Page 75

udalerrien autonomia aitortu zen, eta hori Estatuek lurraldearen barne antolaketa diseinatzeko zuten autonomiaren muga zen. Batzorde hark adierazitako azken printzipioari dagokionez, hau da, botere-banaketari dagokionez, eta konstituzio-organo federalei lotuta, konstituzio-testuak botere-banaketa zurruna hautatu zuen. Espainiako ordu arteko tradizio politikoan ez bezala, ez ziren sartu parlamentu-sistemari zegozkion mekanismo esanguratsuak, esaterako ganberak desegitea edo zentsura-mozioa, eta ministro-kargua eta diputatu- edo senatari-kargua bateraezinak egin ziren (horrek, nola edo hala, botere legegilearen eta betearazlearen arteko lotura zaildu zuen). Estatuko buruzagitzaren eta Ministroen Kontseiluaren artean ere banaketa argia ezarri zen. Konstituzioan botere-banaketak zuen diseinu zurrunak sistema geldiaraztea saihesteko, testuak modu berritzailean arautu zuen Errepublikako lehendakariaren irudia. Estatu Batuetako Konstituzioan ez bezala, lehendakariak ez zuen botere betearazlea zuzenean egikaritzen (gobernuari zegokion), lotura-botere izenekoa baino. Botere hori bitartekaria edo tartekaria izan behar zen gainerako botere guztien artean, eta modu horretan, sistemak modu egokian funtzionatzea erraztu behar zuen. Atal hau amaitzeko, XVII. artikuluan ezarritako konstituzio-eraldaketaren prozedurari aipamen egin behar zaio, labur bada ere: Kongresuak eta Senatuak eraldaketa onetsi ondoren, bi ganberak desegin egingo ziren eta Errepublikako lehendakariak Gorte berriak deituko zituen. Gorte berri horiek Gorte konstituziogileen izaera izango zuten eta konstituzio-eraldaketari buruz eztabaidatuko zuten. Ondoren, Gorte arrunten moduan jarraituko zuten. 2.3. Konstituzio-organoak Behin konstituzio-proiektuaren printzipio politikoak ikusita, orain konstituzio-organoen osaera eta funtzionamendua aztertuko ditugu: a) Botere betearazlea: Botere hau Ministroen Kontseiluari zegokion, eta hori lehendakari batek zuzentzen zuen, Errepublikako lehendakariak izendatua. Botere horrek eginkizun hauek zituen: herrialdearen barruko eta kanpoko segurtasuna zaintzea, indar armatuen agintea, langile publikoak izendatzea, diru-sarrerak eta gastuak legeetan ezarritakoaren arabera banatzea, legeak betearazteko erregelamenduak onestea, legegintza-ekimena, Gorteetan Herri Administrazioaren egoerari buruzko oroitidazkiak urtero aurkeztea eta erregio-estatuetan gobernu-ordezkariak izendatzea. Konstituzio-testuan diseinatutako botere-banaketa zurruna zela bide, Gobernuak Errepublikako lehendakariaren konfiantza soilik izan behar zuen, ez Gorteena. 75

Konstituzio zuzenbidearen.indd 75

20/11/07 16:48:52

Profile for egunea

Doktrina - Konstituzio Zuzenbidea (1)  

Doktrina - Konstituzio Zuzenbidearen Santiliburua

Doktrina - Konstituzio Zuzenbidea (1)  

Doktrina - Konstituzio Zuzenbidearen Santiliburua

Profile for egunea