Page 1

MUNDUKO KOPA 2014: BILDUMA

futbolmamia.com


KRONIKAK

futbolmamia.com


Aurkezpena Munduko Kopak leku berezia izan da gurean, futbolmamia.com atarian. Partida guztietako kronikak egin ditugu, eta tarteka, erreportajeak ere idatzi ditugu. Podcast bidez ere aztertu ditugu taktikaren ikuspegitik hainbat partida, eta selekzio batzuk erabili dituzten estrategiak ere txertatu ditugu. Solasaldi bat ere grabatu genuen, lehen fasea amaitu eta berehala. Eduki horietako batzuk, ia denak, bilduma honetan batzea erabaki dugu: kronika guztiak eta erreportajeak. Era horretara, gordeta geratuko da betirako. Eta nola ez, txapelketa bukatu den honetan, aukera emango du lasai hartu eta Munduko Kopa honetan gertatu dena patxadaz aztertzeko. Azken batean, horretarako sortu zen futbolmamia.com, futbolaren inguruko hausnarketa pausatua eta lasaia egiteko; azken batean, futbolaz hitz egiteko. Ezin bukatu aurkezpen hau, Munduko Kopa honetan bidelagun izan ditugun kolaboratzaile guztiak. Beraiek gabe, ezin izango genuen egindako guztia egin. Hauek dira: • • • • • • • • •

Naxari Altuna Mikel Arregi Ander Gisasola Mikel Martija Igor Olaeta Aritz Olagoi Dabi Piedra Ekain Rojo Aitor Manterola

ESKERRIK ASKO GUZTIOI!! Besterik gabe, bilduma hau gustukoa izango duzulakoan... Aitor Manterola futbolmamia.com osatzen dugun denon izenean

futbolmamia.com


A MULTZOA

1. Brasil (7 pt) 2. Mexiko (7 pt) 3. Kroazia (3 pt) 4. Kamerun (0 pt)

futbolmamia.com


BRASIL-KROAZIA (2-1) Hasiera tristea Aitor Manterola

Hasi da Munduko Kopa. Brasilen. Brasilen Munduko Kopa. Lekua edo jabetza. Biak, gaurkoa ikusita. Brasilen dela dudarik ez, eta Brasilena izan daitekeela ere esateko motibo asko. Etxeko taldeari laguntza handiegia eman diolako Japoniako epaileak. Erabakigarria izan da Nishimoriren lana. Kezkagarria. Eta zer pentsatua ematen du. Zoritxarrez. Epaileak okertu egiten dira. Bai horixe. Baina partidaren hasieratik bi taldeak ezberdin epaitzea ez da pertsona baten hutsegite berezkoa. Eta Nishimorik horixe egin du. Bi aldiz idatzi behar epailearen izena. Oscarren aurretik, adibidez; Neymarren gainetik; Modric baino lehen... Tristea hasiera Munduko Kopa honena. Brasilen indarra sekulakoa da zelaian, eta aurreneko egunetik, aurkariaren jokatzeko estrategia aldarazi du. Kroazia ez da Kroazia izan. Kontraerasora jokatu du, oso atzean defendatuz baloia lapurtu izan duen bakoitzean. Ez du ezaugarri nagusia hori. Baloia edukitzea gustatu ohi zaio, aurkaria berera belaunikatzea. Gaur ez. Gaur Brasilen hankapean antolatu du partida Kovac entrenatzaileak. Beste aukerarik ez zuela? Baliteke. Baina galdu egin du, nortasuna kareletik botaz. Bera erara jokatuta emaitza okerragoa izango al zuen? Kontraerasoa baliatzearen asmoak itxura ona hartu du hasieran, hala ere. Brasil erraz hautsi du, eta hamargarren minutua baino lehen sartu duen golaren aurretik, erraz antzean heldu da etxekoen area inguruetara. Hegalak baliatuz. Marcelo eta Dani Alves asko igotzen dira, eta beraian atzeldean zuloak uzten dituzte. Baliatu ditu Kroaziak, eta gola Alvesen aldetik etorri da. Olicek erdiratu, Jelavicek ukitu arina area barruan, eta Marcelok gola bere atean. Brasil makal ari zen baloiaren jabe zenean. Erdiko bi atzelariak eta bi euskarriak laguntza behar zuten: goikoen talentua. Baita abiadura ere. Ez fisikoa, ordea; beste hau: abiadura taktikoa, jokoari bizitasuna ematearena. Kroazia konturatzerako igo du erritmoa Brasilek, eta oso erraz hasi da heltzen Pletikosaren ate gainera. Baina ez du asmatu atearen aurrean edota azkeneko pasea ematen. Emaitza alde batekoa edo bestekoa izatea kontu txikien araberakoa izaten da batzuetan. Kroaziak bigarren gola egiteko aukera alferrik galdu, eta hurrengo jokaldian, Neymarek berdindu egin du emaitza. Area ertzetik ezkerrez jaurti, eta baloia sarera. 29. minutua. Nishimori berriz. Gol horren aurretik. Neymarrek besoarekin astindu dio aurpegia Modrici, nahita. Epaileak... txartel horia. Geroxeago, gola Brasilgo izarrak. Bigarren zatian, bi taldeak berdintsu. Kroazia lehengora, eta Brasil ere bai. Baina izan da aldaketa bat. Garrantzitsua, gainera. Etxeko taldeak Kroaziari eman dio baloia, kontraerasoa baliatzeko. Txukun moldatu da Kroazia, baina Jelavic aurrelariaren atzeko lerroan onak falta. Rakitic eta Modric euskarrian aritu dira, eta elkarren alboan gehiegitan, Luiz Gustavo eta Paulinhoren (gero Hernanes) lerroa gainditu gabe. Horrelaxe zegoen partida, parekotasunean, Nishimori azaldu arte. Penaltia adierazi dio Lovreni, Fredek bere burua nabarmen bota badu ere. 71. minutua, eta 2-1. Neymarrek gola. Galtzen joatea inoiz ez da ona, baina mesede egin dio Kroaziari, bere ohiko jokoa egitera behartu duelako. Brasil kontraerasoaren zain, atzean. Sarri samar ibili da Kroazia Julio Cesar atezainaren arearen bueltan: futbolmamia.com


jaurtiketak area kanpotik, erdiraketak... Baina kamuts aukera guztietan. Rebic aurrelariak Jelavicek baino baliabide gehiago eman dizkio taldeari erasoan, gerturatu egin delako Rakitic eta Modricengana. Jaitsi, baloia hartu eta hegaletara ireki, errematea bilatzeko gero. Brasilek hirugarren kolpea eman dio Kroaziari. 90. minutua pasata zegoenean. Baloia leku txarrean kendu diote Rakitiic, eta Oscarrek bikain bukatu du jokaldia. Baliabide tekniko honekin: oinaren puntarekin astindu du baloia. Pletikosa makal eta berandu. Golak saritu egin du Brasilen gaur onenetakoa izan denaren lana. Bihar beste bat izango da, etzi hirugarren bat... Jokalari bikainak dituelako. Pena eta tristea protagonista beste bat ere izatea.

futbolmamia.com


MEXIKO-KAMERUN (1-0) Euripean, busti gabe Aitor Manterola

Natal hirian, euria goian-behean. Blai Mexiko eta Kamerungo jokalariak. Baina mexikarrak eroso, oso eroso, euria egingo ez balu bezala, bustita ez baleude bezala. Gozatzen ez dugu esango, baina hor nonbait. Miguel Herrera entrenatzailearen jokatzeko eredua zelaian plazaratzeko batere oztoporik gabe. 5-3-2 marrazkitik abiatu, eta hegaleko bi jokalariak, atzelariak berez, oso goian jarrita. Erdiko atzelarietako bat, eskuinekoa, euskarrien lekiuan, albo batera ipinita. Jokalari pila bat baloiaren aurretik, eta atzealdean bi bakarrik. Baloia ukitzea du xede Mexikok, baina hasieran, gutxi ukituz hautsi du Kamerunen atzealdea; ia beti afrikarren eskuin aldeko hegaletik. Pasatzailea bakarrik, presiorik gabe, Layun hegalekoa lasterka zelaiko marrari itsatsita, eta paseak goitik edo behetik, Kamerunen atzeko lerroa erraz hautsi du Mexikok. Golak ez zuen urruti behar, eta sartu du Giok. Baina marrazainak hanka sartu du, eta jokoz kanpokoa adierazi dio. Kasu honetan, erasoa Mexikoren eskuinaldetik heldu da. Handik gutxira, berriz ere marrazaina protagonista. Giok beste gol bat sartu du, korner batean buruz errematea eginda, baina jokoz kanpokoa berriz, ez zen. Kamerunen geldikako jokaldietan egin dio min apur bat Mexikori, eta jokaldi isolatu batean. Etooren jaurtiketa zutoinak urrundu du kanpora. Hortik aurrera, ezer gutxi. Desordena erasoan, eta defentsan, aurkariei begira. Mexikoren jokatzeko eredua zein den jakinda, defentsako lanean hain atzean sartu gabe eta estutu behar den lekuetan estututa, aukera gehiago izango zituzkeen, baina beste eredu koldarrago baten alde egin dute afrikarrek. Eta galdu egin dira. Desagertu. Ez dira busti estrategia aukeratzerakoan, Mexikoren beldur. Bigarren zatia hasi eta ordu-laurdenera sartu du gola Oribe Peraltak. Kamerunek, hegalak ixteko, erasoko hegalekoak atzelari jarri ditu, eta erdian zuloak utzi. Gauza bat ixteko beste bat ireki behar. Golaren jokaldian, dotore egin du Mexikok jokaldia: eskuin hegalean landu jokaldia, eta erditik bukatu, zuloak baliatuz. 1-0. Lehenago heldu behar zuen gola azkenean iritsi da. Hortik aurrera ezer gutxi aldaketei dagokionez. Biak lehengo lepotik burua. Bai akaso Kamerun erasokorrago presioa eginez goian baloia galdu eta gero. Uneren batean ireki ere egin da partida, eta kontraerasoren batean izutu dituzte afrikarrek mexikarrak. Baina behar izan denean, han azaldu da Ochoa atezaina.

futbolmamia.com


BRASIL-MEXIKO (0-0) Golik gabe ere bikaina Aitor Manterola

Bigarren partidak hasi dira selekzioentzat. Eta horrek esan nahi du aurrenekoari beste bat gehituko diotela. Eta horrek esan nahi du talde bakoitza zer den hobeto ezagutzeko aukera ematen duela. Bigarrengoari ekiteko, aurrenekoa hartzen da oinarrian: bakoitzak zer egin zuen eta nola. BrasilMexikok eman dio hasiera bigarren jardunaldiari. Biak irabazle lehen egunean, eta biak ezberdin ereduan. Gaur ere bai. Brasilek Mexiko estutuko zuela argi zegoen, eta estutu du. Baina ez asko ere. Gehiago eman dezakeen itxura utzi du gaur ere Brasilek. Hala ere, Scolariren taldeak horrelakoak dira: ematen du gutxirekin asko egiten dutela, eta lehen ere irabazia da era horretara Munduko Kopa Brasilekin, 2002an. Atera kontuak gaurkoari: gutxirekin, une askotan Mexiko baino okerrago arituta ere, Ochoa Mexikoko atezainagatik ez balitz, beste hiru puntu izango zituen Brasilek. Mexikok bai, honek eman du berea. Gainditu egin du lehen eguneko maila. Orduan txukun, gaur oso ondo. Piojo Herrera entrenatzaileak ez du eredua aldatzen, ezta marrazkia ere. 5-3-2 hori aldaezina da, eta erasoan baloiaren jabe egin eta gora heltzea ere aldaezina da. Une batzuetan lortu du, baina goian zerbait falta zaio; lehengo egunean ere bai: azkeneko pasea zuzen ematea; jaurtiketak atera egitea (gaur bota ditu mordo bat area kanpotik, baina atera apenas bat edo bi). Beste une batzuetan estu ibili da baloiari eusteko ere, Brasilek goian presioa egin dionean. Tarte horietan igaro ditu une txarrenak Mexikok. Baina buelta emateko gai izan da, eta beti baloia lagun. Brasilen gabeziak agerian geratu dira zein diren: baloiarekin jokoa sortzeko zailtasunak dauzka. Atzetik aurrera ezin jokaldia lotu, ez bada izarren jokaldi bakarkoekin. Eta kontua da horrela eginda ere aski izan dezakeela urrutira heltzeko txapelketan. Gabezia du baloiarekin jokoa lotzearena, baina behar al du? Nahi al du? Erosoago dago baloia lapurtu eta kontraerasora jokatzen. Baina lapurtzeko egokiak al dira Neymar, Oscar eta Bernard, esaterako? Golik ez da egon, baina ederra izan da hala ere. Bikaina. Golik ez da egon ez, baina aukerak bai. Lehia irekia izan da, eta bi atezainek, Ochoak eta Julio Cesarrek lan ederra egin dute. Batez ere, Ochoak. Talderik gabe dago, Ajacciok Ligue 2rako bidea hartu eta gero. Datozen orduetan jasoko ditu bai eskaintza batzuk gaurko lanari esker. Golik ez jasotzearen beste arrazoia bi taldeetako erdiko atzelarien lana izan da. Mexikon dotore eta sendo Marquez beteranoa, Moreno eta Rodriguez kankailua. Brasilen, berriz, aurkarien eraso guztiak hausteko nahikoa dira David Luiz eta Thiago Silva. Bost atzelari horiek ere ikuskizunari ekarpen handia egin diote. Eta multzoa zabalik utzi du berdinketak. Launa puntu Brasilek eta Mexikok. Bat ere ez Kroaziak eta Kamerunek; bihar jokatuko dute bi hauek. Polita dator bai azkeneko jardunaldia. Golak izango dira bai azkeneko egun horretan. Baina ez badaude eta gaurkoa bezalako ikuskizun ederrarekin bada, bost axola.

futbolmamia.com


KAMERUN-KROAZIA (0-4) Ze urrun dago Kamerun... Aitor Manterola

Martzianoak bezala, txapelketan galdurik dabil Kamerun. Urrun, oso urrun besteen mailatik. Gaur ere, lehen egunean bezala, maila eskasa eman du. Eta Kroaziak astindua eman dio. Ia-ia, neke handirik gabe, gainera. Tokitan da Kamerun hau beste maila handiagoa eman zuen Kamerun hartatik. Eta ezin bururik altxatu urteen joanean. Urrunetik gerturatzeko ahalegina eginez hasi du partida. Eskuin hegaletik betiere, arazo bat edo beste sortu dizkio Kroaziari. Aukeraren bat ere izan du aurretik jartzeko, baina Kamerun hau urrun dago, ez da etorri. Mugarri batzuk izan ditu partidak, eta bat horixe izan da: ondoen aritu denean, aukerak ez baliatzea golak sartzeko. Beste mugarria, bigarrena, Kroaziak jarri du. Hasiera kaskarra egin eta gero, 11. minutuan, zelaiaren barrunbe ezkutetatik aterata bezala, gola sartu du. Futboleko betiko esaldi batek dioen bezala, "ezer egin gabe". Olic izan da golegilea. Hirugarren mugarria Kamerun gehiago urruntzeko izan da: Alexander Songek 'biribildu' egin du denboraldi eskasa (berea), eta bere burua kalera bota du, Mandzukici bizkarreko galanta emanez baloia beste nonbait zebilenean. Epaileak ikusi, eta kalera. Mugarriak Kroaziaren aldekoak izan dira, eta mugarriak euskarri jarrita, lasai asko ibili da beraien gainean. Baloiaren jabetza Kameruni ematea zuen asmoa hasieran, eta hori egiteko pagotxa jarri zaio parean. Bigarren zatia hasi eta berehala, beste kolpe handi bat jaso du Afrikako selekzioak: bigarren gola Kroaziak. Bere gabeziak agerian berriz: Itandje atezainak Perisici eman dio baloia sake batean. 2-0. Mandzukicek egin beharra zuen golarekikoa, halako aldearekin partida fabore jarri eta gero. Bi gol sartu ditu. Aurrenekoa 61 minutuan izan da, buruz, korner batean. Bigarrena 73. ean. Aurrelari golegileak golak sartzea oso ona da Kroaziarentzat. Berotu da behintzat gol sena barruan daraman jokalaria. 0-4, eta minutu mordoa joan-etorrirako. Kroaziak, baloia hartuta, lasai asko jokatu du, bai erasoan eta baita defentsan ere (hau kalterako, jakina). Eduki ditu aukerak gol gehiago sartzeko, eta jasotzeko arriskua ere bai. Baina Kamerun hau oso urrun dago. Ez da hemengoa. Etorri gabe joan da etxera. Kroazia, aldiz, hiru punturen jabe eginda, sailkatzeko moduan izango da azkeneko jardunaldian. Polita dator Kroazia-Mexiko hori...

futbolmamia.com


KAMERUN-BRASIL (1-4) Erronkak, hemendik aurrera Aitor Manterola

Brasilek ez dio ezusteari tarterik txikiena ere eman, eta aurretik eraman du Kamerun txapelketan aurrera jarraitzeko. Berdinketa nahikoa zuen final 1/8etara sailkatzeko, baina astindua eman dio Afrikako selekzioari: 1-4. A multzoko lehen lekuan bukatu du, eta Txile du zain, buruz buruko aurreneko kanporaketan. Nagusitasuna ezartzera atera da Scolariren taldea, goian presioa eginez eta erasoa azkar antolatuz. Baina eraginkortasun txikiarekin. Eta aurreneko 15 minutuetan, golik ez. Gainera, Kamerun bera ere lotsak aldagelan lagata atera da, eta ezer galtzeko ez zuela eta, besteetan baino erosago ibili da hasiera horretan. Nahikoa erraz hautsi du Brasilen presioa, eta Julio Cesarren atera heltzea lortu du. Baina Brasilek zerbait badu, joa da. Gola. Eta presio altuak emandako baloi bati, etekin ona atera dio Neymarrek. 17. minutua zen. Ematen zuen zapaldu egin behar zuela Brasilek Kamerun, baina ez. Berean segitu dute afrikarrek, eta saria jaso 26. minutuan. Matipek berdindu egin du. Emaitzak emaitza, ez da inor bere onetik atera Brasilen. Bere joari Kamerunen defentsako lan kaskarra gehituz gero, ez da harritzekoa gero gertatu dena. Neymar berak sartu du bigarrena 35. minutuan. Bigarren zatian, aldaketa gutxi. Brasil eroso, indarrak neurtuz eta burua final 1/8etan. Hala ere, beste bi gol sartu ditu: Fredek 49. minutuan (jokoz kanpo zegoela) eta Fernandinhok 84. ean. Lehen fasean egin du egin behar zuena Brasilek. Multzoko buru sailkatu da. Jokoan, aldaketa gutxi. Scolari ez da aldatuko. Benetako erronkak orain hasiko zaizkio selekzioari eta berari. Aurrenekoa, potoloa: Txile deserosoa: larunbat honetan, 18:00etan.

futbolmamia.com


KROAZIA-MEXIKO (1-3) Ondo egindakoen ondorioa Aitor Manterola

Mexiko izan da A multzoko bigarren sailkatua, Kroazia azpiratu egin baitu (1-3) azkeneko jardunaldian. Bietako batek behar zuen izan Brasilekin batera sailkatua, eta Mexikok ondo irabazi dio Kroaziari. Bigarren zatian lehertu da gol festa. Aurreneko zatian ere leher zitekeen, baina kamuts ibili dira bi taldeak erasoan. Irekia izateko itxura zeukan lehiak, biek behar zutelako garaipena, nahiz eta Mexikok berdinketa balekoa izan sailkatzeko. Kontua da, ordea, Miguel Herreraren taldeak ez dakiela atzean sartuta jokatzen; erasoa du helburu. Gaur ere hala izan da. Kroaziak jokatu du beldur gehiagorekin, atzean sartu samar eta kontraerasoa aurkitu nahian. Talentu tekniko handiko jokalariak izanda, beste eredu batekin taldeak zer emango zukeen ikusi gabe joan da txapelketatik. Bigarren zatian, azkenera arte ez da golik izan. 72. minutuan sartu du Marquezek gola, korner batean baloia buruz sarean jarriz. Bigarrena berehala etorri da, Guardadok dotore bukatu baitu kontraeraso bat; 75. minutua zen. Kroazia amore emanda zegoen, eta Mexikok baliatu egin du aukera hori, hirugarren egiteko, geldikako beste jokaldi batean. 82. minutuan gertatu da hori. Kroaziak bi minutu geroago sartu dio gola Mexikori (txapelketan jasotzen duen lehena). Perisic izan da golegilea. Mexikok Herbehereak du zain orain final 1/8etan. Igandean jokatuko dute, 18:00etan. Merezimendu osoz sailkatu da Mexiko, joko ausarta eginez eta ikusteko polita. Eraginkortasun gehixeago izango baluke azkeneko metroetan...

futbolmamia.com


B MULTZOA

1. Herbehereak (9 pt) 2. Txile (6 pt) 3. Espainia (3 pt) 4. Australia (0 pt)

futbolmamia.com


ESPAINIA-HERBEHEREAK (1-5) Maisua eta ikasleak Aitor Manterola

Ez da erraza bazter hauetatik ariketa hau egitea: Espainiak astindua jaso berri du, eta gogoa ematen du jardun eskas horrekin gozatzeko. Tentazio handiegia da uko egiteko. Baina bazterrean utziko dugu hori momentuan, eta txalo handiak merezi dituen entrenatzailea eta bere taldea goratzeko tartea da. Louis Van Gaal eta bere jokalariak. Maisua eta ikasleak. Duela bi urte hartu zuen selekzioaren ardura entrenatzaile bikainak. Taldeetan hainbat bider egin duena egin zuen: gazteen aldeko apustua, iraultza handia eginez. Gazteekin lan ona egiten badaki, eta fede handia du beraiengan. Bi urtean erabat aldatu du selekzioa. Izenez eta izanez. Sailkatze fase aparta egin zuen, eta bide beretik ekin dio Munduko Kopari. Txapeldun batek inoiz jaso duen astindu handiena eman berri dio bere jokalari multzoak Espainiari. Hasieratik ikusi da Van Gaal maisua dela taldeak osatzen. Ondo landutakoa da Herbehereak hau. Bagenuen ikusmina zertan ari ote zen entrenatzailea txapelketa honen atarian; zer lantzen ari ote zen. 5-3-2 marrazkia erabiliko zuela esaten zen, eta horrek argiak piztu zizkigun hemen. "Egingo dik zerbait berria Van Gaaleek". Eta bai egin ere. Erdiko hiru atzelariekin eta bi euskarriekin (De Jong-De Guzman) egundoko sendotasuna eman dio erdialdeko enbor horri. Sneijder, Robben eta Van Persie ere lanerako prest jarri ditu defentsako lanean, eta emaitza bikaina izan da; eta ez gara ari 1-5ekoagatik, ez. Taldeak defentsako laneko mugimenduak ondo baino hobeto landuak dituela erakutsi du; egoera bakoitzean zer eta nola egin behar den ondo ikasia duela. Horren atzean entrenatzailea dago. Lana. Itotzera atera da Espainiako sormenaren bihotza. Xabi Alonso, Busquets eta Xavik ezin zuten eroso jokatu. Ezta Iniestak eta Silvak ere; eta bi hauei buruz buruko zaintza egiteko agindua ere eman die bere jokalariei egoera batzuetan (beste entrenatzaile handi bat gogorarazi digu halakoak ikustean: Marcelo Bielsa). Ondo baino hobetu aztertua du Van Gaalek Espainia, eta horren gainean antolatu du bere taldea. Erasoan ere baliabide asko erakutsi ditu: kontraeraso zitala dauka, Robben bizkorra zitalkerietan aritzeko askatasun osoz (defentsako lanean bikain jarri da batzuetan, gero kontraerasora libre ateratzeko); baloi luzeetan ere trebetasuna erakutsi du, aurkariaren atzelarien bizkarra bikain bilatuz, eta pase luzeak ematen Blind gaztea (Blind handiaren semea) ze ona den ikusi dugu gaur; jokaldia lantzen ere ona da taldea, zelaia ondo zabalduz eta lekuak ondo hartuz jokalariak. Baliabide ugari dauzka, eta denak landuak Van Gaalen eskutik. Altxorra. Gabeziak ere baditu, talde orok bezala. Defentsatik erasora igarotzeko unean, Espainiak goian estutu izan duen bakoitzean baloia leku txarretan galdu dute Herbehereek. Zuzendu beharrean da Van Gaal arazo hori. Zalantzarik bai zuzentzen saiatuko den edo ez? Kontuan hartzeko beste ezaugarri bat: kontrako emaitzari buelta eman dio, eta nola. 1-0 galtzen joan, baina lanean segi, partidatik atera gabe. 1-1 berdindu Van Persiek atsedenaldia baino lehen. Eta bigarren zatian, festa eta ikuskizuna. Beste lau gol: bi Robbenek, beste bat Van Persiek eta De Vrijek. Eta izan zitezkeen gehiago. Beldurtu ditu aurkariak Herbehereak honek. Van Gaal handiaren talde honek. Txalo handi bat maisuari eta ikasleei. futbolmamia.com


TXILE-AUSTRALIA (3-1) Urrutiko intxaurrena Aitor Manterola

B multzoko bigarren partida hau aurrenekoaren luzapena bezala hasi da. Txilek, zakur amorratuaren pare, janari gozoaren usaina usaindu du handik gertu, eta azkar betean ekin dio Australiaren aurkako lehiari. Jakitun izanda gol askogatik irabaztea garaipenari beste zerbait gehitzea izan zitekeela, Espainiaren emaitza kontuan izanda. Tira, emaitza hori hain handia izan ez balitz ere, zakur amorratuarena egitera berdin-berdin aterako zen Txile. Horrelakoa baita Jorge Sampaoliren taldea. Horrela jokatzen du. Baloiaren jabe egin da, hala nahi izaten duelako eta Australiak hala nahi izan duelako. Eta hasi dira jokalariak lekuz mugitzen: nor da punta-erdia? Nor aurrelaria? Nor euskarria? Denak denerako Txilen. Valdivia, Vidal, Arangiz, Alexis, Vargas... joan eta etorri, han azaldu eta hemen bistaratu segituan... Hamalaugarren minuturako 2-0 jarri da, Alexisen eta Valdiviaren golei esker. "Molestatzera gatoz", esana du Ange Postecogluk, Australiako entrenatzaileak, Brasil aldera zertara doazen garbi azalduz. Txileri ez dio enbarazu handirik egin hasiera horretan. Bi gol baino gehiago sartu izan balizkio ere inor ez zen harrituko. Nagusi hegoamerikarrak. Baina telebistako irudi batean, han azaldu da Sampaoliren irudia, gerora esanguratsua izan den egoera bati konponbidea eman nahian: "Goazen gora estutzera, presionatzera", esaten zien jokalariei, bi besoekin keinua argi marraztuz. Aukerak eman baitazkio Txilek Australiari kontraerasoan ateratzeko. Eskerrak ez den beste munduko ezer Ozeaniako taldea; bestela... Hala ere, Tim Cahillek gola egin du 35. minutuan, buruz, nola ez. Txikiak dira txiletarrak, eta Gary Medel erdiko atzelari aritzen dela baliatuz, gaina hartu dio Evertoneko aurrelari ohiak. Handik gutxira, oinarekin izan du berdintzeko aukera, baina Bravok urrundu dio baloia. Bigarren zatian, Australiak agerian utzi ditu Txileren arazoak. Presioa behar du erasotik defentsarako bidean, eta horretarako ezinbestekoa du baloia ahalik eta urrutien eramatea. Batek bestea dakar. Bada, bietan baldar ibili da bigarren zatian, eta une batzuetan, Australiak kendu egin dio baloia. Deseroso Txile. Ez zen Txile. Erdiraketa guztiak izua eragiteko modukoak izan dira Txileren arean, eta Bravok urruntze bikaina bezain estua egin behar izan dio Bresciano beteranoaren zartako zitalari. Berdinketa zitekeen. Erraz hasi dena zaildu egin zaio Txileri. Pentsa, 92. minutuan sartu du hirugarren gola Beusejourrek. Orduantxe lasaitasuna. Bitartean, kezka eta beldurra ere bai. Azkenean poza, eta datu historikoa: Txilek ez zituen hiru gol sartzen Munduko Kopan 1962tik, etxean jokatu zuen txapelketa hartatik. Ondorioak: jokatu aurretik, Txileren inguruan ikusmin handia zegoen. Jokatzen hasita, gauzatu egin da ikusmin hori: urrutiko intxaurrak 14. Jokoa aurrera joan den bezala, 4 zenbakia jarri zaio alboan urrutiko intxaurrari. Hala ere, edozeini kontrako eztarritik sartzeko bezain arriskutsua da Txile hau. 14 bada, kontuz besteak! 4 bada, mesede aurkarientzat.

futbolmamia.com


ESPAINIA-TXILE (0-2) Badoa, badatoz Aritz Olagoi

Ikusmin handia zegoen Espainia eta Txileren arteko partidak zer emango zuen ikusteko. Espainia Herbehereen aurka jasotako kolpearen ondoren altxatzeko gai zela erakutsi beharrean zegoen. Txilek, berriz, bere joko eredu oldarkor eta ausarta Munduko txapelduna garaitzeko balekoa dela erakutsi nahi zuen. Ikusteke zegoen Del Bosquek hamaikakoan aldaketak egingo ote zituen. Mutur bakoitzetik tiraka ari zaizkion sokak jasaten duen tenkatzearen antzekoa zen erabakia: sokaren mutur batean Munduko eta Europako txapeldun izan diren jokalariei zor zien errespetua eta konfiantza. Herbehereen aurka jokalari batek baino gehiagok emandako errendimendu eskasak sokaren beste aldera egiten zuen tira. Azkenean, Javi Martinezek Piqueren lekua hartu du, eta Pedro Xaviren ordez zelairatu du. Txilek eta hautatzaile Sampaolik erronka itzela zuten aurrez aurre; zelaian jokalariek erakusten duten ausardia, edozein aurkari aurrean edukita ere, balekoa dela Munduko txapeldunari irabazteko. Horren erakusle atzeko erdiko 3 atzelarien lerroa: Gato Silvak eta Medel bertan, beraien taldeetan zelai erdian jokatzen dutenak. Txilek lehenengo minuturako dardarka jarri du Espainiako atzealdea. Espainiak zelai erditik atera bezain laster Txilek baloia berreskuratu du eta hegaletik hegalera jokoaren zentzua aldatuz zuloa bilatu eta ia gola egin du. Ondoren, kornerrean burukada kanpora. Espainiak erabateko urduritasunarekin ekin dio partiduari. Baloia eusteko ezinean, baloia erraz galduz. Partidua Txilek nahi zuen eredutik joan da. Espainiak beldurrarekin ekin dio. Jokalari gehienak urduri, baloia taldekideari emateko gauza ez eta kontrol asko huts eginez. Buruak lan itzela eman die gehienei. Ezinean, berandu, bai erabakiak hartzerakoan eta baita zelaiko eremu desberdinetan. Tentsioak burua ez ezik, gorputza ere erabat lotu die. Txapeldun izatearen zama astunegia izan da. Txilek ez dio utzi hasieran baloia ateratzen Espainiari, goian presionatuz. Ramos eta Javi Martinezek sufrikarioa bizi izan dute. Aurrelariei ezin aurrea hartu eta Busquets eta Xabi Alonso ere ezinean Txileko jokalariak gelditzeko orduan. Horrela etorri da Txileren gola. Baloia galdu du Xabi Alonsok zelai erdian, eta Alexisek hartu du baloia. Honek hasitako jokaldia Vargasek sarera bidali du. 2. gola Alexisen falta jaurtiketa baten aldaratzea jaso ondoren egin du Arangiz-ek. 2-0 atsedenaldian. 2. zatian Espainia baloia oinetan gehiago edukitzen hasi da, baloia azkarrago mugitzen. Diego Costa Bravoren aurrean bakarrik utzi du Iniestaren paseak, baina atzelariak atzetik iritsita kornerrera bota du. Txilek ere ez du hain goian presionatu, eta Espainia baloiaren jabetza luzeak edukitzen hasi da. Busquetsek atea aurrean bakarrik ez du asmatu hurrengo jokaldian. 10. minuturako amaitu da Espainiaren ahalegina. Txileren presioan itota eta markagailua iraultzea gero eta ezinezkoago ikusten hasita, partida Txileren kontraerasoren batean etor zitekeen golaren zain gelditu da. Espainiak ere izan ditu aukerak Cazorla edo Sergio Ramosen oinetan, baina Bravok ezerezean utzi ditu espainiarren ahaleginak.

