Page 1

Indarkeri sexistaz hitz egiten hasten garenean, ezinbestean kokatu behar dugu sistema oso baten baitan, arazoa estruktural gisa. Emakumeak gizonengandik menpekotasun egoera batean mantentzeko tresna izan da eta oraindik ere bada. Emakumeenganako indarkeria legitimizatu duten estereotipoetan oinarritutako patroiak ditugu estrukturaren oinarri, erasotzaileen konplize bilakatu eta isilean (arlo pribatura) mantentzen saiatu dira. Emakumeen kontrako indarkeriak, forma asko hartzen ditu eta komunikabideen bitartez forma hauetatik ikusgarriena edo ukigarriena soilik erakusten dute: erailketak, jipoiak, bortxaketak etab. Baina emakumeak indarkeria bizi dugu gure bizitzako esparru guztietan, espresio desberdinak hartzen ditu, etxean zein kalean. Indarkeria marxista kasu bortitzenekin soilik ikustarazten da maiz, baina piramidearen goiko kasua da soilik. Arazoa estrukturala da, jendarteak arautzen duen balio sozio-kultural eta martxan jartzen diren politikak baldintzatzen eta mantentzen dutelarik. Indarkeria estruktura batetik sortzen da, arazoa ez da indibiduala, sinestarazi nahi diguten bezala, askotan entzuten da erasotzailea gaixo dagoen pertsona dela, patologia baten ondorioa. Indarkeria, erakunde guztien, agente sozialen eta hiritarren ardura da baina ez da horrela ikusten eta errekonozimendu honen ausentziak, indarkeria sistematikoki ematea erraztu du. Oinarrizko giza eskubideak ukatzen dizkigun antolaketa sistema honetan, arriskuarekin bizitzera behartu gaituzte. Etxean zein kalean bortxatzen gaituzte, emakumeak beti dauka arriskuaren txipa. Azken batez, horretarako erabiltzen dira eraso edota indarkeri sexualak: kalea segregatzeraino. Ezberdin okupatzen ditugu espazioak eta Virginia Despentesek dioen bezala, bortxaketa emakume guztiak izutzeko pentsatua dago. Bortxaketa publikoaren funtzioa, emakumeei abisua pasatzea da, nolabait kaleen arriskuez ohartaraziz. Modu


honetan, mass medien bitartez, emakumeen espazioak zeintzuk ez diren seinalatuz. Jaiotzen garenetik, eredu oso mugatuetan mugitzen gara, eredu batzuk daude eta bakoitzak bere marka dauka, rol eta jarrera konkretu batzuk inposatuz. Nolabait, esan daiteke, indarkeriak jendartea kudeatu, sexu segregazioa mantendu, azken batez, indarkeriaren funtzioa oso bortitza da eta estruktura dela konturatzea ezinbestekoa da. Azken batez, estrukturala den heinean guztiok ukitzen gaitu, kontrol eta orden bat mantentzeko sortua da eta ohartu behar gara, emakumeak eta gizonezkoak konpartitzen dugun espazioan, botereak bere jokoa duela. Guztiok daukagu botere harreman horietan erantzukizuna. Baina maiz, errua kanpora botatzen dugu eta hori oso erraza da. Hedabideak ez digute erakusten gertuko pertsonaien indarkeria kasuak, erasotzaile figura kanpoan kokatzen da, oso erraza baita hauek aurka joatea. Emakumeak pasiba gisa definituak izan gara, biktima hutsak bezala agertzen gara komunikabideetan, sistema honetan heziak izan garenez, indarkeria matxista jasotzeko prestatuak gaude. Badago erraztasun bat indarkeria norberarengan ez ikustea eta besteengana bideratzea. Normalean beste kultura batekoak izaten dira erasotzaileak, matxismoa eta indarkeria unibertsalak direla ahaztuz. Arrazakeria eta klasea gurutzatzen dira indarkeriaz hitz egiten dugunean. Desberdin tratatuak izaten dira, klase altu eta arraza zurikoa bada indarkeria justifikatzeko joera dago, buruko gaitz edota adornuak erabiltzen dira, indarkeriaren zergatiak ulertu nahi izaten dira eta alkoholaren ondorioz izan daitekeela erakutsi digute. Indarkeri sexistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du; jendartea antolatu eta sustatzeko erabiltzen duen baliabidea izanik. Sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da indarkeria, pertsonen arteko botere harremanak, sexu bereizkeria, dominazioak etab oinarritutako estruktura bat eraikiz. Fenomeno konplexua da, emakumeoi hiritar bezala dagozkigun eskubideak eskuratzeko jasan behar dugun oztopo handienetarikoa izaten jarraitzen du. Ez dago tekla magiko bat guzti honekin amaitzeko, batez ere, tekla hori desberdintasun hauek legitimotzat hartzen dituen sistema kapitalista eta patriarkatua hankaz gora jartzea suposatzen duelako. Indarkeria zer den eta bere faktoreak aztertuz, ezinbestekoa da hezkuntza sistema aztertu eta bertan landu beharrekoaren inguruan pentsatzea. Historian zehar, emakumeek paper desberdina jokatu dute


