Page 1

MIGUEL DE LOS TOYOS JAUNA ALKATEA EIBARKO UDALA

2013ko aurrekontu proiektuari OSOKO ZUZENKETA

2013rako Eibarko udaletxeko udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuen aurreproiektua aztertu ondoren, Bilduko udal taldeak aurrekontu hauei osotasunezko zuzenketa bat aurkezten dio. Diru publikoa ahalik eta zorroztasun handienarekin kudeatu behar dela ulertu izan dugu beti, baina gaur egun bizi dugun krisiaren aurrean, zentsuz jokatu eta behar gehien duten pertsonengan pentsatu behar dela uste dugu. Aurrekontu hauek ez digute krisitik ateratzen lagunduko. Aurrekontu kontinuistak direla esan behar da eta gure herrian daukagun langabetu tasak, aldaketaren bat suposatu beharko luke. Hauek izango lirateke, osoko zuzenketa hau aurkezteko arrazoiak: 1.- Talde politikoei asignazioak eta batzordeetako dietak: Batzordeetara joateagatik ordaintzen diren dieten inguruan ere hausnarketa bat egin beharko litzatekeela uste dugu. Gaur egun, batzorde bateko bilera batera joateagatik 313 euro ordaintzea gehiegi iruditzen zaigu, nahiz eta tope bat dagoela ongi dakigun. Gure proposamena ez litzateke dieta hauek kentzea, 50-60 eurora murriztea baizik era berean hileko tope bat jarriz. Dieta hauek, beste erakunde publiko batean liberatuta dauden pertsonek ez kobratzea ere proposatzen dugu. Goi karguen lokomozio gastuen inguruan ere gure kezka azaldu nahiko genuke, nahiz eta bere baitan kopurua handia ez izan, aurreko gastu guztiari gehitzen bazaio.Talde politikoei egiten zaizkigun asignazioetan ere murrizketak egitea ezinbestekotzat jotzen dugu. Alderdi politikook ezin ditugu gure egiturak indartu herritarrek ordaindutako zergekin. Gure iritziz jokaera hau salagarria da eta jarrera aldaketa bat eskatuko genioke udal gobernuari.Protokolo eta publizitaterako, partida desberdinetan, bideratzen den diru kopurua ere murriztu daitekeela uste dugu. Ez dugu partida desagertzea planteatzen, gastuak ongi aztertu eta doikuntzaren aldeko apustua egitea baizik. Federaci贸n Espa帽ola de Municipios desagertzea proposatuko dugu. Gure iritziz, herriari erabakitze eskubidea ukatzen dion estatu bateko erakunde publikoari dirua ematea ez dator bat bizi ditugun garai berri hauekin


Azkenik aipatu nahiko genuke, parte hartzeari dagokion partida desagertu egin dela 2013ko aurrekontutik. Gure iritziz, parte hartze prozesuak egitea demokrazia ulertzeko era berri eta zabalagoaren oinarrietako bat dira, beraz murrizketa honekin ez gatoz bat. 2.- Hainbat udal zerbitzuren publifikazioa eta udal langileen lan baldintzak hobetzea: Gaur egun kanpoko enpresei eskatzen zaizkien hainbat lan, udaletxe barruko langileek egin ditzaketela uste dugu eta helburu hau bultzatu nahian, hainbat partidetan murrizketak egitea bidezkoa ikusten dugu. Era berean, udaleko langileen lan baldintzak hobetzearen aldeko apustua egin nahiko genuke. Murriztea proposatzen dugun partiden artean, idazkaritza nagusiak erabiltzen duen asistentzia juridikoa eta azpiegitura lanetan burutzen diren ikerketak azpimarratu nahiko genituzke, hirigintzako lanekin batera. Gure iritziz udaletxe barruan pertsonal kualifikatu nahikoa dago lan hauek bere gain hartzeko eta gai honen azterketa sakon bat egitea proposatu nahiko genioke udal gobernuari. Udaleko langileen lan baldintzak hobetzeko hainbat neurri proposatuko ditugu. Atal honetan CCOO-ek aurkeztutako salaketari erantzun ekonomiko bat eman beharko litzaioke uste dugu. 3.- Gizarte zerbitzuak: bizitzen ari garen krisi ekonomikoa larriki egurtzen ari da gure hiriko jendartea. Langabeziak gora egin du azken urtean ere eta jada 2000 pertsonatik gora daude langabezian. Egoera honen aurrean gizarte zerbitzuetara bideratzen den dirua ez genukeela murriztu behar pentsatzen dugu. Bai Foru Aldundi, bai Eusko Jaularitzatik jasotzen genituen diru sarrerak murriztu direla jakitun, udalak iazko aurrekontuan aurreikusi eta urtean zehar egon diren beharrei erantzuteko partidak ez murrizteko jarrera izan beharko luke gure iritziz. 4.- Euskara: Bilduren proposamena atal honi aurrekontuaren %2 bideratzea da. Igoera hau euskararen erabilera bultzatzen duten erakundeei ematen zaien diru laguntzetan izan beharko lukeela uste dugu. Igoera osoa aurtengo aurrekontuan islatu beharrean, urtero partida igotzea izango litzateke gure proposamena. Kezka handiz ikusten ari gara, HABEtik jasotzen ari garen dirulaguntza murriztuz doan heinean udal euskaltegia euskara alorreko aurrekontua jaten ari dela erabilera bultzatzen duten beste elkarte batzuen kaltetan. Gure hizkuntzaren alde lanean diharduten Eta Kitto!, AEK, Bertso eskola, etab. moduko elkarteek , herrian egiten duten lana txalotzeko modukoa da eta dirulaguntza murriztu beharrean, igotzea proposatzen dugu. 5.- Immigrazioa: jasotzen ari garen azken datuen arabera, etorri berrien kopurua handitzen ari da azken urteotan. Egoera berri honi aurre egiteko 2012an garatu eta udalean onartu den immigrazio plan berria martxan jartzea ezinbestekoa ikusten dugu, batez ere etorri berriei gure herrian integratzeko bitartekoak jarriz eta era berean hemengoak, etorri berrien egoeraz sentsibilizatzeko.


