Eskubide errealak2

Page 3

pentsioa fruituz ala diruz ordaintzen den kontuan hartuta (1613.2 art). Zernahi gisaz, zentsua enfiteusizkoa izan behar da, kanona ondasun higiezinak ematen dituen fruituen zati alikuota izan dadin (KZren 1613, 1630, 1657 eta 1663. art.ak). KZren arauketa aintzat harturik, bereiz daitezke betiereko eta aldi baterako zentsuak ere. Era berean, betiereko zentsuak ludiezinak (edo hilak) eta ludikorrak (edo kentzeko modukoak) izan daitezke. Hala eta guztiz ere, Kode Zibilak desagerrarazi egin ditu aldi baterako zentsuak —aldi baterako zentsuak zeintzuk diren ulertzeko, geroago aztertuko dugu zentsuen betierekotasuna— eta zentsu ludiezinak (1608. art.). Arean, Kode Zibilak ausazko kontratuei buruzko xedapenetan arautzen du zentsuemailea bizi den artean iraun behar duen erreserba-zentsua; izan ere, Kode Zibilarentzat zentsu hori bizi arteko errenta bat besterik ez da (1802. art.). Zentsuak Erroman sortu ziren, Estatuak eta udalerriek ager publicuseko lurren ustiapena lagatu zietenean gizabanakoei. Estatuak eta udalerriek errentan jarri zituzten lurrok, batzuetan, epe zehatz baterako eta, beste batzuetan, berriz, epe mugarik gabe edo betiko, hau da, errentariak stipendium edo vectigal izeneko errenta edo pentsioa ordaintzen zuen artean. Orduko landuta zeuden lurrek zuzeneko onurak ematen zituztenez gero, epe laburrerako lagatzen ziren; landu gabeko lurren lagapenek, ordea, epe luzeagoa zuten, lan neketsuak egin behar zirelako lur horietatik fruituak jasotzeko. Kontua da erabat desberdinak zirela epe laburreko errentarien egoera eta epe mugarik gabeko errentariena; izan ere, betierekoa izateagatik, lagapenhartzailearen eskubideak berebiziko indarra zuen eta lagatzailearen eskubidea, berriz, murritzagoa zen. Betiereko errentamenduen mendeko lurrek agri vectigales izena hartu zuten. Hasieran, lur horien zentsuhartzaileek interdiktuen babesa baino ez zuten, edukitzaile moduan; baina pretoreak jabe zibilari zegozkion akzioak eratxiki zizkien zentsuhartzaile horiei, fikzio bidez jabe zirelako eta, hortaz, eurentzat akzio erabilgarriak zirelako. Gauzak horrela, ager vectigalisaren gaineko errentamendua eskubide erreal eta eskualdagarri bihurtu zen. Bestalde, Ekialdean bazen aurreko horren antzeko beste erakunde bat: emphyteusisa, hain zuzen ere, eta horren eragina jaso zuen ager vectigalisaren gaineko errentamenduak. Bukatzeko, Zenon enperadoreak ager vectigalisaren gaineko errentamenduaren berezitasuna sendotu eta gero, Justinianok erakunde horren arauketa osatu zuen, conductio agri vectigalisa eta emphyteusisa bateratuz. Zainpeketa-zentsuari dagokionez, autore batzuek uste dute juroak izan zirela horren aurrekariak. Edozein modutan ere, zainpeketa-zentsua Erdi Aroan agertu zen, nekazaritza finantzatzeko eta irabazitan mailegatzeari buruzko debekua saihesteko. Orobat, ekonomia aurreratuetan oso erabilgarria da zainpeketa-zentsua, burgesei bide ematen baitie beste jarduera batzuetan lortutako gaindikinak inbertitzeko eta horrekin irabaziak lortzeko (pentsioa eskuratzeko, alegia). Erreserba-zentsuari dagokionez, aditu batzuk (besteak beste, MANRESA) Codexaren testu batean oinarritzen dira, K.o. IV. mendetik aurrera zentsu hori Erroman erabili izan zela baieztatzeko. Beste autore batzuen aburuz, ordea, Erroman ez zuen arauketa zehatzik izan pentsioa ordainduz finkaren erabateko jabaria eskualdatzeko hitzarmen horrek; arean, actio praescriptis verbisaren babesa besterik ez zuen (SCAEVOLA, CASTà N). Badirudi erreserba-zentsua izan zela enfiteusi zentsuak izandako bilakaeraren fruitu. Egineginean ere, nekazariaren egoerak hobera jo zuen, zentsuemailearen kalterako;


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.