Page 1

GAZTE MUGIMENDUARI PROPOSAMENA


LAN ERREFORMAZ PPren gobernuak inposatu digun lan erreforma atzetik datorren prozesu oso baten segida da. Aspaldian erabaki zuten lan merkatua desregulatzea, lan araudiak langileak enpresarien aurrean babesteko helburua zuelako. Lan eskubideak erreformaz erreforma indargabetu dituen prozesua burutu dute, lan merkatua enpresarien interesetara moldatuz eta prekarietatea nagusituz. Hori da neoliberalismoa lan merkatuan. Prozesu honek hamarkada gutxitan langileen errealitatea goitik behera aldatzea ekarri du. Eta gazteriarengan eraginak bistakoak dira, langile belaunaldi berriak lan munduan egoera guztiz ezberdinetan sartzea ekarri duelako, baldintza okerragoetan eta hobera egiteko inolako aukerarik gabe. Prekarietatea estrukturala da beraz gazterian, eta ez da prekarietate laboral hutsa, prekarietate soziala piskanaka nagusitzea ekarri duelako. Erreforma berria prozesu honen azken emaitza da, prozesua muturrera eramaten duelako. Bi hitzetan, botere osoa ematen dio enpresariari lan baldintzak bere kasa finkatzeko eta moldatzeko (orain arte negoziazio kolektiboaren bidez egiten zen – baieztapen honek ñabardura asko eskatu arren - ) eta lan araudia berriro ere aldatu egiten du kaleratzeak merketzeko eta guztiz prekarioak diren kontratuak legeztatzeko. Erreformaren atzean dagoena inposatu zaigun eredu aldaketa bat da, orain legislazioak langileon eskubideak arautu beharrean enpresarien pribilegioak arautzen eta ziurtatzen dituelako. Soldatak jeistea, lanaldi jakinik gabe lan egitea eta lan harremanak indibidualizatzea suposatuko du. Lan baldintza egonkorrak dituztenak erraztasun osoz kaleratzea eta kontratu guztiz prekarioa dutenekin ordezkatzea ekarriko du. Lan merkatua gehiago prekarizatuko da eta ondorio zuzena izango du gaur langabezian edo ikasten daudenengan, bazterketa sozialaren arriskua betikotu egingo duelako eta bizi proiektu duin eta independiente bat garatzeko aukera lapurtzen digulako.

ERREFORMAREN ONDORIO ZUZENAK Erreforma guztiek bi mailatan kaltetu dituzte gazteak. Batetik eredua guztiz prekarioa ezartzen dutelako eta horrela belaunaldi berrien lan eta bizi baldintzak okertzen joan direlako. Bestetik guztiek jaso dituztelako gazteriari begirako neurri espezifikoak, beti formakuntza kontratua itxura izan dutena. Beraz oraina eta etorkizuna baldintzatu dituzte guztiek. Erreforma honek berdina egiten du. Gazteriari zuzendua dagoen formakuntza kontratu guztiz prekario bat ezartzen du. Hau lehen ere bazegoen, erreforma honek kontratazio eredu hau urteetan luzatzeko aukera ematen du. Gaur arte 25 urte arteko gazteei zuzendutako kontratua zen, orain 30 urte arte luzatzen dute aukera. Eta hiru urtez egon zaiteke formakuntza kontratuarekin – hiru urte kualifikaziorik eskatzen ez dituen lanbide batean ustez formatzen – . Eta hiru urte pasatzen direnean enpresa berdinean lanbidea aldatu eta formakuntza berria eskatzen duelakoan berriro ere kontratua formakuntzazkoa izan daiteke. Erreformaren arabera “formatzen” urteak egin ditzake gazte batek, eta formakuntza enpresaren esku geratzen da gainera, horrek suposatzen duenarekin (ez dago kontrolik, enpresaren arabera egiten da). Soldata gutxienekoa izango da hitzarmenak besterik esaten ez badu, eta hitzarmenak balioa galdu dute. 500 euro 33 urte bete arte. Erreformak ondorio gehiago izango ditu,

hau azpimarratzen dugu gazteriaren kontrako


inposizio berezitua delako eta ondorio bortitzak izango dituelako gaur ikasten dagoen guztiarentzat. Bestelako ondorio zuzen eta oso esanguratsu batzuk: −

Belaunaldi berriek ez dute enplegu egonkorra ezagututuko. “indefinituak” bezala agertuko dira estadistiketan (beraz behin behinekotasunaren arazoa konpondua dagoela esango dute) baina edozein momentuan kaleratuko zaituzte. Lehenengo urtean inolako kalteordainik gabe (froga epean zaudelako), hortik aurrera kalteordain miserable batekin.

