Page 1

BASOA Sarrera Ikasturte hasiera da eta bederatzi ume ditut gelan: bost urteko bi eta lau urteko zazpi. Hizkuntza idatziaren lanketa gogoan, umeak beren hipotesiak erabiltzen ikustea oso pozgarria zait eta lasai-lasai hasi nahi dut kurtsoa: hitzak idazteko lanak prestatuko ditut eta beraiek dakiten bezala idazteko eskatuko diet, dakiten hori oso garrantzitsua eta baliagarria dela adierazi nahi baitiet idazten badakitela senti dezaten. Gainera, irakurketa lantzeak idazketan duen eraginaz oharturik, gai baten inguruko irakurketa-saio laburrak egingo ditugu sarri-sarri; hori bai, talde handian, elkarrekin ikasten dugu eta ondoen.

Zer dela eta gai hau? Batzuetan umeekin sortzen diren elkarrizketek ematen didate pista gai bat aukeratzeko garaian eta oraingoan ere horrelaxe gertatu zen. Ipuin asko eta asko basoan girotuta daude: Neu naiz ederrena, Hiru txerritxoak, Zazpi antxumeak‌Otsoa azaltzen da ipuin horietan guztietan eta horietxek dira umeei gehien gustatzen zaizkienak, behin eta berriz kontatu behar izaten ditugunak. Otsoak erakartzen ditu umeak; mendira joan eta ikusi egiten dute, batzuk baita harrapatu ere, amets egiten dute berarekin‌ Aita batek esan zidan bere semeak sarri-sarri egiten zuela amets otso eta azeriekin eta beldurtu bezainbeste erakartzen zutela animalia horiek. Hori entzunda, basoaren inguruko lanketa egitea erabaki nuen eta horren inguruan arlo batzuk landu: hizkuntza, matematika, plastika eta ingurunea.

Definizioa Hasiera emateko, ipuina entzun ondoren kontu-kontari hasi gara: non bizi da otsoa? Gure etxe ondoko basoan ba ote dago otsorik? Zer dago? Joaten al zarete basora? Norekin?... Basoa aipatzean zer bizipen datorkien gogora elkarri kontatzea nahi dut, ume hauen inguruan baitago basoa. Elkarrizketa horretan definitu dugu basoa; pentsatzen nuen jakingo zutela, baina dakiten hori hitzetan jartzea nahi nuen, hitzez eta irudiz adieraztea eta marraztu egin dugu:


1. arbelean denon artean

2. orrian banaka Argazkiak ikusi ondoren, zuhaitzak marrazten ikasi dugu.

Basora irteera Eskolako leihotik ikusten da basoa. Inguruan ibilalditxoak egiteko ohitura daukagu; gainera, udazkenean zorroren bat hartuta joan ohi gara gaztainak edo intxaurrak biltzeko asmoz. Oraingoan basora joango gara eta basoari buruzko erakusketa jarri nahi badugu, bertako gauzak ekarri beharko ditugu.


Abiatu aurretik zer aurkituko ote dugun aipatu dugu. Poltsak hartu eta atera gara. Ez pentsa erraza denik baso polit batera iristea, baina ohiko ibilbidetik

atera gara eta umeak pozik ibili dira. Basoko bidean gabiltzala, ikusten denari buruzko galderak eta aipamenak egiten hasi naiz; baita argazkiak ateratzen ere. Izen asko ez dituztela ezagutzen oharturik, hiztegiaren lanketari tartea eskeintzea erabaki dut eta, beraz, aurretik prestaturiko unitate didaktikoa aldatu behar izan dut.

Irteerari buruzko hormirudia Argazkiak lagungarriak izan dira ikusitakoari buruz hitz egiteko. Ibilaldian ikusitakoak ez ahazteko, hormirudia egingo dugu: denon artean osatu eta pasiluko horman jarri dugu eskola osoarentzat. Idazketa lana bikoteka egin dute: bikote bakoitzak arkatz bakarra hartu du eta bere hipotesien arabera idatzi du argazkian zer ikusten den; txandak egiteko eskatu diet, lana biena izan dadin.


Basoko erakusketa Basoan ikusitako hainbat elementu bildu ditut mendira joan naizen batean: larra, garoa, goroldioa, zuhaitz jaioberriak, adar zaharrak, orbela, pago ezkurrak‌ eta erakusketa jarri dugu izenak ondoan dituztela. Izenak idaztean, hormirudia egitean bezala egin dute lan.

