Berbaurrekoa Deustuko Unibertsitatearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko itunari esker eskuratu ahal izan dugun «Euskara Juridikoaren Mintegia» duzu, irakurle, testu honen egilea. Izan ere, 1993. urtetik aurrera ekinean dugun hori bere lehen fruituak kaleratzen ari da eta beraien artean, ezbairik gabe, lekurik nagusiena dagokio lan honi. Aurretiaz, alabaina, ezagutu ditugu «Zuzenbidea Euskaraz I. eta II. Jardunaldiak». Orain «Euskara, Zuzenbidearen hizkera» liburu hau eskura datorkigu. Hurrengo batean, bestelako ekimenen antolakuntzarako osagarriak ere baditu gure mintegiak, Zuzenbidea eta euskara uztartze lan gogo honetan. Helburua argi izanik ere, ezinbestekoa zaio/zaigu euskarari eta guri ere, une berri ireki eta erronka ezezagunei aurre egitea, eta azken batean, Zuzenbidearen gaineko jakituria geroko belaunaldiei euskaraz ematea. Baina horretarako tresnak behar ditugu, nahitaez. Horixe izan dugu gure ahaleginen helbururik nagusiena. Hain zuzen ere, azken urteotako euskararen inguruan gertatu den Zuzenbide lanari jarraibidea eta babeslekua ematea. Horretarako bildu ditugu bertako osagaiak, horretarako laburtu ditugu, jakin izan dugun neurrian, bolada honetako puntarengo gai juridiko-linguistikoak. Jakin badakigu, honek ez duela beteko askoren nahia eta guztion asea. Hala ere, pauso hau eman nahi izan dugu, uste baitugu unibertsitateak eta are zehatzago, Euskal Herriko Zuzenbide Fakultateek badutela honetan ere, zeresana eta zerekarria. Nolanahi den ere, liburu hau ez dator ikuspegi teoriko soil batek bultzatua, ezta xede praktiko hutsez burutua ere. Gure jomuga ez da izan Zuzenbidearen hizkera zer den zehaztea ikusmira filosofiko huts batetik. Era berean ere, ez dugu jardunbide izan eguneroko arazoek osatzen duten korapiloen mataza maila konkretuetan haustea. Bi muga horiexen artean ibili gara, gure egitekoa mugatu baitugu norabide batzuk eman eta ariketa batzuk proposatzera, oro har, euskara eta Zuzenbidearen inguruan eta lege munduan aritzen direnentzat. 17