gehiago aldatzen dugu bikotez. Ikus dezakegu, beraz, arestian aipatutako bidezidor guzti horien harira, gaur egungo pertsona baten bizitzak mila saihesbide eta kamino ezberdinak dauzkala. Bizitza bera da labirintoa, eta bertan sartzen gara jaio orduko: non ikasten dugun, norekin erlazionatzen garen, zer ikasten dugun, nora bidaiatu, norekin mantendu harremanak‌ Erabaki bakoitzak norabide batean garamatza, eta orokorrean ez da atzera bueltarik egoten; denbora joan egiten da eta ez da itzultzen bigarren aukerarik emateko. Bizitza irtenbiderik gabeko labirintoa da. Beno, beharbada ez dut egi osoa esan; bada irtenbide bat: heriotza.


EXISTENZ Pelikularen planteamenduak jokoz kanpo utzi nau, eta esan dezaket hori izan dela gehien gustatu zaidana film honetatik. Guztia da bideojoko bat hasiera-hasieratik, eta aurreko klasean aztertu genuen prozedura jorratzen du istorioan zehar: oztopoak gainditzea. Pertsonaiak hastapenetatik arazo baten aurrean aurkitzen dira, eta berau konpontzeari ekiten diete; baina bidean oztopo ugari topatzen dituzte. Harresi horiek gainditu beharra dauzkate pertsonaiak istorioan aurrera jo eta azkenik gatazkarekin amaitu ahal izateko. Pelikula honen kasua da planteamendu horren adibiderik garbiena. Pantailak igarotzen goaz pertsonaiekin batera, eta modu horretan doa trama aitzina; hori gutxi balitz, beste ezaugarri batek hurbiltzen du oraindik gehiago bideojokoen estilora: pantailak pasa ahala, jokoa (eta kasu honetan, filma) konplikatzen doa, eta are eta zailagoa da suertatzen doazen gatazkak konpontzea. Horretaz gain, pelikulako hainbat planok asko harritu naute; ez askok, baina hiruzpalau plano kokatzea ezinezko egin zait. Beti esan izan ohi dugu klasean pelikula bat egiterako orduan, plano bakoitzak izan behar duela bere izatea eta zeresana; ezin da plano bakar bat ere soberan izan, zentzugabea baita. Hemen aldiz, batzuk aurkitu ditut; orain oroitzen naizenak, betaurreko batzuk mahai gainean jartzen dituenean pertsonaietako batek, eta bestea eskua aulki baten gainean jartzen. Ondoren ez daukate azalpenik, ez dakigu zergatik ikusi behar izan dugun hori. Behin eta berriz mahai gainean jartzen den gaia da errealitatearen eta fikzioaren arteko aldea. Hasieratik kritika sakona egiten zaio gaur egungo bideojokoen munduari; milioika pertsona, errealitatea alde batera utzita, gezurrezko mundu batean murgiltzen dira ordu luzez. Errealitatea gordina da, eta zoragarria; polita, eta gogorra. Horrekin bat bizitzeko gai ez den jende ugari dago, eta Alegria bezalako jendeak sortutako mundu txikietan galtzen dira; nahiago dute hori euren bizia baino. Alde batetik, ez da kasualitatea neskaren izena Alegria izatea, jende klase horren bizitza alaitzen baitu; eta bestetik, bi pertsonai nagusien arteko eztabaida konstantea da. “Itzul gaitezen bizitza errealera!� “Ongi da. Eta orain zer? Ez al zaizu aspergarria iruditzen zure bizitza? Itzul gaitezen�. Azkenean guztia zen bideojokoa. Asiatiko gizagaixoak ez daki non amaitzen den fikzioa eta non hasi errealitatea; edo beharbada ni naiz ez dakiena.


