Page 169

Hogeigarren gaia

LAN-PROZESUA Laburpena: 1. Akzioak preskribatzea eta iraungitzea.—2. Prozesuaren aurreko fasea: 2.1. Aurretiazko adiskidetzea; 2.2. Aurretiazko administrazio-erreklamazioa.—3. Prestatze-egintzak.—4. Demanda, zuhurtziazko neurriak, akzioak eta autoak pilatzea: 4.1. Demanda; 4.2. Zuhurtziazko neurriak; 4.3. Akzioak eta autoak pilatzea.—5. Zitazioa eta adiskidetze judiziala: 5.1. Zitazioa; 5.2. Adiskidetze judiziala.—6. Epaiketa: alegazioak, frogaldia eta ondorioak: 6.1. Alegazioak; 6.2. Frogaldia; 6.3. Ondorioak.—7. Epaia.— 8. Aurkaratze-bideak: 8.1. Eskezko errekurtsoa; 8.2. Kasazio-errekurtsoa; 8.3. Doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa; 8.4. Arau erkideak.—9. Epaiak betearaztea.—10. Prozesu arrunta eta modalitate prozesalak.

1. AKZIOAK PRESKRIBATZEA ETA IRAUNGITZEA Lan-arloko akzioak, gainerako akzioak bezala, epearen barruan egikaritu behar dira, denborak aurrera egin ahala eskubideak preskriba edo iraungi daitezkeelako (LEren 59. art.). Denbora hori, antolamenduko osterantzeko adarretan ez bezala, lan-zuzenbidean oso laburra izan daiteke. Preskripzioak zein iraungitzeak xede bera dute: segurtasun juridikoa lortzea; eta biak zenbatzen hasten dira kasuan kasuko akzioa egikari zitekeenetik. Bata eta bestearen arteko desberdintasun nagusia da preskripzioa ope exceptionis gertatzen dela, eta iraungitzea, aldiz, ope legis. Bada, auzitegiek ezin dute preskripzioa ofizioz erabaki, hau da, demandatuak, demandari erantzutean, salbuespen gisa alegatu behar du preskripzioa prozesuan1. Iraungitzea, ordea, legearen indarrak eta auzitegiek ezartzen dute, hots, behin epea igarota, auzitegiek ofizioz adierazi behar dute iraungitzea, nahiz eta demandatuak ez alegatu ezer horren inguruan 2. Bestalde, iraungitze-epeak preskripzio-epeak baino laburragoak izateaz gain, epeok tratamendu desberdina dute, kasuan kasuko etete eta geldiarazteei dagokienez 3: salbuespenez bada ere, iraungitze-epea eten daiteke, eta ostera ere zenbatzen hasiko da geratu zenetik aurrera; aitzitik, preskripzio-epea erabat gelditzen da, egoera onuragarriagoa sortuz, hots, epea berriro hasieratik zenbatuko da. Jarraian jorratuko diren ideia horiek guztiak. 1 2 3

1994ko urriaren 5eko AGE, Ar. 7750. 1990eko urriaren 22ko AGE, Ar. 7706. 1988ko uztailaren 15eko AGE, Ar. 6149.

Profile for egunea

Doktrina - Lan Zuzenbidea (2)  

Doktrina - Lan Zuzenbidea

Doktrina - Lan Zuzenbidea (2)  

Doktrina - Lan Zuzenbidea

Profile for egunea