Doktrina - Zuzenbide Zibila - Zati orokorra

Page 60

Lege organikoen artean daude autonomia-estatutuak, onetsiak izateko prozedura berezia behar duten lege organikoak baitira. EKren 147. artikuluak honela definitzen ditu: «autonomia-erkidegoen oinarrizko erakunde arauak». Beraz, erakunde legez garrantzia dute eta antolamendu juridikoan maila berezia betetzen dute. Izan ere, esan izan da «autonomia-erkidegoen konstituzio txikiak» direla, nolabait «gainerako legeen gainetik dauden arauak» direla, alegia. EKren 147. artikuluak dio estatuak aintzat hartu eta babesten dituela, eta estatuaren antolamendu juridikoaren atal direla. Autonomia-estatutuak Konstituzioaren menpe daudenez gero (EKren 91, 143.1 eta 147.1 art.ak), konstituziotasun kontrolpean geratuko dira [EKren 161.1 a) art. eta KALOren 27.2 art.], eta Konstituzioa eraldatuko balitz, eraldaketaren ondoreak jasango lituzkete. Autonomia-estatutuek eta estatuaren gainerako lege organikoek hierarkia-maila bera dute eta lege organikoen irizpide berberak betetzen dituzte. Hau da, erreserba teknikaren arabera, lege organiko desberdinen artean gaiak banatzen dira: EKren 147.2 art.ak aipatzen dituen gaiak autonomia-estatutuek eurek arautu behar dituzte; beraz, gainerako legeek ezin izango dute estatutua ukatu, estatutuak erreserbaren mugetan jardun duenean. Alderantziz, autonomia-estatutuek estatutu erreserbara bildurik ez dauden gaiak arautzen dituztenean, ez dute estatutuen zurruntasun berezirik izango, eta kasuankasuan estatuaren lege organikoek edo arruntek aldaraz ditzakete. Estatutuak ez bezalakoak dira EKren 150. artikuluak aipatzen dituen legeak, eskumenak eratxikitzeko emandakoak, alegia. Manu horren arabera, estatutuz kanpoko eskumenak eratxiki ahal zaizkie autonomia-erkidegoei, lege arruntaren bitartez (150.1). Autonomia-erkidegoek eratxikitako eskumenok erabiliz legegintzazko arauak ematen dituztenean, estatuaren legeak zehazten dituen printzipio, oinarri eta gida-lerroak bete behar dituzte. Kasu horretan, estatuak erabereko arautegia duenez gero, arauak bat ez etortzea eragiten duen eskuordetza ez da zilegi izango. EKren 150.2 artikuluak transferentziarako lege organikoen bitartez eskumenak ematea edota eskuordetzea onartzen du. Horrela, autonomia-erkidegoei eman ahal izango zaizkie estatuaren titulartasunpeko gaiei dagozkien ahalmenak, euren izaeragatik transferitu edota eskuordetu ezin direnak salbu. Transferentziarako legeak lege organikoak dira, estatutuak bezala, baina haien prestaketa eta eraldaketa Gorte Nagusiei bakarrik dagokie inolako autonomia-organoren esku-hartzerik gabe. Hori guztia logikoa da, eskumenen transferentziak ez dakarrelako «eskumenen besterentzerik». EKren 150.3 artikuluak autonomia-erkidegoen eskumenak murrizteko aukera arautzen du estatutuz kanpoko legeen bidez. Harmonizazio lege deitutakoak dira. Ez dira lege organikoak, arruntak baizik; izan ere, manu horren azken tartekaduraren arabera beharrezkoa den erabateko gehiengoa ez da behar legearentzat berarentzat, aurretiazko fasean baino, harmonizazioa beharrezkoa den ala ez zehaztean, hain zuzen. Edukiari dagokionez, harmonizazio legeek printzipioak bakarrik zehazten dituzte, eta printzipio horiek berez ez dute agortzen gaiaren arauketa orokorra. Bistan denez, geroago aipatuko ditugun oinarri-legeekin antzekotasun handia dute harmonizazio legeek. Oinarri-legeen bitartez, Gorteek eskuordetza ematen diote Gobernuari lege lerruneko arauak eman ditzan (EKren 82.1 art.). Legegintza eskuordetza izango litzateke hori. Gobernuak, orduan, legegintzazko dekretuak ematen ditu; legegintzazko dekretu horiek, hierarkia formalari dagokionez, «lege lerruneko arauak» dira. Legegintza eskuordetza esanbidez gauzatu behar da Gorteen lege bidez, eskuordetza lege bidez, alegia, eta prozedura arrunta erabiliko da legeok onesteko. Lege organiko bidez eskuordetzea ezinezkoa da, lege organikoen gaiak beren beregi daudelako eskuordetzatik kanpo. Gai zehatz batentzat egingo da eskuordetza, eta iraupen mugatua izango du derrigor. EKk eskuordetza mota bi bereizten ditu (82.2 art.). Lehenengoaren bidez, Gorteek hainbat oinarri ezartzen dituzte, Gobernuak lege lerruneko arauak eman ditzan; oinarri horietatik abiatuz, testu artikulatuak aldarrikatzen dira. Horrez gain, Gobernuari ahalmena eman ahal zaio legezko testuak bat egiteko; kasu horretan testu bateginak aldarrikatzen dira. Testu bateginak idazteko, Gobernuak, oinarriak erabiltzeaz gain, erabili behar ditu indarrean dauden legezko arauak ere, horiekin guztiekin lege bakarra egiteko. 34. Lege arruntak eta beraien zuzeneko eragingarritasua Espainiako Konstituzioak nagusiarazi egin du Europako zuzenbideetan legearen aginte deitu izan dena (besteak beste, 9.3, 97, 103.1, 106.1 eta 117.1 art.ak). Bildu ere, Konstituziora bildu dira legearen nagusitasunean oinarritzen zen estatu liberalaren postulatuak. Espainiako sisteman, legeak duen maila Botere Legegilearen legitimaziotik ateratzen da. Izan ere, EKren 66.1 artikuluak dioenez, Botere Legegilearen organo titularrak, hau da, Gorteek, Espainiako herria ordezkatzen dute; Espainiako herriak, zuzenbideko estatu sozial eta demokratikotzat hartzen dugun horrek (1.1 art.), Gorteei eman dizkie estatuaren botere guztiak (1.2 art.). Demokraziak, konstituzio estatuaren egitura duen heinean, ondokoa adierazten du: estatuaren botere guztiek bete behar dute herriaren borondatea, herriaren borondate horrek bakarrik legitima baititzake botere horiek.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.