Page 23

90eko hamarkada

Jose Luis Abaunzen kronika MUko irakaslea

Oñati 90eko hamarkadan Ez ziren errazak izan 90eko hamarkadako lehenengo urteak, artean 80ko hamarkadaren erdian abian jarritako krisi ekonomikoan murgilduta baikeunden, baina Oñatiko enpresa-munduan izan dugun espiritu ekintzaileari esker, Oñatin egoera hobetuz joan zen 90eko hamarkadan, eta aurretik ezagutu gabeko enplegu- eta ongizate-mailara iritsi ginen. Horrez gain, 90eko hamarkadaren ezaugarri nagusia Gizarte Industrialetik Jakinduriaren Gizartera igarotzea izan zen. Paradigma-aldaketa hori gauzatzen hasi zen, eta hainbat hitz eguneroko ogi bihurtu ziren gure gizartean: globalizazioa, internazionalizazioa, berrikuntza, teknologia... Bestalde, informazioaren gizarte deritzonean sartzen hasi ginen, tele-komunikazioaren eta informatikaren hedapenaren ondorioz. Hona hemen prozesu horren datu adierazgarria: 1992an ez zegoen internetik. Urte gutxi batzuk pasa dira, eta kosta egiten zaigu internetik gabeko gizarte batean pentsatzea. Hezkuntzaren arloan, 1997an, Mondragon Unibertsitatea sortu zela nabarmendu behar da, horrek aukera eman baitzion Oñatiri unibertsitate-mailako goiikasketen eskaintza sendotzeko. Horrekin batera, Soziologia Juridikoko Nazioarteko Institutua garatu zen, eta, horren ondorioz, goi-mailako ikasketen arloan duela urte batzuk pentsaezina zen eskaintza izatea lortu du gure herriak. Horrez gain, euskararen erabilera bultzatzeko egindako ahalegina ere nabarmentzekoa da. Oñatin, Laixan elkartea sortu zen, bi helburu hauekin: euskara gizarteratzen ahalik eta arrakasta handiena izatea eta oñatiarrek euskararen garapenarekiko konpromisoa izatea. Hamarkada horretan, euskararen normalizazioa lortu zen hezkuntzan, eta lan-munduan euskararen erabilera sustatzeko lehenengo plan pilotuak lantzen hasi ziren. Kirol-arloan, eta, batez ere, Aloña Mendiren kirol-atalen bidez, hazkunde handia izan zuen kirol-jarduerak, bai kopuruetan, bai kualitatiboki, ordura arte Oñatin ezagutzen ez ziren kirolak egiten hasi baitziren. Data esanguratsu bat gogoratzearren, 1994an Aloña Mendi Hirugarren Mailara igo izana nabarmenduko dugu, eta, hori borobiltzeko, kluba sortu zeneko urrezko ezteiak ospatu ziren (1949-1999). Kultur arloak alde onak eta txarrak izango ditu, segur aski. Alde batetik, hamarkadan zehar, Oñatin inoizko kultur ekitaldien eskaintzarik onena izan dugu, mota guztietakoak; dena dela, eta oro har ikusita, ekitaldi horietan izandako parte-hartzeak gorabehera handiak izan ditu, eta, osotasunean hartuta, gutxitu egin da urtez urte. Kontraesan handi samarra dago horretan: gure gi-

zartean aisiaren kultura handituz joan den heinean, eskaintzen diren kultur jarduerekin izan dugun interesa txikituz joan da. Kultur arlotik atera gabe, Musika Eskolak egindako lan handia nabarmendu behar da, baita 1994an Oñatiko Ganbara Abesbatza sortu zela ere. Abesbatza hori Oñatiko hogei gaztek osatzen dute, eta arrakasta handia lortu du, bai Oñatin, bai Oñatitik kanpo. Bestalde, turismoak izandako bultzada ere aipatu behar da. Esan dezakegu Oñatik bere buruari begira urte luzez egon ondoren, 90eko hamarkada Oñati “munduari ireki zela” eta arlo horretan zituen ahalmenak aztertzen hasi zela. Ez litzaidake gustatuko lerro hauek amaitzea hausnarketa xume bat egin gabe. Lehen esan dugu oñatiarrak nabarmen hobetu dugula ongizate-maila. Baina, horrekin batera, balio jakin batzuk galduz joan gara; esate baterako, herritarren parte-hartzea, borondatezko lana... Eta, hain zuzen ere, horiek izan dira aurreko hamarkadetako ezaugarri nagusiak. Oñatiarrek azken berrogei urteetan egin dituzten ekimen guztiekiko inbidia sentitzea besterik ez zaigu geratzen, eta, zalantzarik gabe, oñatiarrei esker lortu da arlo askotan herria eredugarria izatea (enpresan, kulturan, hezkuntzan, euskaran, kirolean...). Baina ez dago etsai handiagorik norberak egindakoarekin konforme geratzea baino; izan ere, espiritu eta balio horiek berreskuratu behar ditugu, hurrengo hamarkadetan Oñatiren etorkizuna proiektatu ahal izateko. Tokiko gizartea mobilizatzea, herritar aktibo izatea, azken urteetan apur bat lokartuta egon arren, erabakigarria izango da gure eta gure seme-alaben ongizaterako.

“Oñatiarrok nabarmen hobetu dugu gure ongizate-maila, baina, horrekin batera, balio jakin batzuk galduz joan gara; esate baterako, herritarren parte-hartzea” Jose Luis Abaunz 3

Los90  

Los 90 Suplemento Histórico

Advertisement