6.- Ingurumena eta landa garapena: arlo honetan eman diren murrizketak oso latzak iruditzen zaizkigu eta gure ingurune naturalak eta baserritarrek zerbait gehiago merezi dutela uste dugu. Landa ingurunearen garapena bultzatzeko bidean, nekazaritza ekologikoaren inguruko azoka bat egiteko partida eta gaur egungo merkatu plaza hobetzeko konpromisoa aurrekontuan txertatzea proposatzen dugu. Bestalde Eibarko udalak jabetzan dituen landa lurrak oso murritzak direla kontuan hartuta, uholdeak eta suteak ekiditeko egokiak izan daitezkeen lurrak erostea proposatzen dugu, ondoren lur hauen kudeaketan herriko baserritarrak inplikatuz. Bestalde hondakinen kudeaketan aurrera pausoak ematearen bidean, herritarron artean tupper berrerabilgarriak banatzeko programa martxan jartzea proposatzen dugu, era honetan hondakin gutxiago sortzeko pausoak emango zirelarik . 7. Garapen ekonomikoa eta berrikuntza: atal honi garrantzi berezia eman nahiko genioke. helburu nagusia gure hirian egoera sozioekonomikoa hobetzea da. Emendakin gehienak enplegua sortzea dute helburu. Esfortzu hau hiru sektoreen artean banatzea da gure udal taldearen asmoa. Lehen sektorean enplegua sortzeko baserritarrekin hitzarmenak sinatzea proposatzen dugu landa lurren kudeaketa jasangarri bat bultzatzeko. Gure landa lurretan sute eta uholdeen kontrako ekimenak bultzatzeak, oso egoera larrian dagoen sektore hau berpizten lagunduko luke. Atal honetan ezin dugu ahaztu Rialton dauden baserritarren egoera hobetzeak ere lan baldintzak hobetzea suposatuko lukeela Errebaleko merkatal eta aisialdi gunean. Bigarren sektorean, bi esparru proposatu nahi izan ditugu. Hiritar guztion bizi kalitatea hobetuko duten eraikuntza mailako proposamenak: hiri barruko bide gorria, Matsariako autobus geltokia, baratze urbano ekologikoak eta Urkizuko parke estalia. Bestalde, ezinbestekotzat jotzen dugu gure sare industriala sendotzea, hiriko poligono industrialak bultzatuz, berrikuntza landuko duen bulego bat proposatuz eta ekonomia soziala oinarri izango duten enpresa berrien eraketa prozesuan laguntzak bideratuz. Zerbitzuen sektorean parte hartze prozesuak, euskararen sustapena eta umeentzat lokal itxia proposatzen ditugu guzti hau enplegua sortzeko asmoarekin. Arlo honetan txertatuko genituzke gizarte zerbitzuen sailean proposatutako ekimenak ere. Azkenik ezin aipatu gabe utzi gure hiriko merkataritza. Gure iritziz merkataritzari eman diezaiokegun laguntzarik onena gure hirian enplegua sortzea da. Lehen aipatutako egitasmo guztiak martxan jarriz gero eta langile publikoen eros ahalmena handituz gero, merkataritza sektorean ere enplegua sortzea lortuko genuke. Arrazoi hauengatik, aurrekontua atzera bota eta berriz ere irizpide berriak kontuan hartuta, berraztertzea proposatzen dugu.

Eibarren, 2013ko otsailaren 4an

Eibarko 2013ko udal aurrekontuei osoko zuzenketa  

Eibarko 2013ko udal aurrekontuei osoko zuzenketa

Advertisement