Belaunaldi berriek ez dute lanaldi jakinik izango. Enpresariak bere kasa erabaki dezake lanordua nola antolatu, eta kontratu partzialetan aparteko orduak egitera behartu ahal zaituzte. Aisialdia guztiz hipotekatzen du honek, militantziarako aukerak baldintzatzen ditu... ez dago norberaren bizitza antolatzeko aukerarik.

Erreforma honek ez du enplegurik sortuko. Ez dute helburu horrekin egin. Enplegu egonkorra suntsitzea ekarriko du beraz gazte askoren egoera aldatuko da gurasoen egoera aldatzea ekarri dezakeelako. Guztiak langabezian dauden familien kopuruak nabarmen egin du gora. Lehen ez bezala, gaur adineko jendea ikus daiteke lanpostu guztiz prekarioetan, gazteak edota emakumeak betetzen zituzten enpleguetan (supermekatutako kajeroak dira oso adierazgarriak). Eta 5 miloitik gora langabetu dauden leku batean lan merkatuan sartzeko zailtasunak bistakoak dira. Erreformak gazte langabetuak zigortzen ditu gainera, langabezi prestazioa dutenak kontratatzeko erraztasun eta dirulaguntzak ematen dituelako eta ez da hori gazte gehienen egoera.

Langile belaunaldi berriek ez dute negoziazio kolektiborako eskubiderik izango, edo oso oso baldintzatua izango dute. Indibidualizazioa inposatzen duen erreforma da. Honek defentsa eskubidea guztiz kaltetzen du kolektiboaren indarra zapuztu nahi duelako. Eta belaunaldi berriak aldendu egiten ditu langile borrokatik eta sindikalgintzatik.

KRISIAREN ONDORIOAK GAZTERIAREN GAIN Erreformak pobrezia ekarriko du, gobernuek pobreziara kondenatzen ari gaituztelako krisi honetaz baliatuz. Guzti honen atzean dagoena aberastasunaren banaketa geroz eta ankerragoa da. Lan merkatua aberastasuna banatzeko marko bat da, aberastasuna sortzen da eta gure soldata eta lan baldintzen bidez birbanatu egiten da. Zati bat enpresarien patrikara eta bestea langilearen patrikara. Erreformak ekarriko duena langileengana doana geroz eta gutxiago izatea da, enpresarien patrikaren mesedetan. Soldata miserableak, beraz bazterketa sozialaren arriskuan beti enplegu bat eduki arren. Errealitate hori hedatzen eta nagusitzen joango den heinean, pobrezia egoera zabaldu eta estrukturala bilakatuko da. Hori da etorkizuna. Errealitatea hau bere gordintasun osoan agertzen da politika publikoei begiratuz gero. Krisia hasi zenetik politika bakarra murrizketak egitea da, “instituzioek ez dutelako diru sarrera nahikorik eredu soziala mantentzeko” euren hitzetan. Honen ondorioa jendartea babesik gabe geratzea da. Ez dago gastu sozial nahikorik beraz ez daude prestazio sozial nahikoak, gutxitu egiten dira beharra dutenak gehiago izan arren. Eta ez dago sistema publikoa mantentzeko diru nahikorik beraz txikitu egiten da, sistema publikoak ziurtatzen dituen zerbitzuak kaltetuz eta murriztuz. Osasuna, hezkuntza eta zerbitzu sozialak gaur duela hiru urte baina askoz kaxkarragoak dira. Eta hurrengo urratsa zerbitzu gutxiago eskaintzea izango da. Hainbat osasun zerbitzu sistema publikotik kanpo geratuko dira, edota ikastetxeetan nabarmena izango da hezkuntza kalitatearen galera...


