GoiBerri 46. zenbakia

Page 12

12 GOIBERRI

GARAI BATEAN

Zumarragan protestan 1934. urteko irailean Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat parlamentari, alkate eta ordezkari politiko Zumarragan bildu ziren, gobernuak batzarra debekatu bazuen ere. Telesforo Monzon eta Indalecio Prieto bertan izan ziren. El Dia egunkariak azal osoa eta hainbat orrialde eskaini zizkion gertakariari irailaren 4ean. Kazetariak Zumarragara iristeko igaro behar izan zituen Goardia Zibilen, Asaltoko Goardien eta Mikeleteen kontrolak aipatuz hasten du kronika: Iruran, Tolosa sarreran eta irteeran, Ormaiztegin, Ezkion eta Zumarraga sarreran.

Gertakari askoko eguna

Alex Areizaga Zumarraga 1934ko irailaren 2an Euskal udaletxeen mugimendua deiturikoak batzar garrantzitsu bat antolatu zuen Zumarragan. Mobilizazioa debekatu egin zuen orduko gobernuak, baina poliziaren eta gobernadore zibilaren gainetik, herritarrek eta ordezkari politikoek udaletxera sartu, eta asanblada egitea lortu zuten. Madrilgo parlamentuko euskal ordezkariak, diputatuak, Kataluniako parlamentariak eta herri askotako alkateak eta zinegotziak bildu ziren, gobernuak kontzertu ekonomikoaren inguruan hartutako hainbat erabakigatik protesta egiteko. Protesten oinarrian Espainiako gobernuak ardoaren gaineko zerga kentzeko hartutako erabakia zegoen, udaletxeen diru iturri garrantzitsua zena.

Egun hartako argazkiak Kutxateka.com webean daude. Behean, ‘El Dia’ egunkariaren azala. CC BY-NC-ND-3.0-ES 2013 / KUTXATEKA / MARIN

Zumarragako asanbladak eragin politiko handirik izan ez bazuen ere, balio sinboliko handia izan zuen, lehen aldia baitzen, denbora askoan, Euskal Herrian nazionalistak eta sozialistak elkarrekin aritu zirela. Indalecio Prieto sozialista eta Telesforo Monzon abertzalea bertan izan ziren.

Apaingarri nazionalistek eta bandera kataluniar batzuek apaintzen zuten Zumarraga, eta herria ÂŤmilitarki hartutaÂť zegoela ere jasotzen du kronikak. Plazan merkatu txiki bat jarri zutela ere badio, eta udaletxeko arkupeak pinuz eta adarrez apainduta, eta poliziaz beteta zeudela. Hauek telefono zerbitzuan ere sartu zuten eskua, badaezpada. Manifestazio bat egin zuten geltokitik udaletxeraino, eta bertan, poliziak dantzariek eta bandako kideek osatutako lerroak apurtzea lortu bazuen ere, atzetik zetozen politikariek eta herritarrek aurrera egitea lortu zuten, porra eta fusil kolpeen artetik. Udaletxerako sarbidea ere itxi nahi izan zuten goardia zibilek, baina jendetzak eraikinean gora egin zuen eta asanblada egitea lortu zuten azkenean. Tentsio unez betetako batzarra izan zen eta Gernikako Arbola ere kantatu zuten. Leihoak ireki zituzten herritarrek ere entzun zezaten, eta Gobernadore Zibila hau ekiditen ere saiatu zen. Itzulerakoan geltokian, Agur Jaunak kantatuz agurtu zituzten parlamentariak.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.