Euskarak 365 EGUN Euskara ez delako egun bateko kontua Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Egunean, behean sinatzen dugun Elgoibarko elkarte, erakunde, enpresa eta norbanakoek zera adierazi nahi diogu Elgoibarko gizarteari: 1. Gaurkoa egun pozgarria dela; ospatzeko eguna. Pozgarria eta ospatzekoa da euskaldunok oraindik ere bizirik egotea. Harrigarria da, benetan, euskara eta euskaldunok desagertu ez izana, beste milaka hizkuntza desagertu diren antzera, eta hori ospatu egin behar dugu. 2. Euskarak egiten gaitu euskaldun, eta, ondorioz, euskaldunon etorkizuna euskarari lotuta ikusten dugu, ezinbestean. Izan ere, euskara gu gara, gu gara euskara. Euskara jendea da; jendea da euskara. 3. Gaur Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu, baina gu guztiontzat atzokoa ere euskararen eguna izan zen, eta biharkoa ere izango da. Goizetan esnatu eta lehen berbak euskaraz egiten ditugun bakoitzean ospatzen dugu euskararen eguna. 4. Gaurkoa, baina, konpromisorako eguna ere bada. Etorkizunean Elgoibar herri euskalduna izan dadin gutariko bakoitzak hartuko duen konpromisoaren eguna. Euskaldun izateak, gaur eta hemen, konpromiso bat eskatzen du, eta behean sinatzen dugunok prest gaude konpromiso hori hartzeko. 5. Konpromiso pertsonalak izango dira batzuk, gutariko bakoitzak gure egunerokotasunean hartuko ditugunak. Baina konpromiso kolektiboak ere izango dira, talde edo komunitate moduan hartuko ditugunak. 6. Euskaldun izatea nekeza da sarri, eta konpromiso hitzaren atzean zama ikusiko dute batzuek, baina, behean sinatzen dugunontzat, Elgoibar euskalduntzeko erronka altxor preziatua da, merezi duen zerbaiten alde egiteko aukera paregabea, lortu nahi duguna zaila dela badakigun arren. 7. Etorkizunean ere, orain arte moduan, euskaldunok hamaika komunitate eta hizkuntza izango ditugu inguruan. Gure herriko eta bihotzetako ateak zabalik egongo dira guztientzat, eta denengandik hartu eta ikasiko dugu zerbait. Baina guk euskaldunak izan nahi dugu. Euskaldunok hemengoak garelako, hau delako euskararen eta euskaldunon herria, eta, hemen ez bada, ezingo garelako beste inon izan eta bizi. Laburbilduz, gure euskaltasuna aldarrikatzeko elkartu gara gaur herriko plazan. Euskaldunak garela esan eta euskaldunak izan nahi dugula aldarrikatzeko. Badakigu aldarrikapen horrek konpromisoak eskatzen dituela, eta hartzeko prest gaude. Guregatik egingo dugu, batez ere, Euskararen Herriarengatik, baina baita gurea bezalako beste herriengatik ere. Izan ere, egin nahi duguna herri eta komunitate guztien onerako da; gure buruari eta munduari egin diezaiekegun ekarpenik garrantzitsuenetako bat da.
Elgoibarren, 2013ko abenduaren 3an