Beraz enpleguak ez du pobreziaren arriskua ekidingo, bazterketa sozialaren arriskua estrukturala izango delarik. Eta sistema publikoak ez ditu arazo horiek politika publikoen bidez zuzenduko. Herritarrok ez ditugu oinarrizkoak diren beharrak ziurtatuak izango ez dagoelako hori bermatuko duen sistema publiko nahikorik. Hori da etorkizuna. Euskal Herrian aberastasun nahikoa dago gure behar guztiak asetzeko. Aberastasuna nahikoa sortzen dugu guztiok bizi baldintza duinekin bizitzeko. Baina bazterketa soziala eta pobrezia zabalduko da eta estrukturala bilakatuko da. Derrigorrez? EZ, horrela izatea erabaki dutelako. Eredu sozial hori hautatu eta inposatu digutelako. Gaur nagusi den klase politikoak horrela egitea erabaki dutelako. Beraz arazoa ez da ekonomikoa, arazoa guztiz politikoa da. Erreforma hau inposatu digute enpresariek horrela eskatu dutelako euren interesei begiratuz; eta gobernuek interes horiek nagusitzea erabaki dute. Eta murrizketak inposatzen dizkigute banketxeek eta enpresariek sistema publikoa desegitea eskatu dutelako euren interesei begiratuz; eta gobernuek interes horiek nagusitzea erabaki dute. Elite ekonomiko baten zerbitzura jarri dira gehiengo sozialari bizkarra emanez. Eta elite ekonomiko hori aberasten jarraitzea da helburu bakarra. Osasun sistema publikoa guztiz ez nahikoa izan arren gaixotasunak hor jarraituko dute eta sistema pribatura jo beharko dugu. Pentsio sistema guztiz ez nahikoa bada ere diru sarrera beharrak hor jarraituko du eta pentsio sistema pribatuetara jo beharko dugu. Hezkuntza kalitatea guztiz txarra izan arren formakuntzari duen garrantzia ematen jarraituko dugu beraz kalitatea ziurtatzen duen sistema pribatura jo beharko dugu. Sistema publikoa desegiten ari dira sistema pribatuari negozioa emateko. Ez da finantziazio arazo bat (dirurik ez dagoela), hautu politiko bat baizik. Politika fiskala aldatuz gero eta aberatsei zerga bidez dirua jartzera behartuz gero finantziazio arazorik ez dago, aberastasuna sortzen delako. Baina ez da politika fiskala aldatzen. Beraz arazoa ez da ekonomikoa, arazoa guztiz politikoa da. Guzti honek gazteriarengain izango dituen ondorioak zenbatekoak izango diren esaterik ez dago. Motzean, bizi proiektu duin eta independiente bat garatzeko eskubidea lapurtzea da. Horrek dituen ondorio guztiekin. Krisiaren dimentsioa norainokoa den azaltzeko adibide bat: Ez baduzu bizi proiektu independiente baterako eskubiderik (eta hori da gaur errealitatea) dependentzia egoeran zaude, sistema publikoak ez badizkizu beharrak asetzen eremu pribatuan bilatu beharko dituzu irtenbideak. Familira edo lagun artera jo beharko duzu. Gurasoak langabezian, soldata txikiagoarekin edo pentsio prestazio miserableekin aurkitu ditzakezu. Eta lagunak zure egoera berdinean. Behartua egongo zara enplegu miserable bat onartzera eta behartua egongo zara ateratzen duzuna oinarrizkoak diren beharretara bideratzera sistema publikoak ez dizkizulako ziurtatuko. Gaur arte errealitate hau etxebizitzarekin ematen zen. Orain inposatzen ari zaigun ereduan osasunarekin, hezkuntzarekin... gertatu ahal daiteke. Motzerako ondorioak bizi baldintzak okertzea izango da. Zailtasunak handitzea, gaur arte hurrun ikusten genituen arazoak oso gertu ikustea edo errealitate bilakatzea. Arazoa da ez dela momentuko gauza bat, ezta sektore sozial batera mugatzen den arazo bat. Hau da jendarteari sistema honek inposatzen dion etorkizuna. Gertatzen ari denaren benetako dimentsioa neurtzeko erabili beharreko hizpidea ez da hau den nire gaurko errealitatea, errealitatea hau izateko arriskua zenbatekoa den baizik. Hasiera batean oso hurruna iruditu arren, bere hala ohartuko zara arriskua begi bistan duzula. Krisi honek milloika langile kaleratu ditu, euren egoera goitik behera aldatuz egun batetik bestera. Hego Euskal Herrian egunero botatzen dituzte etxeetatik familia osoak, orain urte gutxi etxebizitza erosteko eta eroso bizitzeko soldata eta enplegua zutenak dira gehienak. Konturatu gaitezen, banketxeak etxea kentzen badizu hipoteka bat zenuelako dela, hipotekak ez zizkioten langabetuei ematen. Gure bizi eredua guztiz aldatzea posiblea egiten duten erreformak dira inposatu dizkigutenak. Eta posiblea den heinean, arriskua hor dago. Hori da benetako errealitatea.


KRISIAREN BENETAKO DIMENTSIOA Bizitzen ari garena ez da garai ekonomiko txar bat. Ez da egia egokitzapen batzuk egin eta iraganeko egoerak berreskuratuko direnik. Ez gaude atzeraldi ekonomiko baten aurrean, sistema ez da hazkunde ekonomiko berri bat ekarriko duten neurri ekonomikoak hartzen ari. Sistema kapitalista krisian dago, krisia egiturazkoa da, sistemikoa da. Eta kapitala kapitalismoa berformulatzen ari da. Krisi honek errealitatea aldatuko du, sistema kapitalista garatzeko eredu politiko eta sozioekonomikoa aldatzen ari diren heinean.

