Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 29

3. Gizarte klase eta mailaketak, Marx eta Weber-en ikuspegietatik 3.1. Marxen ikuspegitik Karl Marxek ez zuen gizarte klasearen definiziorik eman, eta gizarte zibil modernoan klaseak zeudenik ere ez zuen asmatu. Berak horrelaxe onartu zuen 1852. urteko martxoaren 5ean Weydemeyer-i zuzendutako gutunean. Egia esan, Karl Marxek, klase gizartea aztertzean, bi kontzeptu-kategoria erabili zituen. Alde batetik, Alderdi Komunistaren Manifestua obran ikusten denez, esplotatzaile eta esplotatu edo zapaltzaile eta zapaldu kontzeptuak erabili zituen; horren bidez, antzinako auzo gizarte murriztuak desegin zirenetik kapitalismoa desagertu arte gizadiaren historian egon den lerro banatzailea adierazi nahi zuen. Eskema horrek lehenengo datua ematen digu Marxek klaseak ulertzeko zuen moduaz: Marxen iritziz, klaseek izaera historikoa dute, hau da, giza garapenaren epe batera mugatuta daude. Bestetik, kategoria historiko zabal horien parean, Marxek «gizarte klase» adierazpena erabili zuen, ekoizpen kapitalistaren sorrera eta garapenaren ondorioz «esplotatzaile-esplotatu» bikoiztasunak duen esangura berriari buruz hitz egiteko. Ekoizpeneko sistema kapitalista horri dagokion burgesia modernoa, batez ere, klaseetan zatitzen da, eta ez estamentu, kasta edo gizartea mailakatzeko beste moduren batean. Inguru horretan, Marxen gizarte klase kontzeptua beraren lanak irakurriz ondoriozta daiteke. Autorearen testu batzuk argigarriak dira: —Filosofiaren miseria (1847) lanean, Marxek hurrengoa esaten du: «egoera ekonomikoak herriaren masa langile bihurtu zuen (Ingalaterrari buruz ari da). Kapitalaren nagusitasunak egoera erkidea eta interes erkideak sortu ditu masa horretan. Horrela, masa hori klase bat da kapitalari begira, baina ez interesak defenditzeari dagokionez. Geroago, masa hori batu eta benetako klasea osatuko du, bere interesak defendatuko baititu. Hori dela eta, defendatutako interes horiek klase interesak izango dira». —Louis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia lanean (1852), ondokoa dio Marxek: «milioika familiak klase bat osatzen dute, baldin eta, egoera ekonomikoaren eraginez, beste klase batzuetatik bereizten dituzten bizimodu, interes eta kultura badituzte, eta egoera ekonomiko horren eraginez beste klase horien aurka badaude modu gatazkatsuan». —Kapitala lanean (1893), 11. liburuko 20. kapituluan, Marxek ekoizpen kapitalistan «bi klase bereizten ditu: langileen klasea, lan egiteko indarra besterik ez duena, eta klase kapitalista, ekoizteko gizarte baliabideez gain dirua monopolizatzen duena». 29


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.