futbolmamia.com


Bizitzan eta futbolean aroak hasi eta bukatu egiten dira. Espainiako selekzioaren azken urteetako ibilbidea borobil baten gisa irudika dezakegu. Garaipen handiei hasiera 2008ko Eurokopan eman zien eta 2012ko Eurokoparekin biribildu. Tartean Hegoafrikako Mundiala. Joan zen udan Konfederazioen Txapelketan Marakanan Brasilen aurka galdu zuen finala eta gaur leku berean txapelketa handietako garaipenen aroaren amaiera irudikatu da, duela urtebete finala galdu zuten leku berean Munduko Kopatik kanpo gelditu da. Txilek bere bidea darrai. Bielsarekin joko eredu ausarta eta lotsagabearen bideari ekin zioten duela urte batzuk. Bere jokoa ezartzeko helburu garbia zuen, edozein aurkariren aurka irabazteko helburuarekin zelairatzekoa, goian presionatuz eta gola sartzera. Bielsarekin ezin izan zuen Espainia garaitzea lortu Hegoafrikako 2010eko Munduko Kopan; gaur, Sampaolirekin garaipena eskuratu du, eta 2. faserako sailkapena ere bai. Herbehereen aurkako partiduan erabakiko da B multzoko liderra zein izango den. Bere joko ereduan sinesten jarraitzeko partida izan da Txilerentzat, konfiantza zakukada bizkarreratzeko eguna. Ikusiko dugu noraino iristeko ematen dien Sampaoliren mutilei.

futbolmamia.com


AUSTRALIA-HERBEHEREAK (2-3) Sortzetik sartzera Aitor Manterola

Arjen Robbenek gola sartu duenean 20. minutuan, kito pentsatu dugu askok eta askok. 0-1, eta Australiari gainera joango zaio Van Gaalen taldearen zama guztia. Herbehereak hobea izanik, eta Australia talde ahulena B multzoan, eragiketa azkar egin digu buruak: egurra emango dio Australiari. Baina hurrengo minutuan, Cahillek gol bikaina sartu du, bolea baten bidez. Horra arte golen inguruko kontakizuna eta burutazioak. Bi jokaldi horien aurreko minutuak aztertzen badira, bada kontu deigarri bat edo beste; esaterako, hau: Australiak baloia une askotan eduki du, eta Herbehereak izan da kontraerasoaren aukeraren alde egin duena. Australiak hori egitea ez da ezustea izan, horrela jokatzea baitu gustuko Ange Postecuglu entrenatzaileak. Bere ereduan oinarritu da, eta txalotzekoa da hori. Herbehereak kontraerasoan aritu nahi izatea ez da ezustea izan neurri batean, ikusirik horrela txikitu zuela Espainia aurrekoan. Baina kontua da ez zegoela eroso, Australia nahiko eroso ari zen. Van Gaalek gaur ere 5-3-2 marrazkiaren aldeko apustua egin du defentsarako. Herbehereak hau, pentsatzen hasita, sormenerako baino egokiagoa da kontraerasoan jokatzeko. De Jong eta De Guzman ez dira sortzaileak, eta beraiei dagokie jokoari sorrera ematea. Baina sorreran hain eskas ibili behar zuenik ere ez zuten askok usteko. Ezin zuen jokaldirik lotu, eta gainera, ezin Australiaren jokatzeko era geratu. Zerbait egin beharra zegoen, eta egin du Van Gaalek. Martins Indiren lesioa baliatu du ezker hegaleko Memphis azkarra eta teknikoa zelairatzeko. Marrazkia ere aldatu du: 4-2-3-1. Bigarren zatiaren hasieratik, Australiaren bila joan da Herbehereak, presioa goian eginez. Sormenean ere hobeto moldatu da taldea. Baina Australiak egin du bigarren gola: 54. minutua zen, eta penaltiz sartu du Jedinak erdilariak. Itxaropen olatua izan da Australiarentzat, eta 1-3koa sartzeko aukera galanta ere izan du. Baina kale, eta handik berehala, Van Persiek egin du berdinketa. Jokaldi horretan nabarmen geratu da Australiako atzealdea ez dela maila handikoa, huts egin baitute azkeneko lerroa aurreratzekoan: ezker hegaleko atzelaria geratu du egin da tokian, eta akabo taldekideen asmoa jokoz kanpokoa eragiteko. Hamar minutura, 68. minutuan, Memphisek zartakoa eman dio baloiari urrutitik. Huts egin du Ryan atezainak, eta 2-3koa izan da. Hortik aurrera, Herbehereak erosoago ibili da, zuloak izan dituelako hain gustukoa duen jokoa egiteko. Sortzen lanak izan arren, bi partidetan zortzi gol sartu ditu. Golak sartzeko arazorik ez duelako, erraz ari delako. Eta zuloak ematen badizkio aurkariak, aukerak sortzeko baliabide bikainak dituelako.

futbolmamia.com


HERBEHEREAK-TXILE (2-0) Sendoa eta zitala Aitor Manterola

Hebrehereek eta Txilek, biek erakutsi zuten aurreneko bi partidetan bi talde handi direla. Bakoitza bere ereduarekin, eta biak ere sendo. Gaur, elkarren aurka aritu behar, B multzoko lehen bi postuak finkatzeko. Aldez aurretik, Txileren aldeko zerbait ez ote zegoen aurreikuspen askotan. Talde bizia da, azkarra, intentsitate eta erritmo handia jartzen die partidei, eta konfiantzaz gainezka heldu da partidara. Aurkari arriskutsuenetakoa dela erakutsi du orain arte. Herbehereek aldaketak 11koan. Kuyt eta Wijnaldum hasieratik, Van Persie eta De Guzmanen ordez. Baina berera Van Gaalen taldea: baloia Txileri eman dio, eta bere zelaian jarri zaio zain, zenbait jokalariri buruz buruko zaintzak eginez egoera batzuetan: Alexisek eta Diazek nozitu dute hori gehien. Txile baloiarekin, zuloak bilatuz eta nahi baino gutxiagotan aurkituz. Zabaldu bai, zabaldu du jokoa, baina Herbehereak ederki ireki da defentsako lanean. Sakontasuna, aldiz, ohi baino gutxiago Sampaoliren taldeak. Vidalek ez jokatzea txarrerako erasoan, barruko jokoa egiteko. Herbehereek kontraerasoa izan dute helburu. Robben eta Lens goian utzita horretxen bila ibili dira, baina lortu ez dute askotan lortu lehen zatian. Noizean behin, Van Gaalen taldeari ere egokitu zaio jokoaren ekimena eramatea, eta horretan gaizki ez, baina Txileri minik eman gabe. Partida lotua zihoan. Zerbait falta zuen. Hau akaso: bi taldeak sailkatuta egotean, postuak finkatzeko lehia egotea bakarrik jokoan. Bigarren zatian, zerbait askatu dituzte loturak. Herbehereak gorago estutzen hasi da Txile, jokoaren sorrera hasieratik oztopatu nahian. Bestelakoan, aldaketa gutxi. Lehia estua eta lotua. Txilek nahi zuen, baina ezin. Eta Herbehereak zain, aukera noiz helduko, noiz harrapatuko zuloren bat Txilek erasoa egiten zuenean. 77. minutuan askatu dira kateak. Kornerra Herbehereen alde, eta erdiraketa bikainari amaiera zehatz eta bortitza eman dio Ferrek; ederki baliatu du bakar-bakarrik egin izana errematea. Txile erabat zabalduarazi du aurka jaso duen golak, eta saiatu da berdintzen, baina argitasun gutxirekin ibili da gaur. Edota Herbehereek ondo lotu dute. Luzapenean, Van Gaalen estrategiak bilatu duena aurkitu du: kontraeraso zitala eta azkarra Robben (maila paregabea ari da ematen), eta Memphisek gola beste aldetik area zapaldu eta gero. 2-0. Ondorioa bat eta nagusia: Herbehereak hau gai izan da gaur Txileren doain guztiak indargabetzeko. Lan zaila. Eutsi egin dio, eustea hain azkar jokatzen duen talde bati oso zaila denean. Zernbat Europako selekzio izan dira gai orain arte Amerikakoen erritmoari eusteko? Gaurkoa, akaso, lehen aldia. Eta ez eutsi bakarrik. Gero, gainetik pasatu ere bai. Eta 11koan titularren bat edo beste falta zirela. Kontuz Herbehereekin. Talde sendoa eta zitala baita. Oharra: Multzo honetako azkeneko jardunaldiko beste partidan, Espainiak 3-0 irabazi zion Australiari.

futbolmamia.com


C MULTZOA

1. Kolonbia (9 pt) 2. Grezia (4 pt) 3. Boli Kosta (3 pt) 4. Japonia (1 pt)

futbolmamia.com


KOLONBIA-GREZIA (3-0) Dantzariak eta filosofoak Aitor Manterola

Kilometro pila bat dago Kolonbia eta Greziaren artean. Geografiako datua objektiboa da. Gaurgaurkoz, futbolean bi herrialdeen artean dagoen aldea ere ikaragarri luzea da. Mapa batean kokatuko bagenitu selekzioak, goian legoke Hego Amerikako taldea, azpian Europakoa. 3-0 menderatu du Kolonbiak Grezia, eta emaitzak berak oso garbi adierazten badu ere bien arteko aldea, baten jokoak eta proposamenak, eta bestearen ahalmen ezak are gardenago utzi dute Kolonbiak pusketa kentzen diola Greziari. Dantzan jokatzen du Jose Peckermanen selekzioak. Kantuan. Koloretako selekzioa da, modernoa. Grezia zuri-beltzean bizi da, filosofoen garaian; pentsatu eta pentsatu egin behar zelaian erabaki bat hartu baino lehen jokalariek. Mantso, pentsakor. #Beste era batera esanda, futbolaren hiztegia erabiliz: kalitate tekniko eta taktiko aberatsagoa dute dantzariek filosofoek baino. Kolonbia baloiaren jabe egin da hasieratik, eta Greziak kontraerasoan atera nahi izan dio etekina. Horixe izan da bien estrategia. Bi taldeak heldu dira bi atezainen inguruetara hasiera horretan, bakoitzak bereari helduta. Baina ikusi da Kolonbiak baduela Greziak ez duen zerbait. Gehiago dela. Beste bizitasun bat. Batzuk korrika eta besteak oinez. Konturatzerako, gainera, Kolonbiak gola egin du, bosgarren minutuan. Selekzio horren jokoa zer den ondo azaltzen du: ezker hegaleko atzelaria, Armero, areako erdigunean azaldu da, kanpoaldetik, kanpotik barrurako mugimendua eginez, eta baloiari ondo jo ez arren, Greziako atzelari baten ukituak sarean sarrarazi du baloia. Partida horren barruan, beste bat hasi da jokatzen orduan. Greziak hartu du baloia une batzuetan, eta Kolonbia jarri da kontraerasorako. Baloiaren jabe erabat deseroso greziarrak, eta nahikoa eroso kolonbiarrak. Asko esan nahi du horrek bi taldeen mailaren inguruan. Bigarren zatian, Grezia gauza gehiago egiten hasi da. Biziago jokatzeko ahalegina egin du behintzat. Baina ez dio etekinik atera, nahiz eta langara ere bota duen baloi bat. Kolonbiak berean segitu du, alai, jostari, bizi. Geldikako jokaldi batean sartu dio bigarrena. Teo Gutierrezek egin du, 58. minutuan. Lehendik ere nahiko erabakita bazegoen partida, zer esanik ez gol horrekin. Gozatzen ari ziren kolonbiarrak, sufritzen greziarrak, ezinean. Hirugarren golak bien arteko aldeari errealitate kutsua eman dio. Merezi zuen bai gola James Rodriguezek, partidako jokalari onenak, eta lortu du saria, luzapeneko minutuetan.

futbolmamia.com


BOLI KOSTA-JAPONIA (2-1) Buelta eman dio Aitor Manterola

Boli Kostak beti izan du "talde ona" Munduko Kopara sailkatu izan den bakoitzean. Baina gero, talde itxurarik ez behintzat. Eta ezer egin gabe, etxera joan izan da. Brasilen dabilen selekzioko jokalari zerrenda hartzen bada, 'betikoak' daudela ikusten da. Hala izanik, zalantza nagusi bat dago taldearen inguruan: zerbait egingo al du azkenean "talde on" honek? Aurreneko erantzuna gaur eman du. Egin dezake zerbait. Tira, gaur egin egin du. Hiru puntuak batu ditu, eta ezin hobeto ekin dio txapelketari. Emaitzari begiratzen bazaio bakarrik aurrera begira itxaropenak onak dira. Nola jokatu duen aztertzen bada, baikortasunari galdera ikur bat jarri behar. Izan ere, partida eroa jokatu du. Gora eta behera, batere kontrolik gabea. Japoniaren jokatzeko erak baldintzatuta, akaso? Ikusi egin beharko da hurrengo partidetan, baina Boli Kosta honi ere ez ote zaion gehiegi gustatzen kontrolik gabe aritzea. Halakoxeak ditu jokalariak, baloia hartu eta segituan aurkariaren atera jotzen duten horietakoak, horretarako une, leku eta egoera egokia den kontuan eduki gabe. Gervinho, Kallou, Bony, Boka... Ez dira lasaitasunaren lagunak, ez. Presaka bezala aritzeko joerari, kontrako emaitza irauli beharra gehitu zaio oraingoan. Japoniak sartu baitu lehen gola. 16. minutuan, alboko sake baten ondotik, selekzio horretako jokalari onenak, Hondak, zartako latza eman dio baloiari, bakarrik zela. Presak are gehiago bizkortu dizkio horrek Boli Kostari, eta partida joan-etorri zoroa bilakatu da. Baloia bi areatik gertu, barruan batzuetan, zelai-erdian gutxi ibili gabe. Halako partidetan, kalitate tekniko onena duena nagusitzen da ia beti. Aukerak asmatzen badita behintzat. Eta Boli Kosta hobea da Japonia baino. Kosta zaie afrikarrei, baina sartu dituzte bi golak: minutu baten tartean sartu ere. 64. eta 65. minutuetan. Antzeko bi jokaldi izan dira: eskuin hegaletik erdiraketak eta burukada onak Bonyk eta Gervinhok (Japoniako atezainaren 'laguntzarekin'). Buelta eman dio Boli Kostak partidari, eta hortik aurrera arazo handirik gabe menderatu du partida, afrikarren berezko kontrolik ezak utzi duen neurrian behintzat. Drogbak, taldeko izarrak, 28 minutu bakarrik jokatu ditu, eta azkenera, kontraerasoan, emaitza handitzeko aukerak izan dituzte berak eta taldekideek, baina ez dute aldatu. Aldatu dutena hau izan da: gai izan dira kontrako emaitza iraultzeko, ez dira hondoratu galtzen joanagatik, eta hobekuntza da aurreko txapelketetatik. Buelta emate hori, emaitzari eta egoera okerrari, horixe da albiste onena Boli Kostarentzat; jakina, hiru puntuekin batera.

futbolmamia.com


KOLONBIA-BOLI KOSTA (2-1) Kaiolan preso Aitor Manterola

Gogoeta sakon-sakona egiteko aukera paregabea eman du Kolonbia-Boli Kosta honek. Biak hiru punturekin atera dira zelaira, eta biek zekiten irabaziz gero, ia lotu egingo zutela hurrengo faserako sailkatzea. Galtzea, aldiz, lehen egunean lortutako hiru puntuen saria ia ezerezean uztea izango zen. Berdintzea ez zen gaitzik txarrena. Pentsamendu eta kalkulu horiek erabat baldintzatu dituzte bi taldeak. Tira, zehatzago esateko, bi entrenatzaileak. Bien estrategia. Berez, bi taldeetako jokalarien ezaugarriak ez dira baloiaren atzean jarri eta defentsako lan zurruna egitea. Baina balizko emaitzen gorabeherak baldintzatuta, horretara jarri dituzte bi entrenatzaileek. Gogoeta hortik dator: emaitzak erabat baldintzatu du jokalarien talentua. Kaiolan preso sartuta eduki dute. Beldurrek ezkutuan gordearazi dute jokalarien berezkotasuna. Zilegi dela ez da dudarik, baina zilegi da, era berean, jarrera 'beldurti' horien inguruan iritzia plazaratzea. Lotuta egon da partida Kolonbiak aurreneko gola sartu duen arte. 64 minutu joan dira hori gertatu arte. Bitartean, bi taldeek elkarren kopia eman izan dute. Lerroak atzeratu ia beti, eta aurkariari erasoko zulo guztiak itxiarazi. Erasoan, berriz, erritmo geldoa, arriskuak ez hartzeko, baloirik ez galtzeko. Oso noizean behin azaldu da bi taldeen berezko izaera: kontraerasoetan. Batez ere Kolonbiak egin du arrisku gehien erasoko baliabide horrekin. Lehen zatian bertan, Teo Gutierrezek bi aukera garbi-garbi galdu ditu alferrik. Boli Kostaren baliabideak izen bat izan du: Gervinho. Espazioa aurretik izan duenean, bereak eta bi egiten saiatu da: baloia eraman, aurkariei buruz buruko jokaldiak egin... baina golik ez. Gola geldikako jokaldi batean etorri da. Halako partida lotuak askatzeko giltza izan ohi dira, eta gaur ere bai. Kolonbiaren kontraerasoa antolatzen eta josten lan bikaina egin duen James Rodriguezek buruz sartu du gola, Didier Drogbari aurrea hartuta. Ematen zuen orduan aterako zirela kaiolatik preso zituzten askatasuna eta berezkotasuna. Bai atera ere. Kolonbiak berean segitu du, baina erasoan leku gehiago utzi dizkio Boli Kostak, erasora jokalari gehiagorekin joan beharrean izan delako. 70. minutuan, opari handia egin dio Afrikako selekzioak Kolonbiari: jokoaren sorreran, baloia galdu du, eta Quinterok dotore sartu du gola. Erabakita zegoela ematen zuen emaitza, baina ez. Gervinhok, orain bai, asmatu egin du jokaldi bikaina eta gola uztartzen. 73. minutua zen, eta 2-1. Hortik aurrera, Boli Kosta erabat egin da baloiaren jabe, eta estu hartu du Kolonbia. Baina aukera garbiak sortzen eta lotzen ez du asmatu. Ezta Kolonbiak ere kontraerasoak gauzatzen eta josten ere. Azkenean, Kolonbiak garaipena. Galtzaileak berriz bi: Boli Kosta, eta bi taldeen berezko jokoak eman zezakeen ikuskizuna. Nahiz eta partida polita atera den. Baina izan zitekeen hobea.

futbolmamia.com


JAPONIA-GREZIA (0-0) Beti berdin Aitor Manterola

Japonia eta Grezia. Grezia eta Japonia. Beti berean, temati. Zertarako aldatu, pentsatuko dute. Ez da harritzekoa zer gertatu den elkarren parez pare jarri direnean. Bakoitzak berea egin du, aurrez uste zena eta espero zitekeena. Gidoiak idatzita daude, eta ezin dituzte aldatu. Zale neutroak bazuen gerta zitekeenaren susmoa, eta bete-betean asmatu du. Ezusterik ez. Beti berdin bi selekzioak. Japonia nahi eta ezinaren paradigma izaten ari da Munduko Kopa honetan. Eta beste askotan ere bai. Ausartak dira, ez dira ezkutuan gordetzen, baina sari txikia eskuratzen dute. Gaur, baloiaren jabe egin dira hasieratik. Ezin zuen bestela izan aurrean Grezia izanda, baina Japonia honen jokatzeko ereduaren funtsa baloiaren lagun izatea da. Elkarri lotuta ibili dira biak une askotan, baina Greziaren area ingurura heltzean, haserretu balira bezala izan da. Golik ez, eta aukerak ere tamainan. Lehen zatian, esaterako, area kanpotik egindako jaurtiketa bat edo beste. Eta jokalariren bat nabarmentzekotan, Osako: bizi, azkar, ausart eta asko azalduz aurrealdean. Grezia. Hauek zer nahi duten jakina da. Mundu guztiak daki. Atzean egon, partida lotara eman, geratu... eta aurkaria bere amarruan sartzen denean, gutxien uste duenean, kolpea jo. Ez da aldatzen. Gaur ere ez. Nola ba. Eta epaileak Katsuranis beteranoari txartel gorria atera dionean 38. minutuan (bi hori), ez da zaila asmatzen zer egin duen Greziak. Eroso egoten da horrela, eta zertarako aldatu? Batek nahi, besteak utzi ez. Eta Japoniaren ezina adierazteko, hauxe datu gordina: jokalari onena Kawashima atezaina. Greziak lanean jarri du tarteka, eta urruntze bikainak egin behar izan ditu. Ez da ezer gehiago aipatu behar Japoniaren ezintasuna nabarmentzeko. Beti berdin ibili behar horren ondorioa ere bera da. Betikoa. Grezia sailkatzeko aukerekin heldu da azken fasera. Puntu bakarra du, baina irabazten badio Boli Kostari lau izango ditu, eta gainditu egingo du (Japoniaren emaitzari begiratu beharko dio gero). Japoniak ere ale bakarra du, eta Kolonbiari irabazi beharko dio (sailkatua dago Kolonbia), beste partidaren emaitza aldekoa izateaz gain. Betiko kontuak eta betiko komeriak. Bi selekzio hauen ibilia ez da aldatzen. Ze ezberdinak Japonia eta Grezia, baina ze antzekoak era berean.

futbolmamia.com


GREZIA-BOLI KOSTA (2-1) Kaiolatik kanpo, hegan Aitor Manterola

Hamar urte atzera egin berri du futboleko zale batek baino gehiagok. Greziak Eurokopa irabazi zuen 2004an, ezuste galanta emanez. Gaur, beste mugarri bat jarri du selekzioak: aurrenekoz sartu da Munduko Kopako final 1/8etan. Eta Grezia tartean izanda, tragedia kutsuarekin, azken unean. Boli Kostak bedintzea nahiko zuen aurrera jarraitzeko. Afrikako selekzioarentzat ere lehen aldia izango zen final 1/8etan. Txapelketako ibilia ikusita, batena eta bestearena, afrikarrek aukera gehiago izango zutela ematen zuen. Baina... beste behin ere kale egin dute. Partidaren erdia baino gehiago lo antzean egon dira, eta esnatu badira ere, azkenean kanpoan geratu behar. Eta belaunaldi handi hau (Drogba, Toure anaiak, Kalou, Gervinho...) badoa ezer egin gabe bere selekzioarekin. Greziak harritu egin du mundu guztia gaur. Fernando Santos entrenatzaileak 2004ko talde haren eredua ondo barneratua dauka, eta defentsako lana du ororen zutabe. Hala egin zuen aurreko bi partidetan: bat galdu, bestea berdindu, eta gol bakarra alde. Baina gaur irabazi egin behar zuen. Ez du asko aldatu ohiko estrategia Santosek; bai akaso 単abardura hau: gorago egin du presioa. Eta Grezia izateko, 単abardura baino gehiago da. Lehen zatian, eroso egon da zelaian. Boli Kosta ondo lotu du, eta ez dio utzi jokoa sortzen. Erasoan, kontraerasoa lagun, baloi bat langara ere bota du. Presioa eta Boli Kosta ondo lotu. Horiek denak uztartu ditu 42. minutuan. Tiote euskarriak huts larria egin du, Greziako jokalariaren arnasa lepoan sentitu duenean, eta Samaras-Samaris bikoak ez du aukera alferrik galdu. 1-0eko Samarisek. Lehenxeago zelairatua zen golegilea, Kone min hartutakoaren ordez. Beste lesionatu bat Grezian gaur ere. Eta gero Kalnietis atezaina ere bai aldageletara, minez. Zorte txarretik ere dezente izan du Greziak lehen fase honetan: Katsouranis kaleratua epaileak, lesioak... Aldaketak egin behar, eta hauxe da Greziaren indarra, taldea tinko, erori gabe. Bigarren zatian esnatu da Boli Kosta. Baina Grezia ere esna ibili da. Izan ere, aurreko bi partidetan eta beste askotan baino aukera gehiago sortu ditu kontraerasoan. Zutoina, langa... Grezia hau ezagutzen lanak! Ez du asmatu, eta garest ordaindu du gero: Boli Kostak berdindu egin dio. Gervinhok (nork bestela) jokaldi ona egin du, eta Bonyk baloia sarera. 74. minutua zen. Hortik aurrerakoa gora eta beherakoa izan da. Grezia berdinketaren eta sailkapenaren bila, eta Boli Kosta zuloak baliatu nahian partida erabakitzeko asmoz. Greziak asmatu du. Boli Kosta ez da ona defentsako lanean, eta huts galanta egin du Giovani Siok: penalti inozoa Samarasi 91. minutuan. Samaras berak jaurti eta gola, eta sailkatze historikoa. Kaiolan preso egon da Grezia aurreko bi partidetan, eta Santosek ateak ireki dizkionean, hegan egin du txoriak. Final 1/8etaraino joan da. Costa Rica du han zain. Oharra: Multzo honetako azkeneko jardunaldiko beste partidan, Kolonbiak 4-1 irabazi zion Japoniari.

futbolmamia.com


D MULTZOA

1. Costa Rica (7 pt) 2. Uruguai (6 pt) 3. Italia (3 pt) 4. Ingalaterra (1 pt)

futbolmamia.com


URUGUAI-COSTA RICA (1-3) Kaixo, Costa Rica naiz Aitor Manterola

Ba horixe, Costa Rica naizela, eta ikusi duzuen bezala, ez naiz etorri denbora pasatzera Brasil aldera. Konturatuko zineten 5-4-1 marrazkia erabiltzen dudala. Sendotasuna ematen dit defentsako lanerako, babestua sentitzen naiz. Esango duzue erasorako aukerak gutxitu egiten dizkidala marrazki horrek, baina ez da horrela. Gustatzen zait baloia edukitzea, gordetzea, erabiltzea, unean-unean tokatzen den aukera baliatuz: pase motza atzera, pase motza aurrera, norabide aldaketa luzea, pase horizontala, pase bertikala... Eta hori guztia egiteko erabateko konfiantza daukat. Baloia oinetan izatea ez da arriskatzea; oker zaudete horretan. Arriskurik ez hartzeko aukera onena da niretzat. Erraz egiten ditut gauzak, zailtasunetan sartu gabe neure burua. Erasoan, baloia luze antzean edukitzen badut, hegaleko atzelariek ematen didate sakontasuna, bi aldeetatik. Eta bestela, hor daukat Joel Campbell. Ikusi al duzue ze mugimendu onak eta zehatzak egiten dituen taldekideei arnasa emateko, taldeari luzatzeko aukera emanez? Eta gainera, oso ona da teknikoki. Eta azkarra. Eta golegilea. Altxorra da niretzat. Baina taldea naiz, banakakoen gainetik. Keylor Navas ezagutzen duzue; erdiko hiru atzelariak ze lan serioa eta ona egiten duten ikusi duzue; oso zurrunak dira; Tejeda euskarria da taldearen erlojua, orratza, konpasa. Eta goraxeago daukat Bryan Ruiz, Campellek utzitako zuloak baliatzeko prest. Eta ezin ahaztu ba, Pinto entrenatzailea. Berea da lan hau guztia. Berak erabaki du jokatzen dugun bezala jokatzea, eta lan handia egin du honaino heltzeko eta horrela heltzeko, maila honekin. Kolonbiarra da bera, ez duzue askotan entzuna izango eta. Pozik nago. Oso. Munduko Kopa honetako aurreneko ezuste potoloa eman dut. Inork ez zuen txanpon txiki bat ere ematen nire alde, multzorik zailena egokitu zaidala eta. Normala da hala pentsatzea, ez nago haserre horregatik. Nik ere banekien multzorik zailena dela: lau talde handi gaudelako bertan. Ni ere ez bainaiz Uruguai, Italia eta Ingalaterra baino gutxiago. Gaurko bidetik segitzea baino ez daukat. Zaila izango dela? Bai horixe. Baina Pintok esan berri duen bezala: "Aurreneko pausoa eman dugu. Orain dator onena". Konfiantza aipatu dizuet goraxeago. Handia daukat nire lanean. Uruguai aurreratu egin bazait ere (0-1) lehen zatian, nire indarrak ez dira akitu. Ez dut etsi. Badakit nire eredu landu honekin gauza politak egin ditzakedala, eta egin dut gero. Ikusiko zenuten ere abila naizela geldikako jokaldiak baliatzen. Horrela sartu du Duartek bigarren gola. Campbellek lehenxeago sartzea egundoko poza izan bada, atera kontuak bigarren hau zer izan den. Eta hirugarrena sartzea latza, mundiala. Ure単a zakur zaharra da, eta zelairatu eta ukitu duen lehen baloia, barrura. Hortxe erabaki da emaitza. Bukatzeko, gauza bat eskatu nahi dizuet: umiltasuna da nire oinarria. Aurkari guztiak errespatzen ditut, eta eskatu nahi dizuet Uruguairi ez emateko egur asko. Talde handia da, maisu handia dauka aulkian, Oscar Washington Tabarez, eta sekulako ibilbidea duen taldea eta entrenatzailea izanik, ez hartu kontuan gaurkoa bakarrik. Futbolean bi taldek jokatzen dute, eta gaur, ni, Costa Rica, hobea izan naiz. Ez eman jira gehiago.

futbolmamia.com


INGALATERRA-ITALIA (1-2) Arkitektoak Aitor Manterola

Nola ez zituen esango Cesare Prandellik, Italiako entrenatzaileak, selekzioaren ardura hartu zuenean esandako hitz haiek? "Futbolean jokatuko dugu, hori baita bide bakarra titulua irabazteko". Andrea Pirlo Italiakoa izanda, "futbolean jokatze" hori da biderik onena. Bete-betean asmatu du Fiorentinako entrenatzaile ohiak, eta bere ereduari tinko eutsiz, gaur ere plazaratu du jokatzeko era hori. Eta irabazi egin du. Itxura ona zuen jokatu aurretik Ingalaterra-Italia honek, eta ez da kontrakorik gertatu. Polita izan da ikusteko. Ederra. Nahiz eta jokatzeko baldintzak txarrak izan klimagatik. Manaus hirian, Amazonasen, 31 gradu eta hezetasuna %61ekoa. Ezin ba erritmo bizia hasieratik jartzera atera bi taldeak. Bakoitzak bereari eutsi dio: Italia baloiaren jabe eginda, aulkiko arkitektoak zelaiko beste arkitektoaren esku utziz estrategiaren planoak; eta Ingalaterra, kontraerasoaren bila, egokiak baitira horretarako Sterling, Sturridge eta Welbeck. Zelaiko arkitektoa lekuz aldatu egin du aulkikoak: Pirlo De Rossiren aurretik jarri du jokatzen, Verrati gaztearen alboan. Hala ere, baloiaren irteeran, De Rossi gehienetan erdiko hirugarren atzelari bihurtu da, eta beste biak euskarri. Ingalaterrako bi euskarriek jarraitu egin diete Pirlori eta Verratiri, eta sekulako zuloa eta pagotxa aurkitu du Italiak Gerard eta Henderson euskarrien bizkarrean. Marchisio eta Candreva (partida bikaina egin du) hegaletik barrura sartuta ibili dira, arkitektoaren pase bikainak baliatzeko, eta eskuin hegaleko atzelari Darmian nahierara igo da behin eta berriz. Min handia egin dio taldeko mugimendu landu horrek Ingalaterrari partida guztian. Italiak izan du baloia hasieratik, baina Ingalaterra hau ez da beste urteetakoa. Jokoan bai, baloiaren jabetza duenean kamuts samarra izaten segitzen baitu, hobeto jokatzeko jokalariak eduki arren. Onerako aldatu zaiona da oso jokalari bertikalak, onak eta azkarrak dituela aurrealdean. Eskuin hegaletik eman dizkio buruko minak Italiari lehen zatian. Welbeck, Sterling, Sturridge hortik ibili dira erosoen, eta susto handiren bat ere eman diote Sirigu atezainari (Buffonek min hartu zuen atzoko entrenamenduan). Baina gola Italiak egin du. Arkitekturako beste ikasgai batean. Kornerra motzean atera, Pirlok astintzeko area ertzetik, baina honek baloiari pasatzen utzi dio Sturridge gainean zuelako. Marchisiok hartu du baloia, eta zartako zehatza jo dio area kanpotik. 1-0. 35. minutua. Handik minutua eskasera, berdinketa Sturridgek. Italiak hainbestetan egin duen mugimendu landua ez du ondo amaitu eskuin hegaletik, eta Rooney gezia bezain zital sartu da handik, erdiraketa zehatza Sturridgek sartzeko. Ingalaterraren kontraerasoa eraginkor. Lehen zatia amaitzear zela, Italiak bi aukera on izan ditu. Balotelliren gaiztarekia bat, eta zutoinak kanpora bota duen jaurtiketa bat. Bigarren zatia hasi orduko, Italiaren jokaldi erabiliena partida osoan, eskuin hegaleko hori. Eta sari potoloa oraingoan. Balotellik ederki jarri dio burua baloiari bigarren zutoinean. 1-2. Asko falta zen, baina emaitza ez da aldatu. Minutuak aurrera egin ahala, bi egoera ezberdin ikusi dira: Italia baloia gordez, eta Ingalaterra baloiaren jabe. Ingelesen gabezia potoloena zein den hortxe geratu da agerian. Italiak ere ez du baliatu kontraerasorik. Hori bai, Pirlo arkitekto jaunak langara bota du baloia falta bat berak bakarrik dakien bezala jaurtiz. Handia zitekeen golak biribiltzea bere partida bikaina. Behintzat, hiru puntuek gozatuko dute gizona. Eta guk, bere jokoarekin eta Prandellirekin arbelarekin aho zabalik jarraituko dugu. Arkitektoak. futbolmamia.com


