Page 193

taezko betekizunak, Frantziako 1789ko Eskubideen Adierazpeneko 16. artikulu entzutetsuaren arabera). Horrez gain, Konstituzioari gorengo maila arau-emailea eman zitzaion, gainerako arauen gainetik kokatu zelako, Ipar Amerikako konstituzio-tradizioan gertatzen den bezala, horretan Konstituzioa betidanik antolamendu juridikoaren gorengo araua izan baita (the supreme law of the Land). Nolanahi den ere, XIX. mendean, Europa kontinentalean Konstituzioa testu programatiko huts moduan hartzeko joera nagusitu zen. Testu horrek sistema politikoaren printzipio orientatzaileak ezartzen zituen, baina ez zen arau juridiko loteslea botere publikoentzat. Europa kontinentalean, XIX. mende amaierako Alemaniako dogmatikatik aurrera eta, batez ere, XX. mendearen lehen herenetik aurrera, Konstituzioak benetako arau juridikotzat hartu ziren, batez ere, atal organikoari dagokionez. Bigarren Mundu Gerraren ostean, atal dogmatikoak ere eragingarritasun arau-emaile osoa hartu zuen eta Konstituzioa antolamendu juridikoaren erdigune eta gailur bihurtu zen. Espainian ere beste horrenbeste gertatu zen: Espainiako 1978ko Konstituzioko artikulu guztiek izaera arau-emailea dute, eta ez izaera programatiko hutsa. Espainiako Konstituzio Auzitegiak argi eta garbi utzi zuen hori hasiera-hasieratik (3/1981 KAE, otsailaren 2koa). Hori dela eta, loteslea da guztientzat, bai herritarrentzat, bai botere publikoentzat, 9.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (izaera loteslea 53.1 artikuluan berretsi da botere publikoei dagokienez); horrez gain, testuan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak indargabetzen dira (xedapen indargabetzaileko 3. paragrafoa), eta testua zuzenean aplikatu daiteke manu batzuen garapen-legeak egotea beharrezkoa izan gabe (adibidez, oinarrizko eskubideen arloan). Manu horiek auzitegi arruntetan eta Konstituzio Auzitegian alegatzeko modukoak dira, EKren 53.2. art.an ezarritakoaren arabera. Konstituzioa antolamenduko gorengo araua da eta piramide juridikoaren gailurrean kokatzen da, herrian datzan botere konstituziogilearen lanaren emaitza da eta. Hori dela eta, gainerako arauak bere mende daude, horien balioa Konstituzioak berak eratorri baitu, eta Konstituzioak berak arautzen baitu antolamenduko gainerako arauak sortu eta aldatzeko prozedura. Horregatik, antolamendu osoa Konstituzioaren arabera interpretatu behar da. Hain zuzen ere, Konstituzioak (botere konstituziogilearengandik sortzen da) legearen gain (eratutako botere baten produktua da, Parlamentuarena, hain zuzen ere, Konstituzioak berak sortu duena) duen nagusitasunaren bidez azal daiteke Europa kontinentaleko konstituzio-sistemen eta beste sistema batzuen —esaterako ingelesa— arteko desberdintasuna. Sistema ingelesean, subiranotasuna botere legegileak gauzatzen du uneoro, eta botere horrek Konstituzio britainiar izenekoa osatzen duten iturrien multzoa alda dezake. Europa kontinentaleko sisteman —Espainia barnean dela—, bi berme zehatz daude Konstituzioaren nagusitasuna babesteko: le193

Konstituzio zuzenbidearen.indd 193

12/11/07 11:49:33

Profile for egunea

Doktrina - Konstituzio Zuzenbidea (1)  

Doktrina - Konstituzio Zuzenbidearen Santiliburua

Doktrina - Konstituzio Zuzenbidea (1)  

Doktrina - Konstituzio Zuzenbidearen Santiliburua

Profile for egunea