Krisi hau neoliberalismoaren emaitza da Kapitalismoa krisi iraunkor batean bizi da, krisia ziklikoa da. Eta kapitalak beti gainditzen ditu bere krisiak kapitalismoan sakonduz. Kapitalak ez ditu krisiak konpontzen, ezinezkoa duelako, hazkunde garai berriak irekitzen ditu bere burua eraberritzen. Beti helburu berdina duten neurriak hartzen ditu: irabazi tasa berreskuratzea eta handitzea. Krisiak horregatik sortzen dira goiz ala berandu. Ez dago irabazi tasaren hazkunde iraunkorra betikotzeko modurik. Irabazi tasak erortzen hasten direnean hartzen diren neurriekin hazkunde garai berriak irekitzen dira baina luzera beti dira krisi sakonagoak sortzen dituzten neurriak. Orain hiru urte hasitako krisiaren atzean 70, hamarkadako krisia dago. Orduan ere krisia nagusitzen ari zen eta kapitalismoaren refundazioa beharrezkoa zela iritzita progama oso bat jarri zuten martxan. Ondoren neoliberalismoa bezala ezagutu duguna. Programa neoliberalaren ardatz nagusiak hiru dira: Desregularizazioa. Enpresa eta zerbitzu publikoen pribatizazioa iniziatiba pribatuaren negozio eremua handitzeko. Eta merkatuak liberalizatzea, kapitalaren nazioarteko joan etorriek inolako mugarik ez edukitzea bere balioa handitzeko bideak aurkitzeko orduan. Politika ekonomiko hauek langilerian izan dituen ondorio kaltegarriak ezagunak ditugu, aberastasunaren banaketan gure parte hartzea asko gutxitzea eta eskubideen murrizketa sistematikoa ekarri duelako. Prekarizazio soziala zabaldu eta indartu da aberastasuna barra barra sortu arren. Garai honen beste ezaugarria izan da finantza kapitalaren internazionalizazio handi bat eman dela, kapital produktiboari gailenduz eta sistema bera transformatuz. Espekulazioa nagusitu da, “produkzioak dirua sortzen du� eredutik, “diruak dirua sortzen du� eredura pasa gaituzte, eta bere gatibu egin gaituzte. Espekulazioa da ereduaren ardatza, inolako kontrolik gabeko espekulazioa. Herrien benetako garapeneri ezer ekartzen ez dion espekulazioa hain zuzen ere. Aberastasunaren banaketa desorekatu eta bidegabea dago mugimendu espekulatzailearen atzean. Neoliberalismoari esker diru kopuru itzelak metatzen dira korporazio transnazionalfinantzieroen eskutan, eta diru guzti horrek arazoak ditu bere balioa biderkatzeko inbertsio produktiboen bidez. Aberatsenek sekulako dirutza zuten eskutan, baina diru horrek ez badu ezertarako balio, ez badu irabazirik ematen, balioa galtzen du. Espekulazioaren bidea hautatzen dute arazo hau konpontzeko. Produkzio eredu kapitalista ez da desagertzen noski, baina sistema finantziero eta sistema produktiboaren arteko oreka eta lotura apurtu egiten da.


Aberastasunaren banaketa ankerraren beste ondorioa zorpetze masiboa izan da, publikoa zein pribatua. Soldatak etengabe erasotzeak sortutako arazoa zuzentzeko bidea zorpetzea ahalbideratzea izan da. Dirua merke uztea herritarren esku gu guztion kontsumoaren bidez handitzeko barne eskaria eta horrela luzatzeko hazkunde garaia. Azken garaiko hazkunde ekonomiko ikargarriaren oinarri hutsalak izan dira hauek. Guztiak eztanda egin eta hankaz gora jarri den arte. Zabor finantzieroak sistema osoa kutsatu duenean eta burbuila espekulatiboak eztanda egin duenean nazioarteko sisteman kolapsoa nagusitu da eta 2007tik geroztiz krisia da sistemaren bilakaera zuzentzen duena.