URUGUAI-INGALATERRA (2-1) Gauza txiki handiak Aitor Manterola

Zenbat hitz eta pitz erabiltzen dugun ahoan talde baten jokatzeko era azaltzeko. Defentsan lerroak atzeratu dituela, presioa goian egin duela, biak nahasi dituela; erasoan, joko zuzena egiten duela, jokoa landuagoa dela, kontraerasoa baliatzen duela, denetarik pixka bat duela... Eta ezin ahaztu marrazkiak: 4-4-2 dela, 5-3-2 dela... Eta gaurko Uruguai-Ingalaterra ikusi eta gero, gauza txikiek zenbateko eragina duten pentsatzen hasteko aukera ematen digute. Taktika bai, dudarik ez, garrantzitsua da, baina baita gauza txiki horiek ere. Zergatik irabazi dio Uruguaik Ingalaterrari? Zer dela eta galdu du Ingalaterrak? Taktikoki, bakoitzak bere baliabideak zelairatu ditu. Alde horretatik, ezin izan partida hausteko erabakigarriak izan direnik bataren eta bestearen aukerak. Berdindu samarra izan da partida, nahiz eta Uruguai hobeto moldatu den. Gauza txikiak. Berdinduta daudenean beste indar guztiak, erabakigarriak bihurtzen dira. Ez bat eta ez bestea nagusitzen hasieran. Gero ere ez. Aukerak gutxi antzean. Biek kale: Cebolla Rodriguezek alde batean, Rooneyk bestean (langak galarazi dio gola; gauza txiki handi bat). Luis Suarez azaldu den arte. Hau ez da gauza txiki handi bat. Izar handi bat da. Jokaldi solte batean, Cavani eta bera ederki konpondu dira. Gutxiago ziren kopuruz jokalari ingelesez inguratuta, baina asmatu dute zuloa aurkitzen. 1-0. Bigarren zatiaren hasieran, Uruguai nagusi. Bi aukera garbi bi aurrelari zitalek, eta biek kale. Gauza txikien zerrendan sartzeko bi egoera. Jota behar zuen Ingalaterrak asmatu izan balute, baina zutik utzi dute. Eta berdinduta segitu du jokoak. Gauza txikien esperoan. Eta heldu da, azaldu da. 75. minutuan, bakarkako jokaldia hasi du Sturridgek, Johnsonek segida eman dio, eta txiripaz (beste gauza txiki bat) ez dio baloia kendu Uruguaiko atzelariak; bere bidean segitu ahal izan du baloiak, eta area barruko beste aldean Rooney azaldu da. 1-1. Tentsioa bazter guztietan. Berdinketa ez zen ona inorentzat. Jokoan, antzera biak. Ezin gaina hartu batak besteari. Gauza txikiren baten zain... eta azaldu da berriz. Muslera atezainak luze atera du Cavaniren bila. Gerrardek jo du buruz, baina bere aterantz, eta ordurako aurrea hartua zien Suarezek Ingalaterrako bi atzelariei (Jagielka eta Cahill). Hortik aurrerekoa, izar handiaren indarra eta trebezia izan da: zartako latza sarera. 2-1. Eta hiru puntu gozo Uruguairi. Ingalaterra kaleratzetik oso-oso gertu, beste behin ere. Eta ez da kasualitatea izango gauza txiki handi horiek beti kontra egitea Ingalaterrari. Aldaketa handi-handia behar du. Sakonekoa. Federazioak du ardura.

futbolmamia.com


ITALIA-COSTA RICA (0-1) Ez da ezustea Aitor Manterola

Multzoz osatutako txapelketaren bat dagoen bakoitzean, ohitura izaten da multzorik zailenari 'heriotzaren multzoa' deitzeko. Munduko Kopa honetan, D multzoa bataiatu zuten horrela. Eta arrazoiarekin. Costa Ricak akabatu egin ditu ustezko hiru indartsuenak: Ingalaterra Uruguai eta Italia. Lehen partidan, Uruguai azpiratu zuen (3-1), eta gaur Italia (0-1). Sailkatua dago finalzortzirenetarako partida baten faltan. Handia egin du, izen gutxiko taldea delako. Baina ez da hain handia lorpena ze talde landua eta orekatua den erakutsi eta gero. Ez da ezustea Costa Ricarena. Makina automatikoa ematen du zelaian: une guztietan zer egin behar duten ondo baino hobeto dakite jokalariek. Mekanizatua dute dena, eta ez hori bakarrik; hau garrantzitsuagoa da: egiten duten mugimendu oro zergatik egiten duten ulertuta daukate jokalariek. Hor entrenatzaile handi baten lana dago. Handia delako Jorge Luis Pinto. Izenez ez, baina hor konpon izenak. Ezkutuan, argien fokuetatik kanpo lanean zoragarri ari diren entrenatzaile anonimo horien guztien paradigma bilakatu da Pinto kolonbiarra. Marrazkia 5-4-1 erabiltzen du. Hori du oinarria. Gero, taktikoki, defentsako lanean, presioa egiten du, lerroak atzeratu ere bai, defentsako lerroa asko aurreratzen du... Erasoan, baloia zelaiaren gainean erabiltzea gustatzen zaio (bigarren zatian, une batean izan duen jabetza, zoragarria izan da); kontraerasoan ere zitala da; eta geldikako jokaldietan, batez ere ezkerretik ateratzen dituztenetan, sekulako mina ematen du, Bola単os sakatzailearen baloi-jotze zehatza baliatuz. Aurreko egunean Uruguai desagerrarazi zuen zelaitik. Gaur, Italia. Direna baino askoz talde txarragoak direla eman dute Costa Ricaren aurka, eta hori, batere dudarik gabe, 'tico'-en lanaren ondorio da. Errespetu handiz hasi dute partida bi taldeek. Baloia ez galdu nahian, opariak ez egitera. Lehen egunean hiru puntuak batu izanak eman dien aukera izan da. Pixkanaka, Italia nagusituz joan da lehen zati horretan. Baloia zelaiaren gainean ibiliz ez zuen minik ematen, eta beste aukera baten alde egin du, Pirloren baloi-jotze zehatza baliatuz: Costa Ricakoen azkeneko lerroaren bizkarrera pase luzea ematea izan dute konponbide. Balotellik gutxi behar izan du bitan gola sartzeko, baina ez du asmatu. Pirlo aske ibili da une horretan, eta ia-ia garesti ordaindu du Costa Ricak. Batek asmatu ez, eta besteak asmatu. Costa Ricak egin du gola 44. minutuan. Bryan Ruiz kapitaina bikain sartu da atzeko lerrotik bigarren zutoinaren atzera, eta buruz sartu du gola, Bola単osen pase doitua baliatuz. Atsedenaldira joan dira segituan. Bigarren zatian, Prandelli Italiako entrenatzaileak Casanno sartu du, Mottaren ordez. Erasoko baliabide bat gehiago. Berriz ere baloia zelaiaren gainetik ibiliz saiatu da Italia erasoan, baina ezin zulorik aurkitu. Denak estali dizkio Costa Ricak, talde lan bikainari eta landuari esker. Laguntzak, baskulazioak... ondo baino hobeto egiten ditu taldeak, eta aurkariak gainditzen baditu armiarma sare horiek, atezain bikaina dute: Keylor Navas. Gidoi horren gainean idatzi dute bi taldeek bigarren zatia. Italiak baloia bai, baina minik egin batere ez, nahiz aeta Insigne eta Cerci ere zelaian izan. Atera kontuak, aukera bat bera ere ez du sortu eta bigarren zati horretan. Costa Rica aldiz, eroso. Baloirik gabe eta baloiarekin. Eta partidaren futbolmamia.com


bukaeran, festa handia: 1990eko balentria berriz lortu du. Final-zortzirenetan da berriz. Baina ez da ezustea.

futbolmamia.com


URUGUAI-ITALIA (1-0) Mendekuaren aurpegiak Aitor Manterola

Iragana, urrun samarrekoa, gaur azaldu da Uruguai-Italia partidan. Mendeku historikoak, pertsonalak eta futbolaren bihurrikeriak. 1990eko Munduko Kopa, Italian. Final-zortzirenak jokoan. Italia eta Uruguai aurrez aurre. Uruguaien aulkian, gaur bezala, Oscar Washington Tabarez. 2-0 irabazi zuen Italiak, Serena eta Schillaci golegile. Arantza sartua ordutik Tabarezek. Gaur atera du. Mendekuaren aurpegietako bat izan da. Historikoa Uruguai herrialde bezala hartuta, eta Tabarezena, pertsonala. Futbolaren bihurrikeriak ere egin du tartea gaur. Italia hau erabat iraulita dago urteetan selekzioak izan duen ereduarekin. Atzean utzi du defentsako lan zurruna, 'catennaccio' ezaguna, eta Prandelliren arbelak baloiaren jabetzaren baitan antolatu du taldea. Historian zehar, zenbat eta zenbat garaipen lortu ote zituen Italiak zurruntasunean oinarrituta... Bada, gaur, Uruguai izan da Italia zurrun hura, garai batekoa, eta italiar eredu haren ezaugarri batzuk beretzat hartuta Italia berritu hau kalera bota du. Jokoa itsusia izan da. Beldurra galanta elkarri, batetik, eta bestetik, Uruguairen eredu zurruna, lotua, estua. Bi taldeek bost jokalari jarri dituzte atzean defentsako lanean. Erasoan, Italia baloiaren jabe eginda, baina arriskuak tamainan hartuz; berdinketa nahikoa zuen aurrera segitzeko. Uruguai berean, defentsan eutsi, eta joko zuzenagoa egin nahian, Suarez goian bakar antzean utzita. Arriskurik ez Muslera eta Buffonentzat. Horrela zihoan partida. Ez da aldatu minutuen joanean. Halako neurketetan askotan gertatzen den bezala, geldikako jokaldi bat izan da erabakigarria. Godinek, nork bestela, bizkarrarekin edo sorbaldarekin jo dio baloiari, korner batean. 81. minutua zen. Aurretik, hogei minutu lehenago, beste mugarria: Marchisiori txartel gorria atera dio epaileak, Arevalo Riosi ostikada eman diola eta. Uruguai defentsako presioa goian egiten hasi da ondoren, eta Italia atzerago sartu du. Baina aukerak apenas. "Geldikako jokaldian aurkitu dugu zuloa", esan du Tabarezek prentsaurrekoan. Mendekua, berea eta herrialde oso batena, ixteko zuloa. 24 urte geroago. Bukatzeko, Luis Suarezen bi aurpegiak. Honek ere mendekua du odolean sartuta, eta txarrerako ateratzen zaio batzuetan. Gaur ere horzkada egin dio Chielliniri sorbaldan, bere garaian Chelseako Ivanovici egin zion bezala Liverpoolekin jokatzen ari zela. Itsusi Suarez. Zigorra jaso zuen, gogorra eta ez du ikasi. Epaileak ere ez du ikusi, eta gaitzerdi berarentzat. Edo FIFAk zigortu egingo du? Eta azkena: Prandellik dimisioa eman du. Galera handia Italiako selekzioarentzat, eredu berri baten aldeko apustua egin duen entrenatzaileak agur esan baitu. Talderen batek eskertuko du entrenatzaile handi honen aldeko apustua egiten badu. Oharra: Multzo honetako azkeneko jardunaldiko beste partidan, Costa Ricak eta Ingalaterrak 0-0 egin zuten.

futbolmamia.com


E MULTZOA

1. Frantzia (7 pt) 2. Suitza (6 pt) 3. Ekuador (4 pt) 4. Honduras (0 pt)

futbolmamia.com


SUITZA-EKUADOR (2-1) Erlojua eta ordua Aitor Manterola

Erlojuaren herrialdea da Suitza. Zehaztasuna dute ezaugarri nagusi hango ordu adierazleek. Erlojuek orduaren berri ematen dute, eta pare-parean geratu da gaurko Suitzaren partida erlojuarekin eta orduarekin jolas egiteko. Ordua gainean zela, lehia amaitzear zegoenean, erlojua kito esatera zihoanean, Suitzak garaipena lortu du Ekuadorren aurka. Azken jokaldia izan da. Erlojuak 93. minutua gainean zuen. Ekuadorrek ia atera dizkio orratzak erloju suitzarrari aurreko jokaldian, kontraeraso batean irabazteko aukera izan baitu. Baina kale egin du, jokaldia ez du amaitu, Behramik hartu du baloia, egin du lasterka metro pila batean, eman dio Seferovici eskuin hegalera, honek beste aldera zabaldu du jokoa, Rodriguez hegaleko atzelaria han azaldu da, eta bere erdiraketa bikain bilatu du Realeko aurrelariak. 2-1. Eta partidaren erlojua orduan geratu. Zehatzak dira suitzarrak, bai horixe. Hala ere, partidaren hasieran, erlojua beste noranzkoan hasi da ordua ematen erlojuaren labela beretzat duen herrialdearentzat. 22. minutuan gola sartu dio Ener Valenciak, geldikako jokaldi batean. Area txikian harrapatu du baloia buruz, eta sarera. Suitzak halako golik jaso zezakeenik ere... Hortik aurrera hasi da erlojua bere onera etortzen. Pilak aldatu balitzaizkio bezala. Suitzak hartu du baloiaren jabetza, hegaleko bi atzelariak luze jarri dira, eta zabal. Barruan aritu dira hegalekoak, erdikoak, eta barrutik kanpora jokatuz jokoa sortu du. Baina ez dio etekinik atera ezertan. Ekuador lauko bi lerro ondo jarrita aritu da, zirrikituak utzi gabe, eta sufritu ez du asko sufritu; nahiz eta osooso atzean defendatu duen, atetik gertuegi. Hain atzean den taldeak ezinbestekoa du arnasa, eta kontrareasoa izaten da arnasa. Baina ez du apenas baliatu. Horregatik ere sartu du gero eta atzerago. Bigarren zatian erlojuak ordu bera jartzen segitu du. Baina azkar aldatu da joera. 48. minutuan, Mehmedi zelairatu berriak sartu du gola, geldikako beste jokaldi batean. Ekuadorrek gola sartu duen leku berean egin du errematea. 1-1. Suitza aldatu egin da orduan; atzerago bezala sartu da, eta Ekuador gora iristen hasi da. Baina arrisku handirik ez bi ateainek. Azken unean, erlojuaren orratzak zoratu eta bizkortu diren arte. Ia Ekuadorrek gola, eta azkenean Suitzak geratu erlojua. Zeinek bestela.

futbolmamia.com


FRANTZIA-HONDURAS (3-0) Logika Aitor Manterola

Frantzia-Honduras. Jokatu aurretik, logikak esaten zuen Frantziak ez zuela arazo handirik izango hiru puntuak batzeko. Eta halaxe gertatu da. Aise menderatu du Didier Deschamps baionarraren taldeak aurkaria. Hasi eta buka. Logikoa. Logikak esaten du bi aurkariren artean hainbesteko aldea dagoenean, aurreneko gola sartzea izaten dela gaitzena batzuetan. Halaxe izan da. Frantziak erabat azpiratua izan duen arren Honduras, ia zati oso bat kosta izan zaio gola sartzea. Atsedenaldia gainean zela, penaltiz sartu du Karim Benzemak. Eta jokaldi horretan, Hondurasko Palacios kalera botu du epaileak (bigarren txartel horia atera dio). Logikaren arabera, talde handia jokalari bat gehiagoz denean talde txikiaren aurrean, irabazteko eta golak sartzeko gosea badu behintzat, gol gehiago sartzen ditu talde handiak. Bigarren zatia hasi eta berehala sartu du Frantziak bigarrena. Valladarasek sartu du bere atean, Hondurasko atezainak. Baloiak marra pasatu duela adierazi du teknologiak. Gola. Handik hogei minutu pasatxora, logikak bere arrazoia ezartzen segitu du: hirugarren gola Benzemak, bere bigarrena, zartako latza eman eta gero baloiari. Logikak dio, halako partiden iraganeko zerrendan oinarrituz oraingoan, arriskua izaten dela talde txikia bere onetik ateratzeko. Galtzaile txarraren ajea bistaratzeko arriskua. Eta Hondurasek ez du kontrakorik erakutsi. Zikin antzean ibili dira jokalariak, ostikada gaiztoak joz frantziarrei. Irabazlearen gozamena sufrikario bihurtzeko arriskua izaten da halakoetan, min hartzeko arriskua tarteko. Ez du ematen Frantziako inor kaltetua izan denik. Logikak esaten du, halako partidetan eta emaitza erabakita dagoenean bukatu baino askoz lehenago, partida hiltzen joaten dela. Zirrara du arnasetako bat futbolak, eta hori gabe, jai. Halaxe izan da. Frantziak erritmoa geratu du, Honduras ados, eta azken minutu luzeak, soberan. Logikak esaten du, halako partidetan, irabazleari lore asko botatzeko joera izaten dela. Frantziari gertatzen ari zaio oraintxe bertan, partida bukatu berritan. Baina kontuan eduki behar da aurkariaren maila: eskasa. Hala ere, Frantziak utzi du arrastoa, bere jokatzeko ereduaren zertzelada bat edo beste. Nagusiki, hauek: oso bizi jokatzen du erasoan, erritmo azkarrean, eta jokalariek etengabe mugitzen dira, ondo mugitu ere. Eta Benzema maila bikaina erakusten ari da. Ikusi egin beharko da erasotik defentsarako trantsizioan zenbat estutzen duen Honduras baino hobea den talde batek.

futbolmamia.com


SUITZA-FRANTZIA (2-5) Gillotina Aitor Manterola

Frantzia Munduko Koparen atarian: ia inoren arreta bereganatu gabe. Txapelketa hastear zela, aurreneko argiak begira berari, Jamaicari 8-0 irabazi eta gero. Bai, Jamaica ez da ezer futbolean, baina arreta bere aldera jartzen hasi zen emaitza horrekin. Munduko Kopako lehen partida: Hondurasi 3-0. Badu ba zerbait Didier Deschamps baionarraren taldeak. Oraintxe, Suitzari sekulako astindua eman eta gero (2-5): txapelketa irabazteko hautagaien zerrendan da Frantzia. Geroak zer marraztuko duen inork ez daki. Gaurkoaz bai, idatz eta esan daitezke gauza batzuk. Batetik eta hasteko, hau: Frantzia zapaltzailea da. Gutxi behar du aurkaria trapu zaharren pare astintzeko. Galdetu Suitzari. 17. minutuan, lehen gola, Giroudek buruz, korner batean. Handik minutu batera, hurrengo jokaldian, 0-2koa Matuidik. Atsedenaldira joan baino lehenxeago, 0-3koa Valbuenak. Eta tarte horretan, gauza horien guztien artean, penalti bat hutsegin du Benzemak (geratu egin dio Benagliok) eta langara bota du bigarren baloi hori Cabayek. Lehen gola kornerrean. Indarra. Bigarren gola suitzarren huts handi bat baliatuz. Eraginkortasuna. Hirugarrena, suitzarren aldeko korner baten bigarren jokaldian, kontraeraso zitala eta azkarra eginez. Gillotina. Konturatzerako, Suitzaren indarguneetako bat (talde sendoa izatea, gol gutxi jasoa sailkatze fasean) leihotik behera botata zeukan Frantziak. Eta partida erabakita, jakina. Bigarren zatian, zapalkuntzak berean segitu du. Benzema eta Sissoko golegile. 0-5. Edozein aurretik eramateko gai dela erakusten Frantzia. Suitzarren mesedetan, hauxe: ez dute amore eman, Frantzia lasaitu egin da, eta bi gol sartu dituzte Hitzfielden jokalariek: Dzemailik 81.minutuan eta Xhakak 87.ean. Badoa aurrera Munduko Kopa, eta Frantziari, gutxienez, beste bi partida geratzen zaizkio jokatzeko. Final-zortzirenetan baita. Erraz asko, gainera. Eta lehen egunetik bigarrenera aldaketak eginda 11koan: Griezmann eta Pogba kanpora gaur, Giroud eta Sissoko barrura. Alderik ez taldean. Barneratuta daukate izaera zapaltzailea jokalari guztiek. Matuidi eta Benzema dira aurkariaren burua gillotinaren azpian jartzen dutenak, eta gero, talde osoak ematen die azkeneko kolpea. Datorrela hurrengoa.

futbolmamia.com


HONDURAS-EKUADOR (1-2) Hiru puntu, zauria ixteko Aitor Manterola

Kolpe latza hartu zuen Ekuadorrek aurreneko jardunaldian. Suitzak azkeneko jokaldian kendu zion puntua, emaitza zeharo irauliz. Munduko Kopa lehiaketa motza da, eta azkar etortzen da hurrengo partida. Ezin da galdutakoari begira egon. Datorrenari heldu, eta aurrera. Horixe egin du Ekuadorrek. Hondurasen aurka hiru puntuak batuz, lehengo zauria itxi du, eta gainera, bigarren jarri da sailkapenean. Partida irekia izan da. Biak galtzaile izanik aurreneko partidan, garaipena behar zuten. Golaren bila atera dira. Aukera izan duten bakoitzeko aurkariaren area eta atea begiz jota ibili dira. Lehen egunean, talde makalak eta geldoak direla eman zuten aditzera, baina gaurkoa beste zerbait izan da. Ahalik eta bizien jokatu dute. Bizitasun horretan, jakina, oso-oso ona izan behar da ondo moldatzeko. Arrisku galanta, bestela, erasoko jokoari etekinik ez ateratzeko. Ekuador eta Honduras ez dira punta-puntako selekzioak, eta antzeman da hori, jakina. Bizitasunari etekina ateratzeko arazoak izan dituzte, baina behintzat, zintzoak izan dira: saiatu dira hain beharrezkoak zituzten hiru puntuen bila. Gabeziak gabezi. Irekia izan denez bien arteko lehia, halakoetan gertatzen dena gertatu da: gehien asmatzen duena garaile. Eta horretan ezinbestekoa izaten da jokalari hobeak izatea teknikaren alorrean. Ekuadorrek jokalari hobeak ditu, eta gaur, bat nabarmendu da beste batzuen artean: Ener Valencia aurrelaria. Pachuca taldeko jokalaria (Mexiko) izan da bere taldeko golegilea. Zeregin horretan, ordea, Hondurasko Costly aurrelariak aurrea hartu dio, berea izan baita lehen gola 31. minutuan. Valenciak hiru minutu geroago berdindu du. Garaipena lotzeko gola bigarren zatian egin du, 65. minutuan. Eta hirugarrena ere sartu du, partidaren amaiera aldera, baina epaileak baliorik gabe utzia zuen jokaldia aurretik. Emaitza honekin eta Suitzak hartu duen astinduarekin Frantziaren aurka, Ekuador bigarrena da orain. Frantziari egin beharko dio aurrea azkeneko partidan. Ez du erraza izango, baina lehen egunean baino askoz hobeto dago orain. Zauria itxi du behintzat.

futbolmamia.com


HONDURAS-SUITZA (0-3) EKUADOR-FRANTZIA (0-0) Ematen duena baino estuago Aitor Manterola

Bi partidak batera aztertu behar dira E multzoko azken jardunaldi honetan. Bateko emaitzak bestean eragina zuelako. Eta halaxe izan da. Suitzak irabazi egin behar zuen, eta golen aldea gainditu Ekuadorrekiko, betiere honek Frantziari irabazten bazion. Hondurasek bazituen aukera apur batzuk, baina azkar kendu dizkio Suitzak. Xaquirik bereak eta bi egi ditu partida horretan, berak sartu dituelako hiru golak. Aurrenekoa zartako latz batekin egin du, 6. minutuan. Final 1/8etara sailkatzeko aukera bideratzen hasia zen Suitza. Bitartean, Frantzia eta Ekuador hutsean ari ziren berdintzen. Ekuadorrek gola behar zuen sailkapena gauzatzeko. Baina Frantziari eman dio baloia, edo frantziarrek hartu dute, eta kontraerasoren batean jarri dute itxaropena amerikarrek. Itxaropen horiek gehiago itzali zaizkie Ekuadorkoei Suitzak bigarren gola sartu duenean. 31. minutua zen. Ekuadorren gol batek Suitza kalean utziko zuen une horretan, baina Ekuadorrek nahikoa zuen Frantziari eusten. Honduras ere ezinean ari zen Suitzaren aurka. Nagusi erabat Hitzfielden taldea, eta Xaquiri gozatzen. Bigarren zatian, aldatu egin dira gauzak bi partidetan. Ekuador jokalari bat gutxiagorekin geratu da, Antonio Valentziari txartel gorria atera diolako epaileak, Digne frantziarrari sarrera itsusia eta arriskutsua egiteagatik. Beste partidan, Honduras suitzarren atera iristen hasi da, aukerak sortuz. Frantzia eta Ekuadorren artekoa ireki egin da erabat azkenera. Ekuadorrek gora jo du, golaren bila eta sailkapenaren bila. Heldu da Llorisen atera, baina izan dituen aukerak ez ditu bukatu edo Llorisek utzi ditu ezerezean. Suitzak 71. minutuan sartu du hirugarren gola. Ondorioa hau zen: Ekuadorrek bi goleko aldeaz irabazi behar zuen sailkatzeko, edo Hondurasek gol bat sartzea Suitzari, aldea bira murriztuz. Bada, gertu egon dira bata eta bestea, baina ez da golik izan. Frantziak eta Suitzak ere izan dituzte aukerak, eta horiek ere kale; frantziarren kasuan, ezin gainditu Dominguez atezainaren lan bikaina. Eromen horretan, kontrolik eza nagusi bi partidetan, eta edozer gertatzeko moduan ibili dira bi partidak. Azkenean, Suitzak lagunduko dio Frantziari final 1/8etan E multzo honetan. Suitzak Argentina izango du aurkari asteartean; Frantziak Nigeria astelehenean.

futbolmamia.com


F MULTZOA

1. Argentina (9 pt) 2. Nigeria (4 pt) 3. Bosnia (3 pt) 4. Iran (1 pt)

futbolmamia.com


ARGENTINA-BOSNIA (2-1) Fede kontua Aitor Manterola

Futbol zelaiko bi ateak irekita egoten dira. Sarea atzealdean daukate, alde hori dute itxia, baina aurretik erabat irekita daude. Baloia harrapatzeko irrikaz. Baina baloia ez da bakarrik joaten batera eta bestera. Eraman egiten dute jokalariek. Eraman egin behar da. Irabazi nahi bada ez dago beste aukerarik. Argentina zitalagoa izan da lan horretan, eduki ere jokalari erabakigarriagoak dituelako, eta horregatik irabazi dio Bosniari. Baina ez du konfiantza handirik utzi datorrenerako. Fede kontua izango da talde horrek jokatzen duen era horretan sinestea. Bosniakoek partida berriz ikusten badute, lehen zatian aukera galanta alferrik galdu dutela jabetuko dira. Damutuko zaie. Hasi orduko jaso dute gola (bere atean Kolasinacek, 3. minutuan), eta Argentinaren estrategiak ez zuen besterik behar baloirik ez zuenerako: 5-3-2 marrazki garbia, Messi eta Aguero goian utzita. Baloia eman dio Bosniari, eta eroso hauek, horixe baitute indargune handiena. Baina baloia edukitzeari helburu bat jarri behar zaio, ez da edukitzeagatik eduki behar. Eta lehen zati horretan, Bosniak etekin eskasa atera dio jabetzari. Argentinaren kontraerasoari beldur izan diolako, edo auskalo zergatik, sakontasun gutxi izan du Susicen taldeak. Sinestea falta izan zaiola ematen du. Fede kontua. Beste aulkian, Sabella jaunak ere sinesmen gutxi izan du ikusten ari zenarekin. Zelaiko leku guztiak ez zituen ondo bereganatzen bere taldeak, marrazkia (berak aukeratua) desegokia zelako. Gutxitan ikusten dena egin du: atsedenaldian bi aldaketa, irabazten joan arren. Campagnaro erdiko atzelari bat kanpora, Maxi Rodriguez euskarrietako batekin batera, eta Gago eta Higuain zelaira. Beste marrazki bat: 4-3-3. Edo 4-2-1-3. Gago eta Mascherano erdiko atzelarien aurrean sendotasuna eta indarra ematen taldeari. Eta Messi zer? Bada, nahi duena egiten... edo ez egiten, azkenaldian gehiegitan bezala. Pausoan aritu da ia partida osoan, eta tokitan geratu zaizkio lehengo mugimenduak baloirik ez zeukanean, baloia hartzerakoan bakarrik egoteko. Orain, baloiaren jabe denean, aurkaria gainean izaten du, eta lehengo bizitasunik ez duenez, kosta egiten zaio kontrarioa atzean uztea. Eskerrak noizean behin piztu egin den, eta abiadura berezi eta erabakigarri hori atera duen; bestela, jokalari ohi bat gehiago dela pentsa zitekeen berataz. Bigarren zatian, Argentinak baloia gehiagotan izan du, eta horrek lasaitasuna eman dio. Beste kontu bat da zer etekin atera dion jabetzari. Jokaldi isolatu batean, Messik (bizi ibili den bakarretako batean) baloia atzera samar hartu du, beste askotan egin duen bezala. Eman dio Higuaini, eta honek bueltatu baloia kapitainari. Utzi ditu atzean atzelari pare bat, eta jaurtiketa doitua sarera joan da. 20, 65. minutuan. Bosniak amore eman du. Lehen fede txikia, eta orain batere ez. Baina ezustean, gola sartu du, oso bukaeran hala ere. 89. minutua zen. Ibisevicek dotore egin du mugimendua eta baloia sarera bota du. Ordurako, Biglia zelaian zuen Argentinak, Kun Agueroren ordez. Marrazki berri bat zelaian Sabellak: 4-4-2. Bosnia saiatu da beste aukeraren bat sortzen, baina ezin. Eta Argentinak kontraerasoan aukera bat edo beste sortu du golen bat gehiago sartzeko.

futbolmamia.com


IRAN-NIGERIA (0-0) Gosea eta jateko gogoa Aitor Manterola

Nigeria-Iran. Munduko Kopa honetako egutegian, halaxe tokatu da. Aldez aurretik pentsatzen jarrita, ondorio hau: Nigeria ikusteko gogoa, zer eman dezakeen tankera hartzen joateko. Afrikako Kopako azkeneko garailea eta abar. Iranek arreta gutxi bereganatu du aurreko gogoeta horietan. Partida hasi orduko, Iranen ingurukoa berretsi baino ez. Talde justu-justua, eta gainera, Carlos Queirozek ezarritako jokatzeko ereduak laguntza handirik ez arreta bereganatzen: lerroak atzeratu erabat, eta defentsako lanean oinarritu, talde osoa bere zelaian sartuz. Eta Nigeriaz zer? Bada, nahi eta ezin. Baloiaren jabe egin da hasieratik, eta saiatu du Iranen areara horrela heltzen. Baina ezin; edo pase txar bat, edo baloi eramate baldar bat; edo bakarkako jokaldi gehiegi; edo azkeneko pase okerra; edo erritmo makalegia; edo... Gol batek bakarrik alda zezakeen bien itxura hori. Baina ez da azaldu. Munduko Kopa honetan aurrenekoz, ez da golik izan partida batean. Eta lehen berdinketa da. Ez dago gehiago sakondu beharrik partidaren ezaugarriak kontatzeko. Aspergarria izan da. Iranek ez zuelako nahi bizia izatea, eta Nigeriari azkartasuna komeni arren, ez duelako gaitasunik izan komeni zitzaiona ezartzeko. Golak sartzeko aukerak apenas. Banaka batzuk. Geldikako jokaldi batean Iranek lehen zatian bere aldeko garbiena. Nigeriak area inguruko arriskua sortu du bai, baina jaurtiketa gutxi, eta egindakoak, kanpora. Ez da harritzekoa golik ez izatea partida honetan. Zerbait nabarmentzekotan, hauxe: Iranek erakutsi duen kontzentrazioa, arreta eta ordena defentsako lanean. Bistan da horretarako lan handia egin dutela Queirozek eskatuta. Ondo egin du defentsako lana. Eta bakoitzak bere baliabidek nahi bezala erabiltzen dituenez eta nahi duen bezala jokatzen jartzen dituenez, bejondeiola Irani. Ez da irabazlerik izan, baina Iranentzat irabaztearen parekoa da puntu hau.

