Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 77

beste erresuma batzuek hurrengoa egin zuten: gobernu baterakoi eta administrazio zentralistaren oinarriak ezarri eta lurralde guztian sistema juridiko bakarra ezartzeko neurriak hartu zituzten. Kontinentean, monarkek batzen ari zen gizarte klase berriaren —burgesiaren— laguntza interesatua izan zuten, nahiz eta noble eta elizgizonek euren pribilegioak gorde. Ingalaterran, monarkia goiz hasi zen zabaltzen —toki izaerako gobernu erakunde asko zeuden—, eta zentralizazio politikoa Tudor etxearen agintepean egin zen. Dena den, aristokrazia eta gizarte maila boteredunak integratzean, boterea bitan zatitu zen, hots, koroan eta parlamentuan. Denborarekin, azken hori izango da garaile. Hala ere, parlamentuak, gizartea nolabait ordezkatzen duen arren, askotan oligarkiaren gotorleku gisa jardungo du, gizartearen eskariak eta arazoak kontuan hartu gabe. Estatu absolutuaren formula politikoa aurrerakuntza handia da zeregin politikoen instituzionalizazio bidean (gogoan izan II. ikasgaian botere politikoa eratzeko moduak azaldu zirela). Estatu absolutuaren bidez, gobernu sistema sortzen da, hain justu ere, eremu zehatz batean egintza politikoaren iraunkortasuna bermatzeko gaitasuna duena. Gobernu sistema horrek organo berezituak sortuko ditu, eta erabaki, administratu eta kontrolatzeko eskumen zehatzak esleituko dizkie. Jarduera politikoaren antolakuntza egonkorrak eta horren autonomizatzeak —estatuaren eraketari datxezkionak— ez zuten praktikan bizitza politikoa arrazionalizatu. Estatu antolakuntza, ostera, egitura feudalek konpondu ezin izan zituzten tentsio eta gatazken ondorioa izan zen. Ekonomia, gizarte eta politika eta nazioarteko krisiek erakunde politiko baten beharra erakusten zuten. Erakunde politiko horrek, indarraren bidez, beste talde eta estamentuei boterea kendu zien, eta bere jarraipena bermatzeko, mekanismo egokiak sortu zituen —burokrazia, zerga sistema, gudarosteak, etab.—. Bibliografia GARCÍA PELAYO, Manuel, «Del mito y la razón en el pensamiento político», Madril, Revista de Occidente, 1968. MOUNIER, Roland, La monarquía absoluta en Europa, Madril, Ediciones Taurus, 1986. POGGI, G., The State. Its nature, development and prospects, Standford, Ca. (USA), Stanford University Press, 1990. STRAYER, Joseph, Sobre los orígenes medievales del Estado moderno, Bartzelona, Ariel, 1981.

77


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.