Azken urteetako politikak Krisiak eztanda egin bezain pronto hasi ginen ondorioak igertzen. Oso azkarra izan zen prozesua burbuilla batean bizi ginelako, eta eztanda egitean burbuillaren barruan zegoena agertu zitzaigun begi bistan: EZER. Haizea besterik ez. Euskal Herrian ondorio bortitzak mailakatuagoak izan dira Estatu Espa単olan baino, hemen sistema produktiboak pisu handiago duelako. Industriak bere lekua du eta eraikuntza ez zen etxebizitza merkatura mugatzen, obra publikoek pisua zutelako ere. Baina denborak aurrera egin ahala krisiaren ondorioak berdinak izaten ari dira. Momentu honetan Hego Euskal Herrian Estatuan baino enplegu gehiago suntsitzen da. Zergatik? Krisiak eztanda egin duenetik garatu diren politika guztiak krisian sakontzeko izan direlako. Instituzioak egin behar zuten lehenengo gauza herritarrak babestea zen eta kontrakoa egin zuten. Enplegua suntsitzeko erraztasunak eman zituzten eta aurrekontuak murrizten hasi ziren, gastu soziala murriztuz, beraz babesa kenduz. Erabaki nagusia diru publikoarekin banketxeak laguntzea izan zen. Espekulazioaren erruz banketxeek zituzten zuloak diru publikoarekin konpontzea erabaki zuten. Banketxeak euren irabaziekin geratu ziren baina zuloak sozializatu egin zituzten. Langabetuak babesteko ez zegoen dirua bai zegoen banketxeen zorrak ordaintzeko. Bigarren erabakia erreformaren bidea hartzea izan zen. Pentsio erreforma eta lan erreforma horien artean. Pentsio erreforma banketxeen eskakizun bat da, sistema pribatua bultzatzeko. Lan erreforma patronalaren eskakizuna lan kostuak murrizteko. Neurriak hor egon arren, krisiak aurrera egiten zuen eta okertu egiten zen egoera. Zergatik: ekonomiak finantziazioa behar duelako eta hori banketxeen esku dagoelako batez ere. Banketxeek iturria itxi dutenean ekonomia ito egin da. Banketxeei eskatzen duten guztia eman arren ez dute iturria irekitzen. Ematen zaien dirua espekulatzen jarraitzeko erabiltzen dute, eta iturria irekitzen ez duten bitartean gobernuek euren eskakizunak bete behar dituzte noizbait iturria irekiko dutelakoan. Bigarren arazoa: herritarrak diru sarrerak galtzen dituzten heinean ez dute kontsumitzen eta kontsumoa da ekonomia mugitzen duen bigarren gauza. Ez dago kontsumorik ez dago barne eskaerarik. Hirugarren arazoa: ekonomia ez denez mugitzen eta politika fiskala ez denez aldatzen instituzioek ez dute dirurik beraz ezin dituzte inbertsioak egin ekonomia mugitzeko. Geroz eta gutxiago egin, geroz eta handiago krisia. Eta murrizketak egiten dituzte, herritarren kaltetan eta krisia areagotuz. Zein da arazoa: honek ez duela inolako irtenbiderik egiten ari diren bidean. Eta bidea aldatzea, politikak hauek aldatzea behar beharrezkoa eta posiblea izan arren, ez dutela hori egiten. Ez da arazo ekonomiko bat, politikoa baizik. Krisi politiko nabarmena bizi dugu: gobernuek botere ekonomikoaren esku utzi dute ekonomiaren gaineko erabakiak, kontrola galdu dute eta orain guztiak botere ekonomikoaren menpe gaude. Eta botere ekonomikoak bere interesak babesten eta bermatzen ditu, horiek eta ez besterik.