futbolmamia.com


ARGENTINA-IRAN (1-0) Futbolari adarrak jarri dizkio Argentinak Aitor Manterola

Argentina batek honela jokatu behar badu dituen jokalariekin, zerbait oker dabil. Izan daiteke Alejandro Sabella entrenatzaileak futbolaz duen pentsamendua. Hortik hasiko gara. Jakina da ze eskolatakoa den. Argentinan hain ohikoa den bereizketa erabiliz,'Bilardista' da 'Menottista' baino. Antzeman zaio gaur ere estrategia zehazterakoan: Iranen aurka jokatzeko, jokoa sortzeko ardura Gagori eta Mascheranori eman die, jakinik Iranek ze estrategia erabiliko zuen; erabili duena, hain zuzen: atzean sartu du talde osoa Carlos Queirozek. Ona da horretan taldea, eta horren alde egin du. Zilegi. Zeren beldur zen orduan Sabella? Ia-ia garesti ordaindu du koldarkeria, eta ez bi puntu galtzeko arriskua izan duelako bakarrik, hiru galtzeko zorian ere izan baita. Oker dabil zerbait Argentinan. Izan daiteke Leo Messiren inguruko ikuspuntu okerra. Usteko zuten akaso sasoiko dagoela, buruz eta fisikoz. Baina ez dago. Oinez dabil zelaian, baloia dagoen inguruetatik urruti jartzen da batzuetan, eta ia ez da gai aurkaria atzean uzteko. Sabellak pentsatuko du akaso Messiren agerraldi distiratsu batekin irabaziko duela beti. Gaur hala izan da, eta bai, gola ikusgarria izan da. Txalo. Baina ez dezala gezur handi bat ezkutatu. Argentinak ez du piperrik jokatzen, eta Messi hau ez da izan zenaren laurdena ere. Futbola zerbait bada, gaur triste egongo da. Bihotzik badu, malkotan ariko da. Justiziarik dagoen ala ez dagoen auskalo, baina futbolak merezi zuen Iranek punturen bat edo hirurak irabaztea. Edo alderantziz esanda, Argentinak, Sabellak eta Messik zigorra merezi zuten. Irabazteko ez dutelako ezer askorik egin. Baina gaur, alde atera zaie. Bide honetatik ez du ematen, ordea, urrutira helduko direnik. Partidak bi une izan ditu, bi fase: 70. minutura artekoa bat, eta hortik aurrerakoa bestea. Aurrenekoan, Argentinak baloia izan du, baina deseroso egon da. Makal, ezinean, atzean sartuta zen Iranen defentsako lan bikaina hausteko. Aukerak sortzeko ere ez da gai izan. Garbi-garbirik ez behintzat. Iranen estrategia kontraerasoren bat harrapatzea izan da, baina ezin. Bigarren fasean, Iran harrotu egin da. Ikusi dute jokalariek Argentina hau oso eskasa dela, laua, eta irabazteko aukerak izan zitzaketela. Gora ateratzen hasi dira lotsa gutxirekin, eta izan dituzte bi aukera garbi. Baina Romero atezainak sekulako maila eman du bi jokaldi horietan. Eta nola ez, Argentinak talde handiek izaten duten laguntza ere izan du, epailearen partetik. Penalti garbia adierazi gabe utzi baitio Serbiako epaileak Asiako selekzioari. Azken-azkenera azaldu da Messi. Area ertzean utzi du atzean aurkaria, eta baloiari gozo joz, zehatz bota du zutoinaren aldera. Gol bikaina bai. Dudarik ez. Baina ez dezala inork esan Messi horretarako dagoela. Izan dena izan eta gero, hain gutxi ematea ez da ona futbolarentzat. Ezta Sabellaren pentsamendua ere.

futbolmamia.com


NIGERIA-BOSNIA (1-0) Muga, marra fin-fin hori Aitor Manterola

Mugak zer diren inon ondo badakite Balkanetan da. Muga malapartatuak, gaizki zehaztuak bere garaian, gero triskantza odoltsuenetako baten eragile. Marrak baino ez dira, marra finak. Ikusezinak. Mugarri da txapelketa hau Bosniarentzat, aurreneko aldiz Munduko Kopan. Mugarik gabe ibiltzeko asmoz ekin zion, baina muga azkar aurkitu du. Lehen fasea ez du gaindituko. Etxera buelta, aduanan paperak erakusteko ere aukerarik gabe. Muga marra baino ez da fase batetik besterako galbahea pasatzeko. Bosniarentzat, marra fin-fina. Gaur, Nigeria zuen hesia mugaz bestaldera pasatzeko aukerekin segitzeko. Gainditu egin behar zuen. Partidaren hasieran, marra fin hori igaro ere egin du. Ondo hasi da, erraz iritsi da Nigeriaren atera, eta nahi bezala aritu da jokatzen zelai-erdian: jokoaren sorrera lekuan eta azkeneko pasea emateko esparruan. Misimovic maisu zela, ematen zuen aise igaro behar zuela Nigeriaren muga. Eta gola ere sartu du, baina epaileak balioa kendu dio, marrazainak jokoz kanpokoa adierazi eta gero (ez zegoen jokoz kanpokorik). Muga gainditzeko ahaleginean segitu du. Ematen zuen baietz. Denbora kontua izango zuela. Bosnia ondo, eta Nigeria erabat arlote: anarkiaren pare, defentsako lan kaskarra eginez. Baina Nigeriak indarra dauka, abiadura, eta Emenike izena du jokalari horrek. Txiki utzi du lasterka Spahic eskuin hegaletik; sartu da area barrura izkin batetik, eta pasea doitua eman dio Odemwingie lagunari. Gola honek. 29. minutua. Muga gaindituta ikustetik urrun ikustera igaro da Bosnia. Lausotu egin zaio bidea. Desagertu egin da taldea. Atsedenaldira bitartean, ez da egon Bosniarik zelaian. Aldatua zen partida hasiera itxaropentsu hartatik. Nigeria, bapatean, aurkari arriskutsu bilakatu zaio, eta erasoan bukatu gabe utzitako jokaldi bakoitza arazo handia izan da Spahic eta enparauentzat. Erasotik defentsara igarotzeko trantsizioa ez du egin Bosniak. Ez tarte horretan, ezta gero ere. Mugan soldadu gehiago jarri ditu Nigeriak bigarren zatian. Lehenengoan zuloa utzi duen lekuan: erdiko atzelarien aurrean, euskarrien inguruan. Jokalariak pilatu dizkio hor, eta Bosnia paretaren kontra jo eta jo ibili da. Ez du irakurri behar bezala egoera hori. Hegaletan zuen zuloa, baina talentu teknikoa erdian. Ibisevic eta Dzeko ere elkartu dira aurrealdean, eta bikote ona da erdiraketak errematatzeko. Baina erditik Bosnia. Eta Nigeria gero eta erosoago defentsan. Kontraerasoan, zital beste behin. Muga begien bistan ikusi du berriz ere Bosniak. Azken-azkenera izan da. Dzekok area barruan bizkarrez zela, lortu egin du baloia jaistea. Eman dio (ondo ez), eta Enyeama atezain onak oinarekin urrundu du baloia zutoinera. Hortxe lausotu zaio erabat mugako marra fina Bosniari. Gutxi behar izan du beste aldera pasatzeko aukerei eusteko, mugako marra fin-fina gertatu zaiolako, baina lehengo lekuan geratu da. Nigeria igaro da oraingoz, eta aukera asko dauzka bertatik aurrera jarraitzeko.

futbolmamia.com


NIGERIA-ARGENTINA (2-3) Messi bai, baina beste guztia? Aitor Manterola

Argentinak bete-betean osatu ditu lanak aurreneko fase honetan. Hiru jokatu eta hiru irabazi. Emaitzaren ikuspegitik, aitzakirik ez. Aurrenekoa izan da F multzoan. Baina erabateko konfiantza izan behar lukeenak taldearen inguruan bigarren fasera begira, konfiantza eza da. Motiboa, hauxe: jokoan gauza handirik erakutsi gabe irabazi ditu hiru partidak, eta hiruretan, Messik konpondu behar izan ditu arazoak, nahiz eta sasoirik onenean ez egon. Nigeria horrela menderatu du gaur Argentinak. Messik bi gol sartu ditu: bat aldaratze batean, bestea falta batean. Bera ere ez dago ondo-ondo, baina erabakitzen ari da, golak sartzen. Oraingoz, nahikoa du horrekin selekzioak. Hemendik aurrera gehiago beharko ote duen... Jokoaren sormenean gaur hobekuntza txiki bat izan du; batez ere, Di Mariak asko lagundu duelako zeregin horretan, zelaiaren erdira jaitsiz, baloia eskatuz, ondo mugituz eta Nigeriaren defentsako lerroak gaindituz. Bere ekarpena, Messirena golak sartzen bezala, erabakigarria da Argentinan. Jokoa sortzen arazoak, eta erasotik defentsarako trantsizioan ere bai. Messi, Aguero eta Higuain ez daude lan horretarako, eta Di Maria gandituta harrapatzen badu aurkariaren erasoaren hasierak, sei jokalari baino ez ditu izaten defentsako lanean Argentinak. Nigeriaren aurka nahikoa dira, baina aurkari sendo batek harrapatzen baditu, kontuz! Eroa izan da partida. Hasi orduko, 1-1 jarri dira. Messiren golari Musak erantzun dio kontraeraso batean. Lehen zatia amaitzear zela, Messiren falta jaurtiketa zoragarria eta 1-2koa. Bigarren zatiaren hasiera aurrenekoaren pare-parekoa: bi gol, baina oraingoan Nigeriak lehendabizi; Musak sartu du 2-2koa. Rojo atzelariak, korner batean, belaunarekin eta nahigabe egin du 2-3koa. Joan eta etorrikoa izan da partida bukatu bitartean. Gora eta behera. Aukerak bai, baina golik ez. Eta gogoetarako beste ondorio hau ere utzi du Argentinak: Aguero (min hartuta aldatu dute, 38. minutuan) eta Messi zelaian egon ez direnean, defentsako lanean jokalari denak aritu dira, talde bezala. Lavezzik eta Ricky Alvarezek egin dute lan hori. Horrek nolabaiteko sendotasuna eman dio taldeari. Benetakoa izan den edo marrazki hutsa geroak esango du. Kontua da atzealdeko lerroak eskertu egingo lukeela beste taldekide guztien babesa. Sabellak du hitza eta erabakia. Oharra: Multzo honetako azkeneko jardunaldiko beste partidan, Bosniak 3-1 irabazi zion Irani.

futbolmamia.com


G MULTZOA

1. Alemania (7 pt) 2. AEB (4 pt) 3. Portugal (4 pt) 4. Ghana (1 pt)

futbolmamia.com


ALEMANIA-PORTUGAL (4-0) Zapalgailua martxan da Ander Gisasola

Gary Linekerrek behin esan zuen futbola hamaika hamaikaren aurka jokatzen den kirol bat dela, eta azkenean Alemaniak beti irabazten duela, eta gaur ere hala izan da. Portugalen gainetik pasa da eta hiru puntuak lortu dituzte. Espero zen bezala, germaniarrek partiduaren pisua eraman dute hasieratik, eta iberiarrek kontraerasoaren zain izan dira. Aukerak bi ateetan izan dira aurreneko minutuetan, baina Joao Pereirak G旦tzeri eginiko penalti baten ondorioz aurreratu dira alemaniarrak. Goiz jarri zaio partida alde Joachim Lowen taldeari eta hori ederki baliatu dute. Portugaldarrek pare bat aukera izan dituzte gola egiteko Lahmen hutsegiteen eraginez, baina ez dituzte gauzatu golaukerak. Hortik aurrera Alemaniak baloia eroso jokatu du, eta ondorioz heldu dira lehen bi golak: lehena M端llerek penaltiz, eta bigarrena Hummelsek korner bat atera ostean. Pepe gaur ere protagonista izan dugu futbolarekin zerikusia ez duen zerbaitekin. Kaleratua izan da Khedirarekin izan duen liskar bategatik, eta epaileak txartel gorri zuzena atera dio. Besterik ez zuen behar Paulo Bentoren taldeak, nahikoa arazo ez zituen eta inozokeri batengatik jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan ditu lehen zatiko azken minutuak eta bigarren zati osoa. Gainera, atsedenaldia adierazteko segundo gutxi batzuk falta zirenean, M端llerek berriz, hirugarrena jarri du markagailuan. Horrenbestez etenaldira iritsi dira, eta norgehiagoka erabakita zegoen. Bigarren zatian, Alemaniak nahikoa izan du partida kontrolpean mantentzearekin, eta Portugalek ez du ahalegin handirik egin emaitza aldatzeko; ontzat eman dute bi taldeek ordura arte eginikoa. Hala ere, M端llerrek azken ziztada bat zuen prest, eta laugarrena sartu du 78. minutuan. Bayern Municheko jokalariaren hirugarrena izan da, eta partida zoragarria borobildu du aldatua izan baino lehenago, eta zelai osoaren txaloaldia jasoz. Emaitza honekin Alemaniak aurrerapauso handia eman du final-zortzirenetara iristeko, eta Portugalek berriz ondorengo bi partidei begira jarri beharko du lehenbailen, jokoz kanpo ez geratzeko aldez aurretik. Horrez gain, Bentok hurrengo partidarako Pepe galdu du, eta Coentraok eta Hugo Almeidak ezin izan dute partida amaitu lesioen eraginez. Gaurkoa konpontzeko garaiz dira oraindik.

futbolmamia.com


GHANA-AEB (1-2) Bi kolpe zehatz Aitor Manterola

Zenbat bider ez ote dugu entzun hau: futbolean, golek balio dute; gol gehien sartzen duena garaile. Emaitzan golak kontatzen dira, eta azkeneko emaitza zehazten dute. Egon daitezke zientoka ñabardura bidean, mila egoera, eta egoten dira, baina azkenean, golak kontatzen dira. Egia da baita ere ñabardurak eta egoerak lotuta egoten direla gehienetan golarekin eta garailearekin, baina noizean behin, zelaian ikusitakoa eta emaitza ez dira bat etortzen. Horrelaxe izan da Ghana-AEB partida honetan. Izan ere, emaitzaren arabera, AEBk izan da garaile. Bi gol sartu dituelako. Ghanak bakarrik egin du. Ñabardurak eta egoera horiek Ghanaren aldetik etorri dira ia denak, eta gauzak ondo egon ditu Afrikako selekzioak, beste emaitzaren bat lortzeko ziurrenik, baina bi kolpe zehatz jo dizkio Klinsmannen taldeak, eta k.o. utzi du Ghana. Kolpe zehatzak: 20. segunduan eta 86. minutuan. Alboko sake batean hasitako jokaldian, aurrenekoa sartu du Dempseyk. Eskas defentsan Ghanakoak. Bigarrena bukaeran jaso du, Brooksek buruz korner bat baliatu duenean; bikain atera du jaurtitzaileak, eta gauzak erraztu Brooksi, baina Ghanako atzelariak erraztasunak ere eman dizkio. Bi kolpe, bi gol. Hiru puntu. Bigarren kolpea zehatza bezain latza izan da, 82. minutuan, lau minutu lehenago, Ghanak berdinketa lortu duelako. Ñabardurak eta egoerak ondo gauzatu izanaren saria izan da. Andre Ayewk ederki bukatu du Gyanek bizkarrez, dotore, utzi dion aukera. Merezitako saria zen Afrikakoentzat, partida osoan ikusitakoaren emaitza (justua ziurrenik), baina gutxi iraun dio pozak. Bi eredu ezberdin azaldu dira zelaian. AEBena lehen golak baldintzatu duela ematen du. Atzean sartu da Klinsmannen taldea, eta baloiaren jabetza eman dio Ghanari (esana zuen alemaniar entrenatzaileak hori ez gertatzea nahi zuela). Ghanak baloia lagun izan du, bien bitartean. Eta ondo erabili du, zelaian leku asko ondo betez, eta baloia ondo mugituz, azkar ere bai behar izan duenean. Une batzuetan pazientzia gehiago falta izan zaio; esaterako, lehen zatian. Ia eraso guztiak eskuin hegelatik joan dira, eta han, Atsuk bakarrik hartu du baloia sarritan. Bere aukera erdiratzea izan da ia beti, beste aukera batzuen kaltetan. Bat baloiarekin erasoan, berdindu nahian, eta bestea atzean, aldeari eutsiz, ondorioa nabarmena izaten da ia beti: aukerak sortzen ditu baloiaren jabe denak. Asmatzea izaten da gakoa, ordea, eta Ghanak ez du asmatu. AEBek, bai, horiek asmatu egin dute. Hor egon da alde nagusia.

futbolmamia.com


ALEMANIA-GHANA (2-2) Musika, dantza... eta Alemania Aitor Manterola

Zoragarria izan da. Gozatu ederra eman dute Alemaniak eta Ghanak. Munduko Kopa honetako partidarik politenetekoa izan da, eta asko esan nahi du horrek, polita izaten ari baita lehiaketa. Hasteko, bi taldeek dena eman dute, eta hori da gainerako guztiaren oinarria. Azkenera arte, akitu arte, eta akitu ondoren ere bai. Erritmoa. Ghana tartean izanda, bizia izan behar, eta halakoxea izan da partida. Alor horretan, indarra eman behar zaio Alemaniari, oso talde gutxik egingo lukeena egiteko gai izan baita: Ghanaren erritmo beldurgarriari eutsi egin dio. Kolpea kolpeari. Bigarren zatian. Alemaniak lehen gola, Goetzek 51. minutuan, eta ordutik aurrera, lehen bizia izaten ari zena, ia-ia ero bilakatu da. Gora eta behera, behera eta gora golaren bila. Ghanak erantzun egin behar izan dio Alemaniaren golari, eta azkar egin du: 54. minutuan sartu du Andrew Ayewk. Bederatzi minutu geroago, Afrika dantzan jarri duen gola. Musika eta festa. Ghanaren bigarrena. Gyanek, nork bestela. Alemaniarren hutsa baliatuz jokoaren sorreran. Une horretan, Alemania izan da erantzun beharrean geratu dena. Dudarik bai erantzuna egon den edo ez? Nola ba! Alemania, beti Alemania. Klose beteranoak sartu du, zelairatu eta ukitu duen lehen baloian. Korner batean izan da. Ahoko zuloan. 71. minutuan. Hamabosgarren gola Munduko Kopetan. Marka. 2-2, eta hogei minutu jokatzeko. Nekea ere pilatzen hasita, eta hutsak ere handitzen. Hala ere, jokatu duten erritmoan jokatuta, ez dituzte huts tekniko asko egin. Aukera Alemaniak, aukera Ghanak. Beste golen bat helduko zela ematen zuen. Baina azkenean, hor geratu dira. Nahikoa egin dute. Asko egin dute. Dena egin dute. Bigarren zatian lehertu dira festak, baina aurrenekoa ez da itsusia izan. Hori bai, gero ikusi denaren aurrerapena erakutsi dute bi taldeek: eroso moldatzen direla lekuak dituztenean lasterka egiteko. Nahiz eta baloiaren jabetzan txukun moldatu biak, bertikaltasunean hobeto. Alemaniak hobeto menderatzen duen arren baloia edukitzearena. Aurrera begirako balizko kontuak: Ghana kanpoan gera daiteke, eta pena litzateke. Ikuskizun handia ematen dute, futbol alaia eta bizia plazaratzen dute. Musika eta dantza futbolean. Eta Alemania, beti Alemania. Honela edo horrela, ondo edo erdizka, makal edo bizi, Alemania beti hor. Ikuskizuna.

futbolmamia.com


AEB-PORTUGAL (2-2) Sari txikiegia Aitor Manterola

AEBek azken jokaldian jaso duten golak azken jardunaldira begira jarri du mundu guztia. Izan ere, Alemania eta AEB elkarren aurka ariko dira G multzo honetan, eta berdinketarekin biak sailkatuko dira. Jurgen Klinsmann izanik estatubatuarren entrenatzailea, egintzat jotzen da berdinketa hori ia bazter guztietan. Baina azken egunera begira jartzeko tentazio horrek ezin du gaurkoa estali. Ezin du AEBen jokoaren inguruko fokua beste nonbait jarri. Ondo nabarmendu behar da Klinsmannen selekzioaren lana. Txapelketakoa, eta orain horrela jokatzeko aurretik egin behar izan duten guztia. 94. minutuan, sei puntu zituen, eta sailkatua zegoen final 1/8etarako, baina azkeneko jokaldian, Valeraren golak kendu egin dio sari potoloena. Horregatik da sari txikiegia puntua AEBentzat. Ia-ia sailkatua egotearen oinarrian talde ona dago. Jokalari onak. Konpromisoa dago. Ilusioa. Konfiantza. Dagoeneko, ezagun egin dira orain astebete ezezagun zirenak: Johnson eskuin hegaleko atzelaria; Jones eta Beckerman euskarriak... Eta ezagunak zirenei onak direneko definizioa jarri zaie: Dempsey aurrelaria; Bradley zelai-erdikoa; Howard atezaina... Oso gaizki ekin diote partidari AEBek. Bosgarren minutuan, Nanik gola sartu du Portugalen alde, Cameron erdiko atzelarietako batek baloia gaizki urrundu eta gero. Portugal goian estutzen ari zen, eta ezinean zebilen Klinsmannen taldea jokoa sortzeko; lotzea miraria zen orduan. Baina ez dira ezkutatu jokalariak, eta aurkitu dute zuloa: eskuin hegala. Zusi eta batez ere Johnsonek ederki baliatu dute Cristianok defentsan parte ez hartzea. Eta beste zulo hau ere baliatu dute: zelaiaren erdian, Veloso, Meireles eta Moutinho ez ziren gai lekua ondo hartzeko, baloirik mozteko, eta Bradleyk eroso eman ahal izan ditu pase zehatzak. Beto atezainak lan asko egin behar izan du atea hutsean mantentzeko, eta lortu du lehen 45 minutuetan. Baina ekaitza Portugalen gainean zela iragarri du lehen zati horrek. Asmatzea behar zuten AEBek, zehatzak izatea. Bigarren zatian lortu dute hori guztia. Emaitza irauli egin dutelako: Jones eta Dempsey golegile (64. eta 81. minutuetan). Portugal zerraldo utzi dute. Etxerako bidean. Baina azken jokaldian, arnasa hartu du Varelaren golarekin. Jokaldiak ederki erakusten du zer diren AEBk. Erasoan galdu du baloia Bradleyk. Ausartak dira, jokatzeko ereduaren ezaugarrietako bat da hori... eta pixka bat 'onegiak' ere bai, 'inozoak'. Baina hobe ausartak izan eta bi puntu galtzea, atzean zeharo sartu eta gauza bera pairatzea baino. Ikuskizun zaleak dira AEBetan, eta selekzio honekin gozatzen ariko dira.

futbolmamia.com


AEB-ALEMANIA (0-1) PORTUGAL-GHANA (2-1) Ez dute berdindu, baina biak sailkatu dira Aitor Manterola

Alemania lehen sailkatua izan da G multzoan, eta AEB geratu da bigarren. Hortaz, biak doaz final 1/8etara. Beste daturik eta jakin gabe, pentsa daiteke ze emaitza izanden bien arteko partidan, berdinketarekin biak sailkatzen zirelako. Baina ez. Ez dute berdindu, eta hala ere, biak doaz aurrera. Arriskua AEB zuen partida galduta, beste neurketako emaitza aldekoa behar zuelako. Hala egokitu zaio, Portugalek Ghanari 2-1 irabazi diolako. Portugalek saikatzeko beste hiru gol sartu beharko zituen, eta Ghanak aurrera egiteko, partida irabazi, betiere AEBek galduta. Alemania eta AEB elkarri begira bezala aritu dira lehen zatian. Iritsi, iritsi dira bestearen areara, baina hor asmatzen ez. Gaizki pentsatzen hasita, eman zezakeen lotuta eta hitz eginda zutela emaitza aldez aurretik. Baina ez. Bigarren zatian, Mullerrek adierazi du ezetz, traturik ez dela egon. Alemaniaren gola sartu du, 55. minutuan. Alarma piztu zaie AEBko kideei, eta argia Ghanakoei eta Portugalgoei. Hortik aurrera, bi partidek antza handia izan dute. Golaren bila lau taldeak, aurkariak utzitako zuloak baliatu nahian. Alemania izan da, jakina, arrisku gutxien hartu duena. Aldekoa zuen emaitza. Portugali ere halaxe jarri zaio, Boyek bere atean gola sartu duenean. Lehen zatian izan da hori, eta 1-0ekoarekin joan dira atsedenaldira. Gero, Ghanak berdindu egin du. Gyan golegile, nola ez. Beste gol bat nahikoa zuen Ghanak aurrera jarraitzeko. Baina Cristiano Ronaldok egin du bigarrena Portugalen alde, eta hurrengo bost minutuetan, aukera izan du selekzio horrek gol gehiago sartzeko. Asmatu ez, ordea, eta etxera. Beste horrenbeste Ghanari buruz. Poza estatubatuarren artean azaldu da. Galdu arren, barrura, final 1/8etara. Eta multzo zailean, gainera.

futbolmamia.com


H MULTZOA

1. Belgika (9 pt) 2. Aljeria (4 pt) 3. Errusia (2 pt) 4. Hego Korea (1 pt)

futbolmamia.com


BELGIKA-ALJERIA (2-1) Baliabideak eta estrategiak Aitor Manterola

Bi talde aurrez aurre, bi selekzio, eta hiru baliabide edo estrategia. Belgikak bi erabili ditu, eta bigarrenak eman dio garaipena. Aljeriak bakarra hartu du bidelagun, eta zerbait ezberdina egiteko imintzioa egin duenean, partida galdu du. Belgika ikusteko aparteko zirrara zegoen. Klubetan jokalari apartak eta erreferentziak direnak selekzioan elkartu dira, eta hori horrela izanik, txapelketa handia egin dezakeela esaten da. Alde horretatik aztertuta, Belgikak ez du bete aurreikuspenik. Baina irabazi egin du, eta Munduko Kopa hiru puntu batuz hastea handia da. Estrategien harira, Belgikak baloiaren jabetza erabiltzea aukeratu du erasoan. Baina ez dio batere etekinik atera. Makal mugitu du baloia, zelaia zabaldu baino itxi egin du, eta lehen zatian, arrisku apurra sortzeko area jaurtiketa bat edo beste baliatu ditu. Hazardek ezin zuen, ez zuen lekurik ezertarako, Aljeriak zaintza estua egin diolako. Witsel izan da zelai erdian jokoa banatzen ibili dena, euskarri bakar bezala, baina bere aurreko Dembelek ez dio ezertan lagundu. De Bruyne eskuin hegaletik barrura sartuta ibili da, baita Chadli ere ezkerretik barrura, eta Lukaku ondo lotuta eta geldi eduki dute Aljeriako erdiko bi atzelariek. Gauzak horrela, ezinbestekoa zuen Belgikak hegaletako atzelariek zelaia zabaltzea, baina Vertonghen eta Alderweireld ez dira egokiak horretarako; erdiko atzelariak dira gehiago. Gainera, oso atzean aritu dira, sakontasuna kenduz taldeari. Baloiaren jabetzari etekina ez ateratzeko arazoei bi jokalari horien laguntzarik eza gehitu zaie. Ezin zuen Belgikak. Aljeriak 25. minutuan gola sartu du (Feghoulik penaltiz), eta bere estrategia bakarrari indarra eman dio horrek: atze-atzean sartu da talde osoa, eta defentsako lanean oinarritu da erabat. Ondo egin du lan hori, oso ondo; batez ere, erdialdeko esparruan (atzelariak eta euskarriak) zulo guztiak itxi ditu. Bakarkako zaintza ere erabili du hainbat egoeratan. Horixe izan du estrategia, eta aldeko emaitzak ez du behartu beste ezertara. Baina jakina, zama handia joan zaio pilatzen minutuak aurrera joan ahala: nekea. Gero, faktore erabakigarrietako bat izan da. Bigarren zatia hasterako, Wilmotsek, Belgikako entrenatzaileak, aldagelan utzi du Chadli, eta Mertens txikia, abila eta bizkorra sartu du zelaian. Ez dio ezertarako balio izan. Lehengo lepotik burua Belgikak. Lehen zatiko arazo eta gabezia berak. Wilmotsek ikusi ditu estrategia horrekin jai zuela, eta beste baten aldeko apustua egin du. Fellaini zelaira, eta joko zuzenagoa eta azkarragoa egiteko aukera. Hegaletatik baloiak area barrura sartzen hasi da, eta horrek Aljeriak nahasi egin du. Zalantzak defentsako lan zurrunean. Nekea ere bai. Eta Fellainik, buruz, berdinketa, De Bruyneren erdiraketa baliatuz. 70. minutua zen. Handik hamar minutura, Aljeriak akats larria egin du. Hasi da atzeko zulotik ateratzen, eta Feghoulik baloia galdu du leku txarrean. Kontraerasoa Belgikak, bikain landua, eta bukaera bikaina: gola Mertensek. Kito partida. Hortik aurrera ez da ezer gertatu. Gertatu beharreko guztiak aurretik gertatu dira: estrategiak eta baliabideak. Aberatsagoa izan da Belgika, eta horregatik irabazi dio Aljeriari.

futbolmamia.com


ERRUSIA-HEGO KOREA (1-1) Azkarra, bizia, abila... Aitor Manterola

Izenak izena baino ez dira. Batzuetan izana izaten dute alboan, baina beste batzuetan, ez. Errusiak izena dauka, izenez josia dago, eta Hego Koreak, gaurko partidaren aurretik, ez izen, ez izan. Errusia zen handia aurretik, txikia Hego Korea. Izanak banatzeko joera. Partida bukatu berritan, Errusia izenarekin geratu da beste behin, eta Hego Koreako jokalari batzuen izenak gogoan geratu zaizkio zaleari, izana erakutsi dutelako; Son, kasu. Bazetorren zarata Asia aldetik, talde hau ez dela betiko Hego Korea. Justu antzean sailkatu zela txapelketarako, entrenatzaile aldaketaz aldaketa zebilela, eta 2002ko Munduko Kopa sonatu hartan, taldeko kapitain zen Hong dela orain entrenatzaile. Eman ote dion taldeari halako indar bat... baina izana hartu ezinda zihoala Brasil aldera. Kontuak kontu, kale erabatekoa aurreikuspenek. Hego Korea hau betikoa da intentsitate aldetik; jokalari abilak dauzka baloia jokatzeko; eta azkarrak dira, biziak, gainera. Esana zuen Fabio Capellok, Errusiako entrenatzaileak, bezperan: "Ez naiz fio hauekin". Bai asmatu ere. Horregatik akaso utzi ditu bere ondoan Denisov, Zagoev eta Kerzhakov. Taldeko hiru onenetakoak. Beste batzuen aldeko hautua egin du, eta ziurrenik, jokatzeko eredua ez du aldatu, batzuk aukeratu ala besteak. Saguarena egin nahi izan du Errusiak: ezustean harrapatu Hego Korea, hutsen bat noiz egingo zain. Baina hutsa bere atezainak egin du. Akinfeevek handia egin baitu. 69. minutuan, eskuetan ezin lotu baloia, eta Leek gola. Izenen eta izanen rolen banaketan, ezustea. Baina partida ikusita, ez. Sagua zena katuz jantzita azaldu da, eta gutxi behar izan du bapo asetzeko. Capellok ikusia zuen ordurako bere jokalari onenen beharra zuela, eta atera ditu hirurak. Eta nola ez, saguetan saguenak, azerietan azerienak atera dizkio babak heltzetik: Kerzhakovek. Hego korearren gola baino bost minutu geroago etorri da berdinketa. Emaitza parekoa, eta berriz ere jolasa: bietako zeinek harrapatuko bestea ezustean. "Hartu baloia, jolas egin berarekin, lasai...harrapatuko zaitut eta". Horrela ibili dira, baina ezusterik ez, hutsik ez. Huts egin diona Errusiari jokoaren sormena izan da, eta Hego Korearen izana: baloia ondo erabili du, ondo gorde du, eroso antzean moldatu da lan horretan, eta opari gutxi egin dizkio Capelloren asmoari. Usteak erdia ustel. Balizko Hego Korea txikiena ez da hain txikia. Eta gainera, azkarra eta abila da. Errusiak gaur ezagutu du ondo.