hezkuntzan, hasiera batean, hezkuntzako eskubidea ukatu zitzaigun, soilik gizonezkoak zuten hezkuntza jasotzeko aukera. Beranduago lortu zen eskoletara joateko eskubidea baina neska eta mutilek generoaren araberako hezkuntza jasotzen zuten, gela desberdinetan biltzen ziren eta curriculumeko gaiak zeharo desberdindu: neskak esparru pribaturako prestatu eta gizonezkoek esparru publikorako. Mugimendu pedagogiko berrien sorrerarekin batera, ikastetxe mistoak sortu eta espazio berdina konpartitzera pasa ziren. Askok uste zuten aldaketa honek arazo guztien konponbidea ekarriko zuela, parekidetasuna ziurtatuz. Baina denborak kontrako erakutsi digu: neskak eta mutilak elkartzean, ez baitzen inolako neurririk hartu jendartean bertan sexu batek bestearekiko jasaten zuen zapalkuntza ekiditeko. Ikastetxeetan jendartean nagusitzen diren eredu, estereotipo, balio ... urteetan zehar errepikatu direla. Ikastetxeak mistoak izateak ez du esan nahi parekidetasuna dagoenik: ikuspegia erabat androzentrikoa, sexista baitago ageriko eta ezkutuko curriculumean. Hezkuntza sistema, sozializaziorako oinarrizko bitartekoa da, egun dauden ereduak birsortzen ditu: patriarkatuaren biziraupena ziurtatzeko beste tresna bat izanik, jendartean dauden arazoen kalkoa baino ez dugu ikusiko. Hezkuntza, sistema honek ez ditu pertsona aske eta integralak sortzen, hau guztiagatik dagoenarekin apurtu eta jendarte justuago bat lortu behar da, sexu arteko eskubide eta aukera berdintasunak bultzatuz. Horretarako hezkidetza lan tresna bilakatuz. Kontzientea den prozesu hezitzailea izanik, pertsona aske eta osoak sortu behar ditu, parekidetasunean eta askatasunean oinarritutako jendarte eredua bilakatuz. Errealitatea beste modu batean ikusi behar da, gauzen zergatiak identifikatu, indarkeri mota desberdinak ezagutu eta hauen aurrean erantzuten erakutsi behar da. Hezkuntza berak, autokritika bat egin behar du, barrura begiratu eta bizi garen berdintasunaren ilusioarekin apurtu. Berdintasun formal batera eraman gaituzte, eguneroko errealitatean ikusten ez dena beraz, hezkuntzak kontzientzia feminista bat sortu behar du, gure gorputzetik eta bizimoduetatik landuz.


Hezkuntza komunitatean hezkidetza txertatzea ez da lan erraza, aldaketak ez datoz egun batetik bestera, egun ez da lehentasuna, gainera ikastetxeak berak dituen arautegi, curriculuma eta antolaketa moduek ez dute aldaketarako, hausnarketarako tarterik uzten. Gainera hezkuntza ez da ente indibidual bat, herri eragileekin eta erakunde nahiz administrazioekin jarduten du lanean beraz elkarlanean hezkidetza lantzeko espazioa eman behar da. Horretarako lehenik egoera zein den edo diagnosi bat egin behar da, ondoren bertan jasotakoaren araberako hezkidetza plana burutu eta ebaluatu beharko da. Hezkidetza Plan hau jendarte ereduan ohikoak diren diskriminazio gainditu eta pertsonaren burujabe, auto-estimua eta zaintzeko gaitasunetik abiatu. Elkar zaindu eta pareko harremanak dituen herria sortzeko. Hori lortzeko ikastetxeetan gure gorputzarekin konektatzen irakatsi behar diegu, burua eta gorputza elementu bakar moduan ulertu eta honi entzuten irakatsi behar dugu. Indarkeriak gorputz desberdinak sortzen ditu, eta gure burua babesteko instintua kendu beraz ezinbestekoa izango da hausnarketa. Indarkeria hori gure gorputzetan nola inskribatzen den erakutsi, ez soilik kolpea, baizik eta kolpe horren esanahia eta gure gorputzek nola kudeatzen duten ezagutu. Legeek erakusten duten etengabeko biktimismotik urrunduko gaituzten diskurtso berriak eraman behar ditugu geletara, gorputza maitatzen irakatsi, gurea denaz baliatu eta gaitasun arrazional, emozional zein motoretan trebatu behar ditugu haur eta gazteak. Erasoak identifikatu eta hauei erantzuteko beharrezkoa den burujabetzan trebatu, erabakitzeko gaitasuna itzuliz eta autodefentsa feministak egun dituen metodoez blaitu. Guzti hau posible izateko, txikitatik barneratu ditugun kontakizun, sexualitate, harreman ereduei etab iraulia eman behar diogu, heterozentrismoaren ideologia kolokan jarri eta inposatutako ereduak apurtu. Eredu berriak eraiki behar dira, maitasun erromantikotik urruti eta sexualitate eredu aske baten atea irekita laga. Komunikazioa izango da gure transmisio garraioa, entzuketa aktiboa, asertibitatea; komunikazio estrategiak landuz. Metodologia desberdinak erabili daitezke baina ezin ahaztu jolasa dela hezitzaileen tresnarik garrantzitsuena. Jolasean heztea da helburua, dibertitzearekin lotuta dagoen zerbait da eta iritsi nahi den helburuetara iristeko bide egokia da.

INDARKERIA SEXISTAZ HITZ EGITEN | 2013·03·28  

Indarkeria sexistaz, hezkuntzaz eta hezkidetzaz