Sistemaren krisia Esan dugunez, kapitalak bere krisiak gainditu edo bideratu egiten ditu, baina ez ditu konpontzen, konpon ezinak direlako. Sistemaren barne krisiak eta kontraesak berezkoak dira, eta modu batean edo bestean agertzen dira goiz ala berandu. Orain gertatu dena krisi guztiak batera eta dimentsio berri batekin lehertu direla da. Egoera guztiz berria sortuz eta sistema bera krisian jarriz. Krisi energetikoa, alimentarioa eta ekologikoa: Sistemak ez du mugarik baina baliabideak mugatuak dira eta hori krisi iturri iraunkorra da. Konponbiderik ez duena noski. Sistemaren oinarrian dagoen produkzioak lehengaiak behar ditu, petroleoa bereziki. Ez dago guztientzat eta arazoa larritu egin da Txina eta India bezalako herrialdeek hartu duten abiadurarekin. Petroleoaren gaineko kontrola behar beharrezkoa da potentzia guztientzat, lehia horrek gerrateak eta gatazkak sortu dituelarik beti. Sirian gertatzen ari dena adibide bat da: gobernua bota nahi dute AEB eta Europak, gobernua salatzea ekiditen ari dira Txina eta Rusia. Guztiak siriar herriaren izenean, guztiak siriaren petroleoaren bila. Berdina Iran... Arazoa da: nola betikotu petroleoa behar duen sistema bat ez badago petroleorik betirako eta guztientzat. Krisi energetikoak ekonomia lokaletan dituen ondorioak nabarmenak dira ere. Erregaiak garestitzen badira geroz eta kostu handiagoa du produkzioak, irabaziak gutxituz. Hori horrela izaten ari da, guk kotxeko depositoan nabaritzen dugu eta enpresek euren fakturetan. Lehen gaiak garestitzen badira azken produktoa ere, eta saldu behar duzunean beste herrialde batekin lehiatu behar duzu beraz galdu egiten duzu zurea garestiago bada. Beraz kontrolatzen duenak bere herrialdearen mesedetan moldatuko du petroleoaren merkatua eta besteak produkzio kostua nola murriztu bilatuko du: lan kostuak murriztuz beti. Euskal enpresak lehiakorrak izan behar direla esaten digutenean horretaz ari dira, gauzak ahalik eta merkeen egin behar direla. Baina Euskal Herriak ez du bere energia politika finkatzeko aukerarik, bai ordea gure soldatak jeitxiz lan kostuak merketzeko modua. Antzekoa elikadurarekin eta natur baliabideekin. Konponbiderik ez duten krisiak dira eta kapitalismoa neurrik gabe garatzen den heinean neurririk gabe garatzen dira ere krisi hauek. Krisia hauek herrialde kapitalistetan geroz eta nabarmenagoak egiten ari dira. Nola daiteke Euskal Herrian umeen eta nagusien elikadura hainbeste okertzea (ikerketek horrela diote) nekazaritza eta arrantza sektoreak deuseztatzen ari diren bitartean? Bi arlo hauek pikutara doaz elikaduraren transnazionalak kontrolatzen duten merkatuaren pean bizi garelako. Horrek geroz eta arazo gehiago sortzen ditu eta ez dago konponbiderik sistema honen pean. Burujabetza alimentarioa eta garapen eredu berri baten aldeko erabakia hartzea dira alternatibak baina gaurko egoeraren atzean dauden interes ekonomikoak itzelak dira eta ez dira erabaki politiko horiek hartzen. Alternatiba badago? Noski, sistema ekonomikoa aldatzea, baliabideak eta borondatea badaude Euskal Herrian, ez horrela euskal instituzioetan. Beraz arazoa ez da ekonomikoa politikoa da. Hegemonia krisia: Momentu honetan auzitan dagoena munduan nork agintzen duen da. Orain arte bere nagusitasuna ziurtatua zuen AEBk eragina galtzen ari da (Txina, India, Rusia... indartzen ari direlako eta Hego – Ertain Ameriketako herrialdeetan eragina galdu duelako). Europa eta Japon ziren beste bi erpinak. Hiruen artean banatzen zen boterea eta orain beste potentziak ari dira indartzen. Sekulako botere lehia baten erdian gaude eta botere lehia horrek zuzentzen ditu erabakiak. Eta era berean, hiru eremu hauek boterea galdu dutenez ez dute lortzen euren erabakiak guztiaren gainetik nagusitzea. Beraz krisia dago eta ez dago inor krisia gainditzeko hartu nahi dituen neurriak guztiaren gainetik inposatzeko ahalmena duenik. Argi dago batzuk besteak baino botere gehiago dutela, eta bere errezetak