futbolmamia.com


BELGIKA-ERRUSIA (1-0) Biek bilatu, eta bakarrak aurkitu Aitor Manterola

Belgika eta Errusia. Aurrez aurre Maracana handian. Lehen zatian erakutsi dute zertara moldatzen diren ondoen: kontraerasoan. Baina Belgikari egokitu zaio edo berak hartu du jokoaren ekimena, Aljeriaren aurka egin zuen bezala. Eta jokalari oso onak dituen arren, ez da oso ondo moldatzen zeregin horretan. Lehen egunetik, Dembele eta Chadli aulkian, eta Fellaini eta Mertens 11koan. Baina jokoan, bi egunetan, antzeko komeriak. Arazoak sortzeko. Errusia. Capello aulkian izanda, ezusterik ez: atzean sartu eta kontraerasoa aiztotzat, aurkaria zulatzeko. Eroso horretan, baina gabezia honetan: kontraerasoa amaitu ez duen bakoitzeko, erasotik defentsarako trantsizioan makal. Lehen zatian bai behintzat. Aukera bakarrak area ertzeko jaurtiketak; zerbait hobea falta azken metroetan, eta bi onenak horretan (Dzagoev azkeneko pasea ematen eta Kerzhakov errematzailea), aulkian. Belgikak ere ez du askoz aukera garbiagorik sortu. Erasoan zuloak izan dituenetan ondo moldatu da baloia ezker hegaletik eskuinera eramaten, eta Mertensek izan ditu aukerak jokaldiak bukatu dituena baino hobeto bukatzeko. Nahiz eta erraz utzi duen atzean buruz burukoan Errusiako ezker hegaleko atzelaria: Kombarov. Sormeneko arazoak Belgikan. Lukaku aurrelaria, punta-puntako jokalaria marrazkian, asko jaitsi da zelai-erdikoekin lotura osatzera, baina taldeak sakontasuna galdu du: De Bruyne, Hazard eta Mertens Lukakuren maila berean, altuera berean. Haustea falta zaio taldeari, bertikalak izatea. Gabezia bera erakutsi zuen Aljeriaren aurka. Bigarren zatian, Belgikak aldatu egin du jokatzeko era. Atzean sartu da, baloia Errusiari eman dio, eta kontraerasoan atera nahi. Errusia beste egoera batean orduan: jokoa sortu egin behar. Batzuetan presaka (talde bertikala izateagatik ziurrenik), besteetan asmatu ezinda, ezin jokoa ondo lotu. Gauza bat egin du ondo tarte batean: baloia galdu ahala, presioa egin du goian, eta Belgika atzean sartu du. Errusiaren unea izan da, baliatu beharrekoa. Baina zerbait falta azkeneko metroetan. Aulkian zituen Capellok oraindik Dzagoev eta Kerzhakov. Ikusten zen non hautsiko zen berdinketa haustekotan: kontraerasoren batean. Nork asmatu izango zen gakoa, eta Belgikak asmatu du. Hazardek. Bereak eta bi egiten hasi da ezker hegalean, espazioa eta lekua zuela baliatuz, eta halako batean, partidaren amaierako lau bat minutu falta zirenean, Origik ederki eman dio amaiera Hazarden beste jokaldi zoragarri bati. Gola eta hiru puntu. Eta final-zortzirenetan Belgika, hamabi urte geroago. Asko eskatzen zaio Belgikari. Emaitzaren aldetik, bete-betean asmatu du: sei puntu bi partidetan. Eta jokoan? Gehiago eman dezakeela ematen du. Kosta egiten zaio jokoaren ekimena eraman eta aurkaria zulatzea. Aurkariek badakite hori. Beste eredu baten alde egingo ote du Wilmolts entrenatzaileak? Kontraerasoa akaso? Gaur hori bilatu du, eta ondo atera zaio. Errusiak ere gauza bera nahi zuen, baina ez zaio atera.

futbolmamia.com


HEGO KOREA-ALJERIA (2-4) Azeria eta ardia Aitor Manterola

Bitxia izan da partida honen bilakaera. Aljeria Hego Korea izan da lehen zatian, eta Hego Korea Aljeria. Bakoitzak bereari eustea espero bazen ere, lehen eguneko zantzuak ikusita. Aljeria egin da baloiaren jabe, jokoa sortzeari ez dio uko egin, erritmoa sartu dio, presioa egin du baloia galdu duen bakoitzeko. Horrela irakurrita, Hego Koreaz ari garela ematen du. Hego Koreak baloia eman dio Aljeriari, edo ez du baloirik edukitzeko aukerarik izan; bitako bat. Kontua da atzean sartu dela, ez duela erasorik egin, eta deseroso egon da. Lehen eguneko Aljeria ematen zuen. Ni zu izanda, eta zu ni, nortasun trukatze horretan, Aljeriak atera dio etekina. Azeriak, basamortuko azeriak hortzak zorroztu ditu, Hego Korea ardiz jantzita ikusi duenean. Jan egin du. Jokoan eta emaitzan. Bi minututan, 26,ean eta 28.ean, bi gol sartu ditu. Aurrenekoa Slimanik eta bigarrena Hallichek. Jokoa erakusten ari zena aintzat hartuta, baleko emaitza. Ezusterik ez. Hego Korea zaplazteko latza hartzen ari zen, eta azeriak beste horzkada bat eman dio. Hirugarrena. 38. minutuan. Djabouk gola. Kito esateko moduan geratu da partida. Atsedenaldira horrelaxe joan dira bi taldeak. Aljeriak sari potoloa jaso du egindako lanarena, eta Hego Koreak kolpe latza, berez dena ez izateagatik. Bigarren zatian, aurrez espero zena gauzatu da. Aljeria ez da izan Hego Korea; ezta Hego Korea Aljeria ere. Bakoitzak bereari eutsi dio. Asiarrek, baloia lagun, jokoaren ekimena hartu dute, bizi hasi dira jokatzen, presioa egin dute baoia galdutakoan... eta gola sartu dute. Son izan da golegilea, 50. minutuan. Aljeria atzean zen, baina deseroso, ezinean bezala une batzuetan. Baina Feghoulik esan du nahikoa dela, gauzak bere onera itzuli behar zuela. Jokaldi bikaina egin du Brahimirekin lotura eginez, eta gol zoragarria sartu du Granada taldeko aurrelariak. 1-4, eta berriz ere gauzak kito esateko moduan. Baina Hego Korea hau bere betiko ezaugarriei lotuta atera da bigarren zatian, eta horietako bat da ez etsitzea. Bigarren gola sartu du. Koo izan da gola egin duena, 72. minutuan. 2-4. Indarrak akitzen joan zaizkie bi taldeei azkenera heldu arteko minutuetan. Aljeriaren mesederako hori. Ez da gol gehiago izan.

futbolmamia.com


ALJERIA-ERRUSIA (1-1) Goia jo du Aljeriak Aitor Manterola

Ondo kosta zaio, baina azkenean lortu du mugarri historikoa jartzea Aljeriako selekzioak: final 1/8etan da aurrenekoz. Ezustea eman du H multzoan, aldez aurretik begiratuta indartsuagoak ematen zutelako Belgikak eta Errusiak. Baina partida bat irabazita (Hego Korea), beste bat berdinduta (gaur, Errusiaren aurka) eta Belgikaren aurka galduta, aurrera segitzea lortu du. Kosta egin zaio bai, hasi orduko aldapa gora jarri zaiolako partida. Kokorinek 6. minutuan aldea eman dio Errusiari. Kontraerasoan, jakina; nola bestela? Golak kontrako haizea bota dio aurpegira Afrikako selekzioari, hainbat minututan galduta ibili delako. Ezin neurria hartu partidari, ezin aurkariari... eta ezintasuna nagusi. Buelta eman dionerako igaro dira minutu batzuk. Errusia zain zeukan, kontraerasoan ateratzeko. Baloiarekin deseroso samar ibili da Aljeria, area ingurura heldu bitartean. Esparru horretan ibili den bakoitzean, Brahimi, Slimani, Djabou eta Feghouli (hau zelai erditik askatasunez mugituz nahi duen lekura) arriskua hartuta gerturatu dira Errusiaren areara. Pase motzak eta azkarrak leku txikian lotu dituztenean, arriskua eragin dute. Baina ez garbi-garbia ere. Aljeriaren indarra geldikako jokaldietan dago neurri handi batean. Slimani errematatzaile ona da, eta berari atera dizkiote geldikako jokaldi ia denak. 60. minutuan jaso du saria. Akinfeev atezainaren hutsa baliatuz, burua sartu dio baloiari, eta gola. Hortik aurrerakoak bi aurpegi izan ditu: batetik, Aljeriaren sua eta lehia sailkapenari eusteko. Atzean sartu dira, eta jokaldi bakoitzean barruan duten dena eman dute atea giltzaz ixteko. Beste aurpegia Errusiarena izan da, ezintasunarena. Baloia eduki bai, baina jokorik ezin sortu. Gehienera ere, hegaletara baloia eraman eta erdiratu. Gehiago ez. Eta horrekin bakarrik zaila da multzoen fasea gainditzea. Orain, final 1/8etan, Alemania-Aljeria, eta gatza eta piperra partida horren bueltan. 1982ko Munduko Kopan, Aljeriak irabazi egin zion Mendebaldeko Alemaniari lehen fasean, baina gero afrikarrak kanpoan geratu ziren, Alemaniak eta Austriak berdinketa 'hitzartu' omen zutelako bien arteko partidan. 32 urte geroago, hemen da berriz ere partida bera. Kutsu historikoarekin. Oharra: Multzo honetako azkeneko jardunaldiko beste partidan, Belgikak 0-1 irabazi zion Hego Koreari.

futbolmamia.com


FINAL-ZORTZIRENAK

• Brasil-Txile • Kolonbia-Uruguai • Herbehereak-Mexiko • Costa Rica-Grezia • Frantzia-Nigeria • Alemania-Aljeria • Argentina-Suitza • Belgika-AEB

futbolmamia.com


BRASIL-TXILE (1-1) (3-2, penaltietan) Garrinchak-eta burua altxatuko balute... Aitor Manterola

Brasileko jokalariek, zaleek eta herritarrek asko errezatzen dute, eta agian, horregatik gertatu da gaur gertatu dena. Scolarik ere errezoak egingo ditu, ezkutuan, eta aspalditik. Ez dago hainbesterekin (jokalariak) hain gutxi egin (jokoa) eta halako irabazia (gaur, final 1/4etarako txartela eta 2002an, Munduko Kopa) ateratzea. Txile hobeto aritu da orokorrean, talde landua dela erakutsi du, baina Brasilek egin du aurrera. Scolariren zurruntasuna beste selekzioren batek zigortu beharko du hemendik aurrera. Brasil hau hartu eta historian zehar izan dena alderatzea gogorra da. Mingarria. Entrenatzaile baten filosofiak (?) nola bota dezakeen kolpe batean urteetako jokoa, herriari han lotua zegoena, herritarren izaerari, bizitzeko erari. Irabazteak dena balio omen du, eta helburuak baliabideak justifikatzen ditu kasu honetan. Baina kontua hau da: horrela jokatuta zenbat aldiz gehiagotan irabaziko du Scolarik? Defentsaren atzetik defentsa, eta ondoren ere defentsa. Erasoan, berriz, ateratzen dena. Hor konpon. Futbola osotasun bezala hartzen dugunontzat, urruti dago Scolari. Irabazteak poza ematen du, eta pozik dira Brasilen. Baina pentsatzeko astia hartzen badute, poza zalantza bihurtzeko motiboak ematen dizkie Scolariren jardunak. Eta futbolak eskertuko luke gogoeta sakona egitea egin behar duenak. Brasil horrela ikustea oso mingarria da. Azkar sartu du gola etxeko taldeak. 18. minutuan. Korner batean, bere atean sartu du Jara atzelariak, David Luiz gainean zuenean. Txile deseroso ibili da hasieran. Jokoa ezin lotu. Makal. Eman izan du partida handitxo geratzen ari zitzaiola. Zelaiaren egoera txarrak ez dio batere lagundu: lehorra zegoen, eta belarra luzea. Txileren erritmoa bizia erabiltzeko zelai horretan, lanak. Brasil atzean sartu da, eta kontraerasoan eta baloi luzeekin min egin dio Txileri. Bravok lan pixka bat egin behar izan du gol gehiago ez jasotzeko. Txilek ezinean segitzen zuen, baina halako batean, Hulken pase txar bat baliatu du Alexisek berdinketa sartzeko. 32. minutuan izan da gola. Hortxe bukatu dira Brasilen indar txikiak, eta Txile, eroso ez bazegoen ere, hobetoxeago moldatzen hasi da. Bigarren zatian bai, Txile betiko Txile izan da. Erritmo hain bizia ezarri ezinda, baloia gordetzen hasi da, ondo mugituz. Baina ez dio etekinik atera joko horri. Aukera bakarra izan du tarte horretan, baina Julio Cesarrek urruntze dotorea egin du. Brasil berandu heltzen zen leku guztietara: defenditzen eskas, eta erasoan azaldu gabe. Hortxe izan du momentua Txilek, baina ez dio beste martxa bat sartu jokoari. Errespetu gehiegi, akaso; Brasilen kontraerasoaren beldur, ziurrenik. Gero, Brasilek hartu du agintea berriz, baina jokoa sortu ezinda jarraitu du. Txile atzerago egon dela baliatuz, area inguruan ibili da sarritan, baina aukera garbirik sortzeko jokorik ez. Eta aukera laurden horietan Bravok lan ona egin du. Luzapena. Bi taldeak nekatuta. Eta beste 30 minutu jokatu behar. Ezinean. Indarrik ez ezertarako. Minutua minutuari gehituz joan da, eta ematen zuen penaltietan erabakiko zela lehia. Hala izan da, baina brasildarren errezoek eragina izan dutelako. Eta Scolariren zorte onak. Azken-azken jokaldian, luzapenean, Pinillak langara jaurti du baloia. Txileren urteetako galtzaile izaera petrala azaldu da berriz. Eta penaltietan beste horrenbeste gertatu da. 3-2 irabazi dio Brasilek, eta azkeneko penaltian, Txilek jaurti eta berdinketa zitekeen horretan. Jarak ( a ze egun beltza berea) zutoinera bota du. Poz handia Brasilen emaitzaren aldetik; poz txikia jokoaren ikuspegi sakonetik. Eta Txilek jasoko ditu txaloak, eta Sampaolik loreak. Hemendik ere bai. Tori. Ez die inoiz kontsolamendurik emango... zorte ona ia beti berdinen aldera joaten delako. futbolmamia.com


KOLONBIA-URUGUAI (2-0) Kafea, Kolonbiakoa Aitor Manterola

Handia ari da egiten Kolonbia Munduko Kopa honetan. Final 1/4etan da, historian aurreneko aldiz. Partida handia egin du gaur Uruguairen aurka, eta partida handiak egin ditu lehen fasean, hirurak irabaziz. Lau jokatu eta lauretan garaile. Badu zerbait talde honek, eta ororen gainetik, jokatzeko era du bereizgarri. Joko alaia egiten du, irekia, mugimendu askotan oinarritua. Hori erasoan. Eta defentsan, ez du lekua galtzen. Erasoko mugimendu bakoitzak defentsakoa izaten du ondoan: lekua utzi batek, leku hori bete besteak. Oreka, mugimenduen bitartez. Lortzen zaila, ikusteko bikaina. Gero, edo ereduaren aurretik, gainetik edo parean, jokalariak daude. Denak dira teknikoki onak, eta batzuk oso onak. Gaur, aurreko partidetan bezala, James Rodriguez nabarmendu da. Baita Cuadrado, Armero, Zu単iga, Sanchez, Aguilar, Jackson... azkenean talde osoa idatzi behar. Horrek adierazten du zer den Kolonbia: taldea. Peckerman entrenatzaileak lan bikaina egin du. Eta jokalariek fede itsua dute entrenatzailearengan eta ereduan. Konfiantzaz jokatzen dute, aske, erraz. Direna egitera atera dira zelaira. Baita Uruguai ere. Atzean sartu da Tabarezen taldea, kontraerasoan ateratzeko; gaur Suarez falta (puska batean faltako zaio), eta Forlan bere lekuan. Baina nekez lortu du Kolonbiari baloia kentzea, nahiz eta zelaiaren erdiko esparrua jokalari askoz itxi. Zer izaten diren gauzak, hala ere! Erdialdetik etorri da gola Kolonbiarena. Aurrenekoa. Jamesen trebeziak egin du guztia. Baloia bularrarekin ezker oinaren aldera jaitsi, eta ezkerrez zartako doitua eman baloiari. Langa ukitu eta barrura area kanpotik, urrunetik egindako jaurtiketa. 28. minutua zen. Lanik zailena egina zuen Kolonbiak. Berean segitu dute bi taldeek, ereduan aldaketarik egin gabe. Bigarren zatian, ordea, eredua aldatzera behartu du Kolonbiak Uruguai. Beste gol bat sartu diolako. Berriz ere Jamesek gola. Jokaldia bikaina izan da, entrenamenduetan erasoan mugimenduak eta taldeko jokoa lantzeko egiten den horietakoa. Zehatza. Gola merezi zuen jokaldiak, eta Jamesek jarri dio saria taldeko lanari. Hortik aurrera, Kolonbian orain arte aipatu gabeko jokalari bat azaldu da: Ospina atezaina. Uruguai egin da baloiaren jabe, eta argitasun handirik ez badu ere, heldu da Ospinaren ingurura. Baina atezainak ederki bete ditu lanak. Ziurtasunez. Handi. Kolonbiak ez du kontraerasorik lotu, eta horrela joan da partida bukatzen. 2-0, eta kafea, nola ez, Kolonbiakoa. Brasil orain parean. Jokuz ez da dudarik: Kolonbia askoz gehiago da.

futbolmamia.com


HERBEHEREAK-MEXIKO (2-1) Madarikazioa eta Robben Aitor Manterola

Herbehereen eta Mexikoren ikuspegitik, bietatik idatz daiteke kronika hau. Biek eman dutelako zer idatzi final 1/8etako partidan. Bien ikuspuntuak nahasian, bi izen elkartu behar: madarikazioa (Mexikorena) eta Robben (Herbeheeretako izarra). Mexikok ez du inoiz final 1/4ik jokatu Munduko Kopan. "Bosgarren partida" esaten diote, eta horra heltzea zuen helburu. Oso gertu izan du, 88. minutuan 0-1 irabazten ari zelako. Baina sei minutuan irauli die emaitza Herbehereek. Madarikazioa aipatu behar, ezinbestean. Edo horrelako zerbait. Orain ere, ezin bosgarren partidara heldu. Herbehereek laugarren partida jarraian irabazi dute, jokatutako denak, eta aurreko Munduko Kopakoak kontatzen badira, bakarra galdu du: 2010eko finala. Ondo dator bi txapelketak alderatzea, duela lau urte erakutsi zuenari helduta ari baita laranja koloreko selekzioa. Betiko eredu alaia zurrun bihurtu zuen 2010ean, eta zurruntasun horrekin eta beste ezaugarri batzuekin osatu du taldea Van Gaalek. Tartean da Robben. Sasoi puntu bikainean da, eta berak bakarrik nahasi ditu Mexikoko atzelariak. Erabakigarria izan da gaur ere. Bi taldeetan, ezusterik ez marrazkian: 3 erdiko atzelari gaur ere. Beroa latza, jasanezina, eta bizi jokatzeko oztopo handiegia. Mexikok hartu du jokoaren ekimena, eta Herbehereak atzean sartu dira, kontraerasoan ateratzeko. Baina hasi orduko, lesioa izan du De Jong euskarriak, eta aldatu egin behar. Blind gaztea jarri du Van Gaalek bere lekuan. Atzean sartu eta zelai-erdian estutzeko estrategian, galdu egin du Blindekin taldeak. Horren adierazle Mexikoren gola. Bigarren zatia hasi berria zen, eta baloi luze baten aldaratzea hartu du Giok, Blind gertu zuela. Ez du behar bezala gorde lekua baloia jasotzeko Blindek, eta Giok aurrea hartu dio. Zartakoa eman dio baloiari erdialdetik, eta gola. Aurretik ere, lehen zatian, izan ditu aukera batzuk Mexikok, Herrera erdilariaren jokoan eta mugimenduetan oinarrituta Nahi bezala ibili da, eta berak ez ezik, taldekideek ere baliatu dituzte mugimendu horiek. Baina golik ez Giorena heldu arte. Herbehereak aldatu egin du kontrako golak. Van Gaalek egin ditu egin beharreko aldaketak, eta taldea baloiaren jabe egin da. Txukun moldatu da, zurruntasuna ez ezik beste ezaugarri bat ere baduela erakutsiz. Mexiko atzean sartu da, eta sartu du aurkariak, eta ez da atera azkenera arte. Horretan irabazi dute Herbehereek eta horretan galdu Mexikok. Ematen zuen Van Gaalen taldeak go bat sartzen bazuen gai izango zela emaitza erabat iraultzeko. Eta lehenago ez du irauli, Ochoa atezainak bereak eta bi egin dituelako gaur ere. Baina denak ezin geratu. Korner batean, aldaratzea Sneijderri etorri zaio, eta zehatz eta gogor jo dio baloiari. Gola. 88. minutua. Bigarrena penaltiz egin dute Herbehereek. Huntelaarrek sartu du. Robbeni egin diote penaltia (aurretik ere beste bat egin diote baina azkenekoa adierazi du epaileak). Kito partida. Mexiko etxera, oso itxura emanda txapelketan, baina madarikazioa gainditu ezinik. Eta Herbehereak aurrera, eta sendo. Baliabide asko barneratuta dauzka taldeak, eta ez da helduleku txarra aurrera begira.

futbolmamia.com


COSTA RICA-GREZIA (1-1) (5-3, penaltietan) Handiak dira Aitor Manterola

Costa Ricako selekzioari txikitasunez begiratzen zaio, eta izena ere halakoxea dute: ticos. Txikiaren adiera da. Munduko Kpa hau bukatzean, antonimoa erabiltzen hasi beharko dira. Handia egiten ari direlako, handiak direlako. Historian aurrenekoz, final 1/4etan da Costa Rica... eta kostako zaie hau bidetik ateratzea. Kosta zaio. Penalti jaurtiketetan jaso du saria, aurretik asko sufritu eta gero. Izan ere, 68. minututik 120.era, jokalari bat gutxiagoz aritu behar izan du. Duarteri bi txartel hori atera dizkio epaileak. 1-0 aurretik zen orduan, eta beste partida bat hasi dira jokatzen txiki-handi hauek eta Grezia. Europarrek aurrera jo dute, zelaia zabalduz, aurrelariak jarriz aurrean, eta erdiraketen bidez, arazoak eragin dizkiote Costa Ricari. Ez da ohikoa izan Pinto entrenatzaileak egoera horretan hartu duen erabakia: 5 atzelarirekin jokatzen du beti, eta jokalari bat gutxiagoz geratzean, 4kin jokatzen hasi da. Greziak jokalariak pilatu ditu aurrean, eta gaizki behar zuela Costa Ricak nabaria zen. Hala ere, kosta zaio Greziari gola sartzea. 91. minutuan sartu du Sokratis atzelariak, Keylor Navas atezain bikainaren urruntzea baliatuz. Eta Greziak lehenago golik sartu ez badu, Navasengatik izan da, besteak beste. Partidan barruko partida bat nolakoa izan den kontatu dugu. Beste hiru ere izan dira. Hasierakoa da bat: Costa Rica lotuta eduki du Greziak, ez baitio utzi ohiko joko landua egiten, presioa eginez hegaleko atzelariei eta zelai-erdikoei. Greziaren baliabidea pase luzeak botatzea izan da tarte horretan, eta hegaletik erdiraketak eginez arriskua ere sortu du. Bigarren partida bigarren zatiaren hasiera izan da: amerikarrak gorago estutzen hasi dira, greziarren pase luzeak oztopatzeko edota galarazteko. Horretan ari zirela, sartu dute gola, gainera. Bryan Ruizek egin du, 52. minutuan. Ondoren etorri da kaleratzea eta lehen aipatutako partida mota hori. Azkenekoa, luzapenekoa izan da. Costa Ricak, lehen ez bezala, lortu du kontraerasoren bat lotzea, amaiera onik eman ez arren. Greziak berean segitu du, eta Mitrogluk aukera garbia izan du, baina Navasek ederki itxi dizkio zirrikitu guztiak. Penaltietan, bostak sartu ditu Costa Ricak, eta Greziak hiru bakarrik lautik; Gekasi geratu dio Navasek. Batek irabazi behar, eta Costa Ricari egokitu zaio gaur. Baina Greziakoak ere handiak dira. Bere erara, gutxi behar izan dute historia egiteko. Bere baliabideei egundoko etekina ateratzen diete, eta borrokalari petoak dira. Costa Ricak ere baditu indargune horiek... eta baita jokoa ere.

futbolmamia.com


FRANTZIA-NIGERIA (2-0) Logika ezartzeko beste era bat Aitor Manterola

Frantzia hainbesteko komeriak izango zituenik Nigeria menderatzeko ez zen asko uste. Baina hortzak erakutsi dizkio Afrikako selekzioak Europakoari, eta azkenean, Nigeriaren huts batek eraman du final 1/8etako partida hau Frantzia aldera. Logikak zioena bete da azkenean, baina ez uste zen bezala. Beste era batera inposatu da logika hori. Bizi hasi dira bi taldeak. Orain arteko kanporaketarik ederrena izan da hasiera horretan. Hasi orduko hautsi da partida. Zelai erdian zuloa besterik ez, eta jokalariak bi areen inguruetan. Gora eta behera. Dinamika horretan, ohikoa izaten da kalitate handiena duen taldea nagusitzea, eta ematen zuen Frantziaren esku zegoela asmatzea. Baina golik ez eta minutuak aurrera. Gainera, Nigeriari gol bat baliorik gabe utzio dio marrazainak (ondo hartutako erabakia). Gora eta behera horretan, Frantziak duen indarguneetako bat, handiena ziurrenik, agerian geratu da: kontraerasoa. Baina Nigeriaren ezaugarri onena ere horixe izanik, beste zerbaiten beharrean zen Deschampsen taldea. Baloia gehiago edukitzea behar zuen, baina ezin. Oso makal erabiltzen hasi da, eta Nigeriari ez zion minik ematen. Alde batera, kontrola eman dio partidari, baina arriskua gutxitu da. Frantziari onik ekarri dio hala ere lehen zatiaren amaiera horrek: presioa goian egiteko aukera. Nigeriaren kontraerasoa sustraian bertan ebakitzeko modua izan du horrela. Bigarren zatian, Nigeriak baloiaren jabetzari heldu dio. Menderatu egin du Frantzia. Ez dio utzi ezertan. Erasorako aukerarik ere ez. Ederra izan da nola lotu duten afrikarrek defentsako eta erasoko lana: baloia lapurtu orduko hegaletara eramanez. Izan ere, Frantziak hiru jokalari izaten ditu erdialdean (barrutik hirurak) eta zuloak hegalean uzten ditu. Ondo egin du hori Nigeriak, eta askotan heldu da gora hegaletatik. Baina hor oker ibili da: aurrelari bakarra askotan Frantziako lau atzelarien aurka, eta erdiraketa guztietan eroso aritu dira frantziarrak. Bi atezainen lana ere nabarmendu egin behar da. Nigeriaren aukerak urruneko jaurtiketak izan dira beti, eta ondo aritu da Lloris. Nigeriako Enyeamari gertuagotik ere astindu dizkiote jaurtiketak, eta lan ederra egin du. Izen propio gehiago, eta bat ezaguna gainera: Griezmann. Girouden partez atera du Deschampsek 62. minutuan, eta partida aldatzen hasi da. Ez itxura orokorra, baina bai Frantziaren presentzia eta jokoa erasoan. Gutxirekin zerbait egiten hasi da, eta eman du aditzera gai izango zela eraginkortasunarekin partida irabazteko. Halaxe izan da. Baina Nigeriak lagunduta. 79. minutuan, korner batean, Enyeama atezainak huts egin du, ez du urrundu baloia behar bezala, eta Pogbari eman dio; honek buruz sarea jarri du baloia. Nigeriak pott egin du. Ez zuen espero halakorik, eta ez da gai izan egoerari buelta emateko. Errematea luzapenean jaso du: Yobok bere atean sartu du gola. Zigor handiegia Nigeriarentzat egin duen partida kontuan hartuta, baina ez da sari txikia Frantziarentzat, nahiz eta txapelketako partidarik osoena ez duen egin: hobetu beharko du erasotik defentsarako trantsizioa, aurkariari kontraerasoa hain erraz egiten utzi gabe.

futbolmamia.com


ALEMANIA-ALJERIA (2-1) Ahaztezina Aitor Manterola

Handia jokatu dute Alemaniak eta Aljeriak. Handia jokatzera behartu dira elkar. Dena ematera. Daukaten onena ateratzera. Zirrara eregin du final 1/8etako partidak, eta Munduko Kopen historian gordeta geratuko da. Hemendik urte askotara, beste Munduko Kopa batean, iraganeko kontuak hizpide hartuta, partida hau aipatuko da. Eta baliteke, azkenean, esaldi ha erabiltzea kontatzaileak: "11k 11ren aurka jokatzen dute, eta beti Alemaniak irabazten du". Gaur ere bai. Alemania garaile. Baina Aljeria ere bai, galtzaile izan arren. Oso gutxik uste zutena egin dio txapeldun handiari: hortzak erakutsi, lan zailak ipini. Hasi eta buka. Bere baliabideekin. Eta Alemaniak bere-berea duen bereizgarria atera behar izan du: mailua izatea, inoiz nekatzen ez dena, lan egiteari uzten ez diona, segi eta segi. Luzapenean zehaztu da kanporaketa. 91. minutuan, luzapeneko aurreneko minutuan, Schrrlek sartu du gola, aurrenekoa. Gero, Ozilek, 120. minutuan, azkenekoan, 2-0ekoa sartu du. Baina Aljeriak ez du amore eman, eta 2-1ekoa sartu du Djabouk 121.ean. Kito, hor bukatu dira gaurkoak. Golen kontakizunaz haratago, ordea, eman du zer kontatua partidak. Alemania baloiaren jabe, eta Aljeria bere zelaian zain, baina zain egon gabe, oso aktibo defentsako lanean, Kross eta Schwensteiger oso gainean lotuz, askotan buruz buruko zaintzarekin. Muller ere halaxe lotu nahi izan du Aljeriak, hegaletara joaten zenean. Alemaniak baloia bai, baina ilunpea ere bai; argitasunik ez Halilhodzic bosniarrak egindako sarean sartzeko. Kontraeraso zitalak egin ditu Afrikako selekzioak, jokaldi errazen bidez: erdian ukitu, eta erditik hegaletara, ezkerrera batez ere. Hortik Slimani aurrelari arriskutsuarekin lotu nahi izan ditu aukerak, alemaniarren bizkarra aurkituz. Izua eragin du halakoetan Slimanik, eta eskerrak Neuer atezainak atzelari librearen lanak perfekzioz bete dituen. Sua itzaltzen ibili da atezaina. Bi aldeetan izan dira aukerak, eta Neuer atepean ere ondo moldatu bada, zer esanik ez Mbohly, Aljeriako atezaina. Katua bezain bizia, ia ezinezkoa izan zaie alemaniarrei bera gainditzea. Bizi zihoan partida, ikusgarri, eta Aljeria zegoen Alemania baino erosoago. Baina alemaniarrek inoiz ez dute etsitzen, eta berean segitu dute. Eta parean, Afrikako Alemania bezala definitu daitekeen taldea: langileak eta burugogorrak hauek ere. Bigarren zatian, gauza bat gertatu da, halabeharrez, txiripaz, Alemaniari mesede latza egin diona: Mustafi eskuin hegaleko atzelariak min hartu du, eta Khedira sartu du zelaira Lowk, Lahm hegalean jarriz. Khedira asko mugitzen hasi da, Aljeriako euskarrien lerroaren bizkarrera, eskuin aldetik, eta Schrrle, Lahm eta Khedira hirukoa (Muller ere bai batzuetan) zitala izan da Aljeriarentzat. Minutuak aurrera joan ahala, Alemania nagusitzen joan da, eta sortu ditu aukera garbiak. Baina ezin Mbohly gainditu. Aljeriakoei nekea pilatzen joan zaie, eta lanak izan dituzte defentsako lan onari eusten. Baina borrokari eta grinari esker, lortu dute nola edo hala. Horrelaxe joan dira 90 minutuak, eta luzapenean, Alemaniaren nagusitasuna handiagoa izan da. Golarekin, eta gero ere bai. Atzean sartu beharrean, erasora jarraitu du, eta lehia erabakita uzteko aukera asko sortu ditu. Eta Aljeria erdi erorian, nekatuta, jota, baina zutik. Galdu arren, oso tente bukatu dute partida. Harro egoteko futbolmamia.com


moduan dira. Beste horrenbeste Alemaniaz ere. Gabezia batzuekin (defentsako lan kolektiboan sufritu egin du, eta aukerak sartzen kamuts ibili da), beldurra ematen du. Atera kontuak. Eta bukatzeko, partida ondorengo irudi bat: Aljeriako jokalariak (ordezkoak ere bai), Halilhodzic entrenatzailea besarkatzen, eskerrak emanez, taldeari halako indarra, jokoa eta fedea emateagatik ziurrenik. Liderra. Eta gizona negar malkotan. Futbolak ere bihotza baduelako. Bere berezkotasunean handia baita. Horregatik ere, ahaztezina izango da partida hau. Gordetzekoa.

