Page 1


MIDASEN ERAZTUNA


Obra honen edozein erreprodukzio modu, banaketa, komunikazio publiko edo aldaketa egiteko, nahitaezkoa da jabeen baimena, legeak aurrez ikusitako salbuespenezko kasuetan salbu. Obra honen zatiren bat fotokopiatu edo eskaneatu nahi baduzu, jo CEDROra (Centro Español de Derechos Reprográficos, www.conlicencia.com; 91 702 19 70 / 93 272 04 47).

2. edizioa: 2017ko otsailean

Zangozako ikastolako lagunei, ametsa eraikiz Azala eta liburuaren diseinua: Iturri Maketazioa: Erein Azala eta barruko irudiak: Mikel Valverde © Patxi Zubizarreta © EREIN. Donostia 2017 ISBN: 978-84-9109-196-7 L. G.: SS-125/2017 EREIN Argitaletxea. Tolosa Etorbidea 107 20018 Donostia T 943 218 300 F 943 218 311 e-mail: erein@erein.eus www.erein.eus Inprimatzailea: Itxaropena, S. A. Araba kalea, 45. 20800 Zarautz T 943 835 008 F 943 130 822 e-mail: edizioak@itxaropena.net www.itxaropena.net


PATXI ZUBIZARRETA

MIDASEN ERAZTUNA Marrazkiak: Mikel Valverde

erein


ZORRIARENA

N

egu partean, Martin artzaina Bardeetan egoten zen artaldea zaintzen. Eta hark zer agindu, horixe egiten zuten ardiek. Baina gu, zorriok, ez gintuen inork zaintzen eta haren txapelapean egoten ginen, lasai eta eroso. Eta guk zer nahi, horixe egiten genuen: lo, jolas edo korri. Bardeak ezagutzen ez dituenak, lur horiek berdeak direla uste dezake. Izenak, behintzat, halako zerbait pentsarazten du. Baina baita zera ere! Toki lehor eta horiagorik‌ Zorri zaharrek ziotenez, berde baino berdeago omen dena Irati da, oihanik oihanena. Eta udaberri amaieran Martinek ardiak bildu eta harako bidea hartu zuen. Nik ez dut Irati oihana ezagutzen eta jakinminez abiatu nintzen Martinen buru gainean. Banuen paradisu


10

Midasen eraztuna

berde hura ezagutzeko gogoa. Baina bidaia luzea egiten zitzaidan, eta nekeza, eta gu, zorriok, izorratzeko modukoa. Gainera, Martin urduri zebilen, eta ardiei oihuka, eta etengabe hasten zen buruari hazka. Horregatik, zer mila zorri!, ahal bezain laster buruz aldatzea erabaki nuen. Bidean aurrera, Zangoza aldean, mutiko ilekizkur bat hurbildu zen artaldea ikustera. —Aizak, ekarriko al didak pakete bat zigarro? –galdegin zion Martinek. Mutikoa tximistaren pare itzuli zen, eta Martin txanpon bat ematen ari zitzaiola, nik txapelapetik


PATXI ZUBIZARRETA

11

korri egin eta, zank!, salto egin nuen haren buru gainera. Buru berrian zorri lagunik topatu ez nuenez, ni egin nintzen hango jaunik jaunena eta jaberik jabeena. Gainera, berriro ere zorri zoriontsua sentitzen hasi nintzen: mutikoak ez zuen hatzik egiten, patxadatsua zirudien eta, handik aurrera lasai eta eroso egoten ahal nintzen. Mutikoak ikastetxera eraman ninduen gero. Han, ikasleak batera eta bestera ikusi nituen, deabruak hartuak bezala. Baina irakasle kaskopelatu bat agertu bezain laster, denak buru-belarri ikusi nituen, eta isilik eta geldirik. Eta irakasleak zer agindu, horixe egiten zuten ikasleek. Handik gutxira, esate baterako, honela esan zuen: —Orain kanpora irten beharra daukat. Bitartean Tomas arduratuko da gela zaintzeaz. Txintxoak izan. Martinek ere gauza bera egiten zuen artaldearekin. Halakoetan txakurrak uzten zituen ardiak zaintzen: Trasto, Perla eta Mikelot. Baina ardiak ez bezala, ikasleak zalaparta batean eta elkarri gauzak botatzen hasi ziren. Beldurrak airean, nik ile kizkurren artean babestu behar izan nuen, eta nire ezkutalekutik irakasleari buruzko hitz hauek entzun nizkien mutikoei: —Seguru don Fernando kakalarri dela! —Igual beherakoa izango zuen!


