Page 427

Hamahirugarren gaia

LANGILEAREN ETA ENPRESABURUAREN BESTE EGINBEHAR BATZUK Laburpena: 1. Langilearen eginbeharrak: 1.1. Gutxieneko etekina emateko eginbeharra; 1.2. Kontratu-onustea izateko eginbeharra; 1.3. Obeditzeko eginbeharra; 1.4. Enpresaburuaren diziplina-ahalmena.—2. Enpresaburuaren eginbeharrak: 2.1. Langilearen duintasuna errespetatzeko eginbeharra; 2.2. Langilearen lanbide-gaitasuna babestea: 2.2.1. Langileari laneko zereginak emateko eginbeharra; 2.2.2. Langileei prestakuntza emateko eginbeharra; 2.3. Lan-arriskuak prebenitzeko eginbeharra; 2.4. Laguntza-babesa.—3. Enpresaburuaren erantzukizuna langilearen egintzen ondorioz.—4. Langilearen asmakizunak.

Lan-harremanetan, enpresaburuak eta langileak euren gain hartzen dituzte, hurrenez hurren, lana ordaindu eta lana egiteko betebeharra ez eze, ondoren azalduko diren eskubide eta eginbeharrak ere.

1. LANGILEAREN EGINBEHARRAK 1.1. Gutxieneko etekina emateko eginbeharra Langilearen oinarrizko eginbeharretarik bat da lana behar bezala egitea, arreta jarrita. Esangura horretan, langileak, lan-kontratuan, alokairuaren truke ez du bere gain hartzen denbora batez lan egiteko betebeharra bakarrik. Halaber, lan-kantitate jakin bat egiteko betebeharra hartzen du bere gain. Bestela esanda, langileak bere lanean gutxieneko etekina emateko betebeharra du. Bada, LEk ezarri du, langilearen oinarrizko betebeharretarik bat dela bere lanpostuko betebehar zehatzak burutzea, arretaren inguruko erregelekin bat etorriz (5.a art.). Bestalde, ezarri da lan-kontratuan onartutako lan egiteko betebeharra dela eta, langileak, lanean, enpresaburuari zor diola arreta eta elkarlana. Hain zuzen ere, arreta eta elkarlan hori agintzen dute lege-xedapenek, hitzarmen kolektiboek, eta enpresaburuak bere zuzendaritza-ahalmenak egikaritzean emandako aginduek eta jarraibideek, eta, horrelakorik izan ezean, usadio eta ohiturek (LEren 20.2 art.). Amaitzeko, diziplinako kaleratzearen arrazoien artean dago, behin eta berriro eta nahita, ohiko edo itundutako lan-etekina jaistea (LEren 54.2.e art.).

Profile for egunea

Doktrina - Lan Zuzenbidea (1)  

Doktrina - Lan Zuzenbidea

Doktrina - Lan Zuzenbidea (1)  

Doktrina - Lan Zuzenbidea

Profile for egunea