futbolmamia.com


ARGENTINA-SUITZA (1-0) Di Maria da Argentina Aitor Manterola

Munduko Kopa honetan Argentina noraino helduko den inork ez daki, baina orain arte egindakoagatik bakarrik ere, Angel Di Mariak merezi du omenaldia herrialdean. Estatua bat edo Buenos Aires erdi-erdian. Bera ari da selekzioari eusten. Berak hausten ditu aurkariaren lerroak, berak uzten ditu atzean aurkariak, berak egiten ditu jaurtiketa gehienak area ertzetik, bera da hegalean eta erdian dabilena, bere taldearen joko ezak sortzen dituen korapiloak askatzen. Di Maria da Argentina, eta gaur, futbolak ohore egin dio: Suitza menderatzeko gola egin du, 117. minutuan, penalti jaurtiketak gainean zirela. Eta gola sartu arren, penaltien mamu beltza gainean izan du Argentinak. 120. minutuan, Dzemailik zutoinera bota duelako balia buruz. Zorte ona aldeko izan du Argentinak, eta alde horretatik Brasilen pare dabil Sabellaren taldea. Jokorik apenas, eta irabazle beti, hala ere. Noiz arte horrela? Suitzak behar zuena egin du. Aurreko hiru partidetan gabeziak izan ditu sendoa izateko orduan, eta Hitzfield azeri zaharra da. Baloiaren atzetik lan sendoa egiteko antolatu ditu jokalariak. Lauko bi lerro elkarren gainean ia, eta Messik baloia hartzen zuen oro, bizpahiru jokalari parez pare. Egoera horiek irakurtzen ez du jakin izan Messik, bakarkako jokaldietan itsutu egin delako ia beti. Hori baino errazagoa da eragiketa: berak hiru aurkari baditu bere inguruan, bere taldekide bi bakarrik egongo dira, ezta? Argentinak izan du jokoaren ekimena ia partida osoan, luzapeneko lehen zatian izan ezik. Baloia bai, aukerak bai baloiarekin Suitza menderatzeko, baina argitasunik ez. Jokoa sortu egin behar da, eta sortzen hasten da euskarrien lekuan askotan. Bada hor Mascherano eta Gagorekin jarraitzen du Sabellak, eta nekez izango du argitasunik jokoan bi horiekin. Di Maria azaldu izan den aldiro piztu zaio argia Argentinari. Ez du taldeko jokorik taldeak, dena da buruzko buruko jokaldia saiatzea, eta ateratzen bada, ondo. Erasoan lekuak ondo hartzea falta zaio Argentinari, ikusiz aurkariak non duen zuloa min emateko. Baina nekez mugitzen dira baloiaren aurretik daude jokalariak, Di Maria izan ezik. Eta Rojo ezker hegaleko atzelariaren igoerak dira beste indargunea Argentinan. Baina oso gutxitan heltzen da aurkaririk gabeko parean; horrek ere adierazten du Argentinak ez duela baloia ondo erabiltzen erdian, gero hegaletan zuloak izateko. Suitzak izua bitan eragin dio Argentinari lehen zatian. Xakharen jaurtiketa batean, eta Drmicek inozo egin duen erremate batean, Romero atezaina bide erdian geratua zenean. Aukerak kontatzen segituz, Argentinarenak area erzeko jaurtiketak izan dira asko, eta Benaglio suitzar atezainak txapelketako partida onena egin du. Goiko baloietan ere seguru aritu da. Gauzak horrela, luzapena zetorren, eta etorri da. Ezustean, Suitzak hartu du jokoaren ekimena, Argentina hautsi eta nekatu egin delako. Heldu, heldu da Romeroren area ingurura, baina hortik aurrera ezer ere ez. Eta gainera, Argentinak kontraerasoren bat harrapatzeko arriskua. Luzapeneko bigarren zatian, gauzak berera joan dira. Lehengora. Baina golik ez, aukerak ere apenas... Suitzak zelai erdian, hegal batean, baloia galdu duen arte. Messik hartu du, hasi da lasterka zuloa zuela parez pare, eta Suitzako atzelariak itxi egin direla baliatuz, Di Mariari pasatu dio baloia, eta honek lehen ukituan, barrura. Berak izan zuen behar zuen salbatzailea, eta ez diezaiola Messik titularrik kendu oraingoan. Bakoitzari berea.

futbolmamia.com


BELGIKA-AEB (2-1) Kalean bezala Aitor Manterola

Belgikak irabazi egin die AEBei, eta final-laurdenetan izango da. Luzapenean lotu du garaipena, baina aurretik erabakita uzteko aukera asko alferrik galdu ditu. Belgikaz asko hitz egin zen txapelketaren atarian, inoizko talderik onena duela eta. Jokalari bikainen belaunaldia loratu da, eta denak elkartu dira selekzioan. Baina multzoen fasean, narras antzean ibili zen, nahiz eta partida guztiak irabazi. Jokoa ez zetorren bat jokalarien kalitate teknikoarekin. Baina gaur bai, gaur partida ia biribila osatu du erasoan. Ia biribila izan da, osotasuna osatzeko gauza batean egin duelako huts, eta nabarmen gainera: golak sartzen. Pila bat aukera galdu ditu alferrik, eta gero garesti ordaintzeko zorian egon da. Erabakita behar zuen partida ia joan zaio kareletik behera 90.minutuan. AEBek sekulako aukera izan dute kanporaketa gainditzeko, baina Wondolowskik zeruetara bota du baloia, ahoko zuloan zenean. Irabaztetik galtzera, eta galtzetik irabaztera. AEB eta Belgika, hurrenez hurren. Luzapenean, lehen minutuan, gola sartu du De Bruynee jokalari apartak. Kontraerasoan izan da, Lukaku zelairatu berriaren jokaldia baliatuz. Kontraerasoak: partida honetako ezaugarri nagusia. Erasoari beste eraso batekin kontra egin. Horrela ibili dira askotan bi taldeak. Kontrolik ia apenas izan duen partidan. Kalean bezala jokatu dute jokalariek. Garai batean bezala. Gola helburu, gora gehiago behera baino. Gozamena jokatzeko, eta baita ikusteko ere. Joan-etorri horretan, askoz hobeto zehaztu ditu jokaldiak Belgikak. Kalitate teknikoak balio duela zerbaiterako. Hazard nahierara ibili da gaur, bestetan hegalean itsatsita eta preso egon ostean. Taldekideek baloia berari, eta berak asmatu eta asmatu, jokaldiak, paseak, jaurtiketak... Erakustaldia eman du. Baina gauza guztiek bezala, onetik eta txarretik Hazarden nahiera ibili beharrak. Bere aldean zulo galanta utzi du defentsako lanean, eta handik sortu diote buruko min gehien AEBek. Johnson eskuin hegaleko atzelaria azkar lesionatu da, baina ondo bete du zuloa Yedlinek. Makina bat korrikaldi egin ditu gorantz. Etekin gutxi, ordea, erdiraketei. Gaur, Dempsey zitala otzan ibili da, besteetan baino apalago eta antzeman du selekzioak. Izen propio gehiago; bi atezainenak, orain: direnak eta ez direnak geratu edota urrundu dituen Howard atezaina. Partida bikaina berea. Baita Courtoisena ere. Luzapenean, AEBek 2-1ekoa sartu dutenean 107. minutuan Greenen bidez (aurretik Lukakuk 2-0ekoa egina zeukan,105. minutuan, beste kontraeraso batean), estutu egin da berriz neurketa. Fedea berreskuratu dute amerikarrek, eta falta batean, ondo landutako jokaldian, Belgikako atezainak berdinketa eragotzi dio Dempseyri gero. Belgika hazi egin da gaur. Konfiantza olatu handiak busti du, emaitzari jokoa gehitu diolako azkenean. Eta AEBek ere erakutsi dute ez daudela lehen bezain urrun; badatozela. Eta jarrera, joko eta Klinsmann bidelagun badute (besteren batekin ere bai, zergatik ez), etorriko dira.

futbolmamia.com


FINAL-LAURDENAK

• Frantzia-Alemania • Brasil-Kolonbia • Argentina-Belgika • Herbehereak-Costa Rica

futbolmamia.com


FRANTZIA-ALEMANIA (0-1) Honela edo horrela, beti Alemania Aitor Manterola

Zale bat baino gehiago gogoratuko zen gaur arratsaldean Gary Linekerrek esandakoaz behin: "Futbolean, 11 x 11 jokatzen da, eta beti Alemaniak irabazten du". Ez du azalpenik behar aurrelari ohi ingelesaren esanak. Eta beharko balu, gaurko Alemania-Frantzia partidaren berri emanda nahikoa litzateke. Alemaniak irabazi du. Finalerdietan da. Ez du ondo-ondo jokatu. Geldikako jokaldi bat, partidaren hasieran. Hortik aurrera, ezer gutxi gertatu da. Alemania baloiaren jabetza luzeekin hasi da. Horretan oinarritu du lehen zatiko jokoa. Frantziarrek hain beharrezkoa duten erritmo bizia makaltzeko estrategia ona. Frantziak berak ere ez du askorik egin hain berea duen erritmo azkarra inposatzeko. Izan ere, atzean sartuta egon baita, kontraeraso azkarretan min egin nahian Alemaniari. Germaniarrek oso aurreratuta izan dute atze-atzeko lerroa, eta baloi luzeekin hautsi nahi izan dute frantziarrek alemaniarren defentsako estrategia. Etekinik eta aukerarik, ordea, apenas. 13. minutuan hautsi da partida. Orduan inork ez zekien arren, betirako hautsi ere. Hummels erdiko atzelariak maisutasuna eta azerikeria erakutsi dizkio Varane gazteari buruz buruko lehian, eta jarrera behartuan jo badio ere baloiari, Llorisengandik urrun jarri du. 1-0. Kostatu egin zaio Frantziari gola barneratzea. Une batzuetan ez du ezer egin. Alemaniak beharrik ere ez. Bakoitzak bereari eutsi dio lehen zatia amaitu bitartean, eta ez da golik egon. Aukerak ere tamainan. Bat aipatzekotan, Valbuenaren jaurtiketa, Neuerrek urrundua. Bigarren zatian, Frantziak aldatu egin du defentsako estrategia. Edo aldatuz joan da minutuak aurrera joan ahala: goian presioa egiten hasi da. Erasoan baloia galdu edota jokaldia bukatzen ez bazuen, goian estutu du Alemania. Horrek ondorioa izan du alemaniarren erasoan: leku gehiago izan du aurkariaren zelaian, eta kontraerasoan aritzeko pagotxa azaldu zaio. Une batzuetan erritmoak gora egin du, eta hori Frantziaren mesede, baina ez du baliatu. Deschampsen aldaketek ere erasoko jokalariak ipini dituzte zelaian: Remy eta Giroud. Jokalariak pilatu ditu alemaniarren arearen inguruan, eta jokoa landu gabe, baloi luzeak tartekatu ditu. Luzapenean izan du aukera Benzemak, baina Neuerrek patxada handiz urrundu du baloia. Alemaniak ere ez duenez baliatu kontraeraso bat bera ere, Hummelsen golak erabaki du finallaurden hau. Ondorioak hauek: zenbakitan, hirugarrenez utzi du Alemaniak Frantzia kalean kanporaketan, 1982an, 1986an eta gaur. Beste ondorioa hauxe: Alemania beti Alemania da, honela edo horrela jokatuta.

futbolmamia.com


BRASIL-KOLONBIA (2-1) Esnatu ez ote den... Aitor Manterola

Brasilek beste kilo mordo bat kendu ditu gainetik. Finalerdietan da. Jokalariek daukaten presioari zati bat kendu diote gaur. Eta ez hori bakarrik, orain arteko minutu onenak jokatu ditu taldeak; lehen zati osoan aritu da ondo. Esnatu ote den ba etxeko animalia handi hau. Gosez zelairatu da piztia, eta jan egin du Kolonbia. Izutu ere bai. Zelaitik desagertarazi du. Defentsan, presio itogarria egin du, arnasa hartzen ere ez diote utzi aurkariari. Kontu honetan, 単abardura egin behar: James izan da piztien helburua, egurra eman diote, eta batik bat, Fernandinho ase da estrategia horrekin (estrategia bai, aldagelan mamitutakoa). Espainiako epaileak utzi egin dio euskarriari nahi duen guztia egiten Kolonbiako eta Munduko Kopa honetako izar handienetakoari. Goseak azkar aurkitu du janaria. 7. minutuan, korner batean, bakarrik utzi dute kolonbiarrek Thiago Silva erdiko atzelaria, eta belaunarekin jo badio ere baloiari, sarera joan da. Merezitako saria izan da. Aurretik ere nabarmen utzi baitute bi taldeek aldarte ezberdinarekin ari zirela: Brasil erasokor, eta Kolonbia galduta, teknikoki baldar erasoan, taktikoki ere bai, eta psikologikoki erabat nahasita. Tokitan zegoen aurreko partidetako Kolonbia hasiera horretan. Eta tokitan egon da lehen zati osoan ere. Ezin bizpahiru pase elkarri lotu, presaka jokatuz, erabaki okerrak hartuz, mugitzeko aukerarik gabe eta aukera zeukatenean, lotuta erabat. Brasilek bereari eutsi dio, eta lehen orduerdian beste bi edo hiru gol sartzeko aukerak izan ditu. Baina Ospina atezainak lan aparta egin du gaur ere Kolonbian. Bigarren zatian, Brasilek utzi egin dio presio zital hori egiteari. Nekea edo estrategia. Auskalo. Kolonbia hasi da hobeto erabiltzen baloia, baina hala ere, erakutsi izan duena aparte samar utzita. Askotan gertatzen dena gertatu zaio: Brasilek bigarren kolpea jo dionean, askatu egin dira jokalariak. Galduta ikusi dutenean ikusi dugu betiko Kolonbiaren zertzelada multzoa. David Luizen zartako zoragarria area kanpotik 69. minutuan izan da, 2-0, eta hortik aurrera azaldu da Kolonbia. Baita Scolari ere. Atzeko jokalariz josi du taldea, aurrelariak kenduz. Eta defentsako lanean, taldea lehen baino okerrago. Erasoan ere bai, jakina. Kolonbia erraz iritsi da Julio Cesarren areara, baina aukera garbirik ezin sortu. Batean, penaltia egin dio atezainak Baccari, eta Jamesek gola sartu du (seigarrena du txapelketan). 10 minutu eta epailearen borondatea zeuzkan aurretik Kolonbiak berdinketa lortzeko. Ibili da area barruan ere, baina ezin. Tarte horretan (eta ia bigarren zati osoan ere), Brasilen aurpegi ilunena azaldu da: jokatu gutxi eta aurkariari jokatzen utzi ez. Orain, Alemania izango du parez pare etxeko taldeak. Alemania ez da Kolonbia bezala izutuko. Ez dute izutuko. Thiago Silva ez da ariko, txartel horiak pilatua izateagatik. Hutsune handia. Kontuak kontu, gaur Brasilek argia ikusi du, eta bada zerbait, aurreko partidetan erakutsi duena erakutsi eta gero.

futbolmamia.com


ARGENTINA-BELGIKA (1-0) Anestesistak Aitor Manterola

Itsusitzen dos Munduko Kopa. Multzoen fasea final-zortzirenak baino politagoa izan zen, eta finalzortzirenak ikusgarriagoak final-laurdenak baino. Irabazi beharrak eta galtzeko izuak faborito handienen artean, praktikotasunera bideratu ditu estrategiak. Praktikotasuna ez galtzera eta irabazia dagoena gordetzera jokatzea ulertuta. Alemania eta Brasil atzo, Argentina gaur. Hirurak molde berean. Gola sartu hasieran, eta bigarren zatian eutsi eta eutsi. Nabarmenago da joera hau amerikarren artean Alemaniaren baitan baino, dena esaten hasita. Argentinak ere anestesistaren jantzia eraman du soinean. Tira, partida guztietan izan du jantzia, eta gaur aukeran jarri zaio traje itsusi hori erakusteko, hasi orduko sartu duelako gola Higuainek. 8. minutuan izan da, eta agerian utzi du aurreko minutuetan ikusia: Belgikaren defentsako lanak indarrik ez du. Begiekin defendatzen ari ziren, lerro barruan zuloak utziz eta lerroen artean ere bai. Aurrelari bakarra Argentinak (Higuain), eta behera jaisten bazen baloiaren bila Van Buyten eta Kompany erdiko atzelariengandik metro batzk ihes eginda, Belgikako biak begira. Gola adibide. Bakarrik hartu du aldaratzea, berari joan zaio (zorte kontua), baina erdiko atzelaririk ez inguruan. Zartakoa, ezustean hartuz denak, eta gola. Kito partida. Bai, kito. Nahiz eta 80 minututik gora geratu. Bi molde ikusi dira hortik aurrera: Argentina atzean sartuta, Belgikaren aldean beste oldarkotasun batekin defendatuz, kontraerasoan oinarritu nahian. Eta Belgika ezinean aurkaria atzean sartu izan zaion bakoitzean bezala. Multzoen fasean estu ibili zen aurkariak horrela jartzen zitzaizkionean, eta gaur estu baino larriago ibili da. Ezin jokorik sortu. Bi molde horien baitan joan da partida. Erritmoa geldoa, jakina. Argentinaren mesede. Aukerak tamainan. Eta bukaeran, Belgika joko zuzenaren bidez aukerak sortu nahian. Baina ezer ez sortzeko. Eta sortutako apurrak bi atezainek utzi ezerezean. Bukatzeko, kontu batzuk: Argentina finalerdietan da, 1990etik aurreneko aldiz; Di Mariak min hartu du lehen zatian, eta ikusi egin beharko da jokatzeko moduan egongo den orain; eta Biglia zelai erdian gaur, Gagoren ordez. Onura Argentinarentzat. Anestesistak nagusi. Ikuskizunaren kalterako.

futbolmamia.com


HERBEHEREAK-COSTA RICA (0-0) (4-3 penaltietan) Berandu, baina garaiz Aitor Manterola

Herbehereak finalerdietan da, duela lau urteko txapelketan bezala. Baina bada alderik ordutik: talde honek baliabide asko dauzka, eta 2010ekoak bakarra. Eta guztiaren gainetik, genio bat dauka aulkian: Louis Van Gaal. Jokatzeko baliabide asko edukitzea bere eraginez da, eta partida baten baitan jokatzeko erak aldatzea ere bere ardura da. Jokalariak egiteko gai badira, landua daukatelako da lehendik. Horra entrenatzailea. Van Gaalen berri bagenuen, eta gaur beste mugarri bat jarri du: ordezko atezaina atera du zelaira, luzapena amaitzear zela. Krul hobea izango da Cillesen baino penaltietan, eta apustua egin du entrenatzaileak. Bi penalti urrundu ditu atezainak, eta beste hirurak nora botako zituzten ere asmatu. Argentina daukate zain Herbehereek finalerdietan. Eta arma zorrotz eta eraginkorra aulkian: Van Gaal. Eta zelaian ere bai: Robben. B planen partida izan da. Atezainarena hor dago. Jokatzeko estrategiena orain dator. Bi taldeek eraldatu dute jokoa. Herbehereek kontraerasoa izan dute oinarrian orain arte, gutxi asko, beste baliabideren bat ere erabili badute ere. Gaur, jokoaren ekimena partida osoan eramatea egokitu zaio, eta ondo egokitu da taldea horretara. Van Gaalek bazekien zerbait, eta Sneijder atzerago jarri du, jokoa sortzeko ardura gehiago emanez. Depay ere hasieratik jarri du, beste partidetan zitala izan den hegaleko azkarra eta ona. Costa Ricak ere B planari heldu dio. Erasoan eta jokoa sortzen ondo aritu arren taldea, Pinto entrenatzaileak defentsako lanera mugatu du gaurko estrategia. Eta kontraerasora, jakina. Ez zaio ondo atera. Talde askori gertatzen zaien bezala, hain atzean defendatzen denean, onena atezaina izan da. Keylor Navas. Direnak eta ez direnak geratu dizkie Robben, Van Persie eta gainerakoei. Beragatik ez balitz, Krol atezaina zein den ere ez genuen jakingo. Luzapenera ere ez zen helduko partida. Zutoinek eta langak ere lagundu egin diote Costa Ricari gaur. Jokoa ikusita bakarrik argi zegoen batek irabaztekotan Herbehereek irabaziko zutela. Baina minutuak aurrera eta golik ezin sartu. Eta halakoetan askotan gertatzen den bezala, gutxi behar izan du Costa Ricak garaipena eramateko. Luzapeneko bigarren zatian izan da. Van Gaalek hiru erdiko atzelarietako bat kendu eta birekin geratu da. Zulo gehiago atzean, eta horiek baliatu ditu Ure単ak Cillesenen aurrera heltzeko. Baina atezainak urrundu dio jaurtiketa. Penaltiak, eta hor Herbehereek denak barrura. Eta deigarria hau ere bai, atezainaren aldaketarekin batera: lehen hiru jaurtiketak jokalari onenek egin dituzte (Van Persie, Robben eta Sneijder). Hemendik aurrera zer? Bada, Argentina parez pare. Estu joango da. Asteazkenean argituko da misterioa (22:00). Ea Van Gaalen estrategia apartak zer ematen dion alde bere taldeari. Zerbait ona bai, hori ziurra da. Zelaian berdindua egon daiteke partida, baina aulkietan, kolore bakarra du lehiak. Van Gaalena.

futbolmamia.com


FINALERDIAK

• Brasil-Alemania • Herbehereak-Argentina

futbolmamia.com


BRASIL-ALEMANIA (1-7) 1950 eta 2014 Aitor Manterola

Munduak atzera egin du. Iraganera joan da 18 minutuz. 1950era eta Maracana estadiora. 64 urte geroago, Brasilek beste zartako historiko bat jaso du etxean bertan. Oraingoan, Belo Horizonten. Eta aurkaria ez da Uruguai izan, Alemaniak utzi du txiki gaur. 18 minutuan bost gol sartu dizkio: 11.etik 29.era bitartean. 0-5 atsedenaldira. Historikoa. Bigarren zatian, 0-7 ere jarri dira, eta azkenera, Brasilek bere gola egin du. 1950eko 'maracanaço'-a futbolaren historiaren bigarren orrialdera igaro da; aurrenekoan, gaurko zartakoa dago orain. 11. minutuan, gola jaso eta segituan. Brasilen baitako guztia agerian geratu da. Mozorroa kendu zaio taldeari. Scolari errege biluziaren pare geratu da. Emozioen baitan eraikitako taldea izan da hau, eta gauzak okertu zaizkion orduko, buruak ezetz esan die jokalariei. Baina Alemaniak ere egin du berea. Eta ziurrenik ez da bidezkoa Brasilen arazoak lehenago aipatzea. Sekulako 18 minutu jokatu ditu. Brasilen hasierako erauntsi antzekoa aise kendu du gainetik. Baloia lagun, konfiantza eta ziurtasuna makulu. Oso argigarria da hau gero gertatua azaltzeko: Alemaniako jokalariek defentsan berreskuratu dutenean baloia, patxada osoz jokatu dute, bat bera ere urrutira bota gabe. Eta gero, erraztasun horrekin, maisutasunez eta aise menderatu ditu Brasilen defentsako oztopoak (?). Bizi eta azkar jokatu du Alemaniak baloia hartu orduko. Oso bertikal. Beste baliabide bat gehiago oso aberatsa den erregistroan. Brasilen huts bakoitza jokoaren sorreran ezin hobeto baliatu. Mullerrek geldikako jokaldian egin du lehen gola, eta gainerako goletako batzuk oso antzekoak izan dira; ia-ia berdinak. Brasilen defentsako lerroak marra zuzena ez beste guztia eman izan du, eta ondo baliatu dituzte leku horiek alemaniarrek txikizioa eragiteko. Klosek gola egin du (Munduko Kopetako golegile onena da gaurtik), Kroosek bi sartu ditu, eta Khedirak itxi ditu 18 minutu magikoak. Hortik aurrerakoa, bigarren zati osoa, azkar batean kontatua: Brasil lotsarenak egitera atera da, izan ditu aukera bat edo beste, baina Neuerrek urrundu ditu denak... Oscarrena izan ezik; 90. minutuan, eta ordurako Alemaniak beste bi gol zituen sartuta. Shurrlek sartu ditu biak, 69. eta 79. minutuetan. Alemania finalean da, 2002tik aurreneko aldiz, eta gaurkoa ikusita, beldurra ematen du finalera begira. Brasilen inguruan, hauxe: gerta zekiokeen onena gertatu zaio, mozorroa kentzeko (Scolarirena, nagusiki), hausnarketa sakona egiteko, ereduaren inguruan azterketa zehatza egiteko. Diego Latorre Argentinako jokalari ohiaren hitzak dira hauek, partida bukatu berritan idatziak: "Benetako porrota estiloa galtzea da, zure nortasunari bizkarra ematea, umilatua izatea beste bat izan nahian. Horregatik du esanahi handia gaurkoak".

futbolmamia.com


HERBEHEREAK-ARGENTINA (0-0) ( 2-4, penaltietan) Atzokoaren eklipsea Aitor Manterola

Argentina, atzera begira bizi den talde makal eta geldoa, ikuskizun kolektiboari bizkarra emanda bizi den hori, Messiren magia itzaltzen hasiak bizirik iraunarazi duen talde justu hori... bai, Argentina hori Munduko Kopako finalera sailkatu da. Jokoaren sormena aurkariaren hurrengo erasoa geratzeko erabiltzen duen estrategia itsusiak saria jaso du. Gehiegizkoa, batere dudarik gabe. Ezustetzat ere har daiteke Argentina hau hain urrutira heltzea. Herbehereek ere lagundu diote gaur ezuste horri. Beldurrez jokatu du, argentinarren kontraerasoari izua izan dio, eta apenas izan du sakontasunik. Baloiaren jabe izan denean, ez du arriskurik sortu. Horizontalean pase gehiegi, bertikalean oso gutxi. Eta erritmo geldoan. Lehen zatian, gainera, baloirik ere ez du eduki ia. Argentinak izan du ekimena gehienean, eta hauena jakina da zer den: jokoa geratu, makaldu, eta arriskuak har ditzala Messik bakarrik. Hala ere, aurkitu du zuloa Herbehereen atzealdean, europarren ezker hegalean. Lavezzik aukerak izan ditu han suak pizteko, baina su txikiak izan dira. Argentina zer den erakusten duen datua, hauxe: lehen zatian baloia gehiago eduki arren, aukera garbiena Messik egin duen falta baten jaurtiketa izan da. Eroso zebilen Sabellaren taldea. Erasoan, hautsi gabe, neurrian gauzak egiten, eta atzealdean, esanda bezala, Herbehereek ez dute batere estutu. Egoera pixka bat aldatu da 60. minutuaren bueltan. De Jong euskarri ez sortzailea kendu egin du Van Gaalek, eta Clasie atera. Jokoa sortzen hasi da taldea, baloia azkar jokatuz, ukitu gutxitan, pase bertikalak azaltzen hasi dira... Hor hasi da Argentina sufritzen, eta ia-ia sufrikarioak ito egin du 90. minutuan: Robben area barruan sartu da, eta jaurtiketa egin berria zuenean, Mascherano (Argentinakoen arazo guztiak konpontzen dituena) agertu zaio lurrera botaz, eta gola zitekeena korner bat izan da. Luzapeneko lehen minutuetan ez da aldatu egoera, eta aldatu bada, Herbehereen kalterako izan da. Berriz ere kosta egin zaio jokoa sortzea, eta luzapenaren azken aldera, Argentina harrotu egin zaio. Cillesenen ate inguruan ibili da, baina Ag端ero ez dago gauza asko egiteko (82. minutuan atera da, Palaciorekin batera). Azken honek ere izan du aukera ona, baina ezer ez. Penaltietan, Argentinak lau bota eta laurak sartu ditu. Herbehereen bi jaurtiketa urrundu egin ditu Romerok. Hor joan da txapelketa honetako talde aberetsenetakoa taktikaren estrategian: Herbehereak. Eta justu eta arrastaka partida asko irabazi dituen Argentina finalean da. Atzokoaren eklipsea izan da. Argia ilun. 24 urte geroago finalean da Argentina, eta gauzak zer diren, orduko final bera izango da aurten. Orduan Alemaniak irabazi zuen. Oraingoan ere hala ematen du... baina Argentina triste hau honaino heldu bada, batek daki.

futbolmamia.com


3. eta 4. POSTUA

â—Ś

Brasil-Herbehereak

futbolmamia.com


BRASIL-HERBEHEREAK (0-3) Sari txikia talde handi batentzat Aitor Manterola

Herbehereek saria lortu dute Munduko Kopa honetan. Txikia, baina saria. Hirugarren geratu dira, gehiago merezi izan arren txapelketan emandako itxuragatik, eta futbolari egin dioten ekarpenagatik. Louis Van Gaal da ekarpen horren arduradun, eta berak ere jaso du saria, bere palmares bikainean jartzeko. Talde gaztea bikain zuzendu du, eta baliabide taktiko aberatsak erabili ditu: hiru erdiko atzelariak, buruz buruko zaintzak zonan defendatzearekin uztartzea, partida batean jokatzeko era aldatzeko gaitasuna izatea eta beste hainbat. Utzi egingo du selekzioa orain, eta ekarpen eder askoa eginda doa: taldea bide onean utzi du, oinarri sendoekin: jokalari gazteak eta landuak. Beste izen berezi bat: Arjen Robben. Sekulako txapelketa jokatu du, aurkari ia guztiak hankapean erabili ditu, golak sartu ditu, taldekideei golak sartzeko paseak eman dizkie... Finalerdia galdu eta gero, lor zezakeen sari handiena hirugarren geratzea da, eta hortxe dauka saria. Herbehereen maila onaren berri ematen du honek: ia jokalari guztiak nabarmendu dira. Beste bat aipatzearren. Vlaar erdiko atzelaria. Sekulako txapelketa egin du, De Vrij eta Indi Martins bere lerroko kideekin batera. Kuyt, Wijnaldun, Van Persie, Blind, Cillesen... ia zerrenda osatzeraino idatz daiteke Herbehereetako jokalari onen multzoa. Partidaz zerbait esan behar, eta hasierako hogei minutuak eta beste zerbait gehiago aipatuta, nahikoa izango da. Erraz Herbehereak Brasilen defentsako lan hauskorra eta ahula hausten. Robbeni penaltia Thiago Silvak eta gola Van Persiek. 3. minutua. Handik ordu laurdenera bigarrena. Blindek Munduko Kopa bikainari ginda jarri dio. 0-2. Orduan hasi da Brasil esnatzen, baina jokoa gutxi eta Oscarren inspirazioa bakarrik bidelagun. Hala ere, aukera bakarrak geldikako jokaldietan. Gutxi. Ezer ez. Bigarren zatian, beste horrenbeste. Brasil bultzaka, buruz buruko jokaldien mende ia erabat, talde jokorik gabe (txapelketa osoan bezala), eta aukerak oso gutxi. Herbehereak kontraeraso baten bila etxeko taldea are gehiago txikitzeko. 91. minutuan aurkitu du, eta Wijnaldumek sartu du 0-3koa. Saria, ondo merezitakoa, irabazlearentzat. Eta zigorra, merezia baita ere, Brasilentzat; joko gutxirekin gehiegi egin du laugarren izanda. Hobeak izan diren selekzio batzuk lehenago joan ziren etxera.