—Ba guk atsedenean komuneko papera lapurtu dugu… Larriturik, Tomas arbeleraino joan eta, irakaslerik irakasleena bezala, erdi kantuan esan zuen: —Arre, arre, mandoko, bihar Iruñerako. Handik zer ekarriko? Mando bete kukuso. Haiek norendako? Lehen hitza ateratzen duenarendako. Niretako salbu! Ardiak Martinen txistu hotsarekin bezala, mutikoak zank! gelditu eta isildu ziren. Baina ni berriro lasai eta eroso sentitzen hasia nintzela, gauza urdin bat bota zuten nire ondora. Eta laster beste bat, eta beste bat. —Atx! Aski da, Isidro! Kokoteraino naukazu! –kexurik kexuena atera zitzaion ilekizkurrari. —Zoperna jenerala! Ni ez naiz izan! Migel izango zen… –erantzun zuen Isidro kaskamotzak.


PATXI ZUBIZARRETA

13

—Bai zera! Ni beraren alboan nago. Nik ezin diot ezer bota! –arranguratu zen Migel iletentea–. Galdegiozu Fermini… —Joan zaitezte inurriei atzazalak moztera! –amaitu zuen Fermin tximaluzeak. Eta berriro denak zalaparta batean eta elkarri gauzak botatzen hasi ziren. Nik ere, neure buruarekin haserre, madarikazioak jaurtitzeari ekin nion. Zer mila zorri! Eta irakaslea ere haserre baino haserreago ikusi nuen handik gutxira itzuli zenean. —Ezin al zarete inoiz bakean egon? Beti ezegitekoak egiten. Tira, Tomas, esadazu: nork atera du lehendabiziko hitza? Nor hasi da? Tomasek ez zuen zalantzarik egin: —Xabier izan da –eta Xabier mutiko ilekizkurra ez zen ba! Irakaslea mutikoarengana hurbildu zen, baina ez nik uste bezala mando kukusoak ematera. Baita zera ere! Xabierri belarrietatik heldu, hura lurretik bere buru pareraino jaso eta itsumustuan askatu zuen. Hala ere, bizkor baino bizkorrago, erortzean bi belarrizkinako eman zizkion. Nik, gorriak ikusten ari nintzela, zorri zoritxarrekoa nintzela pentsatu nuen, eta ongien Martinekin egongo nintzela, Irati berderako bidean…


14

Midasen eraztuna

Lo, jolas edo korri egin ezinik, Xabierren ile artetik pixka bat irten eta hura ere burumakur eta kopetilun ikusi nuen, fraketatik gora halako txiza usaina igotzen zitzaiola‌ Eta, gainera, irakasleak orduantxe ezarri zion zigorrik zigorrena. —Gaur ere, arratsalde osoan, ikastetxeko Midas izan beharko duk. Horrela deituko diate eta horrela


PATXI ZUBIZARRETA

15

ikasiko duk hobeki portatzen –esan zion irakasleak, eta segidan kartoizko bi asto belarri ipini zizkion buruan, luze baino luzeagoak, eta kartoizko mihi luzanga bat lepo bueltan. —Midas! Midas! Midas! –hasi zitzaizkion denak burlaka. —Orain arte ikusi gabe nengoen asto betaurrekodunik… –esan zion Isidrok. —Astakumea, asto! Bilakaturik mando, txar edo beste, beti belarri luze! –murmurikatu zion Tomasek. Xabier burumakur, kopetilun eta, batez ere, isilik ibili zen arratsalde osoan, gelakoen trufarik trufenak jasaten. Hala ere, klaseak amaitu eta irakasleak apaingarri haiek kendu zizkionean, tximistaren pare alde egin zuen. Eta tximistaren pare herria eta zubia zeharkatu, eta halaxe jarraitu zuen ibai bazter bateraino iritsi arte. Han eranzten ikusi nuenean, seguruenik frakak garbitu nahiko zituela


16

Midasen eraztuna

pentsatu nuen, eta, behingoz, lasai eta eroso egongo nintzela. Baina baita zera ere! Gerritik gora ere biluztu eta bainatzeko asmotan zegoela ohartu ez nintzen ba! Zer mila zorri! Orduan nik korri egin eta, zank!, saltorik saltoena egin nuen. Eta belarretara erori bezain laster, ilun baino ilunago sentitu nintzen, Martin artzainaren txapelapean banengo bezalaxe‌

Midasen eraztuna. Patxi Zubizarreta  

Xabierri lagunek Midas esaten diote: ez dute oso maite, eta haien gezurren eraginez gizajoari irakasleak asto belarriak ipini dizkio. Gainer...

Read more
Read more
Similar to
Popular now
Just for you