Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 318

XIV. mendearen erditik aurrera, ordezkari berri horiek bananduta batzen hasi ziren, aparteko ganbera batean: Komunen Ganberan. Behe ganbera zen hori, ganbera herritarra; aurrez aurre, Lorden Ganbera zegoen, aristokratikoa, eta oinordetzaren bidez osatzen zena. XIV. mendetik XVIII. mendea arte, Ingalaterrako bizitza politikoa menderatu ostean, Lorden Ganberak ahalmenak galdu zituen ezari-ezarian, batik bat, 1832. urteko hauteskunde-eraldaketaren ostean. Egun, leinuzko bigarren ganbera hori tradizioaren izenean gorde da, eta Komunen Ganberakoak, hau da, hauteskundeen bidezko ganberakoak dira, botere eragingarria dutenak.

b) Ganbera bitasun politikoa edo gizabanako ospetsuena Ganbera bitasun horrek eragin kontserbadorea du: hautaketa unibertsalaren bidez osaturiko biltzarraren aldamenean, hain zuzen ere, herri osoa ordezkatzen duen horren aldamenean, bada beste ganberarik, herriaren gizarte-maila boteretsuak ordezkatzen dituena. Bigarren ganbera horren kideak hauteskunde-mugabarru desberdinetan eta zeharkako sufragioaren bidez aukeratzen dira. Ganbera bitasun horren adibidea izan daiteke, hala nola, Frantziako III. Errepublikaren legeetan arautu zena (1875). c) Ganbera bitasun ekonomiko eta gizartekoa Halakoetan, bigarren ganberak ziurtatzen du talde ekonomikoen eta gizarteko taldeen ordezkaritza. Ganbera korporatibo horiek erregimen faxistenak (Portugal, Salazarren diktadurapean) edota komunistenak (Titoren Jugoslavia) izan ohi dira. d) Ganbera bitasun federala Estatu federaletan, Behe Ganbera sufragio unibertsal eta zuzenekoaren bidez osatzen da, eta ganbera horrek herriaren esparru osoa ordezkatzen du, Goi Ganberak Federazioko estatu kideak ordezkatzen dituen bitartean (Estatu Batuak, Suitza). Ildo horretatik, Alemaniako Errepublika Federalaren ganbera bitasunak ezaugarri berezia du: Bundesrat edo Goi Ganberak ez ditu länder edo estatu federatuak ordezkatzen, euren gobernuak baizik. Gaur egun, erregio-estatuek edo autonomien estatuek (Italiak, Espainiak) eutsi egin diote Parlamentuaren egitura bikoitzari. Hortaz, Behe Ganberak nazioa eta Goi Ganberak, teorian behinik behin, erregioen edo autonomia-erkidegoen eskualde-interesak ordezkatzen ditu. 318


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.