Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 271

—Bestalde, Konstituzioa autonomi estatutuen gainetik dago, eta, gatazkarik izanez gero, estatuaren zuzenbideak du lehentasuna, «autonomia erkidegoetako arauen gain, horien eskumen esklusibokoak ez diren gaietan» (ibidem). Arean bere, estatutuak Konstituzioarekin bat etorriz interpretatu behar dira (18/1982 KAE). Gainera, 150.3 eta 155. artikuluen ariora, estatuak nagusitasun hori baieztatzeko harmonizazio eta kontrol ahalmenak ditu. —Amaitzeko, elkarlana agertzen da. Elkarlan hori gauzatzeko moduaren gaineko eztabaida bazter utzita (koordinazioa, lankidetza ala biak batera), begi-bistakoa da «autonomismo bikoitzak edo elkarren ondoan jarritakoak» esperimentuaren porrota ekar dezakeela. Aurren-aurrenik, estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko eskumen banaketa ez da batere argia, eta horrexek sortarazi ditu arazorik gehienak. Horrez gain, banaketa hori nekez gauza daiteke estatuaren esku-hartzea gero eta handiagoa denean, ekonomia zein gizarte harremanetan. Ezinezkoa da estatuari edo autonomia erkidegoei adjudikatzeko botere esparru bananduak bereiztea. Har dezagun, berbarako, hezkuntza arloko eskumenen gaia: alor horretan ez ote dira nahasten herri-lan, ogasun, garraio, hezkuntza eta abarreko arazoak? Non koka daiteke muga? Eskumen esparruak bereizteko modukoak direnean eta beren beregi titular bati adjudikatu zaizkionean, ez dago arazorik, baina eremu konplexuen gaineko eskumen elkarbanatuen kasuan, elkarlanean jardun behar da, eragingarritasuna eta arrazoi politikoak direla bide. Horrenbestez, Espainiako sistemak aurrera egitea nahi izanez gero, aurreiritzi eta esklusibotasunik gabeko elkarlan aparta burutu behar da, sistemaren zati desberdinak espainiar guztien beharrizanak asetzeko gobernu-makina bakarraren osagai moduan ulertuz. 5. Federalismoa eta federazioa Gehienetan, ikusmolde juridikoek ez dituzte bi alde horiek bereizten, alegia, ez dituzte bereizten doktrina (horren barruan izen ospetsuak dira Althusius, Kant, Proudhon edota Alexandre Marc) eta erakunde juridiko zehatza. On izango litzateke, ostera, bereizketa hori egitea. Arean bere, federalismoaren teoriak berarekin dakartza aniztasuna, independentzia, autonomia eta deszentralizatzea; bestela esanik, federalismoak batasunaren barneko aniztasuna bultzatu edo errespetatzen du. Federazioa ere sor daiteke boterea modu bertikalean zatituz, botere hori kontrolatu eta deszentralizatze handiagoa ziurtatzeko (esaterako, Alemaniako Errepublika Federala 1949an). Baina kontrakoa ere gerta daiteke, 271


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.