futbolmamia.com


FINALA

• Alemania-Argentina

futbolmamia.com


ALEMANIA-ARGENTINA (1-0) Txapeldun sakona Aitor Manterola

Munduko Kopa honetako garailea Alemania izatea oso sakona da. Esanahi handia dauka. Datuengatik, estatistika hotzak berotzen dituelako: laugarren txapelketa du (1954, 1974, 1990 eta 2014), eta batez ere, hau da kontuan hartzekoa: Hego Amerikan jokatu den txapelketa bat irabazi duen Europako lehen selekzioa da. Historian gordeta geratuko da azkeneko datu hori. Txapeldun sakona da, bideak eta prozesuak garrantzia erabatekoa izan eta gero. Emaitzez haratago, behin hasitako bideari koherentziaz eutsi izan dio Alemaniak. Urteetan atzera joan behar da gaurkoaren sustraia aurkitzeko. 2006ko Munduko Kopa, Alemanian bertan. Bi urte lehenago Federazioak hautsi egin zuen betiko Alemaniarekin: beste eredu bat behar zen jokatzeko. Indarra, lehiakortasuna, borroka, baliabide fisikoak... hori guztia lehengoa zen, eta ez zegoen galtzerik, baina beste zerbait behar zuen selekzioak: lan taktikoa, teknikoa. Iraultza izan zen Jurgen Klinsmanni entrenatzaile kargua ematea, baina erabaki haren oinarrian asmo sakona zegoen. Klinsmannen laguntzaile zen Joachim Low. Eta 2006tik entrenatzaile nagusi izendatu zuen Federazioak, Klinsmannek lana utzi eta gero. Bide berriaren aurreneko harriak ezarrita zeuden, eta hor jarraitzen dute oraindik. 2004tik 2014ra, hamar urte, eta aurreneko harri haien gainean filosofia sendoa eta sakona eraikia daukate. 2006an, Munduko Kopan, finalerdietan izan zen Alemania; 2008ko Eurokopan bigarren sailkatu zen; 2010eko Munduko Kopan, finalaren atarian geratu zen berriz; 2012ko Eurokopan ere bai; eta gaur, 2014ko uztailaren 13an, lan sakonari emaitzarik handiena jarri diote: Munduko Kopa. Filosofia horrek erasoko jokoa du oinarrian, baloia zelaiaren gainera jaitsi eta hasi jokatzen. Betiko lehiakortasuna gainetik kendu gabe. Ikusi Munduko Kopa honetako azken partidan zer egin duen Alemaniak, eta ederki azaltzen du zer den Alemania moderno hau. Aurkaria edozein izanda ere, jokatzeko era beti bera; partida bere biziko garrantziaren parekoa izan arren, jokatzeko era beti bera. Argentina, aurkaria. Zitala kontraerasoan; Alemaniaren ereduarentzat arriskutsuena. Berdin dio, Alemania berean, arriskuak hartuz. Atzealdean bi atzelari eta Argentinako bi aurkari buruz buru geratu direla lehen zatian? Berdin dio. Argentinak Higuainekin sekulako aukera izan duela eta Messik ere kontraerasoetan arriskua eragiten zuela, berdin izan zaio Alemaniari. Erasora. Erritmo bizian, ahal izan duenean. Khedirak min hartu duela beroketan, eta bere ordezko Krammerrek ere zelaia utzi behar izan duela hasieran kolpe latza hartuta? Berdin dio. Alemania berean. Baloia du lagun Alemania modernoak, eta jokalari trebeak. Zelai erdia jokalariz bete eta Lahmen igoerak baliatu. Horra estrategia. Iritsi da bai erraz antzean Argentinaren areara, baina minik egin ezin: azkeneko metroetan asmatu ez. Baina bideari tinko eutsi dio, ez du aldatu ezertxo ere. Bigarren zatian, Argentinako Sabellak aldaketa taktiko aberatsa eta burutsua: hiru euskarri jarri ditu (Perez, Mascherano, Biglia) eta horien aurretik Messi edo Aguero ipini, Higuain eta Messi edo Aguero goi-goian utzita. Hiru jokalari goian azkenean. Kontraerasorako arma gaiztoa. Gero, Palaciok ordezkatu du Higuain; estrategia ez da aldatu. Horren aurrean, Alemania ez da kikildu. Berean segitu du. Ezta Messik bigarren zatiko lehen minutuetan alferrik galdu duen aukera galdu eta gero ere. Eskuin hegalera eraman du erasoa ia beti, ezkerraldetik Howedes hegaleko atzelariak ez duelako ekarpen handirik egiten. Kosta egin zaio Argentinako hiru euskarriei min ematea, baina ez du etsi. Geldikako jokaldi batean, zutoinak eragotzi du Alemaniaren gola, Howedesen burukadan. futbolmamia.com


Bazihoan partida. Bi talde, bi eredu. Partida hasierako gidoia hautsi gabe: Alemania baloiaren jabe, eta Argentina kontraerasoaren bila. Eta luzapena ate joka. Golik ez. Izan du aukera handia Palaciok luzapenaren hasieran, baina erabaki okerra hartu du, eta ez du asmatu. Hain berdindua egonda partida, bi aukera zeuden: penaltietara heltzea, edo gol bat sartzen zuena txapeldun izatea. Goetzek sartu du gol hori, 113. minutuan. Ezker hegaletik jokaldi bat egingo eta Schrrleren erdiraketa Goetzek baliatu du. Kitto partida eta Munduko Kopa. Bidezkoa da ikusgarria izan den txapelketak Alemania eta bere jokoa edukitzea txapeldun. Sakontasunaren garaipena.

futbolmamia.com


ERREPORTAJEAK eta ANALISIAK

futbolmamia.com


Ticoak, handiak Naxari Altuna

Costa Rican gauza bat txikia dela esateko –tico eransten diote erabili nahi duten hitzari. Egun batean, goitizen hori jarri zioten euren buruari: Tico. Costa Ricako selekzioari “Los ticos” esaten diote. Mundialerako gida-libururen batean norbaitek oporretarako leku gogoangarri gisa-edo salduko zuen, agian. Horrelako komentarioak ere izaten dira. Karibekoak izaki, CONCACAFen Mexiko eta AEBen azpitik normalean, Costa Ricako jokalariak ez dira gehiegi nabarmendu nazioartean. Ez, behintzat, Europan. Baina, badaude. Eta onak, gainera. Izan ziren, eta badira. Bost milioi biztanle baino gutxiago dituen herrialdea Karibeko selekziorik indartsuena da. Jamaika eta Trinidad eta Tobago azaldu izan dira Munduko Kopan azken boladan, baina ez dute Costa Ricaren oihartzunik lortu. 1990eko Mundialean ezustekoa eman zuten ticoek. Atezain handi batek izan zuen horren ardura nagusia. Cartagines taldean jokatzen zuen orduan Luis Gabelo Conejok. Costa Ricaren hesi bilakatu zen Italiako Munduko Kopan, eta bereziki Eskozia, Brasil eta Suediaren amesgaizto bilakatu. Mo Johnstonek hamaika buruhauste izan zituen aurrez-aurre aurkitu zuenean. Mundialeko estrainekoan Eskozia 1-0 hartu zuen mendean talde amerikarrak. Aurrelari ile-horiak Conejoren bibotea mutur aurrean ikusi zuen behin eta berriro, dotore, zimurrik gabe. Berdin Careca brasildarrak hurrengo partidan, eta Brolin suediarrak, multzoko azken norgehiagokan. Costa Ricak bi gol jaso zituen hiru partidetan, bi neurketa irabazi eta final-zortzirenetan Txekoslovakiaren aurka aritu zen. Thomas Skuhravy golegile erraldoia zorioneko izan zen. Conejo min hartuta zegoen eta ez zuen kanporaketako partida jokatu. Costa Ricak 4-1 galdu zuen, baina hiru partida nahikoa izan ziren Luis Gabelo Conejo txapelketako atezain onena izendatzeko. Mundiala amaituta, Albacetek fitxatu zuen Costa Ricako atezaina. Benito Flororen aginduetara egin zituen urteetan Carlos Belmonteko mito bilakatu zen, eta Conejo berari esker, hein handi batean, Keylor Navas herrikidea Manchako taldera iritsi zen, eta gero hortik Levantera. Navasen atzean Conejoren lana dago, Luis Gabelo Conejoren ibilbide oparoa; aitzindariaren garrantzia. Hura gabe ezin ondorena ulertu. Keylor Navas 2. Mailan aritu zen Albaceterekin, taldeak maila galdu zuen arte. Orduan Levantera joan zen, utzita. Baina han Munua uruguaitarrarekin egin zuen topo. Lehia bizia izan zuten granoten atepean. Uruguai eta Costa Rica, Costa Rica eta Uruguai, bidegurutze bitxia. 2009ko urrian Hegoafrikako Mundialerako partida erabakigarria zuten Costa Ricak eta AEBek. Bryan Ruizek sartutako golei esker, 2-1 ari zen irabazten Karibeko taldea. Garaipen horrekin Munduko Kopan izango ziren ticoak. Baina 88. minutuan Borsteinek berdintzeko gola erdietsi zuen. Gol horrek kanporaketa bat jokatzera behartu zuen Costa Rica. Uruguai izango zen aurkaria. Etxean 0-1 galdu zuen; Montevideon, berriz, 1-1 amaitu zen partida. Futbolaren parabola: charruak atzeko atetik iritsi ziren Mundialera, eta Hegoafrikan ustekabekoa eman zuten, finalerdietara iritsita. Han, Costa Ricako kazetari bat nostalgiaz aritu zitzaigun bere selekzioaren inguruan. Ordurako, Bryan Ruiz (“La Comadreja”) Europan ari zen, eta haren inguruko laudorioetan murgildu zen: “handia izango da”.

futbolmamia.com


Ruud Gullitek begiz jo zuen Bryan Ruiz Feyenoorden entrenatzaile zela. Ez zuen gehiegi iraun karguan holandarrak eta Ruiz Belgikako txapelketara joan zen, Gantera. Han ospea lortu zuen gol piloa sartuta. Twentek fitxatu zuen. Eta Enschedeko taldearekin handia egin zuen 2009/10 denboraldian, Eredivisie irabazita. Twente Holandako txapeldun izan zen, aurrenekoz. Ajaxen aurretik sailkatu ziren, eta Bryan Ruizek uruguaitar batekin lehia estua izan zuen txapelketako golegile nagusia izateko. Uruguaitar bat, beste behin. Luis Suarez. Ajaxeko aurrelaria garai hartan. Oraingo honetan, Brasilgo Mundialera zuzenean sailkatu ziren ticoak. Eta aurreneko aurkaria Uruguai zen, nola ez. Costa Rica galtzen hasi zen, baina markagailua irauli zuen Joel Campbell gaztearen gidaritzapean. Maila ezberdinetako hiru Mundialetan golegile izan da Arsenaleko jokalaria: 17 eta 20 urtez azpikoetan eta Munduko txapelketa nagusian. Gazela baten modukoa da. Bizkorra, dotorea, zorrotza. Nigeriako 17 urtez azpikoen Mundialean Arsenaleko teknikoek begiz jo zuten eta Europako hiru taldetan utzita aritu da, Arsene Wengerren aginduetara izan aurretik: Lorient, Betis eta Olympiakosen, hurrenez-hurren. Datorren denboraldian gunnersekin jokatzeko aukera emango dio alsaziarrak. Keylor Navas, Bryan Ruiz, Joel Campbell eta Bryan Oviedo (Evertoneko atzelaria min hartuta dago, Mundialetik kanpo) erakusleiho dotoreetan ari dira. Europan bidea egin nahi duten herrikideen ispilu. Costa Ricako futbolariek Eskandinavian aurkitu dute lurrik emankorrena. Novergian, Danimarkan eta Suedian. Duela hamar urte zabaldu zuten hango atea eta estimatuak dira Europa iparraldeko txapelketetan. Cristian Gamboa atzelaria, esaterako, Rosenborgen ari da, Kopenhagen bi urte jokatu gabe eman eta gero. Michael Barrantes erdilaria, berriz, Norvegiako kostaldean, Aalesund herri gogoangarrian. Karibeko berotasunetik oso urrun. Marco Ure単a aurrelaria urrutiago joan da, Errusiara, Kuban Krasnodar taldera. Etxetik urrun gogortu dira, lanaren poderioz herrikide gehiago erakarri dituzte, eta kontzeptu berriak barneratuta aberastu dira, testuinguru ezberdinetan. Orain selekzioa ari da fruituak jasotzen. Costa Ricako txapelketa oso apala da. Hamabi taldek osatzen dute. Deportivo Saprissa eta Alajuelense dira aurreneko biak. Herrialdeko klub nagusiak, Heredianorekin batera. Istorio bitxi baten iturburu. Alajuelenseren zelaiak Alejandro Morera Soto du izena. Taldeko aurrelari handia izan zen. 1933an Bartzelonak fitxatu zuen eta 41 gol egin zituen denboraldi batean blaugranekin. Bartzelonara Ricardo Saprissa lagunari esker iritsi zen, hark Espanyolen jokatzen zuelarik. Ricardo Saprissa aberrira itzuli zenean, futbol talde bat sortu eta izena eman zion: Deportivo Saprissa. Bi horiek izan ziren atzerriratu ziren aurreneko ticoak. Haien oinordekoek handia egin zuten Brasilen Uruguai azpiratuta.

futbolmamia.com


Europarren molde zaharren bidetik Naxari Altuna

Brasil ez da Brasil. Aspaldi utzi zion Brasil izateari. 1986an, Luis Fernandezen penaltiak Mexikoko Mundialetik etxera bidali zituenetik. Zicok, hamaika metroetatik huts egin zuen partidan; gero, Platinik ez zuen asmatu hamaika metroen lehian. Luis Fernandezek konpondu zuen arazoa. Tele Santanaren aroa kolpetik amaitu zen, zaleak hunkitu zituen azkena. Belaunaldi hartako jokalariak aipatuta, begiak dir-dir hasten dira, dantzan: Leandro, Junior, Cerezo, Falcao, Socrates, Eder eta Zico. Ez zuten irabazi, baina futbolaren memorian toki berezia dute. Brasildarren kuttunak dira, 1970eko haiek bezala. Mexiko’70 ospetsu hartan Mario Zagallo zen hautatzailea, eta Carlos Alberto Parreira gaztea prestatzaile fisikoa, gerora canarinhoen joko bilakaeran erabakigarria izan dena. Parreiraren aginduetara prestaketa lan zorrotza egin zuten brasildarrek Guanaguaton (Mexiko). Zagallok erdilarien aldeko apustua egin zuen. Goi-mailako metronomoak izaki, guztiak elkarrekin jarri zituen hamaikakoan: Gerson, Tostao, Pele, Jairzinho eta Rivelino. Brasil eta erdilari handiak, askotarikoak. Erdilari-aurrelariak. Enbor bereko ezpalak. Brasil txapeldun atera zen Mexikon eta mundu guztia liruratuta geratu zen hori-berdeen joko mailarekin. Perfekzioaren ispilu bihurtu zen: 1970eko Brasil, gailurra. Haien ondoren, Herbehereak azaldu ziren, ekarpen berri gisa. Futbol osoa. Futbol miresgarria. Baina, laranjek ez zuten irabazi, Ajaxek bai; ez ordea selekzioak. Alemania beti azaltzen zen zirrikituren batetik, Italia ere bai. Germaniarren eta italiarren moldea nagusitzen hasi zen Mundialen ikuspegitik. Argentina ere tartean sartu zen; Maradonaren aurreko belaunaldia. Alemania’74, Argentina’78, Espainia’82, Mexiko’86 ez ziren txapelketa onak izan, emaitzaren ikuspuntutik, canarinhoentzat. Estiloaren haustura, abiapuntua, 1990ean gertatu zen, Italiako Mundialean. Sebastiao Lazaronik Brasilgo atzelari trinkoak famatu zituen. Hiru erdiko atzelarirekin jokatzen hasi zen. Ricardo Gomes, Mozer eta Mauro Galvao aukeratu zituen hautatzaileak Taffarel atezainaren aurretik jokatzeko. Mauro Galvao Botafogoko jokalaria zen orduan, eta Mundialaren ondoren Suitzara joan zen, Lugano taldean sei denboraldi jokatzera: “Hiru erdiko atzelari peto ginen. Ez zen liberorik. Hegalekoen hutsuneak betetzea zen gure egitekoa. Beharbada, jendeari ez zitzaizkion behar bezalako azalpenak eman, eta defentsiboak ginen ustea zabaldu zen”. Brasilgo hegaleko erasokorren tradizioa aspaldikoa da. Baina, futebol arte garaian ere baziren: Djalma eta Nilton Santos aitzindariak izan ziren. Italiako Mundialean Jorginho eta Branco ziren arrastoan zehar gora eta behera zebiltzanak. AEBetako Munduko Kopan ere hala zen. Brancok jaurtiketa zitala zuen ezkerrez; urruneko zartakoek atezainak ustekabean harrapatzen zituen, Ed de Goey holandarrari 1994ko Mundialean gertatu bezala. Hegaleko atzelariak libre ibiltzeko, hiru erdiko atzelariek eta Dungak osatzen zuten segurtasun sarea, eta, behar zenean, zelaiaren ertzak ixten zituzten. Artistak beti aurretik Italiako Mundialean: Alemao, Valdo, Careca eta Muller. Argentinak Munduko txapelketatik bota zuen Brasil 1990ean. Neurketa gorabeheratsua izan zen. Final-zortzirenetan lehiaketatik at geratu ziren canarinhoak, jokamoldean aldaketa esanguratsua izanagatik. Ustez, seguroagoa, sakralizatutako garaipenaren izenean. Bide horretan sakontzea erabaki zuten Brasilgo federazioan. Egitasmoa 1994ko Mundialean sendotu zuten, txapeldun atera ondoren. Pixkanaka, Brasil erdilari handien herrialdea izatetik, aurrelari handien lurraldea izatera igaro zen. Romario eta Bebetoren esku zegoen aldea egitea, bai egin ere. Parreira hautatzaileak bi euskarriren aldeko hautua egin zuen, hirugarren bat hegalera bidalita, gerora moda bihurtu zena. futbolmamia.com


Atzean, hiru erdiko atzelaritik bira igaro zen, zelai erdia indartuz. Mazinho, Dunga eta Mauro Silva elkarrekin aritzen ziren. Deportivoko jokalaria euskarri lanetan onena izan zen urteetan, isilean, arazoei aurrea hartzeko ahalmen paregabearekin, natural. Clodoaldoren eskolakoa. Parreirak ez zuen postu berri bat asmatu, baina itzalpeko jokalariak erakusleihoan jarri zituen, etorkizuneko futbol taldeen oinarri bilakatzeraino. Jokalari horiek beti izan dira Brasilen, artisten bizkarra zaintzen. Baina artistekin bat egiten zuten, jokoaren armonia hautsi gabe. Clodoaldok Pele eta bere lagunen hutsuneak estaltzen zituen, eta dantzan ere aritzen zen haiekin, horretarako dohainak eta askatasuna ere bazituelako. Haren ondoren, Dunga, Mauro Silva eta Mazinho oso estimatuak izan ziren. Rai bezalako erdilari ikusgarriek ibilbide apalagoa izan zuten selekzioan. Sao Paulon eta PSGn mito bilakatua, ez zen garai onean iritsi seleçaora. Beste aro bateko jokalaria zen; akaso, bere anaia nagusi Socratesen garaikoa. Azpiegitura finkatua zuen Brasilek. Cesar Sampaio azaldu zen gero; ondoren, Emerson, Kleberson eta Gilberto Silva. Ronaldo golegile bortitzak konpontzen zituen arazo guztiak. 1998ko Mundialean gehiegizko ardurak ondoeza eragin zion finalaren egunean eta taldeak kolpea nozitu zuen. Irabaztea zen brasildarren xedea, estiloaren gainetik. Jokoa jada ez zen hain garrantzitsua. “Baloiarekin gozatzera ateratzen ginen”, Zicok behin aitortutako espirituaren arrastoa galtzen joan da urteen poderioz. 2002an Luiz Felipe Scolariren aginduetara bosgarren izarra josi zuten elastikoan canarinhoek. Felipao hiru erdiko atzelarien moldera itzuli zen, Lazaroniren garaiak gogora ekarriz. Ronaldok eztanda egin zuen Japonia eta Hego Koreako Mundialean, lesio larriei ixkin eginda. Aurrelari handien txanda zen. Rivaldo eta Ronaldinho ere han ziren. Brasil, erregaiez gainezka: Ronaldinho, Rivaldo, Ronaldo. Haiek babesten azpiegitura trinkoa, eta betiko atzelari hegalariak: Cafu eta Roberto Carlos. 2006 eta 2010ean, berriz, kale egin zuten brasildarrek. Hegoafrikan oihu bat ozen entzuten zen Dunga hautatzailearen lana kritikatuz: “retranqueiro!!!”, zioen torcidak. 1994ean urrezko kopa jaso zuen kapitainari atzera begira jokatzea leporatzen zioten: “Na retrancaaaa!!!”. Arrisku hori izaten da jokoaren gainetik beste helburu batzuk gailendu eta horiek betetzen ez direnean. Brasilgo selekzioa noraezean zebilen CBF erakundeak Mano Menezes kargutik kendu eta Luiz Felipe Scolari berriro hartu zuenean. Londresko Olinpiar Jokoetan amore eman zuten Mexikoren aurrean eta 2014ko Mundialaren atarian zalantza eta beldurra gailendu ziren. Carlos Alberto Parreira da selekzioko kirol arduradun nagusia, eta Scolarirekin bat eginda, Seleçaoak zurrunera jo du. “Ez dakit zergatik jokatu beharko genukeen duela berrogei urteko selekzioak bezala”, zioen berriki Parreirak: “Pele amaitu zen, Garrincha ere bai! Dauzkagun jokalariengan sinetsi beharra dago”. Akabo erdilari handien garaia. Bi areatan jokalari erabakigarriak nahi dituzte. Atzean eta aurrean jokalari zitalak nahi ditu Brasilek. Sortzaileak susmopean baleude bezala. Jokoa hutsik geratu da. Umezurtz.

futbolmamia.com


Maracanaço-aren errepikapena Dabi Piedra

´Maracanaço´ izenarekin historiara pasa den gertakizuna 1950eko Munduko Txapelketako unerik ezagunena da. Rio de Janeiro hiriko Maracana futbol zelaia lepo beteta zegoen, 200.000 ikuslerekin, txapelketako finalaren egunean. Denek ziurtzat jotzen zuten etxeko taldeak, Brasilek, irabaziko zuela, baina Uruguai 2-1 gailendu zen eta izugarrizko atsekabea eragin zuen sambaren herrialdean. Jules Rimet FIFAko orduko presidenteak, erdi-ezkutuan eman omen zion garaikurra Uruguairi, Brasilen garaipenerako prest zeukan hitzaldiaren gidoia poltsikoan gordeta zuela. Lau urte geroago, Suitzako Munduko Txapelketan, antzeko ezustekoa eman zuen Alemaniak, Hungaria ahalguztidunari finalean irabazita. Hungaria, 50eko hamarkadaren hasierako talderik onena zen. Hungarieraz, Aranyacsapat esaten zioten, alegia, Urrezko Taldea. Talde Miresgarria ezizena ere eman zioten. Ferenc Puskas, Sandor Kocsis, Nandor Hidegkuti, Zoltan Czibor, Jozsef Bozsik eta Gyula Grosics ziren taldearen oinarria, denak ere futbolaren historian leku distiratsua duten jokalariak. Hungariaren joko itogarriak ez zion aurkariari inolako aukerarik uzten eta, aurrealdean zeukan talentuari esker, emaitza harrigarriak lortu zituen. Esate baterako, Wembley mitikoan egurra eman zion Ingalaterrari, 3-6. Suitzako Munduko Txapelketa ere halaxe hasi zuten hungariarrek, 1954ko ekainean: Koreari 9-0 eta Mendebaldeko Alemaniari, 8-3. B Multzoan, Hungaria sailkatu zen lehenego lekuan eta Alemania, bigarren. Suitzako Munduko Txapelketaren formatua aldrebesa zen, ordea. Multzoetako txapeldunek elkarren kontra jokatu zuten, finalean leku bat jokoan zutela. Beste finalista, bigarren sailkatutakoen artean erabaki zen. Hala, Hungariak, partida gogorrak eta aurkari bikainak gainditu behar izan zituen Bernako finalera iristeko. Brasilen aurka jokatu zituen final- laurdenak, 'Bernako gudua' legez ezagutzen den partidan. Joko gogorra, istiluak eta borrokak izan ziren partida osoan, baita ondoren ere, aldageletan. Epaileak hiru jokalari egotzi zituen. Hungariak 4-2 irabazi zuen baina lur jota amaitu zuen. Finalerdietan, gainera, Uruguai, jarduneko txapelduna zuen zain. Luzapena jokatu behar izan zen eta horrek hungariarren nekea areagotu zuen. 4-2 irabazi bai, baina finalera kili-kolo heldu ziren. Mendebaldeko Alemaniak, aldiz, kanporaketa lasaiagoak izan zituen finalera bidean, Jugoslavia (20) eta Austriaren (6-1) aurka. Hala ere, Bigarren Mundu Gerrak txiki-txiki utzitako Alemaniarentzat, sari potoloa zen finalean egotea. Hungaria faboritoa zen (gogoan izan, lehenengo fasean 8-3 irabazi zietela alemaniarrei). Baina, uztailaren 4an, Bernako Wankdorf estadioan, 'Bernako miraria' izenaz ezagutzen dena gertatu zen. Euripean, alemaniarrek 3-2 irabazi zuten eta, lau urte lehenago Brasilen gertatu bezala, pronostiko guztiei buelta eman zieten. Hasi eta berehala, Hungariak bi gol egin zituen (Puskas eta Cziborrek), baina Mendebaldeko Alemaniak markagailua orekatu zuen berehala (Morlock eta Rahn-ek). Hurrengo ordubetean, Hungariaren erauntsiari kemen handiz eutsi zion germaniarren defentsak, harik eta 84. minutuan, miraria gauzatu zen arte: Helmut Rahnek baloia sarean sartu eta garaipena eman zion bere taldeari. Puskas hungariarrari gol bat balio gabe utzi zioten azkenenego minutuan, jokoz kanpo zegoelako, eta ez zen gehiagorako astirik izan. Hungaria, munduko talderik onena, Munduko Txapelketarik gabe etxeratu zen eta Alemaniak lehenengoa poltsikoratu zuen (gaur egun, hiru dauzka eta Brasilen laugarrena nahi du). Hungariako futbol selekzioak, 1950 eta 1956. urteen artean, 42 partida irabazi zituen, zazpi berdindu eta bakarra galdu, Munduko Txapelketako finala, hain zuzen. 1956ko Iraultzaren eraginez, jokalari askok erbesterako bidea hartu zuten eta Urrezko Taldea betiko desegin zen. futbolmamia.com


Talde kosmopolita Naxari Altuna

Suitzako futbola duela 20 urte esnatu zen. Erretiroa hartu baino lehen izarren bat fitxatzen zutenean hausten zen hango klubekiko ahanztura. Orduan pizten zen, soilik, futbolzaleen arreta. Ulie Stielike Neuchatel Xamax taldera joan zenean, adibidez. Edo, bestela, klub apal batek Hego Amerikako gazte bat eraman eta halako batean izar bihurtzen zenean. Beste talde handiago batera jauzia egiten zuenean, orduan bai, “Ivan Zamorano, golegile txiletarra… Sevillak fitxatu du, Saint-Gallen taldetik…”. Orain 20 urte Estatu Batuetako Mundiala jokatzeko sailkatu zen Suitzako selekzioa. Eta zeresana eman zuen, batez ere Errumania mendean hartu zuenean, lehen fasean. Errumaniarrak, gero, finallaurdenetaraino iritsi ziren, aurretik Argentina etxera bidalita. Suitzarren artean aurreneko erreferenteak Ciriaco Sforza erdilaria, Alain Sutter erasoko jokalari bihurria, eta Adrian Knup golegilea ziren. Behingoz, bazen argudiorik Suitzako futbolari buruz hitz egiteko. Izan ere, aspalditik, helvetiarren herrialdea eta futbola agintarien erakunde zurrunekin lotuta azaltzen zen, besterik gabe. UEFA eta FIFAren etxea baita Suitza. Baina, selekzioa txapelketa handi batean aspaldiko partez azaldu zenean, bazuen halako xarma berezia. Zenbait jokalarik ez zuten kantoi haietako izen-deiturarik. Ramon Vega atzelaria Nati-ko kapitania izan zen. Ingalaterrako Eurokopan parte hartu zuen, 1996an; Nestor Subiat, berriz, modako aurrelaria zen. Bi errealitate arras ezberdinak, bizitzan eta futbolean beti gertatu direnak. Are gehiago Suitza bezalako herrialde berezian. Ramon Vega erdiko atzelariaren gurasoak lan bila abiatu ziren hara. Semea Olten hirian jaio zen, Solothurn kantoian. Futbolean trebea izaki, goi-mailako ikasketekin uztartu zuen bere kirol ibilbidea, eta egun ekonomilari ospetsua da Suitzan. Bost hizkuntza menperatzen ditu Ramon Vegak. Grasshoppers taldean erreferente bilakatu zen eta gero Tottenhamen jokatu zuen, besteak beste. Nestor Subiat futbolari argentinar baten semea zen. Aitak Frantzian jokatu zuen, eta Nestor txikia han hasi zen bere kirol ibilbidea lantzen. Luganora iritsi zen arte. Han golegile sen bikaina erakutsi zuen eta Suitzako txapelketako izar nagusia bilakatu zen. Stephane Chapuisat eta Marco Grassi golegile gazteekin lehian aritu zen argentinarra. Bertako hiritar bihurtzeko baldintzak betetzen zituela eta (emaztearen aldetik), selekzioan jokatzeko proposamena egin zioten eta erronkari eutsi zion. 1990.eko hamarkadan, etorkinen semeen erreferente nagusia Kubilay Turkylmaz aurrelaria izan zen. Selekzioko golegile nagusia, Alexander Frei azaldu arte. Hark zabaldu zuen turkiarren bidea Nati-an. Etorkinen bigarren belaunaldiko semeak ziren, Suitzan jaioak. Haren ondoren, Yakin anaiak azaldu ziren (Murat eta Hakan), gero Eren Derdiyok aurrelaria, eta ondoren Gokhan Inler erdilaria. Turkiarrak 1960ko hamarkadan lan bila abiatu ziren Europa erdialdera. 1980ko estatu kolpe militarraren ondoren errefuxiatu gisa iristen hasi ziren hainbat familia Suitzara, eta migrazioa aregotu zen kurduen aurkako jazarpenarekin. Balkaniar jatorriko gizasemeak ere anitz dira. Eskulan aberats gisa iritsi ziren hasieran, zientzia eta teknika arloan ekarpen garrantzitsua eginda, baina gero gerra garaian etorkinen oldea ugaldu zen, errefuxiatu estatutuarekin.

futbolmamia.com


Espainiar eta turkiar jatorriko jokalarien ondoren, albaniar-kosovarrak iritsi dira selekziora. Valon Behrami, Blerim Dzemaili, Admir Mehmedi, Xherdan Shaqiri eta Granit Xhaka Suitzako ikurrak dira egun. Lau horiek Europako klub ospetsuetan jokatzen dute: Napoli, Bayern Munich eta Borussia Monchengladbachen, hurrenez-hurren. Shaquiri eta Xhaka Basilearen harrobian hazi ziren, eta FC Basel ospetsuaren hazkundean ezinbesteko jokalariak izan dira. Ottmar Hitzfeldek, aurrealderako, kroaziar eta bosniar jatorriko bi jokalariren artean egiten du bere hautua: Josip Drmic eta Haris Seferovic dira hautagai nagusiak. Mario Gavranovicek (min hartu eta etxera itzuli da), berriz, bi herrialde horietako arbasoak ditu. Hirurak Suitzan jaio dira eta Nati-ren elastiko gorria janzten dute. Ricardo Rodriguez ezker atzelaria zeresan handia ematen ari da Mundialean. Aita espainiarra eta ama txiletarra du Wolfsburgoko jokalariak. Ramon Vega, Ricardo Cabaùas, Martin Rueda eta Philippe Senderosen arrastoa jarraitzen ari da. Belaunaldi berriek Suitzako futbola aberastu dute. Nahasketa aberasgarria izan da. Granit Xhaka, Haris Seferovic eta Ricardo Rodriguez 17 urtez azpikoen Munduko txapeldun izan ziren 2009an Suitzako selekzioarekin. Selekzio nagusia berriro ere sailkatu da Mundialeko bigarren fasera. Aurretik, Alemaniako Munduko Kopan Ukrainaren aurka amore eman zuten hamaika metroen lehian, final-zortzirenetan. Beste aukera bat dute orain, zortzi urte geroago. Duela hilabete batzuk Suitzan egindako erreferendumean etorkinei mugak jartzea erabaki zuten. Gizakia eta bere kontraesanak: munduaren mugikortasunak hamaika kolorez margotu duen herrialdean festa galanta izango da Argentina mendean hartzen badute. Futbola, kosmo‌ polita.