nagusitzen dituztela, baina ez dago sistemak bere krisiak gainditzeko erabili duen hegemonia. Hau egoera berria da eta krisia luzatzea ekarriko du. Legitimitate krisia: gehiengoa gutxi batzuen menpe eta zerbitzura jartzen dituen sistema ez da zilegia. Herrien, langileen eta emakumeen zapalkuntzan oinarritzen den sistema ez delako zilegia. Eta hori gatazka iturri bat da berez. Sistemak bere baliabidek eta bitartekoak izan ditu beti gatazka horiek indargabetzeko eta bideratzeko. Bitarteko nagusia sistema zuzena eta ona dela aldarrikatzea izan da, guztion beharrak asetzen dituen sistema bakarra dela sinistaraztea. Sistemak aurrera egin ahala geroz eta nabarmenagoa izaten ari da hori gezurra dela. Sistemak beti zaindu du oreka bat egotea bere burua balioztatzeko eta gaur ez dago oreka posiblerik. Ez du bere zilegitasuna aldarrikatzeko bidea aurkitzen ez delako posiblea bere burua betikotzeko beharrezkoa dituen neurriekin. Eta honekin lotzen dugu gaurko egoeraren arrazoi nagusia. Sistemak ez duenez neurririk, neurririk gabe areagotu ditu bere barne kontraesanak; sistemaren oinarrian dauden klase kontraesana eta sexu-genero kontraesana. Kapitalaren eta lanaren arteko gatazka konponezina da, eta klase gatazkaren bilakaerak zuzentzen du sistemaren bilakaera. Azken hamarkadetako hazkunde ikaragarriarekin klase gatazka betirako gainditu zenaren ametsak indarra hartu zuen. Guztiak dirua barra barra. Arazoa noski, gutxi batzuk aberasten ari zirela gehien gehinak zorpetzen ginen bitartean. Ametsa amets gaizto bilakatu da orain, klase kontraesana muturrekoa egin duen egoera bizi dugularik. Gaur ez dago oreka posiblerik kapitalaren eta langileen interesen artean. Ez dago bateragarri egiterik kapitalak eskatzen duena eta langileok behar duguna. Interesen talka erabatekoa da eta kapitalaren interesak nagusitu dira. Oreka posiblerik ez dagoenez, oreka hori bilatzen zuen eredu politiko eta soziala ez da posiblea. Eta deuseztatzen ari dira. Hartzen ari diren neurriak ez dira momenturako, ez dira krisi garairako, eredu berri bat inposatzen ari digute non kapitalaren interesak nagusituko diren inolako mugarik gabe eta horiek izango dira asetuko diren bakarrak gehingoaren interesen gainetik. Sexu genero kontraesanarekin pareko azterketa egin dezakegu. Langileok beti jakin izan dugu egun batetik bestera galdu ditzakegula urteetako borrokari esker eskuratutako eskubideak. Emakumeen kasuan eta krisi honekin, hori da gertatzen dena. Urteetan eman diren aurrera urrats apurruak emakumeen borrokari esker izan dira, eta mugimendu feministek eraginda izan dira. Eta hiru urteetan hamarkadak egin dugu atzera. Adibide bat ematearren: zerbitzu sozialen murrizketak zuzenean ekarri du emakume asko eta asko zaintzaren karga bereganatzea berriro. Kontraesan hauek ezin dira gainditu, areagotzen eta sakontzen ari dira. Eta zenbat eta handiago izan krisia, orduan eta nabarmenagoa kontraesana, orduan eta handiagoa interesen talka. Gaurko krisia guztiz bortitza denez, guztiz bortitza izango da irtenbidea. Hor dago lan erreformaren arrazoi nagusia. Sistema honen arazoak geroz eta nabarmenagoak badira eta atxikimendua geroz eta txikiagoa bada; sistema hau aldatu behar dela geroz eta jende gehiagok aldarrikatzen badugu; eta sistemak ez badu zer eskaini jendarteari gu guztiak pobretzen garen bitartean gure muturraren aurrean aberasten jarraitzen dutelako, zer gertatuko da? Hori da zabaltzen ari den kezka. Eta hori da nagusitu behar den errealitatea. Krisiek ez dute berez borroka indartzen, azkenak borrokarako baldintzak kaxkartu dituzte. Muturreko jarrerak elikatzen dituzte, ezkerrera bultzatzen gaituzte batzuei baina eskumara askori. Sistema krisian dago baina ez du bukaera mugarik, alternatiba bat urratsez urrats eraikitzeak ekarriko duelako sistema hau gainditzea. Guzti hauek kontutan hartuta: Euskal Herrian badago ezkerrera jo dugun gehiengo bat, alternatiba bat eraikitzeko gai garenak. Grebak borroka fase berria ireki behar du, oinarriak baditugu eta premia bistakoa da.


ALTERNATIBA BADAGO Alternatiba burujabetza da. Herrien eta herritarren burujabetza merkatuen eta merkatuaren zerbitzura dauden Estatuen aurrean. −

Burujabetza gure etorkizun politiko, ekonomiko eta soziala erabaki ahal izateko. Euskal Herriak erabaki behar du euskal langileria erabakien protagonistak izateko. Burujabetza kapitalari boterea borrokatzeko prozesu politikoa dela ulertu behar dugu.

Burujabe izateak eredu politiko demokratiko bat ekarri behar du. Eredu politiko berri baten aldeko borrokak zuzendu behar du burujabetza prozesua. Herritarrak gara aldaketarako subjektu politikoak eta hartzen diren erabakietan determinanteak egiten gaituen eredu politikoa behar dugu. Bestela kapitalak erabakitzen du, kapitalaren zerbitzura dagoen klase politikoak hartzen dituelako erabakiak edo zuzenean kapitalaren esku dagoelako zer egiten den eta zer gertatzen den.