HENRY, RETRATO DE UN ASESINO Filma ez zait bereziki gustatu, orokorrean. Astuna egin zitzaidan, filmean zehar banekielako zer izango zen hurrengo gertatuko zena: hilketa bat. Bata bestearen atzetik, zentzurik edo logikarik gabe. Trama ez zait batere interesgarria egin, eta guztia oso banala zela iruditu zait: ekintzak, pertsonaien jarrerak, irudiaren kalitatea … Hiru pertsonai besterik ez ditugu ezagutu pelikulan zehar, musika ez zen batere ona, eta gainera irudia oso zikina da. Hala eta guztiz ere, onartu beharra daukat klasean aipatutako datuen ondoren, beste begirada sakonago batekin azter dezakedala filmaren osotasuna; eta begirada horren ebaluaketari nahiko ondo erantzuten dio pelikulak. Ikarazko film gehienetan, hiltzaileak gaiztoak dira, burutik jota daude eta arrazoi bat dela medio burutzen dituzte hilketak. Henryk ez. Tipo honek plazer hutsagatik hiltzen du; beretzako pertsona baten bizitzarekin amaitzea zigarro bat piztea bezala da. Hori gutxi balitz, zuzendariak berarenganako enpatia sortzea lortzen du ikusleengan; azken finean, oso ona delako bere afizioetan. Hannibal Lecterrekin ere antzeko zerbait gertatzen zaigu; baina Hannibal artista bat da, bere hilketak obra batean bihurtzen ditu. Henry, aldiz, izugarri mekanikoa eta lehorra da. “El silencio de los corderos” pelikulan bezala, hiltzailearen iraganaren berri ematen zaigu, eta jada jakin dezakegu Henry hazi eta hezi zen etxeko giroa ez zela egokiena. Gizon hau itxuraz guztiz normala da; tabernan zure alboan egon daiteke kafe bat hartzen, hamar minutu lehenago emakume bat txikitzen egon denean. Kanpotik herritar estandarra ematen duen pertsonai honek bizitzan egin daitekeen ekintzarik anti-naturalena egin du: bere ama hil. Hiltzailearen erretratua itzela da. Cervantesek “Don Quijote” idatzi zuen; zaldun nobela bat zaldun nobelen aurka. Coppolak “Apocalipsys now” egin zuen; gerra pelikula bat gerren aurka. “Henry, retrato de un asesino”, biolentziaren aurkako pelikula biolentoa da. Izugarrizko kritika egiten dio ikusleari. Filmeko zati batean, Henry eta Ottis etxe batean sartu eta famili oso bat hiltzen dute: aita, ama eta semea. Ottis emakumea heltzen ari den bitartean, Henryk guztia grabatzen du bere bideo kamerarekin; baina eszenaren ezaugarri klabea zera da, hilketa kameraren ikuspuntu subjektibotik ikusten dugula. Hots, telebistak isurtzen duen biolentzia guztia irensten dugun antzera irensten dugu benetako hilketa hori. Pasiboak bihurtu gara, pixkana pixkanaka, biolentziaren aurrean; bost axola zaigu film bateko eszena odoltsu bat edota albisteetan hilketa erreal bat ikustea afaltzen ari garen bitartean, ez digu apetitua kentzen. Pelikularen amaieran, Henryk odolez bustitako maleta handi bat uzten du errepide bazterrean. Aise ondoriozta dezakegu barruan dagoena neskaren gorpu zatitua dela. Henry autora igo, eta tamainako krimena eta biolentzia erakustaldia atzean utzita, alde egiten du; ez al dugu guk berdina egiten egunero, lehen munduan dauzkagun bizi baldintzak milioika pertsonen bizia sakrifikatzea eskatzen duela jakinda?


CORRE, LOLA, CORRE Pelikula alemaniar hau postmodernitatearen oinarrietako bat bilakatu da, gaur egungo zinemarena. Hainbat elementuk ematen diote ezaugarri hori. Genero hibridotasuna dauka, ezin da estilo itxi baten barruan finkatu; horretaz gain, dauzkan argazkiak, animazioak, bideoklip estetika eta erabiltzen duen musika elektronikoa ere azpimarratu behar dira, ezaugarri horiek moldatzen baitute filmaren izatea eta nortasuna. Pelikulak istorio bat hiru aldiz kontatzen du hiru ikuspuntu edo modu ezberdinetan; baina, aldi berean, istorio bakoitzak bere eskema lineala jarraitzen du: hasiera, gatazka eta amaiera; hasieran berriz uzten digun bukaera. “Lola corre Lola” norabide finkorik ez daukan filma da, ez da lineala. Zirkularra da, espirala. Pelikulan zehar topa ditzakegu horren adibide garbiak: hasieran, esateko, pendulu bat ageri zaigu. Pendulua batzuetan hemen dago, besteetan han, berriz itzultzen da … Historia bera da pendularra, errepikakorra. Baina hemen penduluaren esanahia denboraren banaketari begira eginikoa da, arestian aipatutako espiral horri. Lola, hasierako animazioetako batzuetan, tunel batean sartzen da, eta tunel hori berriz ere espiral batean bilakatzen da. Kasinora sartzen denean, jolasten duen jokoa erruleta da; orain arte esandakoa gutxi balitz, ordulari pila bat agertzen dira pelikulan zehar, denboraren garrantzia eta pisua azpimarratuz une oro. Detaile txikiak ere jenialak iruditu zaizkit; lehen istorioan ez daki pistola baten segurua kentzen, eta bigarrenean, bat-batean, jada bai. Gertakizun txikienek ondorioak dauzkate pertsonen bizitzetan eta ikusten goazen ekintza katean; segundo pare bat beranduago iristeagatik, Lolaren aitak seme bat izango duela daki, edota seme hori ez dela berea izango. Anbulantziak kristala hausten duen edo ez, gurutzatzen dituen pertsonaien istorioak, istorioan nola garatze diren ibilbide ezberdinak. Zirkulartasunaren harira, filmean erabiltzen diren travelling gehienak travelling zirkularrak dira; eta pertsonaiak mugitzen diren inguruetan (hiriak), bidegurutze ugari agertzen dira. Beste behin ere, labirintoaren ideia, aukerak, gure ekintzen eta erabakien ondorioak …

Beñat Hach Embarek


Kritikak