futbolmamia.com


Andres eta Pablo, Pablo eta Andres Igor Olaeta

Medellineko Campos de Paz kanposantuan, lautada zabalean dauden hilobiak berdin-berdinak dira, Estatu Batuetako hilerri militarretan bezala. Hilerri xume horietako bat ordea, Kolonbiako banderatxoekin, Atletico Nacional taldeko bandera zuri-berdeekin, loreekin eta paper pusketan idatzitako oharrekin apainduta ikusten da. “Zure heriotzarekin ez da futbolaren zati bat joan, futbola bera joan da” dio oharretako batek. Hilobian, izen bat: Andrés Escobar Saldarriaga Hiriaren beste muturrean dagoen Montesacro hilerrian ere, hilobi andana zabaltzen da. Hauek ere denak igual-igualak, bat izan ezik: kaperaren ondoan, zuhaitzez eta palmondoz inguratuta dagoen mausoleoaren erdian, ondoko hau irakurtzen da: “Gizon on bat ikusten duzuenean, hura imitatzen saiatu. Gizon gaizto bat ikusten baduzu, aztertu zeure burua. Pablo Escobar Gaviria”. Duela 20 urte, Kolonbiako futbolaren istorian oraindik itxi gabeko zauria ireki zen. Narkotrafikoaren garairik odoltsuenean, Pablo Escobar droga-trafikatzailea estatuaren aurka etsietsian zebilen bitartean, Kolonbiako futbol-selekzioa Estatu Batuetako mundialerako sailkatu zen, bigarren aldiz jarraian, eta nola gainera, Argentinari Buenos Airesen 5 gol sartuta: Asprilla, Valderrama, Higuita, Rincón, Valencia... Hego Amerikako herrialdeak inoiz izan duen futbolaribelaunaldirik onena, James Rodriguez eta Radamel Falcao buru dituena iritsi den arte. Selekzio hartan bazen futbolari gazte bat, droga-kapoaren abizen berekoa, Andres deitzen zena. Mundiala ez zen ondo hasi kolonbiarrentzat, baina bigarren partidan arantza kendu eta taldeak lehenfasea aise gaindituko zuen uste zabala zegoen, Kolonbian bezala futbol-adituen artean ere bai. Pelek berak Kolonbia txapelketa irabazteko faboritoen artean jarri zuen. Aurkaria, Estatu Batuak, etxeko moduan jokatu arren, futbolean ezer gutxi egindako taldea zen. Partida hartako 35. minutuan, erdiraketa bat mozteko ahaleginean, Andres Escobarrek gola sartu zuen bere atean. Kolonbiak 2-1 galdu zuen, eta ezustean, etxerako bidea hartu zuen Pacho Maturanak zuzendutako taldeak. Andres Escobar, René Higuita eta “Barrabas” Gomez selekzio hartako kideak Medellinera bueltatu zirenean, oraindik setio-egoeran zegoen hiria: 1993ko abenduan Kolonbiako agintariek Escobar hil zuten arren, haren inperioaren oinordekoen artean gerra piztuta zegoen, haren lekua eta batez ere negozioaren kontrola, nork hartuko. Izan ere, Kolonbiako selekzio hartako jokaririk gehienek Kolonbian jokatzen zuten, narkotrafikoak futbola erabiltzen zuelako kokainaren diru-irabaziak zuritzeko. Dirua barra-barra, jokalaririk onenek Europara ez ihes egiteko hutsezinezko amua. Pablo Escobarren anaia txikiak, Roberto Escobar “El Osito”k, kontinente osoko talderik onentsuena zen Medellingo At. Nacionalen hariak mugitzen zituen, Rodriguez Gacha Escobarren bazkide nagusiak, Bogotako Millonariosenak, eta Caliko Amerika, Rodriguez Orejuela Caliko droga-kapoen esku geratu zen. Estatu Batuetako mundiala jokatu zuen Kolonbiako selekzioko jokalaririk gehienak, hiru taldeotakoak ziren. Kolonbia mundialetik kaleratu eta hamar egunera, Andres Escobar bere lagun Juan Jairo Galeano eta haren beste bi lagunekin zerbait hartzera joan zen, Medellingo Las Palmas errepidean dauden taberna eta dantzalekuetara. Horietako baten, El Indio diskotekan hain zuzen, Santiago eta Pedro Gallon Henao narkotrafikatzaileekin topo egin zuen. Gallon anaiak, Medellingo droga-kartelean futbolmamia.com


Pablo Escobaren bazkide izandakoak ziren, gerora kapoa harrapatzeko gobernuari informazioa eman bazioten ere. Dantzalekuan Gallondarren mahaitik laster baten hasi ziren Andresen aurkako irainak: “Andres, autogola. Autogola, Andrés”. Probokazioak bata besteraen atzetik. Errespetua eskatu eta narkoen mahaitik urruntzea erabaki zuen futbolariak. Diskotekatik kotxera irtetean ordea, Gallondarrekin topo egin zuen berriz, aparkalekuan. Eztabaida piztu zen, eta Santiago Gallonek “ez dakizu norekin ari zaren” bota zion orduan. Mehatxu bera errepikatzen ari zenean, Gallondarren txoferrak, Humberto Muñozek, Escobarren kotxera hurbildu eta eta sei tiro bota zizkion burura, hurbilhurbiletik. Lagunek klinika batera eraman zuten, baina alferrik. Muñoz gidariari 43 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina 12 ere ez zituen bete. 2005etik libre dago. Gallondarrek, orduan estatuan zeuzkaten kontaktuak baliatuta, hilketa kargua saihestea lortu zuten. Urte batzuk beranduago, Gallondarren anaia bat Estatu Batuetara estraditatu zuten narkotrafikoa leporatuta, eta egun hartan diskotekan zeudenetako bat, paramilitarrak diruz laguntzeagatik kondenatu zuten, 2010ean. Jesus Albeiro Yepesek, kasuaren fiskala izan zenak, lehen aldiz hitz egin du, 20 urteren buruan, futbolariaren heriotzaren nondik-norakoez: “Kolonbiak ez du oraindik Andresen heriotza gainditu. Nik oraindik Andres Escobar benetan nork hil zuen galdetzen diot neure buruari. Erantzuna Muñoz Castrok hil zuela da. Erraza, erraza bezain hutsala. Ez da hori arazoaren muina. Muñoz Castro bezalako pertsona batek zergatik hiltzen duen, hori da benetako arazoa. Eta zergatik? Argi dago: herrialde honetan gizartea mafiaren kulturara ohitua dagoelako. Eta garai ilun horiek ez dira amaitu. Oraindik ez dugu indarkeria atzean uztea lortu.” Andresek futbol zelaietan erakutsi zuen izaera, hil zutenek ordezkatzen zutenaren guztiz kontrakoa zen. “Kantxetako gizon-zintzoa” esaten zioten. Falta gogorren bat egiten zuenean, barkamena eskatzen zuen beti. Denek maite zuten, taldekideek, eta herriak. Eta Wenbleyn Ingalaterrari sartutako gol hura…

futbolmamia.com


Munduko Kopa buruan Aritz Olagoi

Futbolean, zelai gainean dohain fisikoak, taktikoak, teknikoak eta psikologikoak aurrez aurre jartzen dira. Tentagarria izan ohi da futbola zatikatzea eta jokalariak lau arlo horietako kaxaren batean sartzea: jokalari hau teknikoki abila da, baloia oinetan duela edozer egiteko gauza da, nahieran erabiltzen du. Beste hura taktikoki azkarra eta burutsua da, beti bere lekuan egoten da, jokoak eskatzen duen tokian. Hark berriz sasoi fisiko ikusgarria du, partidu guztia ematen du bere hegaletik gora eta behera, nekaezina dirudi. Jokalari hori buruz indartsua da, baloia pasatzean pare bat huts egin ondoren ere berriz saiatzen da eta ez da kikiltzen, baloia berriz eskatzen du. Futbolariak eta jokoa bera 4 kaxoi horietan sailkatzen dugu, batak bestearekin harremanik izango ez balute bezala, bakoitza bere kasa garatuko balitz bezala, bere bidea besteekiko menpekotasunik gabe egingo balu bezala. Aipatu horietako kaxoietako bat, arlo psikologiko, lantzeko zenbait hautatzailek psikologoarengana jo dute. Jakin ahal izan dudanez, Brasilgo Munduko Kopan, gutxienez herrialde hauetako hautatzaileek izan dituzte lan taldeetan psikologoak: Brasilek, Kolonbiak, Argeliak, Nigeriak eta Ingalaterrak. 6 horietako 3k, behintzat,( Kolonbia, Nigeria eta Costa Ricak) txapelketa hasieran inor gutxik espero zituzten emaitzak izan dituzte. Emaitzetatik haratago, zelaian erakutsi duten lehiakortasuna eta heldutasuna aipatuko nituzke, emozionalki talde orekatuak izan dira, behar besteko grina erakutsi dute baina beti neurrian, kontrolpean. Costa Ricako psikologoaren lana honela azaltzen zuen Marco Ureñak final-laurdenetarako txartela lortzeko azken penaltia lortu ondoren “Psikologoak barrura begiratzen laguntzen digu, eta edozein talderi aurre egiteko gai garela konfiantza lantzen. “Jokalariak sailkapena lortu ondoren ospakizunetan zirela Jaime Perozzo psikologoak bere ingurura bildu eta hauxe esan zien: “Oraindik ez da Munduko Kopa bukatu. Lan asko dugu egiteko, neurrian ospatu”. Helburuak finkatu eta oreka emozionala landu. Herbehereen aurkakoa prestatzeko lanean hasi zen psikologoa. Jaimer Perozzoren lana, gainontzeko psikologoena bezala, ez zen Munduko Kopan hasiko. Arlo psikologikoan eragiteko denbora behar da. Talde bat taktikoki garatzeko edo jokalarien prestakuntza fisikoa atontzeko plan bat diseinatu eta emaitzak ikusteko denbora behar den bezala, jokalarien prestakuntza psikologikoa lantzeko, jokalariek beraien buruan konfidantza izaten laguntzeko, partidetako egoera zailetan emozioak kontrolpean edukitzeko edo arreta eta kontzentrazioa bezalako aldagaiak entrenatu eta hobetzeko, ebaluaketa eta plangintza psikologikoa ezinbestekoak dira. Horretarako, entrenatzailearen babesa eta konfiantza ezinbestekoa ditu psikologoak eta oinarrizkoa da hasieran aipatu kaxak, denak batera, nahasian lantzea, jokoaren osotasuna errespetatuz, arlo desberdinetako profesionalak elkarlanean, bat izango balira bezala. Futbola, jokoa, osoa delako, ez zatikatua.

futbolmamia.com


Alemaniaren aurka jokatzea baikortasunez hartu dute Frantzian, Aljeriaren kontrakoa saihestuta Ekain Rojo

Frantzia eta Alemaniako nazio taldeak elkarrekin alderatuko ditu zoriak datorren ostiralean Rio de Janeiroko Maracana estadioan, Munduko Kopako final laurdenetan. Inondik ere, historia oroitzapenez beterikoa izango da, futbolaren izaeraz gaindikoak asko. Kirolari soil-soilean begiratuta, 1982ko Espainiako Munduko Kopako final erdietako norgehiagoka etorriko zaigu gogora. Ez da Munduko Kopan elkarren aurka jokatu duten azkena, 1986ko Mexikoko Munduko Kopako final erdietan ere lehiatu baitziren hurrena (bietan Alemaniak irabazi zuen), baina bai gogoangarriena, alemaniarrek bereziki izandako joko aldaera oldarkorragatik. Izan ere, ordukoan, heldu den ostiralean Brasilen izango den partidako izaera iraulita, Frantziarrak Platini eta enparauekin joko ederraren haragitzea ziren, eta Mendebaldeko alemaniarrak bestalde, askotan hezurmamitu izan dituen ahalean errotutako futbol erabilerarena. Harald Schumacher atezaina erabakiorra izan zen penalty jaurtiketetan Alemaniak irabaz zezan. Heroitzat dute Alemanian, jokalari gorrotatua frantziarrentzat. Patrick Battiston aurrelariari Michel Platinik sakoneko pasea eman zion bigarren zatian, eta Schumacherrek area gunearen ertzeraino aterata Battistoni kolpe latza eman zion eta konorte gabe utzi. Ez zuen zigorrik izan. Luzapenera banako emaitzaz heldu ziren, eta bertan 3-1 aurreratu zen Frantziako taldea, baina Alemaniak hiruna berdintzea erdietsi zuen eta penalty jaurtiketetan gailentzea. Alemaniako agintariek deitoratu egin zuten Harald Schumacherren oldarkortasuna hein batean, futbolak bi herrialdeen arteko gomuta ezkorrak berpiztu zitzakeenaren beldur. Frantzia eta Alemania politika mailan berradiskidetze betean ari ziren 1980ko hamarkada horretan, Europako proiektuaren ekimenaren erdigunean, biak ala biak. Dena dela, ordukoan futbolak ez zituen harremanok baldintzatu, eta bi gizarteen arteko hurbiltzea gauzatu egin zen. Bada, Frantziako gaur egungo taldeak, orduko alemaniarren ahalmen fisikoaz, mendekua hartzeko abagunea du. Platiniren orduko taldearen adinako maila teknikoa du Mullerrek eta Toni Kroosek gidatutako Alemania arerioak. Ezin una neurketa esanguraz beterikoa dela, baina, arbuiaezina da ildo berean Frantziak eta Aljeriak partida jokatu izan balute izango zukeen adieraren mailakoa ez dela gaur egun. Aljeriak final zortzirenetan galdu zuen Alemaniaren aurka, eta horrek eragotzi egin zuen Frantzia eta Aljeriaren norgehiagoka Brasilgo Munduko Kopako final laurdenetan. Futbolaren gaindiko oihartzuna izango zukeen ekitaldi horrek, Frantziako estatuaren egitasmo politikoa eta gizarte bizikidetza epaituko zuelako neurri handi batean. Berriki egindako Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan boto gehien lortutako Front Nationaleko eledun Marine Le Penek hau esan zuen Aljeriak final zortzirenetarako sailkatuta Frantzian izan ziren ospakizunen harira: “Hautatu egin behar da, aljeriarra izatearen eta beste gauza bat izatearen artean”. “Amaiera jarri behar zaio naziotasun bikoitzari”. Aljeriar jatorriko milaka lagun atera ziren Frantziako hiriguneetara Aljeriaren sailkapena ospatzera eta 74 lagun atxilotu zituzten orotara eragindako istiluengatik. Horren ostean, eta ospakizuna eta istiluak errepikatzearen beldur, Alemania eta Aljeriaren arteko final zortzirenetako partidaren atarian, Nizako Udalak debekatu egin zuen hiri erdian “atzerriko banderen haizatzea”. Bada, jakina denez, Alemaniak 2-1 irabazi zion Aljeriari luzapenean, eta Afrikako taldea Munduko Kopatik atera zen txapelketa oparoa egin eta gero. Frantziaren nazio aniztasuna, etorkinen usadioen onarpena, integrazioa, asimilazioa, bizikidetza eta tankera horretako bizipenen egoera, futbolean ia beste edonon baino gehiago epaitzen dira. Izan ere, futbolean ez beste, nekez dago gaur egun nazio nortasuna aldarrikatzeko eremu gardenik. 1998an Frantziako taldeak Munduko Kopa irabazi zuenean, jatorri ezberdinetako jokalarien garaipena ikusarazi zuten aniztasunean oinarritutako Frantziako nazioaren garaipenaren isla bailitzan. futbolmamia.com


Alabaina, 2001ean Frantziak eta Aljeriak Parisko Saint Dennis futbol zelaian jokatutako partidak etorkin belaunaldien gizarteratze konplexua adierazi zuen. Adiskidantzazko partida izan behar zuenean, milaka lagunek txistua jo zituen Frantziako ereserkiari bertako gobernuaren asaldura eraginaz. Areago, 76. minutuan partida amaiarazi egin behar izan zuten, aldirietako ehunka gaztek futbol zelaira jauzi egin baitzuen. Lilian Thuram Frantziako atzelari beltzak salatu egin zuen bigarren eta hirugarren belaunaldiko etorkin zaleen jarrera, euren aurkako izen txarra hauspotuko baitzuen Frantziako gizartean. Identitate iratzarpenetzat hartu zuten afrikar jatorriko frantziarrek partida hura. Horrenbestez, areagokoa izango zatekeen Brasilgo Munduko Kopan gertatu izatekotan, Front National eskuin muturreko alderdi baztertzaileak Frantzian Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi dituen honetan. Ostiralean Frantzia-Aljeria partida gertatu izan balitz Eliseo Zelaietan gerra izango zatekeela dio frantziar batek baino gehiagok. Poztasunez hartu zuten horrenbestez, luzaroan etsaitzat hartu dituzten alemaniarren garaipena. Alemaniak oraingoan frantziarren alderako liskarrak eragotzi ditu, baina bizikidetza gatazka ez da itzali.

futbolmamia.com


Tulipa laranjak Ipaneman Munduko Kopa hasi baino egun batzuk lehenago Holandako jokalariak hondartzan zebiltzan, jolasean. Espainiaren aurka jokatu behar zuten Mundialeko lehen partida. Aurreko txapelketako finala gogoan. Herbeheretako jokalariak olatu artean ikusita, eguzkipean, Brasilen, 1992ko Danimarkarena gogora etorri zitzaidan. Hondartzatik, gailurrera! Zergatik ez? Danimarkako jokalariak oporretan zeuden, ustekabean Suediako Eurokopa jokatzeko deia jaso zutenean. Jugoslavia zigortuaren hutsunea bete zuten eskandinaviarrek. Baita ondo bete ere. Holanda, aitzitik, Brasilgo Mundialerako sailkatuta zegoen; Espania eta Txileren aurka lehiatu aurretik, turisten traza antzeman zieten hainbatek Sneijder, Kuyt, Robben, Van Persie eta enparauei. Hegoafrikako finalean gailurra zapaldu zutela zirudienean, oztopo guztiak gainditzen ari dira lau urte geroago, finalera bidean. Norbaitek arestian aipatutako jokalariak turistatzat hartu bazituen, aulkira begiratzea nahikoa zuen aurreritzi horiek uxatzeko. Louis Van Gaal. Harekin ez dago txantxetan ibiltzerik. Mundiala hasi aurretik, Holandak bost atzelarirekin jokatuko zuela zabaldu zen. Horrek errezeloa eta harridura sortu zuen, voetbal-total miresgarria bultzatu zuen herrialdea izanda. Kultura kontua da. Joko kultura. Aspaldian, 1-4-3-3 moldea erabili izan du Holandako selekzioak, eta hango klubek ere paradigma hori jarraitu izan dute, nagusiki. Hegalekoen lur emankorra izan da beti. Marc Overmars eta Ronald de Boer bezalakoak beti izan dira, zabalean, jokoari sakontasuna emanez. Bi jokalari zabalean, eta artista bat barrutik: Dennis Bergkamp, Patrick Kluivert, Robin Van Persie‌ Ajaxen molde bera zuen selekzioak. Frantziako Mundialean Holanda eta Argentina elkarren aurka aritu ziren final-laurdenetan. Marseillako partida hartan, Bergkampen hegaldiak, baloi-kontrolak, erremate dotoreak, Marco Van Bastenen garaietara eraman gintuen. Eta MVB ikusten genuen bakoitzean, Johan Cruyffi buruz entzundakoak irudikatzen genituen. Betiere irribarre batekin. Futbol osoaren irria. Louis Van Gaalek azken hamarkadetako Ajaxik onena izan zuen eskuartean duela 20 urte: Santiago Bernabeun miresmena sortu zuen hura. Baloia kendu zion Real Madrili eta, besteak beste, Guardiolaren grina piztu zuen. Kokapen jokoaren lilura. 1994/95 hartan, Clarence Seedorf eta Patrick Kluivert gazteak gailendu ziren. 18 eta 19 urteko gazteak, Danny Blind eta Frank Rijkaard bezalako beteranoen artean. Talde hartako zaharrena (Blind), eta gazteena (Kluivert), Van Gaalen laguntzaileak dira egun. Horretan maisua izan da beti Holandako hautatzailea: gazteen alde egiten, batez ere. Azken Ajax handia eraiki zuen, eta egungo Bayern Munich egituratzen hasi zen, Holger Badstuber, David Alaba eta Thomas Mßller haztegitik talde nagusira igota. Gainera, Bastian Schweinsteigerren kokapena aldatu zuen, hegaletik barrualdera. Erdilari ile-horiaren jokoa aberastu zuen horrek. Aurrekari horiekin, eta Holandako selekzioarekin 2002ko Mundialera bidean kale egin ondoren, Van Gaalek erronka zaila zuen Brasilgo Mundialean, Manchester Unitedera joan aurretik. Jokalarien baliabideak aztertu ondoren, atzealdea indartzea erabaki zuen, aurrelari bizien bizkarra babestuz. Kevin Strootman erdilari finak min hartuta, zelai erdia umezurtz geratu zitzaion. Sormenerako aukera gutxi. Hiru erdiko atzelari, bi euskarri sendo, hegal luzeak, eta artistak goian: Sneijder, Robben eta Van Persie. Ez da Holandaren ohiko aurpegia, baina Mundial honetan tradizioa amnesiak jota omen‌ Van Gaal oso argia da, horretan ez dago zalantzarik. Costa Ricaren aurkako penalti jaurtiketen atarian atezaina aldatu aurretik, beste hamaika erabaki hartu ditu bere taldearen baliabideei etekinik handiena ateratzeko, betiere aurkariaren ahuldadeak ondo aztertuta.

futbolmamia.com


Arjen Robben izan da Herbeheretako jokalaririk erabakigarriena Mundialean. Berak piztu du taldea: barrutik eta kanpotik. Sneijderrek egiten ditu zubi lanak, eta Van Persie beti dago atea zabaltzeko prest. Hegalean, berriz, Rafa Benitezekin Liverpoolen taldearen mesedetan lana beltz egiten ikasi zuen Dirk Kuyt prestua ageri da. Horiek abiapuntutzat hartuta, talde bortitza sortu du Van Gaalek. Eredivisien ari diren jokalari gazteak aintzat hartu ditu: PSV Eindhoveneko Memphis Depay eta Georginio Wijnaldum, esaterako. Atzelari gehienak, berriz, Feyenoordetik eraman ditu. Van Gaal beti gazteen alde. Horretan sinesten du. Munduko Kopako hiru final galdu ditu Holandak. Hiru izar izan zitzakeen, baina urrezko kopa aurkariak eraman zuen: Alemaniak, Argentinak eta Espainiak, hurrenez-hurren. 1970eko hamarkadako porrotak zaleen oroimenean geratu ziren, joko proposamen freskoa eta iraultzailea lagun. Gertatu izan da: irabazteko baliabiderik onenak izan, merituak egin, eta galdu; aitzitik, baliabide eskasagoak izanagatik, aurkariaren gabeziei etekina ateratzeko talde trinkoa moldatu, eta txapeldun atera. Ipanemako hondartzan tulipa laranjak ageri dira egunotan. Laster, agian, mundu osora zabalduko dira.

futbolmamia.com


Munduko Kopako 11 kontu Naxari Altuna

Alemanian pazientzia izan dute. Ez da erraza, futbolean herrialde boteretsua dela kontuan hartzen badugu. 24 urte itxaron behar izan dute laugarren izarra eskuratzeko, baina horrek ez die buruhausterik sortu. Irabazten ez badute, normalean oso gertu izaten direlako. 1954ean eskuratu zuten aurreneko izarra, Berna euritsuan; 1974ean bigarrena, Munichen; 1990ean hirugarrena, Erroman. Azken lau ekitaldietan, bi aldiz finalean izan dira, eta birritan finalerdietan eman dute amore. Porrota akuilua izan da betiere, hurrengoan indartsuago itzultzeko. 2006ko Mundiala eurek antolatu zuten. Bide berri bati ekin zioten bi urte lehenago, eta Alemaniak beti garaile estatusa itsatsita duen arren, etxean lortutako hirugarren tokia ez zen etsigarria izan. Aitzitik, ilusioa piztu zuen, estilo aldetik mutazio batean murgilduta zeudela jakinda, eta fruituak zortzi urte geroago jaso dituzte. Bidea argi izan dute, baloia bidelagun, espiritu germaniarrari eutsita. Harrobiaren inguruko egitasmo berria abian jarri zuten duela hamar urte: hortik sortu zen 2009an 21 urtez azpiko Europako txapeldun izan zen taldearen oinarria, eta, gero, Brasilen gailurra zapaldu duena. Stuttgarteko eskola ezinbestekoa izan zen horretarako: Jürgen Klinsmann eta Joachim Löwburu direla.

Taldearen garrantzia. Baloia da protagonista. Taldea bera. Askotariko jokalariak. Hamaika futbolari, Manuel Neuer atezainatik hasita: atezainaren eboluzioa, futbolari bat gehiago izateraino. Jokoa eta jokoaren irakurketa zehatza. Philipp Lahm, hegaleko atzelaria edo joko sortzailea, erdialdean. Urteko jokalaririk azpimarragarriena, beharbada, emankorra eta argia. Talentuz aberatsa. Eta Toni Kroos, fina, joko gidaria; eta Sami Khedira, taldearen deiadarra; eta Thomas Müller, Alemaniaren ikurra; eta Miroslav Klose: gola. Marco Reus falta zen taldea biribiltzeko. Hala ere, Munduko txapeldun!

Brasil – Argentina, erdiak erdi ustel. Herioa eta gabezia. Jokoari baino gehiago espirituari eutsi diote Hego Ameriketako bi handiek: ereserkiari eta elastikoaren mistikari. Baina jokoaren gorabeherak estaltzeko oihu ozena zen hori Brasilen kasuan; eta argentinarrek bidean aurkitu dute heldulekua: baloiak Alemania elkartzen duen moduan, errezoek Brasilen grina elikatzen duten bezala, Mascherano mariskalak eman dio Argentinari indarra. Oreka, kemena, sufritzeko gaitasuna. Bere espirituak indartu du taldearen autoestimua, eta haren jakituriari esker lortu zuen Argentinak aurkariari gola egiteko mehatxua inoiz baino biziagoa izatea. Messiren gainetik. Eta hori albiste potoloa da. Erdilari handiak aspaldi desagertu ziren Argentinatik, jokatzen duten horiek, eta futbola bi areatan bizi dela pentsatu izan dute. Autokritika falta. Epaileari egotzi diote, baina, finala irabazi ez izana.

Amerika Kopara begira. Datorren udan Txilen jokatuko da txapelketa, eta Mundialean ikusitakoak-ikusita, etorkizuna lantzen hasteko abiapuntu polita izango dute Brasilek eta Argentinak. Azpietitura aldetik batez ere. Joko ideia argi bat ardatz hartuta. Horretarako, noski, futbolari egokiak behar dira, eta horretarako erein behar da. Txile eta Kolonbia izango dira erreferentzia berriak datorren udako txapelketan. Marcelo Bielsak zabaldutako bidean sakondu du Jorge Sampaolik, talde oldarkor eta zorrotza osatuz. Gauzak argi. Kolonbiak joko erakargarriagoa egin du, bizia, freskoa, Cuadrado eta James Rodriguezen eskutik. Argentinako gazte mailako selekzioak hainbat urtetan zuzendu zuen Jose Nestor futbolmamia.com


Pekermanen gidaritzapean. Formakuntzan maisua. Radamel Falcaorekin indartsuagoak izango dira. Europako elitearen hondoratzea. Espainia, Ingalaterra, Italia eta Portugal ez dira kanporaketetara iritsi. Espainiarrek ahituta ziruditen, behar bezala lehiatzeko bizitasunik gabe. Beste txapeldunei gertatu zitzaien lehenago ere: Frantziari 2002an, Italiari 2010ean. Ez da berria. Espainiak lehengo lepotik izango du burua, talentu handiko gazteek bultzatuta. Thiago Alcantara eta enparauen garaia dator. Italiak talde polita zuen Mundialean gehiago egiteko. Baina Ingalaterraren aurkako partida handiaren ondoren itzali egin zen eta Pirlo gabe geratu ginen. Ingalaterrak Liverpoolen grina eta espirituari heldu zion, beti lez kanpoan geratzeko. Jokalari ingelesen kopurua geroz eta urriagoa da Premier Leaguen. Aztertzeko modukoa. Eta Portugal, Cristianoren malenkoniarekin batera erori zen lurrera.

Costa Ricaren ezustekoa. Ticoek hiru Munduko txapeldun atzean utzi zituzten: Uruguai, Italia eta Ingalaterra. Futbolak bere hautatzailearen lana goraipatu du. Jorge Luis Pinto kolonbiarra Italiako selekzioaren lana aztertzen aritu da azken txapelketetan, eta taktikoki erakustaldia eman du Brasilen. Talde-antolaketa paregabea erakutsi dute Karibekoek, eta diziplina horretara moldatzeko oso garrantzitsua izan da futbolarien eskarmentua: Europan ari dira hainbat, Eskandinavia aldean bereziki. Keylor Navas atezain handia gidari hartuta, garai batean Luis Gabelo Conejorekin bezala, beldurrik gabe aurrera egin du Costa Ricak, finalerdiak hatzamarrekin ukitzeraino. Hori bai, ohiturei muzin egin gabe: egunero, otorduoro, frijoleak eta arroza. Concacafeko selekzio nagusiak bikain aritu dira: Costa Rica, Mexiko eta Estatu Batuak.

Afrikaren kontraesana. Oraingoan, ezin final-zortzirenak gainditu. Baliabiderik onenak dituzten afrikarrek kale egiten dute kudeaketa eta antolaketa mailan. Kamerunek, Nigeriak eta Ghanak liskarrak izan dituzte: jaso beharreko diruarekin desadostasunak eta irizpide arloko borrokak. Aljeria izan da afrikarren artean dotoreena. Serioa, ausarta eta eragingarria. Ez da harritzekoa aulkira begiratuz gero. Vahid Halilhodzicekin broma gutxi. Coach Vahidek talde lehiakorra osatu du. Magrebtarren aspaldiko onena.

Europako etorkizuna. Belgikaren inguruan aurreikuspen handiak zeuden. Asko hitz egin zen deabru gorriei buruz txapelketa hasi aurretik. Final-laurdenetaraino iritsi dira Marc Wilmotsen mutilak, baina behin betiko urratsa egiterako unean, hoztasuna erakutsi dute. Bide laburra egina du Belgikak eta belaunaldi honek zerasana emateko zaildu beharra dauka. Lehengaia badu. Frantziak aurrerapausoa egin du bi urte barru antolatuko duen Eurokopara begira. Taldearen zutabeak aurkitu ditu Didier Deschampsek, Karim Benzema nabarmendu da jokoan, eta baliabide berriak aurkituko ditu ibilian. Oinarriak orain eskarmentua behar du. Bi uda barru talde osatua izango du lapurtarrak. Herbehereak bezala. Sneijder, Robben eta Van Persieren inguruan asko hazi dira Eredivisieko gazteak. Louis Van Gaal aztia da.

Golegile petoaren irudia aldatzen ari da. Bederatziaren birmoldaketa bizi du futbolak. Txapeldunak bakarra eraman du Brasilera: Klose. Eta, azkenean, erasoko erdilari bat izan da txapelketako golegile nagusia: James Rodriguez (6 gol). Erdiko atzelariak finkatu eta erasoko erdilariei arnasa emateko baliabide bihurtze bidean da puntako aurrelaria. Iristea da kontua. Etengabeko mugimenduekin aurkaria ustekabean harrapatzea. Bederatzia ezkutatu dela diote hainbatek, sasi artean biziko balitz bezala, baina hori ez da berria: Hungaria eta Holanda ospetsuei erreparatzea baino ez dago. Atezainatik hasita, unean-uneko arazoak konpontzeko baliabideak eskatuko dizkio jokoak futbolariari. Betiere mugimenduan. Betiere hurrengo jokaldia aurreikusten, erabakirik egokiena hartzeko. futbolmamia.com


•

Jokatzeko era baino gehiago, deigarria izan da hainbat talde hiru erdiko atzelarirekin jokatzen ikustea. Segurtasuna. Aurkarien barruko jokoa lotzea bilatu dute Txilek, Costa Ricak, Herbehereak, Mexikok, hegalak luzatuz. Sendotasun paregabea erakutsi dute selekzio horiek.

•

Atezainen Mundiala. Garai batean, atezaina 1a ez zen beste zenbakiarekin ikustea xelebrekeria zen. Jokoaren bilakaerak zenbakien betiko balioa kolokan jarri du. Atezaina 1a baino gehiago da. Munduko Kopan ondo ikusi dugu hori, eta Neuer da horren arduradun nagusia. Atezainen entrenatzaile figura ezinbestekoa izan da lan berezi horretan sakontzeko. Irakasle onak dituzte aingeru guardakoek.

futbolmamia.com


futbolmamia.com

Munduko kopa 2014: bilduma  
Munduko kopa 2014: bilduma  

futbolmamia.com atarian oso gertutik jarraitu dugu Brasilgo Munduko Kopa: kronikak, erreportajeak, analisiak... Bilduma honetan lan guztia...

Advertisement