Alternatiba eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea da. Ekonomia Herriaren zerbitzura jartzea alderantziz egin beharrean. −

Alternatiba lana eta aberastasuna banatzea da. Borroka fase berria ireki behar dugu bi ardatz hauen gainean. −

Aberastasun nahikoa dago Euskal Herrian eta pobreziara kondenatzen gaituzte gutxi batzuk aberasten jarraitzeko. Politika fiskala aldatu behar da, borroka hau herrikoia bilakatu behar dugu ez delako gauza tekniko bat. Duenari kendu herritarroi kendu beharrean. Eta batez ere, guri kentzea lapurtzea da. Duenari kentzea herriarentzat berreskuratzea da duena hori herritarren kontura eskuratu duelako. Arazoa politikoa da, ez ekonomikoa. Beraz erabaki politiko berriak hartzera behartu behar ditugu.

Lana badago, guztiontzat. Enplegua da falta dena. Emakumeon egoerak azaltzen du hau hoberen. Emakumeok zaintza lanak betetzen ditugu. Beti eta betidanik. Eta zaintza lan hori doainik eta eremu pribatuan betetzen da. Lana egiten duzu baina ez dagoenez aitortua ez da enplegua bilakatzen, beraz ez du etekin ekonomikorik sortzen zuretzat (sistemarentzat bai) eta ez ditu eskubideak sortzean (pentsio eskubidea adibidez) eta ez dugu eskubiderik. Lana bai, baina enplegua ez. Behar beharrezkoa den zaintza hori sistema publikoak ziurtatuko balu (eta horrela izan behar da) enplegu andana sortuko litzateke, eta bi eskubide ziurtatuko liratezke: zaintzaile ez izatearena eta zaindua izatearena. Langabeziari aurre egiteko hiru bide daude beraz:

Lana banatzea. Lanorduak murriztuz...

Enplegua sortzea. Zerbitzu publikoak garatuz eta enplegua sortuz lana dagoen eta gizartearentzat oso beharrezkoak diren eremuetan (aisia, kultura... )

Lan eskubideak aitortzea eta errespetatzea. Soldatak jeisteak enplegua suntsitzen du. Soldatak defendatzea landuna eta langabea elkarjoka jartzeko arrazoia bilakatu dute, eta sekulako garaipena da hori patronalarentzat. Kriston huts egite ideologikoa da soldatak langabeziaren arrazoi direla esatea ekartzen duelako, patronalaren eta gobernuen diskurtso ofiziala elikatzea beraz. Sistema eta eredu honen pean gauden bitartean soldatak aberastasuna banatzeko bitartekoa dira,


eta jeisteak herritarrei aberastasuna kentzea da (zuzenean lan merkatuan daudenei eta zeharka langabezian daudenei), soldatak jeistea patronala aginte makilarekin jarraitzea ekartzen du zapalkuntza indartzen duelako eta ez duelako eredu hau langileen kontura bizirautea ekartzen duelako. Beste gauza da eredu berri baten eraikuntzak soldatak berrantolatzea eta pertsona guztiak bizi proiektu duin bat garatu ahal izateko bitarteko ekonomikoak nola ziurtatuko ditugun berraztertzea. Erreformak 500 euron truke lan egitera behartzea gogor salatu behar du gazteriak hori esklabutza delako. “Nik ez dut nire soldatagatik borroka egiten, eredua aldatzeko borrokatzen dut� oso jarrera jatorra dirudi baina finean, eskubide bati uko egitea ekartzen du (soldata duinak edukitzea eskubide bat delako) eta eredua aldatzeko balio ez duen ustezko estrategia bat defendatzea da. −

Alternatiba sektore publikoa defendatzea da. Eredu ekonomiko eta soziala antolatzeko eta garatzeko bi modu daude. Esku pribatuek egitea, interes ekonomiko pribatuen arabera. Edo sistema publikoak egitea, gehiengoaren interesen arabera. Ekonomia Herriaren zerbitzura jartzeko modu bakarra eredua sektore publikotik antolatzea eta garatzea da. Beste gauza da sektore publiko eredua, eta zein eredu ekonomiko garatzen den sektore publikotik. Hori aztertzear dago eta independentismoak eztabaida hori egin behar du. Baina sektore publikorik gabe, gazteria interes pribatuek eta botere ekonomikoak zuzenduko duen eredura kondenatua dago.

www.labsindikatua.org - araba@labsindikatua.org

Gazte Mugimenduari proposamena (LAB)  

LAB sindikatuak Euskal Herriko gazte mugimenduari egindako proposamena alternatiba sozioekonomikoaren eraikuntzarako. Dokumentua eta horren...