Zuhaitzak falta dira erakusketan. Nolakoak izan ohi dira? Altuak=luzeak, bajuak=motzak, lodiak, meheak, gazteak, zaharrak‌ basoen argazkietan ikusi ditugu zuhaitz desberdinak.

Zuhaitzak egin ditugu lego piezekin: ikasleak bikoteka jarri, dadoa bota eta bertan adierazten den adina pieza hartu dorrea=zuhaitza osatzeko. Bukaeran, zuhaitzak seriatu ditugu altueraren arabera.


Ondoko egunetan, altuera eta luzeraren inguruko lanketa txikia egin dugu gelan daukagun materiala erabiliz: makilak eta botilak.

Ikasleak konparatu dira altueraren arabera. Neurtu eta apuntatu egin ditugu gelako atean daukagun metroaren ondoan hurrengo batean gaiari heltzeko.

Zuhaitzak basoan Zuhaitzik gabeko basorik ez dagoenez, geuk egin ditugu: kartoizko materialen artetik, zuhaitz enbor itxurako piezak aukeratu ditugu, tutuak hain zuzen ere. Adarrak erantsi eta margotu ondoren, erakusketan jarri ditugu.


Animaliak basoan Ikusten erraza ez bada ere, badakigu animalia batzuk bertan dutela bizilekua; baina zein bizi da basoan? Ikasleak bikoteka jarri dira animalia zerrenda idazteko; horretarako, isiltasuna garrantzitsua da elkarri ez eragozteko eta bikote bakoitza gelako leku batean jarri da bere zerrenda idazten.


Bukaeran, denok elkartu eta zerrenda bateratua osatu dugu: niri diktatu dizkidate izenak txandaka. Izen gehiago ere bururatu zaizkie eta zerrenda luzea osatu dugu (erraza da animaliekin interesa piztea!) Irakurketa lantzeko jarduerak animalien izen eta argazkiekin: ia egunero, talde osoak batera lan egin du irakurketa-saioetan: • alde batean argazkia eta bestean izena daukaten txartelekin: o irudia ahozpez jarri eta animalia jakin bat bilatzeko eskatu edo alderantziz, zein animalia ikusi nahi duen galdetu bistaratu aurretik

•

argazkien eta izenen txartelak aparte eta basoen argazkiak: o argazkiari izena egokitu o izenari argazkia egokitu (argazkiak)

Ariketa askotan, ikasleari izen hori jartzen duela nola konturatu den galdetu diot bere ezagutza besteekin konparti dezan. Ezinean dabilenari laguntza eskeintzeko esan diet denon artean ikasteko.


Normalean hitzaren hasierako hizkian bakarrik fijatzen dira; beste jauzi bat eman dezaten, berdin hasten diren hitzak elkarren ondoan jartzen dizkiet eta, berdin hasten direnez, gehiago fijatu behar dutela esan. Jarduera zein eratakoa den ikasi ondoren, euren kasa jarduteko moduan dira edozein tartetan. Hitzen arteko konparazio kualitatiboak ere egin ditugu.

Fitxak ere egin dituzte banaka: animalien izenak eman marrazkiak pegatzeko.

Idazketa lantzeko jarduerak Erakusketan animalien irudiak jarri dituzte izenak idatzita. Izenen idazketa bikoteka egin dute eta euren hipotesien arabera, hau da, beraiek dakiten ondoen, belarriak esaten diena kontutan hartzeko adierazten diet. Fitxak ere prestatu dizkiet izenak idazteko. Hasi aurretik, talde handian prestatu dugu: izena esan, zenbat hizki jarri behar dituzten kontrolatzeko silaba


adina txalo jo edo behatzak luzatu, belarriak zer entzuten duen konturarazi (hasierako hizkia behinik behin)‌ Idazketa saioan aldamenekoa ez nahasteko isilik jardun behar dugula gogora erazi eta lanari ekin diote. Saioren batean, ikasle batek bukatu ondoren beste ikasleren batena irakurtzeko esan diot elkarri hobetzeko iradokizunak ematearren eta sortu dira interakzio politak. Gero, niri irakurri didate idatzitakoa eta momentu horretan ere konturatu dira hizkiren bat falta dela, edo sobratu, edo ez duela idatzi esaten eta entzuten ari den hori (A bukaeran, adibidez) 5 urteko ikasleei gehiago eskatzen saiatzen naiz: ia hizki guztiez idaztearren, erreferentzi-hitzekin osatutako hiztegia erabili dute behar dutena bertan bilatzeko.

Animalien hormirudia Erakusketako animalien argazkiak eta izenak txiki samarrak dira eta hormirudia egitea proposatu diet. Oraingoan, izenak irakurtzeko erabiltzen ditugun txartelen artean bilatu dituzte eta kopiatu.

Txantxangorria Lan guztian zehar hitzetara mugatu gara eta testuren bat landu eta esaldiak idazten jarri nahi nituenez, txantxangorriaren inguruko azalpen testua idaztea erabaki dut. Jarraitu ditugun pausoak ondorengoak izan dira: o Hasiera gisa: leihoa zabaltzen dugunean, batzuetan, txori baten kantua entzuten dugu, txantxangorriarena hain zuzen ere. Non bizi ote da? Nola? o Dakitena eta zalantzan dutena jaso: nik apuntatu ditut ideak orri handian o Zalantzan duguna argitzeko non begiratuko dugu? Informazio

iturriez hitz egin. o Mantangorria gehigarriko erreportajean azaltzen den informazioa irakurri. o Ikasi duguna ez ahaztearren, hormirudian jasotzea proposatu. Hori osatuko duten puntuak erabaki eta lanerako bikoteak osatu (oraingoan neuk)


o Gidoiko puntuak banatu (ikasleek erabaki dute zertaz idatzi nahi duten) eta idazten hasi aurretik, zer jarriko duten erabaki (nik orri zahar batean apuntatzen dut ez ahaztearren) o Testua idatzi: idazketa txandak beraiek egiten dituzte. o Nik izenburuak idatzi ditut eta argazkiak prestatu o Hormirudia osatu: testu bakoitzari zein izenburu eta zein argazki dagozkion erabaki eta pegatu.

Olentzero basoan Abendua aurrera doa eta hasi gara Olentzero kontuak entzuten. Basoan jarri dut panpina eta zertan ari den galdetu diet. Ikasleek badakite ikazkina dela eta egurrarekin egiten duela ikatza. Ikatza egiteko prozesua erakutsi diet Mantangorria gehigarriko marrazkiak erabiliz.


Lanaren azalpena Lana bukatutzat eman ondoren, talde handian bildu eta zer ikasi dugun aipatu dugu denon artean. Egindakoa bikaina geratu da eta ikasle txikienak etorri dira ikustera. Lana besteei erakustea gustuko dutenez, azalpena prestatzea erabaki dugu. Nire asmoa txikienei eta LHko 1. ziklokoei bakarrik azaltzea bazen ere, nori azaldu nahi zioten galdetzea erabaki nuen arrisku guztiekin. Eskolako denei erakustea erabaki zuten; ondoren, zer esan eta nola esan entsaiatu dugu. Azalpena: entsaioak ondo joan dira baina azalpen garaian, gauzak ez dira atera nik nahi bezala: ikasleren bat harrotu egin da, beste batzuk jolasean hasi dira, txandak ahaztu‌ Irakasle batek bideoz grabatu duenez, grabazioan ikusi dugu zer gertatu den eta azalpenak eskatzen duen seriotasunaz hitz egin dugu.

Txosten banaketa: Ikasle bakoitzak egindako lan guztia biltzen duen txostena jaso du.

Ebaluazioa Proiektua ebaluatzeko garaian, orokorrean umeak gustura ikusi ditut jarduera desberdinetan. Egin zitezkeenak ugari dira gaiak aukera ugari ematen dituelako: basoko lanak lehen eta orain, egurrezko gauzak‌ Irakurketa eta idazketa lantzeko lanetan umeen aurrerapena nabaria izan da eta ariketa bakoitzean ikus ahal izan dut. Irakurketa-saioetan hizkiei buruz asko ikasi dutela konturatu naiz eta ikasitako hori idazteko garaian erabili dutela. Dena dela, behaketa froga banaka pasatzean beti jaso ohi dut sorpresaren bat eta gai honekin lotutakoa pasa diet. Espero bezala, ez da alferrikakoa izan. ONDORIOA Gaiaren zabaltasuna dela eta egin gabe geratu direnak alde batera utzita gauza onekin geratuko naiz. Arlo desberdinetako jarduerak eginez osatu dugu erakusketa eta polita geratu dela entzun dugu. Interesgarria izan da talde handian egin ditugun lanak eta baita binaka eta banaka egin dituztenak ere: elkarrekin eta elkarri lagunduz lan egin ahal izan dute; isilik, norbere belarriak entzuten duena kontutan hartuz idazten ikasi dute‌


Sarreran aipatu dudan bezala, bakoitzak berak dakien ondoen idatz ahal izan du askatasun osoz eta ikasturteari hasiera ona eman izanaren inpresioa geratu zait.

BASOA. Metxe Egiguren